NAFARROA, IRAULTZAILETASUNETIK ABERTZALETASUNERA

Pruden Gartzia

2023ko otsaila

Satrustegi Andres, Imanol, Beste mundu bat nahi genuen : Nafarroako ezker iraultzailea, 1970-1979, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2022, 296 or.

Ez naiz batere diziplinatua nire irakurketetan, gogoa alderrai, unean uneko bihozkada batek gidatzen nau gehienetan. Kasu honetan, adibidez. Eta, batzuetan, ez beti, guztiz asmatzen dut, adibidez, oraingo honetan: Nafarroako Historia Garaikideari buruzko liburu bat. Esku artean hartu eta berehala konturatu nintzen: doktorego tesi bat da (osoa edo moldapen bat), gehienetan nahikoa izaten dena liburua bazter uzteko (doktorego tesiak mortal aspergarriak izan ohi dira, normalki, txarrak edo onak izanik ere). Baina euskaraz zegoen, Nafarroa zen, Emilio Majuelo zuzendari, gaur egungo historia… eta aukera bat ematea erabaki nuen. Nire poz eta alaitasunerako, zeren orrialde gutxi-gutxi batzuk irakurrita ere berehala konturatu nintzen egundoko liburu ona izango zela. Ondo irakurri duzue, ez soilik ikerketa interesgarria, baizik eta liburu ona, pozik irakurtzen den horietakoa. Saiatuko naiz esplikatzen zergatik.

I

Izenburua irakurtzea nahikoa da konturatzeko zein den gaia, beraz, ez naiz azalpenetan hasiko.

Horren ordez, ikerketaren interesgarritasun berezia azpimarratuko dut, berezia ez soilik guretzat, euskaldunontzat, baizik eta Europako Historiaz arduratutako edozeinentzat: hiru aldiz egin ziren hauteskundeak Espainiako II. Errepublika garaian (1931, 1933, 1936) eta hiruretan, Nafarroan, eskuineko blokeak botoen %63-71 bitartean atera zuen. Hots, Nafarroan erabatekoa zen eskuinaren hegemonia, erabatekoa, botoen bi herenak (edo hortik gora) ateratzen zituztelako etengabe. Eta eskuin hori ez zen EAJ bezalako eskuin zentrista, demokratiko eta moderatua, baizik eta argi eta garbi antidemokratikoa, klerikala, profaxista eta biolentziaren aldekoa. Horretaz inork batere zalantzarik bazuen, 1936tik aurrera milaka eta milaka bolondres nafarrek militar espainolen sublebazioari armak eskuan emandako laguntza, edota hurrengo hilabeteetan gertatutako zibilen hilketa masiboak (3000tik gora) aski eta sobera beharko lukete izan edozein zalantza edo interpretazio-xehetasun uxatzeko. Bada, lurralde horretan bertan, 30-40 urte geroago, argi eta garbi iraultza gorriaren aldekoak ziren hainbat partiduk (leninistak, trotskistak, maoistak…) hegemonia politiko argi bat zeukaten gizartean, mobilizazio ahalmen handia eta, lehen hauteskunde gutxi gorabehera libreetan (1977), Europako inongo eskualdetan baino babes handiagoa lortu zuten botoetan (zehazki botoen %17,68). Baten bati, agian, kopuru hori ez zaio bereziki handia irudituko, baina kontuan har beza hauteskunde horietan berorietan ezker iraultzailearen botoa Espainia mailan ez zela %3ra iritsi (zehazki, %2,93) eta garaitsu horretan, Europako barruti arrakastatsuenetan, %2-3 artean ibili ohi zela. Bada aldea, ezta?

Bada, Imanol Satrustegiren helburua da gertakari hori esplikatzea.

Vladimir Ilich Lenin (Wikipedia)

II

Liburua oso ondo egituratuta dago eta bikain idatzia. Bost kapitulu ditu (gehi ondorioak, iturriak eta antzekoak). Lehena oso laburra da, eta tesi batean ezinbestekoak diren oinarri teoriko eta dokumentalak zehazten dira, argi baina gaingiroki, oso eskertzekoa dena, zeren tesi batean kapitulu hori oso garrantzitsua bada ere (tesi bat, funtsean, ariketa akademiko bat da, epaimahi batek kalifikatu behar duena) liburu batean aski da mugarriak seinalatzea. Horretan zehazten da, adibidez, ikerketa honetan bazter utziko direla PSOE, PCE edo EKA (karlistak) bezalako partiduak, eta baita ere abertzaleak (hots, Euskal Herrikoak baino ez zirenak), ikergaia izango direlarik bi baldintza betetzen dituztenak: PCEtik ezkerrera kokatzea (hots, helburutzat iraultza hitzez eta ekitez argi aldarrikatzea) eta, printzipioz, Espainia osokoak izatea (gero, hainbat kasutan, beren indar nagusia Euskal Herrian egongo bazen ere). Horiek osatuko lukete ezker iraultzailea, ikerketa honen gaia. Praktikan, honako zerrenda eskaintzen digu:

Ondorioz, landu diren alderdi garrantzitsuenak honako hauek izan dira: ORT, PTE, MCE/EMK, LCR-ETA VI.a/LKI, LC, OIC/EKE eta PCEml.”(15. or.)

Izen ezagunak izango dira adin batetik gorako irakurle guztientzat: haietaz zehaztasun handirik esateko gai ez balira ere, ziur gogoratzen dutela beraien izena eta propaganda ikusi izana beren herrietan, 70etako hamarkada hiperpolitizatu hartan, baina gazteagoak direnentzat esan dezagun, azkena albo batera utzita (PCEml Espainiako partidu komunistaren bereizketa ezkertiar bat da, bi hitzetan esanda: agian inoiz entzunda izango duzuen FRAP, haren adar armatua zen), beste guztiak, esaten genuen, bi multzotan sailka daitezke: maoistak (hots, Mao Zedong-en nolabaiteko jarraitzaileak) eta trotskistak (hots, Leon Trotski-renak). Leninistak, guztiak, hori bai. Eta gazte horietako batzuk ere galde dezakete: zergatik ez daude maoista guztiak partidu bakar batean bilduta? Edo zer pasatzen da trotskistekin, beti hainbeste partidu desberdinetan zatituta egoteko? Tira, mota horretako galderak oso interesgarriak izan daitezke, baina hau ez da unea, ez lekua, horrelako kontuen gainean jarduteko, beraz, aski da esatea 70etako hamarkadan, Nafarroan, lau partidu maoista zeudela eta bi partidu trotskista; eta guztiak aldarrikatzen zutela komunistak ezezik, marxista-leninistak zirela. Bego.

Bigarren kapituluan (“Txapel gorritik liburu gorrira”) Nafarroako historiaren berrikuste orokor bat egiten da, Gerra Zibiliaren amaieratik hasi eta, gutxi gora-behera, 1970-73ra arte. Esan daiteke lehen hurbilpen orokor bat dela eta, bertan, jadanik marrazten direla liburuaren ondorio guztiak, oraindik zirriborro gisa bada ere. Niri kapitulu bikaina iruditu zait, azalpenean ederki konbinatzen dituelako hiru maila, behintzat: Nafarroa (aldika Hego Euskal Herria ere uler daiteke), Espainia eta Europa (mendebaldea soilik). Hain zuzen ere hiru (edo tarteka lau) maila horiek konbinatzeko trebetasuna, kontakizun bakar batean integratzeko abilidadea, da, ziur aski, liburu honen bertute handienetako bat. Baina, horretaz gain, badu beste bat: Europa (edo Mendebalde kapitalista eta liberala) mailako azalpenei ematen dien lehentasuna. Esan dezagun berriro: Nafarroako gertakari sozialen azalpena ez dago soilik Nafarroan, ezta Hego Euskal Herrian edo Espainian ere; aitzitik, Nafarroan gertatzen dena beti da, nolabait, Europan gertatzen ari diren fenomeno sozialen parte bat, eta azalpenak globala izan behar du. Beste hitz batzuetan esanda: baditugu berezitasunak, baina berezitasun horiek lauki orokor baten barruan azaldu behar dira, ez gure berezitasun huts gisa. Hau da, dudarik gabe, idazketa atseginarekin batera, liburuaren bigarren bertute handia.

Hirugarren kapituluan (“Mugimendu erradikalak martxan”) dago egilearen ikerketaren mamia: goian aipatu ditugu zazpi alderdiak (gehi beste batzuk, laburki) banan-banan aztertzen dira, modu espartano baina argi batean: nola sortu ziren (sarritan nork sortu zituen, jende gutxi-gutxi baita inplikatua), zein izan zen bere bilakaera, zein bere ideologia, egitaraua edo helburua, eta zenbat kide militante izan zituen bere gorenean (hots, ia beti 1977an). Eta aurreko kapitulua batez ere narratiboa bazen ere, hau batez ere deskriptiboa da, baina baita ere arin batean irakurtzen dena. Egiazki, egileak oso ondo idazten duelako, baita konturik lehorrenen berri emateko ere.

Laugarren kapituluan alderdi hauen guztien ideologia aztertzen da, baina horretarako egileak oso hautu eraginkorra egiten du: egitarau politikoak banan-banan aztertu beharrean (txit aspergarria izan ohi dena) bi arazo handi hartzen ditu eta alderdi bakoitzak horren aurrean izan zuen jarrera aztertu. Bi arazook dira, hurrenez hurren, estrategia iraultzailea eta nazio auzia. Lehena puntu zentrala da bere burua iraultzaile aldarrikatzen duen edozein alderdirentzat; bigarrena, ordea, bereziki garrantzitsua Euskal Herrian, Nafarroa barne. Kapitulu luzeena da, baita zailena ere irakurtzen, egilea beti oso zehatza delako eta, zehaztapen horiek, sarritan, oso zailak direlako gure gaur egungo ikuspuntutik ulertzen: zer esan nahi zuen, zehazki, partidu bakoitzak kolonialismoaz hitz egiten zuenean? Edo inperialismoaz. Espainia Estatu Batuen kolonia bat zela? Zer esan nahi zuten, zehazki, feudalismoaren iraupen luzeaz mintzatzean? Espainia oraindik ere feudala zela, Erdi Aroan bezala? Puntu horietako bakoitza azaltzea ez da erraza eta, adi, ematen duzun definizioak zure estrategia eta jardun politikoa osorik baldintzatuko du, maila guztietan. Beste horrenbeste esan daiteke nazio arazoaz: independentzia? Autodeterminazioa? Federalismoa? Ez dira soilik hitz hutsak, aitzitik, ondorio praktiko oso handiak dituzten kontzeptuak dira.

Bosgarren kapituluan berriz ere narraziora itzultzen gara, eta lehen kapituluan partidu hauen sorrera eta gorakada kontatu bazaigu, oraingoan, berriz, horien krisia eta gainbehera, 1977ko gailurretik hasita (gailur horretaz batez ere 3. kapituluan hitz egin du), 1979ra arte, non etapa berri baten hasiera kokatzen duen. Hemen jasotzen da ikerketaren tesi zentrala, nolabait esan, bi hitzetan honela laburbil daitekeena: hazkunde azkar eta bizi baten ondoren, paregabea Espainian edo Europan, krisia eta gainbehera etorri zen, baita ere oso azkar. Eta, adi hemen: egilearentzat krisialdi hori da ezker abertzalearen hazkunde eta gorakadaren abiapuntua Nafarroan, zeren gizarte mailan (militanteen artean baino askoz ere gehiago) trasbase argi bat gertatu zen ezker iraultzailetik ezker abertzalera. Beste hitz batzuekin esanda, 1979 baino lehen ezker abertzalea marginala zen Nafarroan, data horretatik aurrera, ordea, Nafarroaren alderdi nagusietako bat, eskuin nabarristarekin eta sozialista espainiazaleekin batera. Eta hori EAJ bezalako abertzale historikoak argi eta garbi gaindituz (horretaz ez du ia-ia ezer esaten, baina inplizitua dago). Tesi bereziki interesgarria, bereziki eztabaidagarria, ikerketa honen puntu zentrala, egilearen ekarpen nagusia. Zeren ezker iraultzailearen gainbehera berriz ere maila europarrean esplikatzen da, baina ezker abertzalearen gorakada, ordea, ezin da maila berdinean esplikatu. Ez, hori produktu autoktonoa da.

Seigarren kapituluan, ondorio orokorrak, argia eta beti bezain ondo erredaktatuak. Benetan, liburu hau irakurtzea gozada hutsa da.

Mao Zedong (Wikipedia)

III

Irakurle bat baino gehiago honez gero pentsatzen hasita dago liburu honek ez ote daukan ezer txarrik, ezer kritikagarririk. Hain ona da? Hain borobila? Kimatu ditzagun aspektu berezi batzuk.

Zenbat jende zegoen asmo iraultzaile horien atzean? Bozkatzaileen portzentajea 1977an, hots, gorenean, lehenago eman dugu: %17,68; orain erantsi dezagun orotara 45.676 boto zirela (197. orrialdean taula zehatz bat dago). Konparaziotarako, hauteskunde horietako irabazleak, Espainiako gobernu-presidente zen Adolfo Suarezen partiduak, 75.036 boz atera zituen (%29,03); PSOEk 54.720 boz (%21,17), eta koalizio abertzaleak (UAN, Unión Autonomista de Navarra, zeinetan integratu ziren EAJ eta bizitza laburreko bi alderdi sozialdemokrata abertzale, ESB eta ESEI), bada, abertzaleek, esaten genuen, 18.079 boz (%6,99). Komunista klasikoek (hots, PCEk), 6.319 boz (%2,44).

Alegia, Nafarroan komunista zentzudunek atera zuten, gutxi gora behera, Espainian edo Mendebaldeko Europan iraultzaileek atera ohi zuten protzentajea (%2-3 bitartean), eta komunista iraultzaileek Espainiaren osotasunean zentzudunek zuten babesa (%9,33) ia-ia bikoiztu zuten. Garbi dago une horretan Nafarroa oso-oso leku berezia zela, eta berezitasun hori ez zetzan (Gipuzkoa edo Bizkaian bezala) eusko abertzaletasunean, iraultzailetasunean baizik.

Beraz, 45 milatik gora boz-emaile iraultzaile. Baina horiek une zehatz batean boza eman zietenak dira, ez benetako sostengatzaile, ez benetako iraultzaile konprometituak. Zenbat ziren horiek? Zenbat militante zituzten partidu iraultzaileek 1977an? Satrustegik oso kopuru zehatzak ematen ditu 3. kapituluan zehar. Ez ditugu guztiak hona ekarriko, esan dezagun, soilik, partidu handiena une horretan ORT maoista zela, eta bazituela 400 bat militante Nafarroan. Orotara, hots, partidu guztien batura eginda, 1.200 bat militante iraultzaile izango ziren 1977an. Eta orduko hartan, adin batetik gora dugun guztiok ederki gogoratuko dugunez, militante horiek oso jende konprometitua zen, beren proiektu politikoari gorputz, arima eta odol emanda bizi ziren zinezko militanteak. Guzti-guztiak? Bon, agian guzti-guztiak ez, baina horietako asko eta asko, bai.

Eta orain dator galderarik garrantzitsuena: nortzuk ziren 1.200 horiek? Edo nondik zetozen? Nola ailegatu ziren militante iraultzaile izatera? Satrustegiren erantzuna argia eta zehatza da: gizarte mugimendu kristauetatik. Alegia, Nafarroan, 1970etako militante komunista iraultzaileen guztiz gehienak, aurreko fase batean, militante kristauak izanak ziren, edo gizarte-mugimendu kristauetan egon ziren inplikatuta. Puntu hau bereziki garrantzitsua begitantzen zaidanez gero, hitzez hitz jasoko dut:

Ez ikasle mugimendu erradikalizatua, ez ezker tradizionalaren zatiketak, ezta ETAren zatiketak ere; ezker iraultzaile nafarraren sorburuaren zati mardulena elkarte kristauetan eta apaizgaitegian sortutako harremanetan egon zen, eta hasiera-hasieratik langile mugimendua izan zen bere eragin esparru nagusia.” (54. or.)

Eta orain, mesedez, ez zaitezte jarri litxarrero-exkisito, intelektual progre-unibertsal espainol edo frantses horietako edozein bezala, eta ez zaitezte hasi pontifikatzen Eliza Katolikoaren dogmatismoaz eta antzeko pernandokeriez. Antiklerikalismo banalak eta ateismo progre-hutsalak ez digute errealitatea ulertzen batere laguntzen. Gertakari sozial baten aurrean gaude, eta gertakari hori aztertu egin behar da beste edozein gertakari sozial aztertzen den modu berean, aurreiritziak eta aurrejuzkuak ahalik eta gehien baztertuz. Gertakari horren sustraiak, Nafarroan, oso luzeak dira, baina batez ere Gerra Zibilaren aurretik eta ondoren Eliza Katolikoak erdietsitako hegemonia sozial eta ideologiko itzel zanpagarrian daude: gizartean eta ideien munduan Elizatik at ez zegoen ia-ia ezer ez, hori zen egoera 1960etan. Nola izan zen posible, hortaz, Eliza hiperreakzionario horrek sortutako gizarte-elkarteak, ia-ia egun batetik bestera, kristau izatetik maoista izatera pasatzea? Nola da posible talde iraultzaileen koadroen parte handi bat Iruñeko Seminarioan formatzea? Nola da posible Nafarroa bezalako leku hipertradizional batean hainbeste apez gorri sortzea?

Nago Satrustegik ez diela galdera horiei guztiei modu egoki batean heldu eta ez digula erantzun asegarririk eskaintzen. Fenomenoa konstatatu egiten du, baina ez du azaltzen. Egiaren fabore esan beharra dago lau azpiatal eskaintzen diela 2. kapituluan (54-61. or.) baina, tamalez, azalpenaren funtsa beste nonbaiten dagoela esateko, hain juxtu ere Nerea Perez Ibarrolaren doktorego tesian, kapitulu honetan behin eta berriro aipatzen duen erreferentzia bazterrezinean (Langileria Berri Baten Eraketa. Iruñerria 1956-1976, Nafarroako Gobernua, 2017). Tira, hori ere euskaraz egindako doktorego-tesia, hori ere Emilio Majuelok zuzendua, baina nik irakurri ez dudana. Agian nirea da errua, esan dezadan argi.

Baina, hortik tiraka, ohar bat gehiago egingo dut, haatik. Kontura gaitezen: Satrustegik planteatzen diguna ez da soilik iraultzailetasuntik abertzaletasunera, gorago azpimarratu dudan bezala, baizik eta kristautasunetik abertzaletasunera, maoismoaz gaindi. Bai, sinplifikazio bat da, baina ez karikatura bat, eusko abertzaletasunaren ohiko porrokatzaileek planteatu ohi duten bezala. Zeren, Nafarroan gutxienez, badirudi aldaketa sozial luze eta konplexu horrek izan dezakeela zerbait egiatik, edo, gutxienez, gure historia eta errealitate soziala hobeto ulertzen lagun dezakeela. Nago Satrustegik ez diola heldu arazoari bere osotasunean, eta batez ere amaieran, hots, iraultzailetasunetik abertzaletasunerako trasbasean jarri duela arreta, aurreko fasea atzenduz edo soilik gaingiroki aipatuz. Berriz diot, badirudi tesi honetan bere helburua batez ere fenomenoaren bigarren partea argitzea izan dela; ondorioz, zilegi da ikerketa berarentzeko praktikoena den moduan planteatzea, baina niri hutsune kontzeptual bat sorrarazi dit. Agian nire arazoa da.

Joan XXIII.a (Wikipedia)

IV

Utzi dezagun orain albo batera Satrustegiren tesia zertan den azaltzea, eta galde dezagun, modu zabalean, zein izan den gure herriaren historia azken ehun urtean. Industrializazioa, modernizazio ekonomiko eta soziala, hortxe dago guztiaren (edo gehienaren) motorra, horrek jarri zuen azpikoz gora gure gizartea, Bizkaia lehenengo, gainetiko lurraldeak geroxeago, mailaz maila. Eta gure zazpi lurralde horietan bizi zen jendea, herria, oso heterogenoa zen alde batetik (hizkuntzaz, adibidez, edo testuinguru ekonomikoz zentzu estriktoan) baina sozialki eta ideologikoki oso homogenoa zen, Tuteratik Bilbora edo Baionatik Oionera). Eliza Katolikoa izan zen azken 200-250 urtean homogeneotasun handi hori eman ziona, ekonomiaren edo hizkuntzaren gainetik. Kardaberazek, Mendiburuk, Zabalak, hango eta hemengo frantziskotarren eta jesuiten prediku-kanpaina etengabeak, hamarkadaz hamarkada nekatu gabe herriz herri errepikatuak, seminarioen, mota guztietako eskola katolikoen eta umeentzako katixima taldeen ezarpenarekin estuki lotuz, horiek sortu zuten Euskal Herri modernoa, 1900 aldean, herri bat eta bakarra izatearen sentimendua, lurralde guztietan zabalki konpartitua, maila politikoan horrek ondorio zuzenik ez bazuen ere. Zeren den-denak ziren katoliko zintzoak, eta, hortakotz, botere frantses edo espainolaren erasopean sentitzen ziren, guztiak. Eusko abertzaletasuna eraso horiei emandako erantzun bat besterik ez zen, funtsean; nagusia, nahi bada, baina bat besterik ez.

Baina benetan guzti-guztiak ziren katolikoak? Bistan da ezetz. Bistan da industrializazioak eraginda talde sozial berriak sortzen direla, Bizkaiko meategien inguruan lehenengo eta behin, baina industria sortu berriaren abaroan gero, alde guztietan. Langileria industriala, horra eragile berria. Zeren langileria hori, partez, ez osorik, bai partez, ateoa eta antiklerikala zen. Eta gizartea menperatzen duten aberats eta burges berrien artean, eta erdi klase urbano sortuberrian, parte bat, ez txikia, agnostikoa zen gutxienez, erlijio kontuetan interes txikia zuena, Eliza Katolikoaren nagusitza aitortzen ez zuena, inondik inora.

Klerikalen eta antiklerikalen aurkakuntza honek txinparta handiak sortu zituen Iparraldean, baina ez ziren enfrentamendu armatura iritsi, Frantzian botere errepublikano eta laikoak hegemonia argi bat lortu zuelako XX. mendearen lehen urteetatik aurrera: Eliza Katolikoa bigarren mailako boterea bihurtu zen sozialki eta politikoki, lurralde berezi batzuk alde batera utzia, horien artean gure Euskal Herria. Baina Espainian bestelakoa zen egoera, bestelakoa izan baitzen historia; Espainian enfrentamendu armatua erabatekoa izan zen, luzea, odoltsua, kupidagabea, gizarte bere osoan eta luzarorako blaitu zuena. Ez dut esan nahi Espainiako Gerra Zibilaren kausa nagusia erlijioa izan zenik (bistan da hipotesi hori absurdua dela), bai ordea Nafarroa bezalako lurralde batean horrek pisu berezia izan zuela, inon baino handiagoa apika. Eta Eliza Katolikoa garaileen bandoan kokatu zen.

Katearen azken maila esplizitatzea baino ez zaigu falta: 1960ko hamarkadan eraikuntza sozial hori guztia, Eliza Katolikoaren hegemonia garbi hori, azpikoz gora jartzen da hainbat faktoreren eraginez: batetik, garapen ekonomiko, industrial eta urbano itzelaren eraginez, Euskal Herriko gizartea sakonki aldatzen da, besteak beste inmigrante espainolen uholde handi bat (bigarrena historian) jasotzen duen bitartean; bestetik, Eliza bera kinka larrian dago, nortasun-krisialdi sakon batean sartuta: Gerra Zibilaren emaitzaren eraginez Espainian oraindik sendo mantentzen bada ere, Mendebaldeko Europan (Frantzia, Belgika, Alemania, Italia…) krisi ideologikoa itzela da, dena azpikoz gora jartzen ari da, eta Vatikano II.a Kontzilioa izango da aldaketa horien guztien ingudea. Esan beharrik ere ez legoke: Espainiako Eliza bereziki aiher zaio Kontzilioko haize berriei, Nafarroakoa barne, baina krisia inebitablea da eta gogor jo zuen, Iruñeko Seminarioaren krisialdi latzak (59-61. or.) ederki erakutsi zuen bezala. Eztanda gertatu zen, zinezko leherketa bat. Agian horren ondorio zuzena da ezker iraultzaileak Nafarroan, urte gutxi batzuetan, hartu zuen indar ikaragarria: gizartea sakon aldatzen ari zen eta Eliza porru eginda zegoen. Agian hori da gertatu zena?

Manex Erdozaintzi-Etxart (Bidegileak)

V

Zazpi Euskal Herrien Historia egin nahi badugu, ezinbestekoa da zazpien berezitasunak kontuan hartzea, ados, baina baita ere beren oinarrizko batasuna, eta batasun hori ez da soilik hizkuntzak edo historiak emana, badira faktore gehiago, eta horien artean Eliza Katolikoaren eraginaren baliospen egoki bat egitea ezinbestekoa da. Euskal Herria, atzora arte, Europako gotorleku katolikoetako bat izan baita, datu biziki garrantzitsua, tamalez ahaztu ohi duguna topiko ateo-progre zenbaiten eraginpean. Arazoa ez baita historialariak edo soziologoak Jainko baitan sinistea edo ez, baizik eta errealitate historiko eta soziala aurrejuzkurik gabe begiratzea, ahalaz.

Imanol Satrustegik hurbilpen benetan ederra egiten digu liburu honetan, arazo sektorial bat bikain aztertuz: Nafarroaren trantsizioa iraultzailetasunetik abertzaletasunera 1970eko hamarkadan. Azterketa bikaina, bikain erredaktatu eta aurkeztua, euskara ederrean gainera. Baina ez dezagun perspektiba gal: Euskal Herria bere osotasunean aztertu nahi badugu, beharrezkoa da Nafarroako gainetiko lurraldeekin dituen konexioak aipatzea, sikiera aipatzea; mendebaldeko hiru probintziak modu egoki batean aipatzen dira, nire ustez: laburregi aukeran, baina egoki. Iparraldea, ordea, ez da existitu ere egiten liburu honetan: akats larria da euskarazko historia liburu batean.

Baina nola aipa Iparraldea gai honetan, kaltzadorez sartuta ez bada? Hara, Frantziarekiko erreferentziak ugariak dira liburuan zehar, eta hori da bere bertute nagusietako bat, Nafarroako arazoak marko europar batean jartzea, eta marko europar batean sartuta, hamarkada honetarako, Frantzia bereziki garrantzitsua da. Eta Iparraldea?

Erantzun posible baten bila Joxe Azurmendiri inoiz entzun edo irakurri (edo biak) diodan zerbaitekin gogoratu naiz, liburua irakurri ahala: Manex Erdozaintzi-Etxart (1934-1984), Donapaleuko frantziskotarra, euskal idazlea, ordenaren barruan kargu handiak izan zituena Frantzia mailan, lehen orduko abertzalea… eta maoista!!! Hain zuzen ere horixe esplikatzen zigun Azurmendik, garai honetan, Frantzian, posible zela izatea, aldi berean, fraide frantziskotarra eta militante maoista, eta hori Espainian inposiblea zela, bestelako historia bat genuelako tartean. Agian nire memoriak traizionatzen dit eta Azurmendik ez zioen inposible, oso zaila baizik, baina maoismoarena, umore handiz azpimarratuz (hori da nire gogoan gelditu den irudia). Bon, Erdozaintzi-Etxart nafarra zen, estriktoki nafarra, Nafarroa Beherean jaioa eta bizi izana bizitza gehienean. Eta inpresioa dut eredu on bat izan daitekeela ulertzeko hainbat apez nafarren eboluzioa, euskaraz ez zekiten askorena barne, euskal mundutik zinez urrun-urrun bizi ziren Erriberako apez gorri horiexena ere barne, beraiaek ere apez eta maoista baitziren aldi berean. Mundu ikuskera oso antzekoa konpartitzen zutelako, itxura guztien arabera, Tuteran eta Donapaleun, Frantziako Teologia berria bitarte, apika, edo, baita ere, guztiak nafarrak zirelako, sozialki eta historikoki, politikoki eta administratiboki hala ez izan arren.

Liburu honetatik, dena den, garrantzitsuena, apika, eskaini nahi digun koadro orokorra da, gako honen bidez interpretatua: Beste mundu bat nahi genuen. Hori da 1.200 iraultzaile horiek eta beren 45.000 boz-emaileek 1977an zeukaten iparra, eta Satrustegik bikain marrazten digu, nire uste apalean. Agian liburuko pasarte ederrena hona ekartzea ez da alferrikakoa; orduko iraultzaile horietako baten, Jesus Urra Bidaurreren, hitzak dira, eta den-dena laburbiltzen dutelakoan nago. Hona:

[…] momentu batetik aurrera, hainbesteko indarra genuen, barrakaren nagusi izan ginela. Orduan, pentsa: arduradunak lankide bati lehengusinaren ezkontzara joatea debekatu zion. Guk greba [egin genuen] arduraduna bidaltzeko. Eta hantxe egon ginen astebete greban. […] Hori zen giroa. […] Gehiegizko indarrak galtzen gintuen. […] ez bakarrik soldatengatik edo lan baldintzengatik. Norbaitek urteak betetzen bazituen, festa at egiten zen. Kronometratzaileak ez ziren katera jaisten ausartzen […] eta, ondorioz, gure lanpostuetako topeak [oso baxuak ziren], eta, beraz, zenbaitek lana hiru ordutan bukatzen zuen. Eta terrazara joaten ziren eguzkia hartzera, eta zuzendaritza guztiak ikusten zituen. Hau da botere bat genuen… berez kontrabotere bat zen.” (Jesus Urra Bidaurre, 108. or.)

Iruzkinak (6)

  • Ohi bezala oso gustura irakurri dut iruzkina, Pruden, eta liburua irakurtzeko gogoa piztu didazu. Beste kontu askoren artean, interesgarria ondorioa, nafar sektore baten eboluzioa laburbiltzen duena: kristautasunetik abertzaletasunera, maoismoaz gaindi. Sarri aipatzen da (sabindar) abertzaletasuna karlo-integrismotik oso gertuko ideologia zela, eta beraz, pentsa zitekeen, ideologia batetik bestera zuzenean igarotzea aski erraza zela. Baina Nafarroako kasuak erakusten du gauzak batzuetan uste baino konplexuagoak direla: nafar kristauen talde bat, azkenean abertzaletasunean amaitu zuena (edo zehatzago esanda, ezkertiar joerako abertzaletasunean), baina lehenik maoismo/troskismoan ibili zena. Sinplifikatuz, betiere. Zeren pentsatzen dut 1977ko hauteskundeetan alderdi maoista-troskistei bozkatu zieten nafar guztiak ez zirela hurrengo hamarkadan HBren bozkatzaile bihurtuko. Egongo ziren ere, suposatzen dut, PSNra jo zutenak, edo Nafarroako IUra jo zutenak, edo Batzarre inguruan geratu zirenak. Agian Satrustegiren liburuak gauza horiek zehatzago azalduko ditu (zenbat talde batera, zenbat bestera, eta abar). Eta lider iraultzaileen ibilbidea 1977 ostean zein izan zen jakitea ere interesgarria litzateke.

  • txoroen-untzia
    txoroen-untzia says:

    Nire iruzkina Satrustegiren teoriaren sinplifikazio/hedapen bat da, berez.

    Eta Satrustegiren teoria oso problematikoa da bi alderditatik: bata, nire ustez (agian oker nago) ez du nahikoa bereizten partiduen militanteen multzoa (1.200 lagun) eta haien masa soziala (45.000 lagun): badirudi (badirudi!) militante guztiz gehienak elkarte/erakunde katolikoetatik atera zirela (hots, kristautasunetik maoismora) baina bigarren pausoa abertzaletasunera militanteen artean ez omen zen masiboa izan, nahiko mugatua baizik; aldiz masa soziala bai pasatu zela (neurri handi baten) maoisteei botua ematetik abertzaleei ematera… Baina zergatik? Pentsa daiteke maoismoarekiko boz hori uda gau bateko amets iheskorra besterik ez zela izan, gertakari bakan bat, ez eboluzio sendo eta kontziente bat; alegia, masa sozial hori “prest” zegoen abertzaletasunaren mezua jasotzeko, baina karanbola bategatik etorri zitzaiena, lehen itzulian, maoismoa izan zen. Esplikazio alternatibo bat litzateke.

    Baina teoriak badu beste ahuldade bat ere: badirudi ahozko eta idatzizko iturri guztiak edo gehienak partidu militante horietatik atera direla eta, agian, ez abertzaletasunera pasatu zirenen artean, beren alderdietan segitu zutenen artean baizik, hauteskundeetan porrotak eta desatxekimendu orokorra jasanez. Zentzu horretan teoria aurrez bideratua eta gutxi kontrastatua litzateke, militante horiek, nolabait, beren burua zuritzeko sortu zuten azalpen atsegin bat. Talde baten esplikazioa litzateke, ez azalpen orokor eta orekatu bat.

    Baina Satrustegik ez du inor engainatzeko asmorik: ikerketa bat egin du eta garbi azaltzen du nola, eta hortik berak atera dituen ondorioak. Eta liburu bikaina da. Azken hitza ote? Ez dut uste.

  • Imanol S says:

    Kaixo guztioi
    Imanol Satrustegi naiz, sarrera honetan kritikatzen den liburuaren egilea.

    Lehenik eta behin, eskerrik asko guziei: Pruden Gartziari erreseina bikain hori egin izanagatik eta baita komentarioetako iruzkingileari ere. Bene-benetan asko alegratzen nau zuen komentarioak irakurtzeak. 4 urte luzeko lana izan da eta egindakoari horrelako aitortza polita egitea izugarri eskertzen da. Irakurri nuenean pila bat poztu nintzen. Ikerketa honekin hasi nintzenean hutsune historiografikoa zegoela iruditzen zitzaidan eta zerbait egin beharra zegoen. Tesia idaztena ri nintzenean, behin baino gehiagotan zalantza etortzen zitzaidan «ulertuko al da kontatu nahi dudana?». Bada, zuek idatzitakoa irakurrita, argi ikusten da tesiaren ideia nagusiak ongi ulertu direla.

    Zientziaren aurrerapena (zientziarena oro har, baina Gizarte Zientziena batik bat) eztabaidan oinarritzen da, eta horregatik, zuen baimenarekin (eta inolako harrokeriarik gabe) egindako komentarioei eta aipamenei erantzunen diet.

    Tesia idatzi nuenetik hainbatekin eztabaidatu ditut bertan defendatzen ditudanak eta gainera, zenbait iturri berri kontsultatu ahal izan ditut. Oro har, liburuan idatzitakoak berresten ditudan arren, agian ñabardurak egitea komeni da.

    1) Militante kopuruaren eta oinarri sozialaren inguruan ñabardura batzuk. Esan duzuen bezalaxe, datu hotzek esaten digute 1.200 bat militante diziplinatu (hots, karnetdunak) eta 45.000 boto emale zeudela ezker iraultzailearen inguruan. Baina Nafarroako masa mugimendu erradikala alderdietako militanteen kopurua baino zabalagoa zela deritzot, eta horietako asko ez zeuden modu diziplinatuan antolaturik. Mobilizazioek sarri izaera oso autonomoa zuten eta militanteak baino gehiago ugariagoak ziren “simpatizante” edo jarraitzaileak. Pentsa, ORTk 400 militante zituen, baina bere sindikatua (Sindicato Unitario, SU) 9.000 afiliatu izatera iritsi zen. PTErekin berdin: 200 bat militante karnetdun eta 6.000 afiliatu CSUTen. Eta zer esanik ez langile-, auzo-, ikasle- edo bestelako mugimenduetan aritzen zirenen inguruan! Alabaina, asko ziren arren, aipatu behar da gutxiengo bat zela. 1977An hautesleen %17ak aukera erradikalei eman zien botoa, baina horrek esan nahi du beste %83ak eskuinari edo aukera moderatuei eman ziela botoa. Beraz, gutxiengo azpimarragarri bat zen, baina gutxiengo bat azken finean.

    2) Ezker iraultzailearen jatorriari buruz. Lehenik eta behin, Pruden Gartziak aipatu du mugimendu apostolikoen erradikalizazio prozesuei ez diedala behar bezala erreparatu. Kontua da, beste egile batzuek (Batik bat Nerea Perez Ibarrolak, baina beste batzuek ere) gai horren inguruan esan beharrekoak esan zituztela, eta ez errepikatzearren nik haiek egindako lana aipamtu baino ez dut egin. Gainera, gure lankidea den Edurne Yanizek Vaticano II. Kontzilioak Nafarroan izan zuen eragina azttertzen duen tesi bat duela martxan. Niri mundu kristau hori soilik ezker erradikalaren sorburu bezala interesatzen zitzaidan, eta beraz, erabaki nuen gai horretan ez sakontzea.
    Halaber, liburuan esaten nuen bezala, egia da ezker iraultzailearen parte handi batek mugimendu apostolikoen erradikalizazioan izan zuela jatorria. Baina, agian, gaur egun behintzat, ez nuke horren modu kategorikoan hori baieztatuko. Josu Chueca lagunarekin izandako elkarrizketen ondorioz, eta azkenaldian kontsultatu ditudan elkarrizketen bdiez, ohartu naiz ETAren barrenean gertatutako hausturek nik uste nuena baino garrantzia gehixeago izan zezaketela, Nafarroan baita ere. ETA VIak esaterako, 1970-1972 artean 200 bat gazte inguru antolatu zituen, gero norabide ezberdinetan sakabanatu zirenak (ORT, LCR-ETA VI, LC, eta abar). Gainera, militanteetako asko HOAC, JOC, VOS bezalako erakundeetatik edo parrokietako apez-gorrien eraginez politizatu baziren ere, beste militante askok ez zuten bide hori jarraitu eta lantegietako esplotazio esperientzien edo kaleko errepresioaren bidez politizatu ziren. Beraz, mugimendu kristauen ekarpena garrantzitsua izan zen, batik bat alderdi iraultzaileen sorburuan, baina ez erabatekoa edo bakarra.
    Bukatzeko, azpimarratu nahiko nuke gizarte-mugimenduen eta erlijioaren inguruko azalpenak erabiltzen direnean kontuz ibili beharra dagoela. Izan ere, bai ezker abertzalearen baita ezker iraultzailearen inguruko azalpenak egin izan direnean, hainbatetan esan izan da, bi mugimenduok «ordezkapenezko erlijio politikoak» zirela. Hau da, gizartearen sekularizazioaren aurrean gizarte katoliko eta sinestun bateko herritarrek hartu zituzten «Eliza berriak» zirela, beren dogma eta erritu berriekin. Azalpenok, sarri, gizarte mugimendu horien ustezko fanatismoa eta irrazionaltasuna argudiatzeko erabili izan dira, eta bide batez, aldez aurretik zeuden aurreiritziak konfirmatzeko. Ikuspegi horiekin ez nator bat eta tentuz aztertu beharreko gaiak dira.

    3) Ikerketaren nazio ikuspegiari buruz. Pruden Gartziak dion bezala, ikerketa batik bat Nafarroa Garaiari dagokio, tarteka Euskal Herriko Mendebalari erreferentzia ugari egiten badizkiot ere. Kritikaren muina, beraz, Iparraldea bazter uztea da. Egia da Euskal Herria kontinentalari ez zaiola batere erreferentziarik egiten. Zergatik? Ba alde batetik, ikerketek mugak behar dituztelako ikergaia zabalegia suertatu ez dadin. Bestalde, pertsonalki, Ipar Euskal Herria ez dut horrenbeste ezagutzen eta iturriak eta informazioa ikaragarri zailduko litzateke. Nahiago izan nuen, gai konkretu eta mugatua egin, tesi ez sobera luze eta konplikaturik ateratzeko. Hala ere, egia da Iparraldea ere ikerketa honetan sartzea interesgarria suerta zitekeela, etzuna dut zenbait mugimendu interesgarri zegoela bertan. Manex Erdozaintzi-Etxartenhistoria, esaterako, ez nuen ezagutzen. Baina entzuna nuen ezker erradikal frantziarrak Hegoaldean baino eragin gutxiago izan zuela, baina Ligue Communiste Révolutionnaire (LCR) trotskistaren eta Révolution! sasi-maoistaren presentzia izan zela. LCRk, esaterako, FrantziakoAlderdi Komunista (PCF) jakobinoak baino jarrera positiboagoa izan zuen nazio auziarekiko: autodeterminazioaren aldeko jarrera izan zuen, nazio zapalduen borrokak babestu zituen eta ezker abertzalearekin harreman adeitsua izan zuen. Halaber, Jean Pitrau, xiberoko nekazari borrokalaria ere, maoistaz eta trotskistaz inguraturik ibiltzen omen zen, sarri. Uste dut Gisèle Lougarot-en liburuetan horren inguruko gako gehiago aurki daitezkela. Zer ikertua badago, baina nik ez nuen ez denborarik ez baliabiderik. Gipuzkoa eta Bizkaiko langile mugimedu zein ezker erradikalaren inguruan baita ere zeresan handia dago! Zenbat maoista, trostkista, leninista, kontseilu-komunismozale, autonomo ibili zen gero ezker abertzalearen inguruan? Izen batzuk datozkit burura Karmelo Landa, Mikel Martin zendu berria, Oreretako Bikila, …

    4) Liburuaren hipotesi zentralari buruz. Tesiaren hipotesi zentrala da honakoa da: Trantsizioan zehar ezker abertzalea mugimendu erradikal eta hausturazaleen liderra bilakatu zen eta lortu zuen ezker iraultzailearen oinarri soziala erakarrtzea. Gatazka sozialen eta klase borrokaren forma aldatu zen, eta ondorioz, borrokatzen jarraitzeko beste forma batzuk eraginkorrago izan zitezkeela iruditu zitzaien. Oro har, esandakoa berresten dut, baina izandako eztabaiden, kritiken eta kontsultatutako iturri berrien ondorioz ñabardura batzuk egitea komeni da.
    Alde batetik, ezker abertzaleak mugimendu erradikalen lidergoa bereganatu zuela gauza ebidentea iruditzen zait. EMKk, LKIk eta Batzarrek 80ko eta 90eko hamarkadan HBren inguruan orbitatu zuten eta harentzako botoa eskatu zuten. Eragin hori Lizarra-Garaziko garaiara arte iritsi zen, gutxienez, Euskal Herritarrok koalizioa mugimendu ezkertiar hausturazaleen birfundazio saiakera bat bezala ikusi baitzuten askok. Baina, mugimenduen masa soziala erakarri zuenik frogatzerik ba al dago? Nola froga daiteke trasbasea gertatatu zenentz? Ñabardura gehiago behar dira. Izan ere, ezker erradikaleko militanteetako askok PSOE, IU edo Auzolan-Batzarren jarraitu zuen. Beste asko gizarte mugimendu berrietan inplikatu zen, eta are politika uztea erabaki zutenak ere badira. HBren erakarpen ahalmena frogatzeko bi modu daudela iruditzen zait. 1) Hauteskunde emaitzen azterketa sakonagoa egitea. Nik hurbilpen bat egina dut, baina Emilio Majuelok gomendatu didan bezala, eskualdez eskualde eta udalerriz udalerri aztertuta arakatu beharko litzateke, zehaztasun gehiago lortzeko. HBk bere goia Hauteskunde Orokorretan 1986an jo zuen (Foru hauteskundeetan 1999an Euskal Herritarrok hautagaitzarekin). Nondik lortu zituen boto horiek? Zenbateko ekarpena izan zuen ezker iraultzailearen partetik? Sakondu beharra dago. 2) Beste modu bat militante konkretuen bizitza-ibilbideen jarraipen zehatza egitea litzateke. Ezagutzen eta elkarrizketatu ditut bai ORTtik, PTEtik, EMKtik, LKItik, zein bestelako alderdi iraultzaileetatik ezker abertzalera pasatako asko. Baina, baita beste norabide bat hartu zituztenak ere bai.
    Honekin guztiarekin lotuta, bestalde, Josu Chuecak aipatu izan didan bezala, 1977-79 artean ezker abertzalearen indar sozial eta elektorala ez zen ezerezetik atera. Ordurako, agian, ezker abertzalea ez zen horren marginala. Sektore poltiko antolatugabea zen, baina bazuen bere jarraitzaile sarea, lurrazpikoa eta ez oso trinkoa, baina bazuen. Horren inguruan ere, ikerketak berriak egin beharko dira, sakontzeko.

    Tira, hori guztia oraingoz. Espero dut gehiegi luzatu ez izana. Eskerrik asko kritika eta laudorio guztiengatik
    Agur bero bat
    Imanol S.

    • txoroen-untzia
      txoroen-untzia says:

      Mila esker zure ohar luzeagatik, Imanol.

      Argibide txiki bat: Imanol ez bezala, ni irakurle hutsa naiz, zaletu bat, liburua irakurri eta horrek eragindako burutazioak zuekin konpartitu nahi zuena. Alegia, ez naiz gai horretan aditu, gutxiago espezialista. Ondorioz, berriz ere liburua irakurtzera eta gaiaz hausnartzera gonbidatzeaz gain, ez daukat beste ezer gaineratzeko. Zeren gaiak merezi du, eta Imanolen ikerketak baita ere.

      Beste inork nahiko balu bere iritzia agertu, pozik irakurriko genuke.

      Ondo izan,

      Pruden

      • Xabier Mendiguren says:

        Jakin-min hutsa: apaiztegiak ezker iraltzailearen mintegi izan zirela diozue, baina beste sektore batzuenak ere bai, ezta? PSOE (Urralburu, Arbeloa), eta abertzaleak, ezker nahiz eskuin.

        • Imanol S. says:

          Bai, Seminariotik eta mugimendu apostoliko Trantsizio garaiko politikari asko atera zen. PSOEn Urralburu eta Arbeloaz gain, HOACeko kide ohi ugari izan zen; Tuterako lehendabiziko alkate demokratikoa Paco Alava, esaterako. Ezker abertzalean, gauza bera: Patxi Zabaleta, Patxi Erdozain… Eta Nafarroatik kanpo: Tasio Erkizia, Periko Solabarria, …

          Jatorri apaleko familia askorentzako semeren bat Apaiztegira bidaltzea ikasketak edukitzeko modu bakarra zen. Apaiztegia goi mailako formakuntzarekin ateratzen ziren: oso jantziak eta irakurriak, jendaurrean hitz egiteko gaitasuna, filosofia bazekiten, …

          PSOEk Nafarroan izan zuen ibilbidea jakiteko, erabat gomendagarria da Mikel Buenoren “Nos llamarán chaqueteros” liburu argitaratu berria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude