KRISTAUAK ETA BIOLENTZIA POLITIKOA

Pruden Gartzia

2022ko urria

Sobrino, Jon, Jesucristo liberador: Lectura histórico-teológica de Jesús de Nazaret, Madrid: Trotta, 2001, 350 or. [4. ed. ; 1. ed. 1991koa da].

Jon Sobrino jesuita euskaldun bat da. Definizio laburregia, apika, haren bizitzak eta lanek zerbait luzeago eta xeheago bat merezi dutelako, baina hori esanda irakurle euskaldunak ondo kokatuko du bere buruan, eta hori da, une honetan, nire helburu bakarra. Beharrezkoa izan daiteke, haatik, gaineratzea El Salvadorren bizi dela 1957tik (hau da, hogei urte bete aurretik hara joan zela bizitzera) eta han gertakari historiko garrantzitsuetako protagonista izan dela, oso bere borondatearen kontra: besteak beste Oscar Romero (1917-1980) artzapezpiku erailaren kolaboratzaile biziki hurbila izan zen, lagun handia zuen Ignacio Ellakuria jesuita euskaldunarekin batera, eta bederatzi urte geroago Ellakuria bera eta hura bezalako beste bost jesuita eta bi emakumezko laguntzaile (sukaldaria eta haren alaba) erail zituztenean, txiripaz libratu zen heriotzatik, Thailandian zegoelako une horretan, hitzaldi bat ematen. Laburbilduz, Jon Sobrino intelektual bat da, hitzaren adierarik estriktoenean, unibertsitateko irakasle, liburu askoren egile eta iritzi publikoaren aurrean ospe handikoa, bereziki Amerikan, baina baita ere munduko katolikoen artean, zentzu zabalean. Askapenaren Teologia deitu izan denaren aldezle nagusietakoa da eta gaur iruzkindu nahi dudan hau da bere libururik ezagunena.

I

Zertan datza erlijio katolikoa, azken buruan? Hori izan zen liburu hau irakurtzera bultzatu ninduen oinarrizko galdera. Erantzuna, askotan gertatzen den bezala, ez zen erraza eta ebidentea izan: liburu luzea da, konplexua eta mila eta bat ñabarduraz betea. Sinplea da bere oinarrizko planteamenduan, baina ez da batere sinplea garapenean. Ondorioz, erantzun argi bat baino, galdera berriak piztu dira nire gogoan. Egia da gauza batzuk oso argi geratu zaizkidala, baina beste asko lehen bezala edo ilunago. Bereziki: ez naiz gai sentitzen liburu honen laburpen bat egiteko, ordu asko sartu beharko nituzke lanean, hiruzpalau aldiz osorik irakurri, oharrak hartu, sistematizaten saiatu… ez dut astirik eta, gainera, Teologiako oinarrizko ezagutzak falta zaizkit horrelako lan bati ekiteko. Ondorioz, lerro hauen bitartez eskaintzen dizuedana hausnarketa solte batzuen bilduma da, ez liburuaren kritika koherente bat. Bi zatitan garatuko ditut: lehenean, nire gogoan bereziki iltzatuta gelditu diren hainbat kontu jaso eta iruzkinduko ditut. Liburuko garrantzitsuenak dira? Agian ez, baina nire gogoan horiexek egin dute durundi, eta horiek transmitituko dizkizuet. Bigarren zatian kontu horietako bat aparte bildu eta ohar batzuk eskaini dizkiot, alegia, biolentzia politikoa eta kristauek horren aurrean izan (behar?) duten jarrerari buruzkoa. Ez naiz asko luzatuko.

Jon Sobrino (Wikipedia)

II

Liburuaren mezu nagusia bi hitzetan laburbiltzeko, lehen orrialdeetako pasarte hau aukeratuko nuke:

es necesario presentar un Cristo que, como mínimo, sea aliado de la liberación, no de la opresión” (14. or.)

Hori da mezu nagusia, zentrala, mila eta bat aldiz mila eta bat modutara hemen, hor eta han errepikatzen dena liburu osoan. Jesukristo askatzailea da ororen buru. Edo askatzailea izan behar duela esango dugu, eta arrunki zapaltzaile bezala aurkezten zaigula? Beharbada hitzak bihurritzea da eta Sobrinori esan ez duen, eta esan nahi ez duen, zerbait esanaraztea. Liburuan ez dago Eliza Katolikoaren kontrako kritikarik, ez zuzenean behintzat: Sobrinok berea botatzen du, eta inor minduta edo zeharka aipatuta sentitzen bada, esan dezala berak. Nik ez dut Elizaren mundua ezagutzen, ez dakit liburu hau nola hartuko zuten sektore batzuk, non kokatuko den zehazki Elizaren espektro zabalean, baina bistan da batzuk ez dutela begi onez ikusten. Adibidez, gaztelaniazko Wikipediaren arabera 2006an Fedearen Doktrinarako Kongregazioarentzat, hots, Elizaren doktrina zuzena zaintzeaz arduratzen den Vatikanoko erakundearentzat (garai bateko Inkisizioaren segida hartu zuena, 1908an eta 1965ean izena eta helburu zehatzak aldatu eta moldatu ondoren), erakunde horrentzat, esaten ari ginen, Sobrinoren liburua ez da guztiz ontzat emateko modukoa, “zeren faltsutu egiten baitu Jesus historikoaren irudia gehiegi azpimarratzean Kristoren gizakitasuna, haren jainkotasuna ezkutatuz” (gaztelaniazko Wikipedia, Jon Sobrino sarrera, 2022ko urria); hori dela eta Sobrinok ikastetxe katolikoetan irakasteko baimena gal dezake, baina ez dut lortu jakitea, argi eta garbi, galdu ote duen ala ez. Izan ere, Eliza Katolikoaren kiribilak eta aitzin-gibelak neuk baino hobeto ezagutu behar dira baieztapen biribilen lurralde zingiratsuan sartu aurretik. Esan dezagun, dena den, Benedikto XVI.arekin epai hori argitaratu bazen, Frantzisko izan dela, era berean, Sobrinoren maisu eta eredu nabarmena zen monsinore Romero (1917-1980) El Salvadorko artzapezpiku eraila santu aldarrikatu zuena 2018an. Bi aitasantu, bi Eliza? Bistan da ezetz, bistan da Eliza Katolikoa bat eta bera dela beti, baina bistan da, baita ere, Eliza horretan iritzien askotarikotasuna faktu bat dela, eta askotarikotasun hori kanpotik nekez ulertzen dugula oso sarritan. Gorago kopiatu dugun baieztapenaren lerro gutxi batzuk beherago dago beste hau, agian faktu hori ilustratzeko balio dezakeena:

Es cierto que sin la racionalidad que le suministra la cristología, la lectura del evangelio puede y suele degenerar en peligroso fundamentalismo, y de ahí su necesidad. Pero hay que tener cuidado de no acabar en ilustrados cristólogos y analfabetos del evangelio, de superar el “fundamentalismo” y hacer desaparecer lo “fundamental”, aquello que todo el mundo entiende (o debería entender) sin demasiadas explicaciones: la opción de Jesús por los pobres, su misericordia y justicia, su confrontación con los poderosos, su persecución y muerte a causa de todo ello, su resurrección reivindicadora. Y, ante todo, que a ese Jesús hay que seguir.” (15. or.)

Kritika baten aurrean gaude? Nori, zehazki? Enfin, agian ez genuke ahaztu behar Sobrino ere gure San Ignazioren semea dela, jesuita, eta ez dela erraza horrelako baten pentsamenduaren kiribil guztiak errazki dekodifikatzea. Niretzat ez behintzat.

Itzul gaitezen hari nagusira, dena den. Jesukristo askatzailea da, hori azpimarratzen da, baina zaku berean beste baieztapen batzuk sartzen dira haren askatzailetasuna ñabartzen dutenak, zeren ez dirudi, hotz eta motz esanda, bekatutik askatzen gaituenik (hori guztiek onartuko lukete Elizan, baita fundamentalistenak ere!) baizik eta zapalkuntzatik (“la opresión” da gorago irakurri duguna), eta badirudi zapalkuntza hori ez dela kontu metafisiko hutsa, zerbait oso zehatza baizik: pobreen aldeko hautua boteretsuen zapalkuntzaren kontra, eta horren ordain zuzena den pertsekuzioa, heriotzarainokoa, Jesukristo baitan gauzatua. Liburu honetan Sobrinok ez du bekatua hitza aipatu ere egiten (xeheki aztertu beharko litzateke, agerpenak kontatuz, nik ez dut gogoan batere ez), baina edonola ere bistan da bere kezka ez direla ez bekatu fisiko edo metafisikoak (moral sexualarekin lotutakoak, adibidez, ez dira inon aipatzen), pobreen zapalkuntza eta sufrimendua baizik. Hezur eta haragizko pobreenak, zehazki esanda, eguneroko bizitza arruntean pairatzen dituzten mila eta bat gabezia eta morrontza horiek. Hori da liburuaren alfa eta omega, eta agian baita ere Askapen Teologiarena.

Gauzak horrela plantatzeak ia-ia berez dakar hurrengo oharra: Jesukristoz hitz egitea ez da zerbait metafisikoa, oso materiala eta hurbila baizik, eta bakoitzak bere errealitate hurbiletik egin behar du. Sobrinorentzat errealitate hurbil hori Latin Amerika da:

America latina, continente masivamente cristiano, ha vivido una clamorosa opresión sin que la fe en Cristo la haya cuestionado y sin que la imagen de Cristo haya servido siquiera para sospechar que algo andaba muy mal en el continente.” (29. or.)

Amerika, Latin Amerika nahi bada, omnipresente dago liburu osoan zehar. Behin eta berriro aipatzen da kontinentea eta kontinenteko biztanleak. Baina ez guztiak, pobreak baizik, zapalduta daudenak, sufritzen dutenak, horiek. Eta behin eta berriro azpimarratzen da Jesukristok haien alde egin zuela bere hautua (“la opción de Jesús por los pobres”), hori da liburuaren giltza nagusia, edo nagusietako bat behintzat. Agian beste aipu batek balio lezake puntu hau garbi uzteko:

En efecto, en la actualidad hay miles de personas cuya muerte es semejante a la de Jesús y cuyas causas de muerte—las que aducen sus verdugos—son semejanes a la aducida contra Jesús. Pues bien, esas vidas que hoy conducen a ese tipo de muerte tienen, en lo sustancial, la misma estructura que la afirmada de la vida de Jesús: anuncio del reino a los pobres, defensa de los oprimidos y confrontación con sus opresores, anuncio del Dios de vida y denuncia de los ídolos.  […] Visto desde la realidad del continente [americano] si “así murió” Jesús, es muy verosímil que “así vivió”.” (90. or.)

Honainotxeko oharrak eginda nire ustez liburuaren mami nagusia deskribatu dugu. Dindilizka geldituko lirateke mila eta bat gai: zer den, zehazki, pobre izatea, zer predikatu zuen Jesusek zehazki, zer den, zehazki, Jainkoaren Erresuma… gutxi batzuk aipatzeagatik bakarrik. Eta, hortik aurrera, galdera potoloa: zergatik hil zen Jesus, zergatik gurutzea; edo, beste modu batean esanda, zer esan nahi du gurutzeak guretzat eta zapalduta bizi diren pobre horientzat guztientzat. Eta beste gai batzuk ere, garrantzia dutenak baina ez direnak hain zentralak: zer dira, zehazki, mirariak, ebanjeliotan deskribatzen diren mirariak, deabrua zer den, zehazki, edo nola interpretatu behar den, zehazki, niretzat pisu eta balio handia duen ebanjelioko pasarte berezi bat, Sobrinoren hitzetan “la escandalosa afirmación de que los publicanos y las prostitutas entrarán en el reino de Dios antes que sus piadosos oyentes en el Templo (Mt, 21, 31)” (132. or.). Eta beste kontu asko ere, gaineratu daitezkeenak exhaustibo izateko pretentsiorik gabe: zer erlazio zuen Jesusek aitatxo deitzen zuen Jainko horrekin, zergatik Jainkoaren isiltasuna sufrimenduaren aurrean, zer diren idoloak, zer den anti-erresuma… Baina azken aipu batekin itxiko ditugu honainotxeko oharrak:

Ante este auditorio [fariseoak eta eskribak, orduko jende erlijioso eta zintzoa, posizio ekonomiko eta sozial onekoa], Jesús vuelve a repetir su mensaje central: el reino de Dios es para los pobres, para los débiles y para los despreciados […]. A sus adversarios les dice que Dios es parcial, rico en misericordia, tierno y amoroso con los pobres y pequeños. El mensaje fundamental es que Dios es así, y por ello, los pobres y los pecadores pueden esperar a ese Dios con gozo y sin miedo.” (137. or.)

Pobreen esperantzari, ordea, pobreen eguneroko sufrimendua eta zapalkuntza kontrajartzen zaio. Ez dakit Sobrinok asmatu ote duen kontraesan hori askatzen, kontraesan eta sufrimendu guztien ama den gertakari hori egoki esplikatzen.

Jesukristo gurutzean (Singaporeko Barruti Katolikoaren webgunea)

III

Pobreen zapalkuntza bada guztiaren giltza, lehenago edo geroago aurpegi egin beharko diogu gertakari ezkutaezin bati: zer egin behar du kristauak pobre horiek zapalkuntzaren aurka altxatzen direnean, armak eskuan dituztela? Sobrinok ez dio ihes egiten arazoari, hainbat lekutan aipatzen du zeharka baina, bereziki, atal oso bat eskaintzen dio, laburra, baina liburuko trinko eta mamitsuenetakoa nire ustez: “Jesús y la violencia” (273-280. or.). Errespetu handia, are beldurra sortarazten duen gaia da, baina saiatuko naiz atal horretako tesi nagusiak hemen jasotzen; irakurleak ez dezala ahantz, dena den, benetan atal trinkoa dela, elkar teilakatzen duten tesi eta baieztapen biribilez betea, oso zaila laburtzen. Baina saiatuko naiz. Bukaeratik ekingo diogu, Sobrinok bere argumentazioaren ondoren paratzen dituen ondorioetatik abiatuta. Hona:

Qué diría hoy Jesús de la violencia no podemos saberlo a ciencia cierta. […] Es claro que denunciaría la violencia de la injusticia desencadenante de todas las demás violencias y es claro que a los grupos revolucionarios armados les diría lo que les dijo monseñor Romero. Pero no creemos que sea deducible de su vida y de sus palabras lo que diría sobre la legitimidad de una lucha armada insurreccional.” (279. or.)

Hitz hauek ikaragarriak dira gure egunotako edozein euskaldunontzat. Zenbat urte ez ote daramatzagu entzuten biolentzia beti kondenatu behar dela, beti-beti-beti, ez duela axola absolutuki beste ezer hura kondenatzea baino? Ez dagoela inolako justifikaziorik biolentzia zuritzeko sekula ere ez, inoiz ez, absolutuki eta osoki gaiztoa delako beti? Eta hitz horiek, gure lider zibil, politiko eta intelektualek mila modutara hamar mila aldiz mailukatu dizkigutenak, ez ote dira izan Eliza Katolikoak nolabait sortuak eta sakralizatuak? Era berean, zenbat aldiz ez ote zaio kritikatu euskal Elizari biolentziaren aurrean jarrera nahiko irmo eta argia ez izatea, Jesukristoren mezua traizionatuz? Eta orain enteratzen gara, Sobrinok esanda, biolentziaren kondena ez dela batzuk predikatu izan duten bezain absolutua, baduela horrek ere bere baldintzak eta moduak, eta ez dagoela zehazki jakiterik Jesukristok edozein biolentzia iraultzaile kondenatuko ote zuen beti.

Eta puntu zehatz honetan ikusten nago hainbat irakurleren aurpegi sumindu eta amorratua, entzuten nago nolako errabiaz deituko duten plaza erdian su handi bat piztera Sobrino eta antzeko apaiz gaiztoak bizirik erretzeko. Hori ere Eliza Katolikoaren tradizio sendoa delako, ezta? Intolerantzia. Heretikoa erre dezagun. Kitto.

Nik, ordea, Sobrinoren liburua osorik irakurtzera gonbidatzen zaituztet eta, besterik ezean, haien tesien laburpen kritikoa izan nahi duten lerro hauek irakurtzen segitzera. Bi dira, bereziki, aipatzen dituen iturriak, biak El Salvadorren erailak: monsinore Romero (1917-1980) eta Ignacio Ellakuria (1930-1989). Hona bere hitzak:

Tampoco monseñor Romero e I. Ellacuría fueron pacifistas a ultranza ni simplistas ante el problema. Ambos asentaron la paz como la tesis fundamental, admitieron también la antítesis de la posibilidad legítima de una insurrección—en cualquier caso, captaron su inevitabilidad—e insistieron siempre en la síntesis: el trabajo y la lucha eficaz por la justicia y, así, por la paz. Y con su vida y con su muerte violenta, intentaron redimir la violencia en el país.” (279. or.)

Beraz, ez dakigu zehazki Jesukristok zer esango zuen, badakigu Romero eta Ellakuria ez zirela pazifista absolutuak (eta biziarekin ordaindu zuten beren hautua), baina oraindik ez dakigu Sobrinoren beraren iritzia. Hona falta zaigun hori:

En nuestra opinión, no se puede decir que una revolución armada sea automáticamente anticristiana, pero con esto no se ha dicho todavía cuál es el aporte más específicamente cristiano a una revolución.” (280. or.)

Hitz orekatuak dira, zuhurrak, Eliza Katolikoaren tradizioan bete-betean txertatzen direnak inolako problemarik gabe. Besteak beste, gogoratu dezagun Sobrinok arazoak izan dituela Erromako Fedearen Doktrinarako Kongregazioarekin, baina arazo horietan ez dela aipatu puntu hori, hots, biolentzia politikoari buruzkoa. Izan ere, biolentziaren kondena absolutua predikatu ote du inoiz Eliza Katolikoak? Esango nuke ezetz. Orduan, zer predikatzen digute gure lider politiko eta intelektualek? Pazifismoa? Elizaren izenean ez behintzat. Noren edo zeren izenean orduan?

Esan dut gorago, gaia zaila da, errespetua, are beldurra sortarazten du. Ez da erraza honetaz hitz egitea. Eta Euskal Herrian zaila bada, esango nuke zailagoa dela El Salvadorren. Eta ez dezagun ahantz Sobrino Latin Amerikaz ari dela funtsean, hemengo arazoak ziur aski oso urrunak egiten zaizkiola, urrunak fisikoki eta urrunak mentalki: ez ote du pentsatuko europarren arazoak direla? Amerika baita hark gogoan duena beti. Ez dakit, benetan ez dakit, eta ez nuke sartu nahi debaldeko espekulaziotan. Beraz, azken ohar batekin itxikiko nuke kontua, hona Sobrinoren hitzak:

En cualquier caso, a partir de Jesús se puede argumentar en favor de lo que insistía monseñor Romero: no depositar toda la confianza en la violencia para resolver problemas que tienen variadas dimensiones, no militarizar absolutamente el nivel de la lucha y nunca hacer de la violencia una mística, problema que no es sólo subjetivo, son que proviene de la dinámica objetiva de la lucha.” (278. or.)

Jakinduriaz betetako hitzak, nire uste apalean, balio dutenak El Salvadorren eta baita ere gure Euskal Herrian, eta baita ere Ukrainako gerrari buruz hitz egiten dugunean: zuhurrak izan gaitezen kondenatan, militarismoari ez, biolentziaren mistikari ez. Hausnar dezagun poliki kontzeptu horietako bakoitza, eta albora ditzagun behingoz kondena eta eskandalu merkeak, hemen, Amerikan edo Ukrainan. On egingo dio bakearen kausari. Guztiok bakearen alde gaudelako, ezta?

Erailadako jesuiten eta laguntzaileen mosaikoa (Wikipedia)

IV

Iruzkin honen hasieran esaten nuen jakin nahi nukeela zertan datzan erlijio katolikoa azken buruan. Zeren, gaur egun behintzat, Eliza Katolikoaren hainbat eledun eta iritzigileri entzunez gero, edo giro sozial orokorraren ondorioz, edo batek daki zergatik, batzuetan badirudi Jainkoak bere semea gure artera igorri zuela… kondoirik ezin zela erabili esateko, eta oso gutxi gehiago. Sexua eta moral sexualarekin lotutako kontuak, kitto. Karikatura bat egin dut, bistan da, baina inork ez dit ukatuko gure gizartean bizirik dagoen sentimendu bat dela. Nik, ordea, betidanik pentsatu izan dut Elizaren mezu nagusia beste zerbait dela, eta horren bila abiatu naiz liburu honetan. Esango nuke nire bilaketa ez dela guztiz alferrikakoa izan, eta merezi izan duela dedikatu diodan denbora. Liburu aberatsa eta iradokikorra da, ororen buru. Hortik aurrera, nork bere irakurketa egin dezala.

Azken hitz bat autoreari buruz. Jon Sobrino itzal handiko intelektuala da munduan, eta handiagoa behar luke izan, haren hausnarketak benetan baliosak eta baliagarriak direlako, ez soilik bere zinezko aberria den El Salvadorren, baita lurbira osoan ere. Gu oso ohituta gaudelako sinisten munduko intelektual eta pentsalari handiak Ingalaterrako edo Kaliforniako unibertsitateetan daudela, edo Parisen, edo Berlinen… Ez jaun-andreok, munduko intelektual handienetako bat San Salvadorreko Universidad Centroamericana José Simeón Cañas-n dago lanean (honez gero jubilatuta, ziur aski), euskalduna da jatorriz eta bihotzez, baina Latin Amerikan sustraitu zuen bere gorputza eta gogoa, eta handik guztiontzat balio duten hausnarketak jaulkitzen ditu. Irakur itzazue haren liburuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude