YON ETXAIDE, AZKEN EUSKALDUN FEDEDUNA

Pruden Gartzia

2022ko iraila

Etxaide, Yon, Gorrotoa lege, Donostia: Elkar, 1998 [1964], 434 or.

Betidanik sentitu izan dut Yon Etxaiderekiko (1920-1998) lilura berezi bat, ez dakit oso ondo zergatik baina, ziur aski, haren bizitza oinazetuak interesgarri bihurtu zuelako nire begietan. Izan ere, idazle guztiz gehienen bizitzak ez du izaten aparteko interesik, ez hemen, ez Kalifornian, gutxi batzuk baino ez dira izaten biografia interesgarri baten jabe (pilotariak bezala, esango luke Jon Mirandek), baina euskal baratze txiki eta ez bereziki landuan hura da, dudarik gabe, txoko berezia merezi duen taldexka hauta horretako kide bat. Uda honetan haren bigarren eleberri handia irakurri dut, Gorrotoa lege (1964), aspaldi nire buruari jarritako lana (beti atzeratzen dugun horietakoa) eta oso ondo pasatzeaz gain, pentsakizun ugari eragin dizkit, azpian idazten saiatuko naizenak. Ea zuentzat ere pizgarria suertatzen den.

I

Yon Etxaidek leku berezi bat dauka euskal literaturaren historian batez ere arrazoi honegatik: hura da ehun bat urtez luzatu zen etapa baten azken ordezkari handia. Euskal literatura esan dut, baina kontzeptua ez da guztiz zehatza: alde batetik zabal daiteke euskal historia intelektual osoa barne hartuz, eta bestetik murriz daiteke azpimarratuz euskal eleberrigintzaren historiaz ari garela funtsean. Bigarren bide hori hartzen badugu, komeni da esatea euskal eleberrigintza Txomin Agirrerekin abiatzen dela (Auñemendiko lorea, 1898) eta, hain juxtu ere, Yon Etxaideren azken eleberria den Gorrotoa lege-rekin ixten dela 1964an, eta etapa horrek badituela ezaugarri nabarmen batzuk, barne-batasun handia eman ez ezik, hurrengo etapatik bereizten dutenak. Hurrengo etapa, jakina denez, 1957an abiatzen du Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua (1957) argitaratuz, baina Etxaiderena zazpi urte geroagokoa izateak indartu besterik ez du egiten nire oinarrizko baieztapena. Beste hitz batzuekin esanda, Agirrek eta Etxaidek eleberri giristinoak idazten dituzten bitartean, Txillardegirekin hori amaitu da: horra bi etapen arteko muga eta hortik, gainera, Orixek Txillardegiri zion ezinikusia.

Oso deskribapen baldarra izan da hori, arrasto larriz egina, erraz esan baitaiteke, adibidez, Agirreren aurretik hortxe ditugula Dazkonagerre, Duvoisin edo Resurreccion Maria Azkue bera, edo Etxaideren ondoren hortxe ditugula Augustin Zubikarairenak, edo Atañorenak, eta abar, baina ni neu ez naiz literatura-kritikaria eta, gainera, ez ditut maite lanbide horietakoek erabiltzen dituzten teknizismoak eta xehetasunak, beraz, barkazioa eskatzen diot irakurle sufrituari nire baldarkeriagatik, baina nik nahiago dut historia intelektuala bere zabalean hartu eta libreago jardun. Adibidez, beti aipatu ohi da etapa honetako idazleen ezaugarri nagusien artean gaiaren aldetik nobela kostunbristak (ohiturazaleak) idaztea, forma aldetik ere oso tradizionalak izatea (hirugarren pertsona, kontatzaile orojakilea, etab.) eta horrelako beste batzuk, baina horiek guztiak egiazkoak eta garrantzitsuak izan arren, nire uste apalean bigarren mailako kontuak dira: ezaugarrri zentrala erlijioa da, hots, kristautasun militantea. Eta militantea esan dut ezaugarria ez delako egile horiek katolikoak izatea, katoliko militanteak izatea baizik, hots, literatura helburu militante batekin idazten dutenak. Eta helburu hori, bistan da, katolikotasuna zabaltzea, sendotzea eta iraunaraztea da. Egile katolikoak gero ere baditugu, baina 1964tik aurrera (data bat jartzearren) ez dira militanteak, behintzat lehengoen zentzu berean. Etxaide da azkena.

Yon Etxaide (Wikipedia)

II

Etxaide, gainera, ez zen soilik eleberrigile bat, benetako intelektual bat zen hitzaren adiera osoan. Horren froga garbia Hamasei seme Euskalerriko (1958, 1990) saiakera da, zeinetan ahalegin itzela egiten duen, frankismo gorriko Euskal Herri zafratu hartan, euskal kulturaren eta literaturaren historia oso bat berregiteko, hamasei idazle nabarmenen biografien bidez. Eta euskararen zapalketarik inoiz ez dela izan eta antzeko txepelkeriak zabaltzen dutenentzat aski beharko litzateke jakitea liburu horretan jorratzen den gaia klandestinoa zela orduan, hitzaren adierarik estriktoenean, ezaguna baita Etxaidek berak hitzaldiak ematen zituela gai horren inguruan, baina ez herrietako areto edo eskoletan, baizik eta mendian, gordean, aurrez hitzartutako gazte jakinzaleekin eta zentinelak ezarrita inguruan polizia agertuz gero ihes egin ahal izateko, polizia atzetik izaten baitzuten orduan euskal kulturaren alde zebiltzanak. Horrelakoa zen euskal kulturaren aldeko lana frankismoaren lehen etapetan.

Haren intelektual izaeraz hobeto jabetzeko aurrekoaz gain begira bedi, baita ere, bere aitari dedikatu zion biografia eta itzulpen-sorta (Etxaide Jauna : Inazio Maria Etxaide Lizasoain injinadorearen bizitza, inguru-giroa eta lanak, 1986). Dena den, frogarik argiena Gorrotoa lege eleberrian bertan dugu: egilea ez da idazle hutsa, intelektual militante eta engaiatu bat baizik, eta, ondorioz, helburua ez da soilik eleberri bat egitea, baizik eta Ertaroko euskal historia osorik berregitea, ahalik eta zehatzen. Hau bereziki nabarmena da onomastikan: jakina da Ertaroko euskal onomastika beti gaztelaniazko forman ematen zaigula Hegoaldean, bai orduan izen-deiturak gaztelaniaren ohituretara makurtuz idazten zirelako, baina baita ere XX. mendean historialariek eta antzekoek testu haiek aipatzen dituztenean sistematikoki gaztelaniazko arau garaikideen arabera normalizatzen dituztelako. Hau da, forma gutxi-gutxi batzuk baino ez dira dokumentatzen euskaraz XV. mendean erabiltzen ziren bezala, adibidez, andre Milia Lasturko eta horren moduko batzuk, zeina doña (E)Milia de Lastur bezala agertuko den gaztelaniazko testu guztietan eta, menpekotasun politiko eta kulturalaren ondorioak, baita gaur egungo euskal testu gehienetan ere. Nik bereziki maite dudan adibidea Esteban Garibai (1533-1599) kronista arrasatearrarena da: hasi zaitez idazten Garibai (euskal testu batean ere) eta berehala agertuko zaizu ilustraturen bat esanaz Garibay idatzi behar dela, hark horrela idazten zuelako; ez dizutena esplikatzen, arrunki, da hark baita ere bere bigarren deitura idatzi ohi zuela, honela zehazki: Çamalloa, eta ea hori ere horrela idatzi behar den. Ez jauna! Hori Zamalloa idatziko dute, hain juxtu ere grafia zaharrak gaur egungo arauen arabera normalizatzea munduko gauzarik naturalena delako… gaztelaniaz, ez euskaraz, zinezko araua ez baita hark idazten zuen bezala idaztea, baizik eta gaztelania estandarraren arauak segitzea, eta kitto, hori eta ez besterik izaten baita horrelako ilustratuen alfa eta omega, lehen eta orain. Bada, Yon Etxaidek nahikoa jakintza eta adore izan zuen orduko (eta gaurko) aurreiritzi guztiei buru eginez jatorrizko euskal onomastika berreskuratzen saiatzeko. Ahalegin titaniko bat izan zen, gaurko talaitik ikusita egundoko miresmena sorrarazten duena. Onomastika berezi horrek, gainera, gaur egun ere hain ezohikoa, tamalez, ematen dio eleberriari zigilu berezi bat, tankera txit bitxi bat, beste inorena ez bezalakoa.

Baina zein da idazleen eta intelektualeen arteko aldea? Ez da kontu argi eta garden bat, oso baloratiboa baizik. Intelektual gehienak idazleak ere izaten dira gaur egun (liburu eta artikuluak idazten dituzte) baina idazleen artean batzuk ez dute aparteko grinarik erakusten kontsumo-literaturaz gain beste ezer hausnartzeko edo komunikatzeko. Ez da ezer desohoregarria, jakina, idazletza lanbidetzat hartzea beste edozein lanbide bezain duin delako izatez, baina horrelako hautuak egiten dituztenak, arrunki, ez dira intelektual gisa hartuak inon (beraiek ere ez dute horrelako pretentsiorik agertzen). Esan dezagun, bada, Etxaide idazlea zela ororen buru, baina idazle gisa goragoko helburuak jarri zizkiola bere buruari, ez irakurleen txolarteak atseginez entretenitzea soilik, hori baino goragokoa den zerbait transmititzea baizik, eta alderdi hori kontuan izanik intelektual gisa definitzea ez dela desegokia. Idazle zela esatea desegokia ez den bezala, baina helburu garaiak zituen idazlea zela ahaztu gabe. Zeintzuk, ordea?

Pelikulako kartela (Filmaffinity)

III

Ez da zaila Gorrotoa lege eleberria bi hitzetan laburbiltzea: Ertaroko zaldun euskaldun batzuen borrokak eta maiteminak. Bon, egia esan, batez ere borrokak, maiteminak laburrak baitira, eta ez bereziki sutsuak (epelak edo interesatuak batzutan, ezinago aratz eta kastoak bestetan) kontakizunaren harian beren lekutxoa badute ere. Borrokak, ordeak, etengabeak eta oso latzak, hortik izenburua, zaldunen arteko gorrototik, hik baino gehiago balio diat esan ahal izateko grina zorotik, gure Ertaro Berantiarrean nagusi zena nonbait (Julio Caro Barojaren denboretatik topikoki errepikatu izan den bezala). Eta hori guztia beste modu batean ere esplikatu daiteke errazki, hitz bakar bat erabiliz: Ivanhoe.

Oso markatuak dira Etxaideren eleberri honek Walter Scott (1771-1832) eskoziarreren lanik ezagunenarekin dituen antzekotasunak. Jakina denez, nobela horrekin Scottek genero berri bat sortu eta popularizatu zuen, bizitza luze-luzea izan zuena eta, nola edo hala, gaur egun arte luzatu dena. Eta bai, badakit, baieztapen biribil hori ere mila modutara galgatu daiteke, esanaz, adibidez, Ivanhoe (1820) baino lehenago ere hainbat egilek (Scottek berak ere!) idatziak zituztela antzeko lanak; edo berrehun urtean zehar idatzitako milaka eta milaka lan etiketa soil baten azpian kokatu nahi izatea gehiegikeria dela, genero horretakoak baitira, adibidez, bai Manzoniren I promesi sposi (1827, 1842), zein Flauberten Salammbô (1862) edo Navarro Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII (1879), soilik XIX. mendean eta gure inguru hurbilean edo etxean bertan ibilita, XX. mendera pasa gabe, eta lau nobela horiek ez dira ez berdinak, ez antzekoak, modu lauso batean hartuta ez bada. Baina aski da edozein lekutan begiratzea konturatzeko Ivanhoeren premutza gure artean arrunki korritzen duten topikorik topikoenen artean dagoela, baieztapen hori gero mila modutara ñabartu badaiteke ere: genero baten abiapuntua da, nobela bat idazteko modu zehatz baten fundazio-harria, eta haren eragina eta itzala beti nabari da ondoko lanetan, modu batera edo bestera, gehiago edo gutxiago.

Hauek dira, nire ustez, Walter Scotten eleberrian kontuan hartu beharreko ezaugarri nagusiak: lehenengo eta behin, istorioa Erdi Aroan kokatzea eta oinarri historiko argi batzuk ematea, gero garapena oso librea bada ere, pertsonaia batzuk eta gertakari zehatz guztiz gehienak asmatuak badira ere; ildo horretan, nobela garaiko kronika historikoetan inspiratu ezezik, berorietan dokumentatzen da pertsonaia eta gertakari nagusiak finkatzeko. Bigarrenik, Ertaroko munduaren errekreazio oso bat burutzen da, ez soilik pertsonaia eta gertakarietan, baita ere eskenatokien deskribapenetan (paisaiak, gazteluak, jantziak, ohiturak…) eta, bereziki, narrazioaren hizkeran: esan daiteke Scottek hizkera berezi bat sortzen duela propio Ertaroko hizkera irudikatzeko, eta arreta handi-handia jartzen du aldi oro seinalatzen pertsonaiak frantsesez (normandoak) edo saxoieraz (saxoiak) hitz egiten ari diren, nobela, bistan denez, ingelesez idatzita dagoen arren; baina ingeles hori berezia da, solemnea, oso sarritan ingelesezko hitanora jotzen duena (thou), ez bere garaiko ingelesa, nolabaiteko ingeles ertarotiar bat baizik (asmatua, noski). Hirugarrenik, kronika historikoetan ezezik, ingeles balada zaharretan inspiratzen da eta gertakarien harian behin baino gehiagotan jasotzen ditu orduko bardoekiko aipamenak, baita kantak ere, batzuetan hitzez hitz. Hitz batez, bere helburua ez da soilik eleberri entretenigarri bat egitea, baizik eta Ingalaterrako Ertaroa zehaztasun ahalik eta gehienez birkreatzea, osorik birkreatzea, ez soilik azaleko marrazki bat gero aitzaki bat izateko kontakizun bati begira. Hori inon baino argiago ikusten da liburuan zehar seinalatu eta bukaeran paratzen dituen ohar historiko luzeetan, zeintzuetan azalpen historiko xeheak ematen dituen, eta horretaz nahikoa ez eta baita ere gaineratzen du “Glossary of words, phrases, and allusions” izenburuko beste zerrenda bat. Beraz, Ivanhoe Historia eta Literaturaren artean mugitzen da, Historiaren birkreazio nobelatu bat izan nahi du, fideltasunez Ingalaterra ertarotiarraren espiritua jaso eta irakurlearen begien aurrean jarri, ahalik eta gutxien manipulatuz: hori da sortuko duen generoaren ezaugarri nagusia, gorena.

Etxaideren kasuan, berdin-berdin, harrigarriro berdin, hitz bat aldatu beharrik ez dago goiko paragrafotik, guzti-guztia da berdina. Eta bereziki errepara dezagun: kasu batean zein bestean jaso eta irakurleen baitara eraman nahi den espiritu hori ez da unibertsala eta denboraz kanpokoa, aitzitik, kasu bakoitzean guztiz lotuta dago leku eta garai zehatz bati, ez da transferigarria, nolabait esanda, historikoa eta nazionala baizik. Honek beste ohar bat jartzen du mahai gainean: azken analisian, Scotten helburua da Ingalaterraren jaiotza irudikatzea, nazio baten jaiotza, normandoen eta saxoien batasunetik sortzen dena. Etxaideren kasuan, berdin, zinezko helburua Euskal Herri modernoaren jaiotza irudikatzea da, etsai diren alderdi bien (ganboatarrak eta onaztarrak) baketze eta bateratzetik sortuko dena. Baina bada alde nabari bat bien artean: Ingalaterra nazio onartu eta garaile bat den bitartean, XII. mendean jada nazio gisa egituratzea lortu zuena, Euskal Herria nazio puskatua dela oraindik ere, hain juxtu ere garai berean (1200. urtean, zehazki) Gaztelaren inbasioaren ondorioz apurtuta gelditu zena eta, ordutik, barne-borroka etengabeetan murgildu dena, gaur egun arte.Etxaideren pentsamenduan euskaldunen arteko barne-borrokek bidea zabaldu diote beti Gaztelako erregeen esku-hartze eta inbasioei: 1200ean Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia; 1512an Nafarroa, Iparraldearekiko zatiketa gauzatuz gainera; XIX. mendean bi gerra karlistak, Foruen abolizioa ekarri zutenak; eta XX. mendean Gerra Zibila, funtsean euskaldunen arteko gerra bat izan zena (karlisten eta abertzaleen artekoa) beti bezala gaztelarrek (espainolak orain) baliatu zutena beren erabateko nagusitza inposatzeko eta autogobernuaren azken hondarrak birrintzeko. Etxaideren Historiaren Filosofia gardena da eta nobela honetan argi jasotzen da: euskaldunen arteko gorrotoak hondamendi nazionala ekarri du, autogobernuaren galerarekin batera euskararen zapalkuntza osoa etorri baita, ia-ia haren desagertzea. Beraz, Scottek borroka alderdikoiak gaindituta nazioaren sorrera ospatzen duen bitartean, Etxaidek borroka horien berorien ezin gainditua deitoratzen du.

Nik ez daukat zalantza handirik: Ivanhoe da Etxaideren eleberriaren zinezko iturria, benetako eredua. Alde handi bat dago, ordea: Ingalaterran erregeak (Rikardo Lehoi Bihotz, zehazki) alderdi bien arteko bakea ekarri du, nazioa eraikitzen eta gauzatzen jakin du; Euskal Herrian, ordea, 1200etik aurrera ez dago horrelakorik egin dezakeen erregerik, kanpotarrak izan baitira beti (baita Nafarroakoak ere, Antso Azkarraren heriotzatik aurrera, 1234an) eta beren interesa izan da euskaldunak zapaltzea. Beraz, zein izan daiteke hemen Rikardo Lehoi Bihotzen indar bakegilearen papera bete dezakeena? Adi, azalpenaren puntu kritiko batean gaude. Bada, euskaldunen arteko bakea eta adiskidetzea ekarri dezakeen bakarra, eta adiskidetzearekin batera berpizkunde nazionala, erlijio katolikoa da. Hortik dator, neurri ez txiki batean, Etxaide abertzaleak elaberri giristinoak idazteko deliberoa eta zaletasuna.

Koldo Mitxelena (Wikipedia)

IV

Eleberrian bertan ez zaigu horrelako ezer esaten, noski. Gerra eta gorrotoa deitoratzen da, kristautasuna goratzen indar bakegile gisa, baina nazioarekiko aipamenik ez dago. Tira, normala da, zer espero zenuten frankismoan? Etxaide militante politiko zaildua zen goitik behera, bazekien horrelako ezer explizitatu orduko, baita explizitatu gabe gehiegi nabarmenduz gero ere, zentsura etorriko zela bere liburua debekatzera. Ezin izango zuen argitaratu. Beraz, garrantzitsuena zen eleberria argitaratzea zentsurari zirrikiturik utzi gabe. Ondorioz, XV. mendeko gorrotoetan oraindik ere oso bizirik zen Gerra Zibilaren oihartzuna ikusiko zen, apika, baina mezu kristau bakegileak neutralizatuta. Eta errekak egin dezala bidea itsasoraino.

Koldo Mitxelenaren kasua desberdina da. 1965ean Egan-en dedikatzen dion iruzkin ezagunean ez du horrelako ezer aipatzen, noski, baina inoiz ez da ahaztu behar Mitxelenak frankismopean idazten zuela baita ere, eta egina zuela posibilismo euskaltzalearen aldeko apostu argi bat (hori da Egan, funtsean), beraz, ez dela espero izatekoa nazio hitza inon ikustea. Baina nire uste pertsonala da Mitxelenak ederki ezagutzen zuela Etxaideren pentsamendua bere sakontasun osoan, eta ez zitzaiola bereziki konbentzigarria iruditzen. Beraz, egoerak eraginda publikoki ezin aipatuzkoa bazen ere, Mitxelenarentzat Etxaidek sostengatzen zuen Historiaren Filosofia hori ez zen batere egiazkoa: euskal nazioaren arazoen eta katramilen erremedioa ez zen bilatu behar Erdi Aroan, ezta XIX. mendeko Erromantizismoan ere, edota Txomin Agirreren edo Campionen nobeletan, XX. mendean baizik, pentsamendu europar modernoan, hots, etorkizunean. Ildo horretan, Mitxelenak entusiasmo osoz agurtu eta ospatu zuena Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua (1957) argitaratzea izan zen eta, modu pribatu batean, saminki deitoratu Jon Miranderen Haur besoetakoa (1954, 1971) ezin argiratzea. Alegia, Mitxelenak euskararen eta euskal literaturaren etorkizuna Txillardegi, Mirande edo Aresti bezalako autoreengan ikusten zuen, bereziki haiek zekarten haize moderno eta berritzaileetan, ez Etxaideren revival historizistan. Hala eta guztiz ere, ziur da biziki miresten zuela Etxaide eta oso hurbileko sentitzen zuela, bai maila pertsonalean zein politikoan: adiskideak izateaz gain, biak ziren militante abertzale ezagunak, kartzelan izandakoak, mila eta bat borrokatan zaildutakoak. Beste alor batean urrun sentitzen zuen, ordea. Beste alor hori batez ere erlijio katolikoa da. Eta horrek azalpen osagarri bat behar du.

Ez dakigu zein zen, zehazki, erlijio katolikoaz Mitxelenak zeukan sentimendua, ikertzeko dagoen kontu bat da. Hala eta guztiz ere, dakigunaren arabera esan daiteke inoiz ez zuela argi eta garbi arbuiatu, baina baita ere inoiz ez zela izan katoliko bero eta konbentzitu bat, gutxiago militante katoliko bat, Yon Etxaide bere lagun eta alderdikidea zen bezala. Badirudi Mitxelena katoliko konbentzional bat izan zela, orduko Errenterian oso normala zen bezala, hots, elizkizunetan batez ere arrazoi soziologikoengatik parte hartuko zuena eta Elizari ez atxikimendu berorik, ez arbuiorik, eskainiko ez ziona. Haren bihotzaren barruan zer sentitzen zuen (ezer berezirik sentitzen bazuen fede katolikoari buruz) momentuz ez dakigu, eta ziur aski oso zaila izango da jakitea. Edonola ere, euskalduna eta abertzalea izateko ez zuen ikusten fede katolikoaren beharrik, hori bistan da. Eta horrek ondorio argiak ditu: Etxaideren kar erlijiosoa ez zuen arbuiatuko, baina euskararentzat nahiago zuen kultura laiko bat, Europan arrunta zen bezalakoa. Orobat, euskal literatura fede katolikoarekin hain estuki lotzea kaltegarria irudituko zitzaion, ziur. Baina, bestalde, nola arbuiatuko zuen Etxaide bezalako autore baten nobelagintza, adiskidea eta alderdikidea izateaz gain hura zelarik, gainera, une horretan bizirik zegoen euskal idazlerik onenetako bat? Ez, hori ere ez zen zuzena, ezta praktikoa ere. Hori guztia kontuan hartuta erraz esplikatzen da Joanak joan (1955) edo Gorrotoa lege (1964) “erdi-mailako” literaturaren barruan kokatu nahi izatea (hots, ez goi mailako literatura, ezta kontsumo-literatura hutsa ere, bien arteko zerbait baizik) eta, aldi berean, bietan, goresmenekin batera egileari eskatzea gehiago idaztea bere indibidualtasunetik, hots, historizismoa abandonatzea eta kultura modernoan murgiltzea, XX. mendeko nobelak idaztea, eta ez XIX.ekoak. Bietan eskatu zion, hamar urteko aldearekin, nire ustez benetan pentsatzen zuelako Etxaide autore zinez garrantzitsu bat izango zela, ez fedea, noski, baina bai bere katolizismo militantea eta horrek zekarren guztia albo batera utzita, literaturan behintzat. Denok dakigun bezala, Etxaidek ez zion batere kasurik egin.

Toti Martinez de Lezea (Wikipedia)

V

Orain arte Etxaideren asmoez, helburuez eta ereduez mintzatu gara luze, baina ia-ia ez dugu ezer esan nobela beraren kontakizunari buruz. Orain ere ez dugu egingo. Ivanhoe pelikula ikusita baduzue (Richard Thorpe zuzendari, 1952), egia esanda, nahikoa da ideia orokor bat egiteko. Ez dezagun ahantz, dena den, pelikula hori produktu hollywoodiano tipiko bat denez gero, ez diola zehatz-mehatz liburuari segitzen, bereziki istorioaren alderdi erromantikoari dagokionez, protagonismo handia hartzen duena, nobelan baino askoz ere gehiago. Aski da esatea Elizabeth Taylor xarmangarria izan zela Rebecca neska judu zorigaiztokoaren papera jokatu zuena, ondorioztatzeko filmaren egundoko arrakasta, bai AEBn zein mundu osoan: Frantzian eta Espainian hurrengo urtean estrenatu zen, ziur-ziurtzat jo dezakegu Etxaidek ikusi zuela. Espainiako telebistan aldian-aldian ematen dute, nik neuk hiruzpalau aldiz ikusia dut hortxe, pentsatzen dut zuetako gehienei ere ez zaizuela ezezaguna izango, besteak beste Frantziako telebistan ere, ziur aski, behin baino gehiagotan agertuko zelako azken hamarkadan.

Bada, gure nobela, nolabait, pelikula hori bezalakoa da, desberdintasun batzuk gorabehera: ez dago erregerik, ez dago judurik (den-denak euskaldunak dira), zaldunek ez dute torneorik jokatzen (ondorioz, maitasun gortesauzko eszenak gutxiago dira), baina gazteluen kontrako erasoak, traizioak, borrokak, hilketak… nahi beste. Diferentziarik handiena, ordea, erlijio katolikoari esleitzen zaion papera da: pelikulan antzoki historikoaren elementu bat gehiago da (gazteluak edo torneoak bezala), gure eleberrian, ordea, sarritan agertzen da protagonisten ahoan, eta baita ere narratzaile orojakilearenean, beti egiazko leitmotiva den gorrotoari kontrajarrita. Etxaide abila da kontakizuna sortzen eta aitzinatzen, batzuetan gehiegizko itzulinguruetan eta xehetasunetan galtzen bada ere, nire gusturako, baina nobela ona da, beti ere kontuan izanik gaur egungo nobelen haria askoz ere azkarragoa izan ohi dela: pertsonaia gutxiago eta akzio dardarkaria. Etxaiderena geldoagoa da.

Dena den, nik neuk gehien nabarmenduko nukeena hizkuntzaren alorra da: gorago aipatu dugun Egan-eko iruzkinean Mitxelenak dio, hitzez hitz, Etxaidek “euskaraz egungo egunean inork gutxik bezala dakielako eta jakite hori, jakite hutsa ez ezik, mintzatzen jakitea delako”, eta kasu honetan guztiz bat nator Errenteriako maisuarekin: eleberri hau irakurtzea gozamen estetiko hutsa izango da euskara maite duen edonorentzat. Lexiko aldetik nahikoa aldentzen da gaurko estandarretik, gehiago kokatzen delarik bere garaiko gipuzkera osatuan arrunta zen estiloan, baina grafia eta morfologia batukoak dira guztiz. Honetan ere Etxaide gailen agertzen zaigu: 1984ean bigarren edizioa prestatu zuenean osorik zuzendu zuen, euskara batuari segituz, eta 1998an, hil aurretxotik, beste zuzenketa batzuk ere egin omen zizkion. Hori gaurko irakurlearentzat eskergarria izateaz gain, munduko gauzarik normalena izan da beti: adibide ezagun bat Alessandro Manzoniren I promesi sposi (1827, 1842) da: lehen erredakzioa oso hurbil zegoen bere jaioterriko italieratik (Lonbardia) eta, ondorioz, berberak erabaki zuen, handik urte gutxira, Arnoko uretan beratzea, hots, italiera batuaren mesedetan Toskanako italieraren moldeetara ekartzea. Izan ere, Manzoni abertzale bat zen, batasunaren alde amore emateko prest zegoena, nazioaren batasunaren oinarrian hizkuntzaren batasuna eta duintasuna ikusten baitzuen. Hau da, iritziak iritzi eta zalantzak zalantza euskara batuaren alde argi eta garbi posizionatu zen gure Yon Etxaide bezalako abertzale bat. Biek berdin jokatu zuten eta interesgarria litzateke, baita ere, Gorrotoa lege Manzoniren lan ezagunenarekin erkatzea, besteak beste susmatzen dudalako erlijio katolikoaren papera oso antzekoa delako bietan, Ivanhoe-n ez bezala. Baina beste noizbait izan beharko da. Orain euskal nobelagintzaz kontsiderazio batzuk egin nahi nituzke, eta horrekin amaitu.

Etxaidek berak bi idazle besterik ez ditu aipatzen iturri eta eredu gisa 1983an Loiola Irratian gai honetaz egin zioten elkarrizketa batean, zeinaren laburpen bat gehitu zaion liburuaren amaieran nik erabili dudan edizioari (Elkar, 1999): Txomin Agirre (1864-1920) eta Arturo Campion (1854-1937). Txomin Agirre erreferentzia da bi berarentzat bi zentzutan: bata, euskararen aldetik egile gailentzat duelako, bigarrena, Euskal Herri kristau zintzo bat inork baino hobeto irudikatu duelako. Bi ezaugarri horiek dira Etxaideren pentsamenduaren zati handi bat esplikatzen dutenak, baina hirugarren hanka bat falta zaie: Arturo Campionen abertzaletasun historizista, haren idazlan guztietan nabari dena. Hiru elementu horiek aipatuta nire ustez ez dago laugarren baten beharrik. Hori bai, horrek esan nahi du Etxaide, funtsean, militante katoliko bat dela, euskaltzale eta abertzale bezain: berarentzat, Sabino Aranarentzat bezala, edo Agirrerentzat, edo Azkuerentzat, edo Campionentzat, edo beste hainbat eta hainbatentzat, euskalduna izatea eta katolikoa izatea sinonimoak ziren, eta euskaren galera eta erlijioarena gauza bat eta bera zen, besterik ez. Pauso bat gehiago ere eman zuen nire ustez, gorago esan dudan bezala: pentsatzen zuen erlijio katolikoa sendotzea zela modu bakarra euskaldunen arteko gorrotoak eta borrokak gainditzeko eta, ondorioz, askatasuna erdiesteko (berari inon esplizituki irakurri ez badiot ere, askatasun hori, ziur aski, independentzia zen).

Hori guztia modu borobil batean esan daiteke, formula estandar bat erabiliz: Etxaide euskaldun fededun bat zen, nire uste apalean gure literaturako azken euskaldun fededuna, esaera horrek unibertso intelektual oso bati erreferitzen zaion neurrian. Eta unibertso hori, gure artean, 1960 hamarkadan bukatzen da, euskal gizartearen eboluzio eta modernizazio industrialista eta kapitalista geldiezinaren ondorioz, batetik, eta bestetik Eliza Katolikoaren barruan Vatikano II. Kontzilioak mota horretako katolizismo militantearen amaiera ekarri zuelako, hotz eta motz esanda. Alegia, aro bat amaitu da eta 1964tik aurrera, data zehatz bat jartzearren, gauzak bestelakoak dira guztiz. Data horretan gure Yonek 44 urte zituen, heldutasun intelektuala erdiesten hasten den adina, hain juxtu ere, baina hortik aurrera ez zuen gauza handirik idatzi: funtsean, aurreko lanak zuzendu eta eguneratu zituen, eta kitto. Mitxelenaren eskaera, katolizismo militantea albo batera uzteko eta XX. mendeko mentalitate berrira egokitzeko, Eliza Katoliko bera urte horietan Kontzilioan egiten ari zen bezala, ez zuen aintzat hartu. Ez dakigu zergatik.

Dena den, argi dago ez zela posizio erreakzionario batean tematu. Ziur aski pozez eta esperantzaz ikusiko zuen Kontzilioa, orduko katoliko ia guztiek bezala, eta baita ere pozez eta esperantzaz ikusi zuen euskara batuaren sorrera Arantzazun, 1968an, eta handik aurrerako garapena. Baina ez zuen apenas beste ezer idatzi. Azken mohikano moduko bat bihurtu zen, nire ustez.

Berak ilusio handiz landu zuen eleberri historikoaren generoak, bestalde, ez zuen aurrerakada handirik egin euskaraz, beharbada orduko idazle gazteek iragan historizista eta kontserbadore bati lotuta ikusten zutelako. Azken bi hamarkadatan, ordea, berpizkunde handi bat izan du gurean, baina batez ere gaztelaniaz, batez ere Toti Martinez de Lezearen eskutik. Bizitza arrazoi berezirik gabeko gertakariez betea dago, eta horietako bat da Totiren lehen lan arrakastatsua, La calle de la judería (1998), Etxaide hil zen urte berean argitaratzea. Hortik aurrera idazle gasteiztar eta euskaldun berri honek dozena bat nobela argitaratu ditu, arrakasta itzela bilduz; gaztelaniaz idazten ditu, baina horietako batzuk euskaratu egin dira eta euskal bertsioan ere oso harrera ona izan dute. Izan ere, Toti oso euskaltzalea da, euskara ikasi eta arazorik gabe hitz egiten du, eta gaztelaniaz idatzi arren ahalegin berezia egin ohi du bere lanak euskaraz ere zabaltzeko. Eta puntu honetan ere mereziko luke, Manzoniren kasuan bezala, Etxaideren nobelagintza Totirenarekin erkatzea, konbentzituta nago ondorio interesgarriak aterako litzatekeela, baina hau ere beste noizbait, gaur asko luzatu gara dagoeneko.

Aizkorri mendia Urbiatik (Wikipedia)

VI

Galdera bat eginez amaitu nahi nuke: merezi ote du Etxaideran nobelak berriz ere irakurtzea? Nire ustez bai. Batetik, euskal literaturaren egile handi horietako bat da, ekarpen erabakigarria egin duen horietako bat, baina hortaz gain bere lanak gaur egun interes handia dute euskal literaturaren historia alde batera utzita ere. Nik neuk oso pozik irakurri dut eleberri hau, lehenago Joanak joan (1955) irakurri nuen bezala, eta guztiei gomendatzen dizuet. Hori bai, horrelako lanak irakurtzeko irakurle trebatua izan behar da, bai euskararen aldetik zein literaturaren aldetik: ez dira kontsumo-literaturako produktuak, gozatu nahi badituzu, entrenatuta joan behar zara, Gorbeiara, Aizkorrira edo Auñamendira igotzen zarenean bezala.

Iruzkinak (2)

  • Ohartxo kaxkar bat bakarrik Pruden: Jon Mirandek Haur Besoetakoa 1959an idatzi zian, ez 1954an. 1971n lehenbizikoz argitaratu bai. Goraintziak!

    • txoroen-untzia
      txoroen-untzia says:

      Zuregandik etorrita datu zuzena 1959 izango da, Pako, ziur. Azken momentuan ibili nintzen begira eta nonbaitetik hartutako datua da 1954 hori, niri ere lehen kolpea goiztarra egin zitzaidan baina ez nuen bi aldiz pentsatu.

      Mila esker!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude