JOKIN ZAITEGIREN AMETSA

Pruden Gartzia

2020ko ekaina

Olariaga Azkarate, Andoni, Erlatibismoaren egiak: Konstruktibismoa, egia-ostea, postmodernismoa et beste mamu batzuk, Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea, 2019, 261 or.

I

Ez, Jokin Zaitegi ez dago modan, honez gero euskaltzaleenen artean ere ez da batere ezaguna, adin batetik behera gutxienez. Zorte txarra izan zuen. Bere langintzaren urrezko aroa unerik txarrenean gertatu zen, Euskal Herriko 1950eko hamarkadan, alegia, euskara komunetik behera amiltzen ari zen garai bereziki zail horretan. Eta haren bizitzaren argia eta iparra zen gure hizkuntza dohakabea poliki-poliki goruntza hasi zenerako Zaitegi iraganeko gizona zen, modaz pasatako abade xelebre bat besterik ez, erabat anakronikoa ez euskal munduan bakarrik, baina euskal munduan bereziki. Heroi tragiko bat, nolabaiteko Edipo euskalduna, zoritxarrak jo-ta-erraustutako gizurena edo, bestela esanda,hainbeste maitatu zituen antzerki greko haietako erreplika etxekotu eta zimel bat, musek eta jainkoek bertan behera utzia. Ahaztua guztiz.

Eta hala eta guztiz ere, haren ametsa bizirik dago, inoiz baino indartsuago. Ondoko lerroetan saiatuko naiz esplikatzen zergatik.

II

2017an irakurri zuen bere tesia Andoni Olariagak, Donostiako Filosofia Fakultatean. Bi urte geroago UEUk argitaratu dio haren bertsio laburtu bat, gaur hizpidera dakardan liburua. Ez da erraz irakurtzeko modukoa: gaia eta tratamendua guztiz teknikoak dira, Filosofiaren azken hamarkadetako garapenaren ezagutza sakona eskatzen dutenak haria lasaitasunez segitzeko, argudioak eta iruzkinak ederki ulertuz. Edo, bestela, Filosofiako liburuak irakurtzeko zaletasun sendo xamar bat, zailtasunak amore eman gabe jasateko beste dena (hori izan da nire kasua, hain zuzen ere). Eta hala eta guztiz ere, edozein euskaltzalek irakurri beharrekoa iruditzen zait, hainbat arrazoi tarteko.

Horietako bat da izugarri ondo idatzita dagoela. Eta hori arrazoi sendoa baldin bada gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez liburu bat irakurtzeko, handiagoa da oraindik euskaraz, hain zuzen ere gure hizkuntza oraindik oso berde dagoelako kulturaren alor guztiz gehienetan, eta horien artean bereziki Filosofian, alegia, kulturaren goieneko esparruan, hizkuntza inon baino zehatzagoa eta aberatsagoa izan behar duen horretan.

Eta bigarren arrazoia da liburu hau beste edozein hizkuntzatan irakurrita ere interesgarria izango zela, gaia gaurkotasun handikoa delako eta ederki landuta dagoelako, konbentzio akademiko guztiak beteta.

Eragozpen handiena, haatik, esana dugu: oso teknikoa da, teknikoegia irakurle arruntarentzat, eta tesi bat den partez, astuna eta errepikarria egiten da sarritan, xeheegiak begitantzen zaizkizun xehetasunez beteegia. Hitz batez, aspergarria. Baina tesi guztiak dira aspergarriak, ezta?

Andoni Olariaga (Anboto aldizkaria)

III

Zabaltzen dut liburua eta jotzen dut aurkibidera. Sarrera bat, lau atal nagusi eta ondorioak. Sarrera testu indartsu bat da, irakurlea interpelatu nahi duena esaldi kartsuez:

Auzi honen sakonean, ordea, oinarrizko arazo bat dago, gizatiarra, oso gizatiarra: gure balioen, ideien eta tradizioen azkeneko balioa erlatiboa dela ezin onar dezakegula. Izan ere, zer da finean erlatibismoa? Saiatuko gara galdera hori poliki, ertz askotatik, testuinguruan jartzen, erlatibismoa zer den, baina batez ere, zer ez den, zedarritzen. Erlatibismoaren auzia, pentsatzen duguna baino garrantzitsuagoa dela erakustea lortzen badut, nire egitekoa emantzat joko dut.” (13. or.)

Erakustea, hori da liburu honen gako-hitza. Erakustea gure bizitzari zentzua ematen dioten uste sendoenak ere, finean, erlatiboak direla, erran nahi baita, ez dutela gizartetik kanpo inolako euskarririk. Batere ez, zero. Nietzschek Jainkoa hil dela aldarrikatu zuen duela mende bat baino gehiago baina optimistegia zen, apika, kristauen Jainko hori jaio baino laurehun urte lehenago Protagorasek esanda utzi baitzuen “Gizona da gauza guztien neurria”. Beraz, Jainkoa sobran dago, badakigu, eta Jainkorik gabe zaila, biziki zaila da balio absolutuen existentzia bera aldarrikatzea; hala ere, harrigarriro, horretan tematzen dira gaur egun irakasle eta maisu txit errespetagarri ugari munduko akademia globalean. Esan ezazu hortik zehar zeu erlatibista sentitzen zarela… etikarik gabeko diletantetzat hartuko zaituzte, onenean, edo zerbait okerrago, apika; bereziki, hau dela edo bestea dela, tontamentean autua alor labankorretara lerratzen bada eta zeu, zeure txepelkerian, terrorismoa kondenatzeko batere berotasunik ez baduzu erakusten, berehala deituko dizute konplizea edo zerbait okerrago. Motz-motzik, hori da Olariagaren liburuaren sakoneko gaia, alegia, erlatibismoa eta bere arriskuak. Enfin.

Baina desbideratzen ari naiz, jo dezadan berriro iruzkin arrunt baten legebideetara. Galdetzen hasita nengoen, Nietzsche ala Protagoras? Olariagak argi du, Atenai klasikotik XX. mende amerikanora (East Cost, zehazki, beti ere ipar aldean) jausi egingo du liburu honetan, zuzen-zuzenean eta aparteko arazorik gabe. Bon, ez da guztiz egia, Galileo, Descartes edo Kant aipatzen baititu tarteka, baina bigarren mailako erreferentziak dira, pasaeran bezala eginak edo, Pello Lizarraldek esango lukeen bezala, iragaitzaz. Bere benetako erreferentziak ez daude Europako Filosofia Modernoan, beste bi mutur hauetan baizik: Atenai klasikoa, batetik, Estatu Batuetako unibertsitateetako filosofoa pragmatikoa, bestetik. Liburu osoan batetik bestera ibiliko da dantzan.

Dena den, gorago iradoki dudan bezala, liburuaren lehenengo hiru atal handiak doktorego tesi bati tipikoki eta topikoki dagozkionak dira, taxuz antolatuak eta garatuak, hori bai, baina franko aspergarriak. Lehenengoan (23-112. or.) gaiaren azterketa analitikoari ekiten dio, xehe-xehe, lau alderdi bereiziz; ez ditut hemen errepikatuko, soilik aipatu nahi nuke, besteak beste, hitz berri bat ikasteko bidea eskaini didala niri: aletika. Bai, badakit, ez nuke horrelako aitormenik egin beharko iruzkin baten erdian, baina esana dut, baita ere, filosofia kontuetan zale apal bat besterik ez naizela, eta horra froga garbi bat. Bide batez, irakurle, zeuk ere ez badakizu zer den aletika delako hori, ez larritu, nahikoa da Google jakintsuari galdetzea (baina ez euskaraz, momentuz).

Segi dezagun aurrera. Bigarren atalean (113-161. or.) erlatibismoaren aitaren azterketari ekiten dio, erran nahi baita, Protagorasen filosofiaren ikerketa burutsu eta zehatz bat egiten du. Liburuak zalutasuna irabazten du baina erritmoa beti ere maratoiarena da, ez lasterketa labur batena. Hala ere neuk bereziki pozik irakurri dudan atala da, nire ezjakinean ezagunena egiten zitzaidalako. Hirugarren atalak (163-218. or.), ordea, printzipioz oraindik arinagoa izan beharko luke, zer esango dizuet, maratoietik hamar milakora pasatzea bezala, baina arazo berezi bat dauka niretzat: pragmatista amerikarren filosofiaren arakatze bat da funtsean eta nik horretaz ez dakit ia ezer ez. Alegia, ondo irakurtzeko asko lagunduko luke pragmatista klasikoak (W. James, Dewey, Peirce) eta modernoak (Putnam, Rorty) ezagutzea baina, lehena kenduta, niretzat han edo hemen irakurri ditudan izen batzuk besterik ez dira funtsean. William Jamesek bai, liburu bat du euskaratuta, bere garaian atseginez irakurri nuena (Pragmatismoa, Klasikoak, 2001), baina hortik aurrera pragmatismoa oso arrotza da niretzat. Olariaga, ordea, hortxe ikusten da pozik, bete-betean disfrutatzen. Izan ere, atal honetan iristen gara bere proposamenaren muinera: Joseph Margolis filosofo amerikanoaren erreibindikazio bat egitea.

Margolis. Behin ere ez neukan entzunda. Pena bat, autore biziki interesgarria delako alde guztietatik hartuta. Zenbat gauza ez dakigun Estatu Batuetako kulturari buruz! Olariagak, ordea, txunditu egiten gaitu amerikar pragmatisten polemika intelektualez daukan ezagutza sakon eta lehen eskukoaz. Gero ere itzuliko naiz honetara.

Laugarren atala da liburuaren atalik interesgarriena. Olariga, beste autoreen lanen eta iritzien azterketak apur bat bazterturik (apur bat besterik ez!), bere iritzia ematen entseatzen da, oraindik ere doktoregaiaren motxila gainetik kendu barik, hala ere. Ondorioen atalean, dena den, esprinta jotzen du eta, behingoz, argi eta garbi adierazten digu berak pentsatzen duena. Ez da ezer oso konplikatua, funtsean, baina ederki kostatzen zaio esatea. Hona:

Izan ere, hemen defendatzen dena zera da: proposizio bat aldi berean egiazkoa eta faltsua izatea posible dela, alegia, kontraesan batzuk onargarriak direla. Hori ez da kapritxozko kontu bat, ezpada arrazionaltasunaren muga hertsiak irekitzeko saiakera bat.” (246. or.)[enfasia neurea]

Akabo! Eta hori zen guztia? Horrenbeste azterketa sakon, hainbeste polemika eta aipu eruditu Atenaitik Philadelphiaraino, horretan amaitzeko? Hola ote dabil Filosofiaren mundu akademikoa? Hori pentsatzeagatik gurutziltzatuko zaituzte sanedrin akademikoetako agure txit errespetagarriek eta otiak bezain ugariak diren politikari eta iritzilari saiatu ezinago ugariek?

Bistan da, unibertsitatea ez dabil ondo. Zer esango luke honetaz gure Jokin Zaitegik?

Joseph Margolis (Wikipedia)

IV

Jokini liburu honek zirrara sakon bat eragingo zion, baina zentzu bikotzean.

Alegia, batetik eztabaida osoa ezin ulertuzkoa irudituko litzaioke, erlatibismo mota guztiak gaitzesgarriak irudituko zitzaizkiolako, besterik gabe. Beste hitz batzuekin esanda, Lagundiaren unibertsitate batean Filosofian doktoratu den jesuita batentzako erlatibismoa ateismoaren azpiproduktu bat besterik ez da izango, hots, erabateko absurdu bat. Jainkorik gabe, zer dugu? Ezer ez, Olariaga, ezer ez. Beraz, ez ezazu denborarik galdu horrelako pitokerietan, gazte, bila ezazu beste zerbait zure karrera akademikoa abiatzeko. Edo euskaldun ernegatu bat zarela pentsatu beharko ote dut?

Baina, bestetik, euskaraz hain ederki, hain bene-benetan ederki idazten duen gazte bat, aldi berean Filosofiaz horrelako ezagutza zabal eta sakona erakusten duelarik, nola izango da ernegatu bat? Ez, ezinezkoa da hori.

Eta, nire gogoan bederen, Jokin Zaitegi horrelako putzu beltzetan sartuko zen, zalantzaz beterik eta ezin irtenda. Eta, finean, ezin ondorio garbi bat atera.

Hau da marka, bizi guztia pasatu euskal unibertsitatearekin ametsetan, hura sortzeko bidean milaka ordu lan egin, onenak emanda beti eta diru guztia horretan xahutuz (osasuna eta barne oreka ez aipatzeagatik), eta behingoz zure helbururik zoroena zirudiena gauzatuta ikusten duzunean, hots, goi mailako liburu bat Filosofiaz, euskara eder-ederrean idatzita, bada marka, liburu horrek ez du gure Jaungoiko Jauna aipatzen ezta hura nardatzeko ere! Ezta haren existentzia ukatzeko ere ez du lanik hartzen! Tira, Nietzschek berak hori baino kontsiderazio gehiago izan zuen!

Jokin Zaitegi (1906-1979) (EIZIE)

V

Amaitzeko ordua da eta nik neuk ere nire iritzia eman beharko dut, itzulingururik gabe.

Liburu bikain bat da, zaila irakurtzen, baina merezi duena. Zaitegi benetan pozik egongo litzateke, sentituko luke bere bizitza ez zela alferrik pasatu eta hainbeste lan, sufrimendu eta nekek azkenean zerbaiterako balio izan zutela; Euskal Unibertsitatea errealitate bat dela, errealitate ukaezin bat; badagoela Filosofia osorik euskaraz ikasterik unibertsitate batean eta Filosofiako edozein gaitaz idatzi daitekeela euskaraz, beste edozein hizkuntzatan bezala. Alegia, liburu hau, tesi hau, berdin duina eta laudagarria izango litzatekeela edozein hizkuntzatan, adibidez gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez idatzita bezain duina eta laudagarria. Eta, gainera, badagoela mota horretako liburuak irakurtzeko prest dagoen euskaldun multzo bat. Oraindik ez direla asko? Euskal Unibertsitate hori oraindik ez dela zinezko euskal unibertsitate oso bat, euskara oraindik bigarren mailako hizkuntza delako bertan? Zaitegik ez luke arazorik izango erantzuteko: bidean gara, saiatzen bagara, benetan saiatzen bagara, egunen batean oztopo hori ere gaindituko dugu. Izan ere, Zaitegi fededuna izan zen bere bizi guztian.

Eta azken hari horretatik tiratuz: zer esan Jainkoaren absentziaz liburu honetan? Kontu hori hizpidera ekartzea ez dela anekdota apaingarri hutsa. Izan ere, Olariagak ezagutza aparta du Amerikako tradizio filosofikoaz, oso goresgarria eta kontuan hartzekoa. Euskal tradizio txiki eta apalaz, ordea, zer daki? Platonen Protagoras idazlana aspaldi itzuli zigun euskarara Zaitegik, eta Euskaltzaindiak argitaratu (1975), baina gure autoreak bi ohar labur baino ez dizkio dedikatzen, “itzulpen zaharra eta euskaraz ulertzeko zaila” dela argitzeko (124, 127. or.). Besterik ez da esan behar? Jainkoaren arazoa bera, hain absolutuki zentrala izan dena euskaldunentzat atzo goizera arte, aipurik txikiena ere ez du merezi? Baina ez euskaldunontzat bakarrik: adibide erraz bat jarrita, zergatik epaitu eta kondenatu zuten Sokrates, ez bada hiriaren jainkoekiko behar besteko errespetua ez erakusteagatik? Hori izan zen bere bizitzaren arazo zentrala.

Baina, esango didate, Jainkoaren matraka hori iraganeko kontua da, ez du merezi gure denboraren minutu bat bera ere. Estatu Batuetako unibertsitateetan, adibidez, inor ez arduratzen horretaz… Ez dakit, ez ditut ezagutzen. Dakidana da, adibidez, gai zentrala izango dela azaroan, hurrengo presidentea hautatzen denean; eta telebista ikustea nahikoa da konturatzeko hango presidente guztiek (Obama eta Trump horretan bat datoz) ez dutela ganorazko hitzaldirik egiten behin eta berriro Jainkoa aipatu gabe. Beste tradizio bat dute, jakina, beste gizarte bat, gurea ez bezalakoa. Gu europarrak gara. Gu benetan modernoak gara. Enfin.

Ez, ez da kritika bat. Olariagak eskubide osoa du bere tesi-gaia aukeratzeko eta nahi duen gisan garatzeko. Eta tesi bikaina da, nire uste apalean. Baina hauxe gaineratuko nuke berahala: gure tradizio filosofikoa penagarria izango da alderdi askotatik, apika, baina hura hain olinpikoki baztertzea ez dut uste ona denik gure kulturaren garapen normalarentzat. Ez da Olariagaren arazo partikulurra, aitzitik, gaur egun unibertsitari gazte euskaldun eta euskaltzaleek, Olariaga bezalakoek, egundoko gertakuntza eta ezagutza dute nazioarteko gaietan (bereziki AEBko unibertsitateetan egosten denaz), baina oso zulo kezkagarria gure historia eta tradizio txikiari dagokionetan. Blog honetan bertan, pasa den urtean, hiru historialari gazteren liburu bat iruzkindu nuen alde horretatik oso antzeko ezaugarriak zituena (Historiagintzaren ikuspegi berriak: Teoria eta praktika, UEU, 2017), hau da, kanpoko historialaritzaren ezagutza txundigarria, bereziki Ameriketako unibertsitateetakoa, eta bertako tradizio txiki eta apalaren ezezagutza osoa. Niri behintzat deigarria bezain kezkagarria egiten zait.

Baina Zaitegiren ametsa bizirik dago eta Gabriel Arestik esaten zuen bezala, borroka garbian dago / hori da printzipala.

Iruzkinak (1)

  • txoroen-untzia
    txoroen-untzia says:

    ERANSKINA
    (Pruden Gartzia, 2020-06-18)

    Zarata pittin bat egon da Twitter-en iruzkin honen harira, ohar interesgarri batzuk zer pentsatua eman didatenak. Zalantzan egon naiz komenigarria ote zen argibiderik ematen hastea… baina beste iruzkin baterako beste izango nuke.

    Beraz, oraingoan argibide labur bat besterik ez dut egingo: Andoni Olariagak ederki frogatua du euskal pentsamenduarekin (hau da, gure tradizio intelektualarekin) daukan konpromisoa, besteak beste liburu honen argitaratzailea izan zelako 2012an, beste lagun batzuekin batera: Euskal Herriko pentsamenduaren gida; doan deskargatu dezakezue esteka horren bidez, beraz, ez naiz luzamendutan sartuko.

    Halaber, tesian bertan Joxe Azurmendirekiko aipamenak ugariak eta garrantzitsuak dira: izan ere, konexioan jartzen du Joseph Margolisen pentsamenduarekin, oso modu interesgarrian.

    Ondorioz: inork ulertu badu Olariagak euskal pentsamendua ignoratzen edo gutxiesten zuela, txarto esplikatu naiz, eta barkazioa eskatzen diot hemendik nire kritika behar bezain argi ez idazteagatik.

    Hala ere, nire argudioaren funtsa ez nuke batere aldatuko, azken helburu gisa ez dagoelako bideratua Olariagari edo liburu zehatz honi: gaur egungo unibertsitateari egiten diodan kritika orokorra da, Olariagaren tesia horren erakusgarritzat hartuta. Baina oso azalpen luzeak beharko luke horrek, bereziki Estatu Batuetako kultura eta molde unibertsitarioek gurean (hemen eta ziur aski Europa osoan) duten eraginari buruz. Kultura amerikanoa, kulturaren amerikanizazioa… hori kritikatzea zen sakoneko asmoa. Beste noizbait, apika.

    Bitartan, mila esker Twitterren beren oharrak paratu dituzten guztiei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude