EUSKARA ONA ZER DEN

Pruden Gartzia

2020ko apirila

Frai Bartolome Santa Teresarena, Idazlan guztiak [edizio kritikoa, Julen Urkiza, Luis Baraiazarra], Bilbo: Euskaltzaindia, 2000, 1557 or.

I

Mahai gainean daukat liburua. Liburukotea. Bai, ez naiz okertu, 1557 orrialdeko totxoa da. Edizio kritikoa da, irizpide tradizionalen arabera egina, hots, jatorrizko grafian jasoa, ia aldaketarik gabe: “Testuen transkripzioari dagokionez, ahal den guztia errespetatzea izan dugu xede” (393. or.). Hori bai, Frai Bartolomeren idazki guzti-guztiak bildurik (horietako hainbat argitaragabeak) dena zehatz-mehatz azterturik eta hutsak eta errakuntzak (dirudienez, oso ugariak) zuzenduz. Edukiari dagokionez, “bere garaiko gainerako idazleek bezala, salbuespenak salbuespen, kristau-doktrina da bere euskarazko lau liburuetan dakarkigun gaia. […] Kristau-teologia, eta bereziki teologia morala.” Eta hori guztia, bizkaieraz, Markinako euskaran, zehazki. Baina ba ote dago arrazoirik horrelako motroilo bizkaitar doktrinario gogaikarri bat irakurtzeko? Bai, badago. Sinistu egidazu, euskalduna, badago.

II

Tira, zalantzak uxatzeko, Frai Bartolome (1766-1835) irakurtzeko arrazoiak eta haren garaikide zehatza den Jane Austen (1775-1817) irakurtzekoak ez dira berdinak, nahiz eta bien artean dagoen lotura ez den inola ere gutxiesteko modukoa. Alegia, bietan garaiko gizartea erretratatzen dute eta bietan emakumeen jokaera obra ulertzeko giltzarria da, edo giltzarri nagusietakoa. Areago, esango nuke batean eta bestean azaleratzen den morala ziur aski nahiko antzekoa dela, hots, moral kristau puritano bera. Desberdintasunak beste maila batean daude, alegia, batek gizarte burges (edo burges txiki bat) eta urbano bat erretratatzen duen bezala, besteak gizarte errural edo gutxi urbanizatu baten nekazari eta nekazaleak. Bai, bata emakume protestantea da, bestea fraide katolikoa… baina nago hori bigarren mailako desberdintasuna dela: funtsezko balioak berdinak dira, klase soziala da aldatzen dena, Frai Bartolomek herritar xeheentzat idazten baitu eta Austenek, ordea, erdiko klase burges ilustratuarentzat. Horretan bai, aldea erabatekoa da. Baina astakeria ote da esatea Frai Bartolomeri irakurtzea oso praktikoa izan daitekeela Jane Austinen eleberrien mundua ondo ulertzeko? Zeren Austenen pertsonaia burges horien guztien azpian bere eleberrietan islatzen ez den Ingalaterra errural eta nekazalea zegoen oraindik, ziur aski Markinako giroarekin antz handi xamarra izango zuena. Baina jo dezagun zuzenean testura:

Plazaco piestara eruaten dan jantzija da ainbat ederreena ta edertuen iminija. Ainbat onduen buruti biatzera apainduta, moduztauta, garbituta, orraztuta, al daguijanac larrosia, cabelinia, ispliguba, edo beste bedar usain gozoco bat buruban, paparrian edo escuban daveela, juaten dira plaza piestara, bai guizonac ta bai mutillac, bai andraac ta bai nescaac.

Dinot, nescaac, ezcondubagaco emacumiac gaiti, nescatillaac ez esatiarren. Bada, nescatilliaren izenac, guztiac ondo daquijeen leguez, beragaz dauca errespetua, modestija, onestidadia ta lotsoorra izatia. Ta modu atan piestaric piestara ta dantzaric dantza guizon escu artian liquinduta dabilzan emacume ezcondu bagacuac, ez dauqueen leguez ez lotsaric, ez modestijaric, ez onestidaderic, ezin emon leguijue eguiijazco errazoian nescatilliaren izen ondrauba, ezbada nesquiaren izena. Ez jaco beliari usua esaten, ezbada belia.” (Euscal-Errijetaco olegueeta ta dantzeen neurrizko-gatz-ozpinduba, 441. or.)

Non dago aldea? Bada, argi eta garbi, batzuk herriko plazan egiten dute jaia (ziur aski txistua eta danbolinaren soinuaz) eta besteek etxe burgesetako saloietan, pianoak edo bibolinak lagunduta. Batzuen eta besteen soinekoak eta apaingarriak, gainera, ziur aski ez ziren estilo eta kalitate berdinekoak izango. Baina hortik aurrera, neskatila eredugarriaren irudia (beragaz dauca errespetua, modestija, onestidadia ta lotsoorra izatia) ez ote da bietan oso antzekoa? Areago, ez naiz inoiz izan Austenen irakurle handia, baina badut susmoa bere eleberrietan erraz aurkituko dela neska eta neskatilaren arteko diferentzia argi bat, hots, behar den moduko dontzeila pudorosoa eta piestaric piestara ta dantzaric dantza guizon escu artian liquinduta dabilzan emacume ezcondu bagacuac. Diferentzia hori, ez gaitezen engaina, ez da gure hizkuntzaren berezitasun bat, moral patriarkal baten oinordetza baizik: berdin antzera agertuko da Europako hizkuntza guztietan, modu honetara edo hartara, beti gizarte eta garai zehatzei lotuta. Zalantzarik daukanak begira dezala OEHn zer esan nahi duen, zehazki, likinduta hitzak. Ez du sorpresarik hartuko.

Baina ez da nire asmoa izan patriarkatuaz hitz egitea, oso ezjakina naiz kontu horretan eta gauza batzuk oso ebidenteak badira ere, beldur naiz ez ote dudan hanka sartuko nahi gabe. Zeren hori guztia baztertu barik, beste asmo bat nekarren buruan, alegia, hizkuntzaren ederraz jardutea. Hau da, ze ederki egiten duen euskaraz Frai Bartolomek! Hori da hizkera argia, aberatsa, zorrotza, hitz batez, benetakoa! Honek ez dauka gero izurria bezala hedatuko den purismoaren zantzu txikienik ere ez! Aitzitik, badaki norentzat ari den idazten, hezur eta haragizko euskaldun markinarrentzat, eta gaia ganora handikoa denez gero norberaren gobernu eta arimaren salbamenerako, ezinbestekoa da bere hitzak gardenak izatea eta irakurleek argitasun eta zehaztasun osoz berenganatzea, nahaste-borrasterik gabe. Beleari bele, eta usoari, uso. Argi, garbi, zehatz.

Horri deitzen diot nik euskara ona. Horri, zehatz-mehatz horri.

Jane Austen (Wikipedia)

 

III

Har dezagun beste kasu bat. Denok dakizuen bezala, euskaraz ez dago madarikazio gogorrak botatzerik, gure hizkuntzan horrelakorik ez dagoelako egon. Sexu jardunarekin lotutako gauzez ere berdin-berdin esan izan da, baina orain geldi gaitezen madarikazioekin. Adibidez, egingo nuke apostu hau irakurtzen duten euskaldun hegoaldetar guzti-guztiek, madarikazio bat botatzeko beharra sentitzen dutenean, gaztelaniaz botako dutela (Iparraldea ez dut maila horretan ezagutzen, baina ziur asko antzera izango da frantsesarekin). Bai, baina gu guztiok euskaldun kaletar kaxkalak gara, erraietaraino erdaldunduak; benetako baserritarrek bai botatzen dituztela ederrak, esango dizute. Ez dakit ba, nik madarikazioak sarri baino sarriago entzun izan ditut gaztelaniaz, gaztelania benetan xelebrea eta pobrea egiten zutenen ahotik ere. Aitor dezagun, hemengo jatorrenek ere gaztelania dute ahoan hitz zantarren bat botatzeko beharra sumatu orduko.

Beti izan ote da horrela? Ez, badakigu ezetz. Duela berrehun urte, adibidez, ohitura hori ez zen existitzen, alegia, madarikazioak eta zantarkeriak gaur bezainbeste botatzen zirela susmatzen dugu, baina euskara jatorrean botatzen ziren, besteak beste orduan inork gutxik zekielako gaztelaniaz. Ezta horretarako ere. Adibidez, inoiz edo beste, oso aldi bakanetan ez bada ere, ni oraindik entzunda nago inori esaten potruek!, guztiz gehienok (neu barne) kojones!, esango genukeen lekuan eta unean. Amari galdetu eta bai, bera umea zenean ikaragarrizko bekatua zen haserrealdietan potruek esatea, gizon baldar eta mozkorren kontu hutsa, bere onetik kanpo dagoen batek baino esango ez zuen ikaragarrikeria, umeei oso serioki ohartarazten zitzaien bezala. Eta badirudi guztiz gehienek ondo ikasi zutela.

Beraz, esango nuke hor azpian existitu izan dela mundu bat, ia osorik galdu dena, azken-azkenengo aztarna batzuk izan ezik. Han eta hemen, ondo arakauz gero eta adineko euskaldun batzuen artean inkesta zoliak eta sistematikoak eginez gero, ziur naiz horrelako zantzu askoz ere gehiago agertuko direla. Tamalez esango nuke ez dela horrelakorik apenas egin eta nekez egingo dela. Ez baita batere erraza.

Baina, hala eta guztiz ere, ziur egon gaitezke? Zeren ume-umetatik entzun izan dugu euskara hizkuntza garbia dela. Ea, zuetako zenbatek ez du inoiz kantatu Aitorren hizkuntz zaharra? Bada, hortxe esaten zaigu garbi: usai goxodun hizkuntz / txukun ta argia / biraorikan ez duen / hizketa garbia. Beraz? Beraz, beste hainbat gauzetan bezala, bihotzaren zolaraino hunkiturik kantatzen dugun hori ez dugu zertan hitzez hitz sinistu. Alde batera utziko dugu orain Nafarroako artxiboetan aurkitu diren euskarazko biraoen dozenaka testigantza, guztiz gehienak XVI-XVII. mendeetakoak baitira. Oso urrunak. Zeren badugu testigantza hurbilagorik, adibidez, neuk esango nuke euskarazko biraoen galeraren hasiera XIX. mendean kokatzen dela, Eliza Katolikoak Europa osoan Iraultza Frantsesaren ondoren herri xehea (ber)kristautzeko abiatu zuen gurutzada gogor eta luzean. Gure Frai Bartolome, berbarako, bete-betean mugimendu horren barruan ulertu behar da, ulertu behar den bezala berak predikatzen zuenean kupida gabe salatzen zituen bekatu horiek guztiak, hain juxtu ere, jende arruntak egunero-egunero naturaltasun osoz egiten zituenak zirela, bekatu egitearen kontzientzia oso txikiarekin. Hortik bere suhartasuna. Hortik zehaztasun guztiak eman beharra, inor ez nahasteko. Baina ikus dezagun testu tipiko bat:

Juramentuba ez da beste gauzaric, neure entzula onac, ezpada gueuc eguin dogun edo esan dogun, entzun dogun edo icusi dogun gauza bat Jangoicua testiguzat ecarrita edo Jangoicuaren izen santuba auan artuta, onan edo alan zala edo dala, esatia. Eguija esaten davena sinistu eraiteco, ecarten dau Jangoicua testiguzat. Bada, juramentubaren izate guztia da, Jangoicua testiguzat auan artuta, baietz edo ezetz esatia, obeto sinistu eraiteco. Batzubetan eguiten da juramentu iragotaco gaucen gañian, beste batzubetan bertaticuen gañian, ta beste ascotan etorquizunen gañian. Modu ascotara eguiten da juramentuba; ta premina andico gaucia da cristinaubac jaquitia, ce berba modugaz juramentubac eguiten dirian. Bada, cristinau asco vizi dira, lantzian lantzian juramentu chaarrac eguiteco ecandu inpamiagaz pecatu mortalian.

Lelengo eguiten da juramentu, cerbait sinistu eraiteco curutziari mun eguiten jaconian. Onetaraco edocein bere modutaco curutzia da asco: cein atzamarrequin eguina, cein zotz bi alcarren gañian iminita eguina. Curutzia izan ezquero, edocein da asco juramentu eguiteco. Curutze bagaric berba utseequin bere eguiten da juramentu, ta modu ascotara. Ta izango da, cristinaubac inori cerbait sinistu eraiteco berba oneetati bat edo bat esaten davenian: Jangoicoraco; Jangoicua testiguzat iminten dot; Jangoicuagaiti; Jangoicua dan leez; Jangoicuagan sinistuten dodan leez; evangelijoco eguija leez, Jesucristo il zan leez; Jesucristoren izenian; curutzia dauan leez; neure pederaco; neure arimaraco; neure salbacinoeraco; ceruba dauan leez; luurra dauan leez; viziric alde eguin ez daidala; luurrac paltau daidala; pausuric eguin ez daidala; salbacinoiac paltau daidala... Inori cerbait obeto sinistu eraiteco, onetarico berbac esaten dirian guztian, eguiten da juramentu. Bada, guztietan edo Jangoicua edo Jangoicuaren criatura nausijenac auan artuta esaten da gauzia, obeto sinistu daijuen. Ta au beti da juramentu. !Beguiratu, cristinaubac, ceinbat juramentu eguiten dirian, inoc asco aintzat artu bagaric. Gueroco dotrinan esango da, onaco juramentubac guzurragaz eitia ce pecatu dan.

Jangoicuaren ta criaturen icenian juramentu eguiten dana, esan dan leez, gauza jaquina da, neure entzula onac. Bada, Jesucristo gueure Jaunac esaten doscu, cerubaren izenian juramenturic ez eguiteco, Jangoicuaren jarlecuba dalaco ceruba. Luurraren icenian juramenturic ez eguiteco, Jangoicuaren oñen lecuba dalaco luurra. Elesiaren icenian juramenturic ez eguiteco, erregue nausijaren lecuba dalaco Elesia. Noberaren burubaren icenian juramenturic ez eguiteco, bada, bere buruco ule bati bere coloria mudau ezin leijo noberac; ceuben berbaac izan biar davee: ez edo bai. Beste guztia ez da ona, dino Jesucristoc. Jangoicuarenac dira criatura guztijac ta Jangoicuaren indarra, escubidia, justicija, misericordija ta gracija gueijen eracusten daveen criaturaac izentauta, cerbat esatia da juramentu eitia. Criatura oneec dira, leen esan dan leez, cerubac, luurra, arguija, Elesia, sacramentubac, curutzia, evangelijua, pedia, arimia, salbacinoia, ainguerubac, santubac… Ta ara emen aituta cer dan juramentu eguitia.” (Jangoicoaren legueco lelengo bost aguinduben ogueta bost lecinoe ta sermoe bat, 590-591. or.) [enfasiak neureak]

Tira, testu luzea, baina argigarria: garbi dago orduan munduko gauzarik arruntena zela juramentu egitea eta jende guztiz gehienak ez zuela bekaturik ikusten horretan; bada, dio Frai Bartolomek, oker zaudete, oso-oso txarto dago, eta inork ez dezan esan ez duela esandakoa betetzen ondo ulertu ez duelako, mila eta bat zehaztasun ematen ditu. Eta, gainera, biziki garrantzitsua denez gero entzule diren euskaldun huts horiek esana ondo ulertzea, ez zaitez etorri Frai Bartolomerengana hizkuntzaren garbitasun kontuekin: hari axola zaion bakarra, sakonki axola zaiona, pertsonen jokaeren garbitasuna da (hots, bekaturik ez egitea). Euskara mezua zabaltzeko behikulo huts-hutsa da. Hortik kezka puristarik batere ez izatea, geroago etorriko diren euskaltzale gehienek ez bezala.

Eta badirudi itzelezko arrakasta izan zuela, ez berehala, baina poliki-poliki euskaldunek juramentu egiteko ohitura galtzen hasi ziren, hain errotik galdu ezen gaur egun ia-ia ez dirudien posible horrelakorik euskaraz esatea, naturaltasunez. Bai, zinez katolikoak izan gara eta, fedea galdurik ere, ohitura askotan hala segitzen dugu gure baitan. Eta hori ez da Trentoko Kontzilioko kontua, askoz ere gauza berriagoa da.

Baina, ihardetsiko du beste hark, goiko testu horretan ez dago egiazko birao edo zantarkeriarik, oso gauza arruntak, are naifak, dira; egiazko biraoak beste zerbait dira. Arrazoi. Baina, gaineratzen dut nik, Frai Bartolomek ere badaki hori; horregatik aipatu dugun testuaren atzetik orrialdeak eta orrialdeak dedikatzen dizkio zehaztasun berriak emateari, eta ondoren bakarrik, azkenengo orrialdean, amaieran, argitzen digu horretaz gain badirela artean astunagoak diren bekatua, berak berba dongak deitzen dituenak. Baina irakur dezagun bere testua:

Ta dotrina au acabeetaco esango dot gauza guichi bat berba donguen gañian. Berba dongac esaten jacue bidauei, maldecinoiai ta blaspemijai. Bidaua da demoninuaren, diabrubaren ta barrabasaren icena premina bagaric esatia. Nosbaitaco baten esatia ez da pecatu mortala. Berbaan berbaan demoninua, diabruba… purijaz edo chancheetan bere esatia, guztienzat da oitura chaarra; baña gurasuenzat gueijenian pecatu mortala, (besteenzat ain laster ezpada bere) pamelijari gaisqui eracusten deutseelaco. Maldecinoia da projimuaren gacha esaten daven berbia. Verbigracija, Itoco al dala; beso bijac igartuco al jacozala; purgatan castauco al davela… Intencinoe chaar bagaric onaco berbaac esatia (escandaluric emoten ezpadau) nosbaitaco baten, izango da pecatu veniala. Intencinoe dongaric euqui ez arren, onaco berbaac esateco costumbria pecatu mortala da, sarritacuac escandaluba beragaz daroialaco. Intencinoiagaz onaco maldecinoia eguitia, bein baño ezpada bere, pecatu mortala da. Blaspemija esaten jaco Jangoicuaren edo santuben contraco berba donguiari. Esango baleu inoc: Jangoicuac ez daqui ecer; Jangoicua sinplia da; Jangoicuac ez dau inor condenau biar; edo beste onaco Jangoicuaren ta santuben contraco berbaac, eguingo leuque pecatu mortala. Baita adrede edo chancheetan esango baleu bere. Jangoicuaren ta santuben contra izan ezquero, danic berbaric chicarrena da pecatu mortala ta esaten jaco blaspemijaco pecatuba.

Artu daigun bada, neure cristinaubac, onaco bidao, maldecinoe ta beste berba donga guztien gorroto andi bat. Vizitzaan sarri esaten ditugun gauzaac, erijotzaco orduban bere urtengo doscubee. !Oh, ce erijotza tristia bada, neure entzula onac, diabruba, barrabasa ta demoninua auan ta albuan daucazanarena! Esan daigun: Jesus, Maria ta Jose. Icen santu oneec beti gueure auan, gueure vijotzian ta gueure goguan, bai vizitzan, bai erijotzan ta bai etemidade guztian. Alan izan della. Amen.(Jangoicoaren legueco lelengo bost aguinduben ogueta bost lecinoe ta sermoe bat, 604. or.) [enfasiak neureak]

Eta bai, horrela aurkitzen dugu duela berrehun bat urte euskaldunek sarriago aipatzen omen zutela deabrua, Jaingoikoa eta Ama Birjina baino, baita heriotzeko orduan ere! Bekatari halakoak! Eskerrak Frai Bartolome ez zen bera bakarrik ibili, eskerrak laster sortu zitzaizkion jarraitzale samaldek ohitura txar horiek desterratu zituzten hemendik! Zeren benetan deuseztatu zituzten, erabat arrotz bilakatu ia-ia imajina ezinak bihurtu arte. Berba dongeak ezezik, baita juramentuak ere. Bi-biak.

Edo ez?

Zeren eta, itxura guztien arabera, euskaraz baino ez zituzten desegin. Alegia, lortu zuten bakarra da euskaldunek juramentu eta berba dongerik ez egitea euskaraz. Baina gaztelaniaz? Ederki ikasi zituzten, hain sakon ikasi ezen euskarazko ekibalenteak esateko ohitura guztiz galdu zuten. Eta, ohituraz hareindi, existentziaren kontzientzia bera ere. Ia-ia.

Ondorioz, ordutik aurrera euskara jada ez da izango hizkuntza osoa, normala, gizartea bere osotasunean behikulatzeko gai dena. Euskarak goi kulturarik barrutia galdu egin zuela esaten da, edo inoiz ez duela eskuratu. Egia. Baina hortaz gain esan behar da XIX. mendetik aurrera higadura behetik ere hasi zela eragiten, euskara gizarte-funtzio batzuetatik desterratuz. Adibidez, juramentuak, berba dongeak, irainak, zantarkeriak…

Ordutik aurrera euskaldunek bigarren hizkuntza bat beharko dute, ez bakarrik goi kulturarako (lehen bezala) baizik eta baita ere behe-beheko kulturarako. Hori ere kultura baita, gizarte baten manifestazioa.

IV

Beraz, azken buruan Frai Bartolomeren ekina kaltegarria izan zen euskararentzat? Ez dut nik halakorik esan, ezta esango ere. Aitzitik, bihotzez gomendatuko dizuet haren testuak irakurtzea, euskara onaren eredu argia direlako. Asmo doktrinario argia dutela? Tira, ez gara umeak, badakigu zer irakurtzen ari garen eta, ziur aski, gehienoi ez zaigu askorik axola haren doktrina, eta bai haren hizkeraren aberastasun eta zehaztasun itzela. Honez gero aipu luze batzuk eginak ditugun arren, beste bat ekarriko dizuet hona, esan nahi dudanaren erakusgarri:

Esango neuque, ez dauala menturaz beste pecatu genero bat, Jangoicuaren justicija bai mundu onetan ta bai bestian obeto vengueetan jaconic, seme alabac gurasuen contra eguiten daveen pecatuba baño. Ta !oh, ce pecatu ugarijac dirian oneec! Beti bere izan al da, baña gaurco egunian umiac, cein atzijac eta cein chiquijac gurasuenzat ez lotsaric, ez bildurric, ez errespetoric ez dauqueena, nic esan bagaric, zeubec autor dozuna da. Alaba batac amari sinu eiten deutsa; bestiac sacatu bat emoten deutsa; bestiac arpeguiera on bat secula eracusten ez deutsa; bestiac bidao eiten deutsa; bestiac atsua edo barritsuba isilic egon della, esaten deutsa; bestiac gavac denporaac emonda, echeti lagun chaarretara igues eiten deutsa; bestiac diadar gogor bategaz sardaquija eurac esan oi daveen leez, sartceen deutsa; bestiac nai davena esan, nai davena erantzun ta nai davena eiten deutsa; bestiac gura daven laguneetara ta bera baixen lotsa galducuetara igues eguiten deutsa; bestiac, bere gorputz loija apainduteco, ama erdi biloxic marruxtuta, gosiac illic daucala, echeco artua edo garija, urdaija edo gatza baño ezpada bere saltceen deutsa; bestiac laster iltia desietan deutsa (endamas aberatsa ta zaarra bada bere ama), bestiac esquian davilela, ospitale baten dauala edo gaixoric dauala, casuric eguiten ez deutsa; enpin amaric gueijenen cantia da, esquer chaarreco ta lotsa chaarreco alabac dauqueezana ta areequin iraun ezin daveena.

Alabac gaiti esaten dana, semiac gaiti esaten da. Bada, semiac ez dira bapere obetuago porteetan gurasuequin alabac baño. Onaco seme alabac gaiti esaten dau, bada, Espiritu Santubac, izan ditezala desondraubac; izan ditezala zoriguestocuac; amatau della euren arguija; belac etara daijuezala euren beguiac; il ditezala ta euren odola izan della beti euren contra. ¿Cer esan euquian gueijago au baño gueure Jangoicuac lotsa chaarreco seme alaben contra? Gurasuequin alan porteetan dirian umiac euquico daveela portune ona, baque ona, dicha ona edo zaartza ona, ezin sinistu lei, neure cristinaubac. Erremedijo bagaric jadiichico ditu Jangoicuaren azotiac bai mundu onetan ta bai bestian.

Eguija da, gurasuac izan leitequez dongaac, ordijac, bidaotijac, castalarijac, ocasinoetsubac, desonestubac, lapurrac eta Jangoicuaren bildurric bapere ez dauqueenac, baña echacue umiai toqueetan gurasuac juzqueetia, ezpada Jangoicuari. Gurasuac izan leitequez seme alabac gaisqui atzi ditubeenac, leengo dotrinan esan dan leez, ta seme alaben esquer chaarra, lotsaric eza ta zaartza errucarri desbenturau bat ondo mereciduten ditubeenac, baña gurasuen gaisqui eguinac ez ditu chiquituco edo edertuco seme alaben esquer chaarreco, lotsagalduco ta esan dirian moduco pecatubac. Conturic zucenenian bai jazoco da: alaco gurasuac eta alaco umiac munduban gozo bagaric eta portune chaarragaz nequezca vizita, guero guztiac inpernuban alcarri bidaoca erreetan egotia. Au da, neure cristinaubac, esan ecin leijan beste gurasori ta umeri jazo jaqueena ta aurreracuei bere jazoco jacuena, bai gurasuac eta bai umiac vizi badira lotsa chaarragaz.” (Jangoicoaren legueco lelengo bost aguinduben ogueta bost lecinoe ta sermoe bat, 643-644. or.) [enfasiak neureak]

Ikusgarria, ezta? Zenbat idazle daude gaur egun horrela idazteko gai direnak? Horrelako adierazkortasunez, horrelako argitasunez, horrelako jatortasunez esaldiaren antolamenduan? Eta kezka puristarik gabe, batere ez, zero. Bost axola hitz bat edo esaera bat gaztelaniaz berdin edo berdintsu esaten ote den, euskaldunen belarriari zein efektu egiten dion da kezkatzen duen bakarra. Entzuleengan, irakurleengan, eraginkorra izango ote den, ondo ulertuko ote duten, hori entzun edo irakurriaz hunkituko ote diren… eta kitto.

Bestalde, edukiaz ere zerbait esan beharko da. Adibidez, honela esaten du: esker txarreko eta lotsa txarreko alabak; eta semeak ez dira betere hobeto portatzen. Baina ze jende modu da hau? Hori al da familia euskaldun tradizionala? Lotsagarrikeria hori? Lekutan daude ehun urte geroago idatziko duen Txomin Agirreren aingerukeria guztiak! Lekutan, baita ere, Jane Austenen fineziak eta dotoreziak! Frai Bartolomeren mundua ez da, ez, oso eredugarria. Oso errela ematen du, ordea.

Garbi dago, gure fraideak ez du besterik buruan entzulea (irakurlea) bere doktrinaz kutsatzea baino. Konbentzitzea. Haren gogoa eta espiritua oso-osorik bereganatzea. Eta horretarako ez da oso aproposa familia kristau zintzo eta zoriontsu bat pintatzea, dena ontasun, dena ongura! Ez. Bere garaiko hezur eta haragizko familia euskaldunetan mila eta bat miseria aurkitzen ziren, nork ez zekien hori? Bada, akats horiek guztiak salatuz eta agerian ipiniz zabalduko dio bidea zintzotasun berriari. Gaiztoak zarete, Jaungoikoarengana bihurtu! Hori da bere predikuaren mamia, eta ez du disimulatzen.

Helburu horren mesedetan hizkuntza zinez indartsua, aberatsa, zehatza, guzti-guztiek ulertzeko modukoa erabiliko du. Baliabide erretorikoak maisuki baliatuko ditu, bistan da, baina batere ardurarik ez hitz honen edo haren jatorriaren gainean: erdaratik datozela? Berari bost. Horiek dira berak behar dituen hitz zehatzak, jendeak erabili eta ulertzen dituenak. Eta kitto.

Baina behin eta berriro antzeko gauza errepikatzen ari naiz. Amaitu egin beharko nuke. Azken galdera bat, haatik: zein izaten da gaurko euskal idazleen helburua? Jane Austenena bezalakoa, esango didazue, irakurlea entretenitzea eta zer pentsatua ematea, baina ezertaz konbentzitzeko asmorik gabe.

Agian bai, agian gure irakurleak Austenen jarraitzaileak dira, Frai Bartolomerenak baino gehiago. Eta ziur aski ondo dago hori baina, bidean, non gelditu da irakurleak bihotzondoraino inarrosteko erabili behar den hizkeraren gaineko kezka? Irakurlearen gaineko kezka, eta ez arau gramatikal edo asmo estetikoen gainekoa. Euskara onari buruzko kezka, finean, eta ez euskara zuzenari buruzkoa. Bi gauza baitira.

Indalezio Oihangurenen argazkia (sarean)

 

V

Hizkuntzarekiko kezka estetikoa purismo linguistikoarekin edo hiperzuzentasun gramatikalarekin nahasten dugunean, akabo, ez dugu ganorazko ezer idatziko.

Euskara ona gure idazle klasiko onenek erabiltzen zutena da, kitto. Irakur ditzagun haien idazlanak, horrela ikasiko dugu. Hori da bidea.

Ez dela erraza?

Inork ez zidan esan euskaraz idaztea zein nekeza dan.

Ba hori.

Oharra: Frai Bartolomeren liburua sarean irakurtzeko edo PDFan deskargatzeko,  hemen

Iruzkinak (7)

  • Oso interesgarria, Pruden. Bereziki gustatu zait hasierako konparazioa, Frai Bartolome eta Jane Austen-en artekoa, euskal gaiak modu endogamikoak aztertu ordez testuinguru zabalagoan kokatzen laguntzen baitu. Izatez, konparazioak, Frai Bartolomeren mundua argitu ez ezik Jane Austen-en mundua ere ulertzeko balio dezake.

    Bestalde, kurisoa da Frai Bartolomek aipatzen duen neska/neskatila hitzen bikoiztasuna, garaikide zuen Juan Antonio Mogelek ere badakarrela Peru Abarka nobelako pasarte batean:

    “[…]
    MAISU JUAN: – Neska (dice el Cirujano á una criada de la ventera) atera egin azunbre bat ardao, ta esaijon ugazaba andriari ipiñi daigula zerbait bazkaitako.
    LA MOZA: – Ez nas ni neskia, neskatilla utsa baño. Ikasi egizu beste berbeeta bat.
    MAISU JUAN: – Au zer da? Guztiak nire kontra? Ozta egin ditut bakiak gizon onegaz, ta esesten deust neska batek. Zer don bada neskatillia neskia baño onradago?
    LA MOZA: – Zer dan? Neskatilliak urten lei nora nai bere ule trenza ederragaz; baña ez neskiak. Aituko dozu onenbestegaz.
    MAISU JUAN: – Ez nekijan orrenbeste, ta parkatu egidazu opendidu bazaitut, ta atera egizu ardaua. […]”

    Ez dut ezagutzen Frai Bartolome eta Mogelen arteko harremana, baina suposatzen dut izan bazutela, biak garai bertsukoak baitziren eta biak Markina inguruan ibiliak. Tratatzen dituzten gaiak, berriz, oso gertukoak dira. Neska/neskatila kontuaz gain, Mogel madarikazioen gaiaz ere aritu zen, Frai Bartolomeren ildo berean, zehazki “Kristau Erakasle Euskalduna” liburuan. Bertan, garaiko euskaldunen birao gehiago bildu (eta kondenatu) zituen. Hona pasarte bat:

    “[…] Galdera: Zer da maldizio edo madarikazioa?
    Erantzuna: Da egoztea lagunari itzez, gaitz, edo kaltegarria dan gauzaren bat; nola diran esatea, “arren illko al aiz”, “deabruak eramango al aute”; ta pekatua da andiago, zenbat eta andiagoa dan egozten zaion gaitza; ala, esatea “deabruak eramango al aute” gaiztoago da esatea baño “illko al aiz”, gaizto ta kaltegarriagoa dalako deabruak eramatea iltzea baño.
    Galdera: Zenbat gisa edo modukoak dira madarikazio, edo maldizio itzak?
    Erantzuna: Iru gisakoak. Batzuetan madarikatzen da projimo edo laguna bere personan. Onelakoak dira esatea, “itoko al aiz”, “ler edo estanda egingo al dek”, “Oñaztarriren batek eramango al au”; “egun on bat ekusiko ez al dek”, “lupu gaiztok joko al au”; “Jangoikoaren arpegirik ekusiko ez al dek”, “sabeleko gaiztok eramango al au”. […]”

    Eta irain gehiago ere badakartza (irakurri nahi dituenak Klasikoen gordailuan aurki dezake testu osoa: https://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/M/MogelJAErakasle010.htm ).

    Eta, barka Pruden: zu Frai Bartolomez hizketan hasi eta nik beste autore batekin “zapaldu” dizut. Ez da izan konpetentzia egitearren. Zure testua irakurtzean Mogelen beste horietaz gogoratu naiz eta hona ekartzea otu zait.

  • txoroen-untzia
    txoroen-untzia says:

    Mila esker ekarpenagatik, Jurgi.

    Eta bai, nik ere pentsatzen dut Frai Bartolome eta Mogel elkarren ezagunak izango zirela eta, itxura guztien arabera, uhin berean mugituko zirela zentzu askotan. Hori bai, esango nuke Mogelek tratu handiagoa zeukala jende aberatsarekin eta Frai Bartolomek, aldiz, herritar xeheekin (ez halabeharrez pobreenekin, baina aberatsekin ez behintzat). Ez nuke jakingo kontua zehazki esplikatzen, baina erraz imajina dezaket Mogel Jane Austenek pintatzen dituen saloietan tea hartzen eta honekin eta harekin berbetan, baina Frai Bartolome… ez, hori ez lukete gonbidatuko, edo sukaldean egongo litzateke, zerbitzariekin bazkaltzen, ez jaun-andreekin. Nor bere klasekoekin.

    Mogelen iloba Bizenta bera, ez ote da zentzu batean baino gehiagotan Jane Austenen moduko bat? Lastima eleberririk idatzi ez izana…

  • Pako Sudupe says:

    “Agian bai, agian gure irakurleak Austenen jarraitzaileak dira, Frai Bartolomerenak baino gehiago. Eta ziur aski ondo dago hori baina, bidean, non gelditu da irakurleak bihotzondoraino inarrosteko erabili behar den hizkeraren gaineko kezka? Irakurlearen gaineko kezka, eta ez arau gramatikal edo asmo estetikoen gainekoa. Euskara onari buruzko kezka, finean, eta ez euskara zuzenari buruzkoa. Bi gauza baitira.”
    Zein irakurle? Gaztelaniaz irakurtzen ohitua dagoena? Horrek euskaraz ez Austen eta ez Frai Bartolome. Klasiko batzuk euskaraturik irakurri dituena? Horri bihotzondoa beste modu batean inarrostea dago, ezta?
    Garbikeriaren arazoa hor dago. Xabier Amuriza, Kepa Altonaga…
    Baina klasikoen altxorra euskaratua ere bai.
    Gaztelaniaz gehienbat eta euskaraz oso gutxi irakurtzen duena da benetako irakurlea?, galdera asko.
    Nolanahi ere, euskaldun alfabetatuei nik gehiago gomendatzen dizkiet gaur egungo idazleak eta klasiko unibertsalak euskaraz, klasiko zaharrak baino, nahiz eta kontraesanetan sartzen naizen, neu dezente irakurria eta gozatua bainaiz testu zaharrekin.

    • txoroen-untzia
      txoroen-untzia says:

      Eskerrik asko ekarpenagatik, Pako.

      Euskara ona, egokia, zuzena, gramatikala, “garbia”… eztabaida luzea dugu hor, natural-naturala zaiona edozein hizkuntza eta literaturari. Gureari ere bai.

      Baina gure historia ez da beste askorena (frantsesa, gaztelania, ingelesa…) bezalakoa zentzu askotan, horregatik eztabaida berdintsuak oso gako desberdinak izaten dituzte. Purismo lexikoaren kezka, adibidez, hizkuntza guztietan dago (ingelesa salbu?) baina oso forma desberdinak hartzen ditu eta gurean ere ez da beti berdina; luze, benetan luze, jardun gaitezke horretaz.

      Artikulu honetan, haatik, puntu bat azpimarratu nahi izan dut: ikus dezagun hizkuntzaren basoa bere osotasunean, ez pinu hau, edo aritz hori, edo pago hura; eta Frai Bartolomeri irakurrita konturatzen gara bere idazkiei edertasuna ematen diena dela basoa, hots, testua bere osotasunean, eta ez hitz hau, edo hori edo hura erabiltzea. Ikas dezagun basoa ikusten, dena batera, eta ez zuhaitzak banan-banan.

  • Biraoak. Nafarroan bilduak (Saio eta Testigantza) (Euskera) Tapa blanda – 19 septiembre 2007
    Patxi Salaberri eta Juanjo Zubiriren lana: “Askok uste dute euskaraz ez dagoela biraorik, edo gutxienez ez dagoela birao gogorrik, baina garbi dago, liburu honetan ikusten den bezala, hori ez dela horrela, gure hizkuntzan ere asko eta ugariak direla iraintzeko, gaitzesteko, izorratzeko, mehatxatzeko, haserrea eta harridura adierazteko ibiltzen diren hitzak eta esaldiak. Lan honetan aipatzen diren madarikazio gehien-gehienak Nafarroakoak dira, ia guztiak belarriz jasoak edo hiztegi dialektaletatik hartuak, salbu liburuaren azken atalean agertzen direnak, hauek han-hemenkako literatura obretan bilduak baitira. ”
    518Ua8vIetL._SX356_BO1,204,203,200_.jpg

    • txoroen-untzia
      txoroen-untzia says:

      Eskerrik asko ekarpenagatik, Mikel.

      Inpresioa dut nire buruan liburu hori nahastu zela Nafarroako XVI-XVII. mendeko euskarazko esaldien bilduma batekin. Hau da, ezaguna da Nafarroako artxiboetan agertzen diren euskarazko testigantzetatik asko direla urliak edo sandiak berendia iraintzeko asmoz jalgitako esaerak, hitzez hitz jasotzen direnak epaiketari begira; zuk aipatzen duzun liburua, ordea, ez da ildo horretakoa, baizik eta, itxura guztien arabera (orain ez dut liburua eskura) nik neuk aipatzen nuen ahozko bilduma bat. Pozten naiz hala izateaz.

      Gehiegi ote da eskatzea liburu hori txoko honetan apurtxo bat gehiago (zabalago) komentatzea?

      Mila esker berriro.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude