Pruden Gartzia
2020ko martxoa
Arrieta, Jesus Mª, Harkaitz, elurra ari zueneko haurra, Bilbo: Gero-Mensajero, 1979, 140 or.
I
Euskal Herriko kulturaz arduratzen den edozeinek galdetuko zion bere buruari, inoiz, zein ote den euskal intelektualik itzaltsuena, eragintsuena gure garaian, hots, Euskal Herriak gaur egun duen aurpegia hartzen duen unetik, adibidez, II. Gerra Karlistaren amaieratik edo, gaurkotasun handiagoa hobesten bada, Gerra Zibiletik honuntza. Erantzun sinesgarri bat da esatea Jose Migel Barandiaran (1889-1991). Ez da erantzun posible bakarra, noski, baina bai sinesgarritasun handiko bat. Baina ze arrazoi dugu horrelakorik esateko?
II
Hamasei bat urte izango nituen, hamazazpi apika, liburu hau irakurri nuenean. Orduantxe hasita nengoen euskarazko liburuak irakurtzen eta hau erosi nuen lehenengotakoa izan zela gogoan dut. Nahasketa bitxia zen: garai horretan gehien irakurtzen nuena Hego Amerikako boom-eko idazleen liburuak ziren, adibidez, García Márquez-en Cien años de soledad edo Cortázarren Rayuela, edo antzeko beste hamaika, eta euskaraz, berriz, Euskara erraz-eko bildumakoak (irakurri nituen lehenak) edo Txomin Agirreren Garoa eta Kresala, azken horiek jada nire burua gai xamar ikusten nuelarik; gogoan dut, gainera, horietan ulertzen ez nituen hainbat hitz azpimarratu eta gero amari galdetzen nizkiola, hiztegian begiratzea beti oso astuna izaten delako. Nahasketa bitxia zen, bai.
Baina euskal gaiez lehenago ere hamaika liburu irakurriak nituen gaztelaniaz, adibidez, Pío Barojarenak edo Unamunorenak, Navarro Villosladaren Amaya eta, nola ez, Joxe Migel Barandiaranen Mitología vasca. Barandiaran bera figura mitikoa zen orduko euskaldunontzat, apaiz zahar bat, sotana beltza eta txapelarekin, baina izugarri jakintsua eta, nonbait, euskalduntasunaren zoko-moko guztiak sakonki ikertu zituena. Bai, dudarik gabe hura zen orduan euskaldun esentziala ni bezalako gazte batentzat, non eta postua ez zioten kentzen Urtainek edo Txomin Perurenak. Julio Caro Barojaren liburu bat baino gehiago irakurri nituen orduan, noski, baina liluratu, egiazki liluratu, Barandiaranen Mitologia vascak eta, apika, Euskaldunak bildumako liburukote gorri handi haiek, beren argazki ederrekin, aitak eskuzabalki erosiak, hark inoiz ez baitzuen pentsatu liburuak erostea dirua botatzea zenik. Barandiaran eta euskaldunak orduan gauza bat eta bera ziren nire buruan. Gerora behin baino gehiagotan hausnartu izan dut nondik ote zetorren liluramendu hori.
Erantzuna, neurri batean behintzat, gaur iruzkindu nahi dudan liburuan dago, Harkaitz, elurra ari zueneko haurra. Teorian, haur edo gazte lituratura da, ez oso aproposa aldi berean García Márquez-ekin edo Neruda-rekin zoratzen ari den batentzako, beraz, nola erosi ote nuen halakorik? Ziur aski, azaleko marrazkiagatik. Eta, baita ere, liburua zabaltzea nahikoa izan zelako konturatzeko gizaki primitiboen tribu baten menturak eta gorabeherak kontatzen zituela. Beraz, gaia guztiz erakargarria zen niretzat. Eta bai, asmatu nuen, ziztu bizian irakurri eta izugarri gustatu zitzaidan, protagonista haur bat izan arren eta, kontakizuna, bete-betean haur eta gazte literaturaren esparrukoa, aldakirik naif-enean gainera (eta literatura mota horretako liburuak, orduan, oso naif izaten ziren oro har, gaurkoen aldean behintzat).
Baina, zergatik gustatu zitzaidan horrenbeste? Esan dezadan argiago. Lehenengo eta behin, euskaraz zegoen eta hori ikaragarri inportantea zen niretzat; bigarrenik, euskara hori ulertu egiten nuen! Hots, kontakizuna eta idaztankera errazak ziren eta hiztegia eta trama oso urruti zeuden Txomin Agirreren nobeletatik, haiek gutxi gora ulertzen nituen arren esango nuke orduan ñabardura mordo bat ez nuela ondo harrapatzen eta, gainera, irakurtzean asko nekatzeaz gain, trama ere ez zen bereziki interesgarria ni bazalako batentzat. Alegia, Txomin Agirreren kasuan euskaraz egoteaz gain ez zegoen beste interesik liburu haietan. Honetan, ordea, istorioa oso inuxentea den arren, girotzeak badu erakarmenik, gogora, bestela, garai beretsuko den Jean Auel-en The Clan of the Cave Bear (1980) bildumak izan zuen arrakasta itzela: Harri Aroko tribuen istoriak bazuten tiramena, argi dago, ni orduan jabetzen ez banintzen ere.
Hala ere, esango nuke hirugarren faktore erabakigarri bat zegoela eta horri, hain zuzen ere, nik deituko nioke barandiaranismoa.
III
Erraza da liburuan argumentua laburbiltzea: Harkaitz mutiko bat da, Harri Aro zehaztugabe baina elurrez betetako batean bere tribuarekin bizi da, kobazulo batean. Eta, hona gakoa, tribua euskalduna da, azken glaziazioa amaitu aurreko Euskal Herrian bizi dena. Hortik aurrera Harkaitzen menturak, zortzi kapitulutan banatuak, euskal mitologia eta folklorearen erakusgarri bat dira funtsean. Azaleko marrazki ederrean, adibidez, horixe kontatzen zaigu hain zuzen ere, nola antzinako euskaldunek agur egiten zioten eguzkiari ezkutatzen zenean, ondoko hitzak solemneki ahoskatuz: Eguzki amandrea badoa amagana; bihar etorriko da eguraldi ona bada. Eta, hortik aurrera, bilduma osoa: labarretako pinturak, san joan suak, basajauna, sorginak, lamiak, jentilak, Mari, Kixmi… guztiak. Suposatzen dut honez gero guztiok ezagutu duzuela zein den horien iturria, baina badaezpada egilearen hitzak kopiatuko ditut hemen, liburuaren amaieran, Eranskinean, datozen bezala:
“Harkaitzen historio honetan, Harkaitz bera eta honen etxekoak ezik, beste pertsonaiak oro euskal mitologiatik jasoak eta bilduak dituzu, ohartu zaratekeenez. Esaerak eta ohitura gehienak ere euskaldunek orain euskaldunek oraintsu arte—eta oraindik orain ere—izan dituzten eta ohitura eta esaerak dituzu.
Nola pertsonaiak hala esaerak, oraino agertu direnak bederen, Jose Migel Barandiaranen lanetan aurki ditzakezu: Euskal mitologiaren ikaspiderako = Contribución al estudio de la mitología vasca, Mitología Vasca, Mari o el genio de las montañas, Religion des anciens basques, Diccionario ilustrado de Mitología Vasca. (Obras compleas de José Miguel de Barandiarán, tomo I).
Orobat baliatu naiz, ene aitona Kristobal Arrietak eta ene guraso Marzelino Arrietak eta M.ª Luisa Sagastik kontatu eta erakutsi izan dizkidaten ipuin, ohitura eta esaerez. Azkenik, hemen aipatu dut, inon edo han, neuk ere amandre Prantxika Gorrotxategiri egiten ikusi nion zenbait rito.” (137. or.)
Eta agian pentsatuko duzu: a ze astunkeria negargarria izango den nobela hori! Estampas vascas-en bertsio berri bat, garaiko modari egokitua! Folklorismo hutsa! Nire uste apalean guztiz oker egongo zinateke horrelakorik pentsatzean. Liburu bikaina da, bere garaian behin baino gehiagotan irakurri nuena, atsegin handiz, eta azken egunotan etxeko apaletatik erreskataturik, nostalgia nabarmenez baina interes handiz ere, berriz ere irakurri dudana. Ondo idatzitako liburu bat gure begien aurrean mundu oso bat sortzeko gai dena, nola esango dizuet, apur bat Jean Auelen serie ezagunean bezala, nahiz eta hartan Ayla gaztearen menturak osatu liburuaren tramaren muina eta honetan, ordea, Harkaitzenak funtsean aitzakia bat besterik ez izan garrantzitsuagoa den beste zerbait azaltzeko, hots, euskal mitologia. Bietan protagonistak badute antzik (nahiz eta Harkaitz beti ume gelditzen den eta Ayla berehala koxkortu) eta bietan ingurumena oso antzekoa da (Harri Aroko tribu bat) baina bertsio euskaldunean trama bigarren mailakoa da dekoratuaren eretzean eta amerikanoan, ordea, Aylak benetako pertsonalitatea du eta istorio pertsonal bat garatzen du beste hainbat protagonista kideekin; Harkaitz, ordea, ia-ia beti bakarrik dabil edo izaki mitologikoen konpainian.
Badago beste desberdintasun nabarmen bat bien artean, haatik. Auelek, Arrietak bezala, hainbat liburu zientifikotan bilatu zuen inspirazioa (Wikipedian bere dokumentazio-lana orokorrean aipatzeaz gain Marija Gimbutas edo Jean Clottes bezalako antropologo edo arkeologoak nabarmentzen dituzte) baina garbi dago ezin esango duela ahozko iturrietan inspiratu denik, eta gure Arrietak horixe esaten digu espresuki: liburu honetan jasota dauden hainbat pertsonaia mitologiko edo errito, berberak etxean ikusiak edo entzunak dira, aitona-amonengandik eta gurasoengandik jasoak. Hots, euskal mitologia bizirik egon da oraintsu-oraintsu arte. Hain zuzen ere gure Jose Migel Barandiaran izan da kontakizun folkloriko eta mitologiko horiek guztiak jaso eta sailakatu ezezik, sistematizatu zituena (euskal mitologia etiketapean bilduz) eta harreman zuzenean jarri zituena Prehistoriarekin, hots, Harri Aroarekin. Hori da, funtsean, barandiaranismoaz hitz egitea ahalbidetzen diguna.
Auelen liburuetan egon daitekeen mezu transzendentea, ordea, askoz ere txikiago eta mugatuagoa da, hutsala edo debaldekoa ez bada ere, Gimbutasen aipamenak frogatzen duen bezala. Hori bai, berak 45 milioi ale saldu zituen mundu osoan eta ziur nago nire adineko euskaldun gehienek ezagutzen dutela bere lana (1986an egin zen filmetik ez bada ere). Arrietaren liburua, ordea, nork ezagutzen du gaur egun?
IV
Baina ez zen nire asmoa autua literaturara ekartzea, edo gaur egun masa-kulturak ekarri digun best seller sistemaren ondorio bitxiak aztertzeari ekitea, beste hau baizik: zergatik Txomin Agirreren eleberriek ez zuten sekula niregan benetako erakarmen pertsonalik sortu eta Arrietaren honek, ordea, entusiasmatu ninduen. Erantzuna, esana dut gorago, barandiaranismoa da.
Izan ere, Joxe Migel Barandiaranek euskal kulturaren interpretazio berri bat eman zigun Gerra Zibiliaren aurretik, frankismo betean izugarrizko arrakasta izan zuena eta, bereziki, Jorge Oteitzaren berrinterpretazioaren ondoren, hegemonikoa bihurtu zena abertzale guztien artean 1960etatik aurrera. Irakurketa horren arabera Prehistoria, Cro-Magnonen garaiak nolabait esan, da gure kultura ulertzeko eta garatzeko zinezko gakoa. Orduan sortzen da euskalduntasun esentzial bat, nola edo hala iraun duena gaur egun arte, euskarak ezezik Euskal Mitologiak frogatzen duen bezala. Interpretazio hau, paradoxikoki, eragile guztiz indartsua suertatu zen euskal kulturaren modernizazioan: Oteitza eta Txillida (eta beren ikasle eta epigono ugariak) artegintzan; Gandiaga, Hartzabal, Lekuona edo Lete poesian; Laboa kantagintzan; eta abar luze bat musika eta dantzan. Guztiek elementu amankomun bat dute: Barandiarenek egindako lotura primordiala, hots, kobazuloetako euskaldunen eta gaur egungo artzain eta baserritarren ezpainetan bizirik dauden kontakizun mitologikoen artekoa, lotura primordial hori, diot, ontzat ematea, eta gure kulturaren ardatz nagusi bihurtzea. Areago, gure kulturaren modernizazioa, abangoardia artistikoa nahi bada, lotura primordial horren garapenaren bitartez sortu nahi izatea.
Zeren Txomin Agirreren mundu errural eta kristau-integristak ez bezala, Barandiaranen mundu horrek (Oteitzaren bidez berrasmatua) egundoko gaitasuna zuen modernitate abangoardista bezala ulertua izateko.
Areago, euskarak paper zentrala izan arren, abertzaletasun klasikoan (Sabinorenean) gertatzen zen bezala aukera ematen zuen maila sinboliko batera igo eta, praktikan, erdaraz funtzionatzeko. Eta horrek erabat errazten zuen bere hedapena 1960etako euskal gizarte industrial eta sakonki erdaldunduan. Gogora nik ere, adibidez, Barandiaranen berri gaztelaniazko liburuen bidez izan nuela. Horrek esplikatzen du, baita ere, Barandiarenen Mitología vasca liburuak, adibidez, egundoko arrakasta izatea eta haren plasmazio praktikoa den Harkaitz hau ahaztuta geratzea berehala. Edo, baita ere, Jean Auelen liburuek egundoko arrakasta izatea mundu osoan (Euskal Herria barne) eta Jesus Mª Arrietarekin inor ez gogoratzea.
Esan dezagun argi: barandiaranismoa, gure artean, batez ere gaztelaniaz hedatu da; hortik, ziur aski, bere arrakasta itzela; hortik hegemonikoa bihurtzea. Jakina, euskara elementu guztiz garrantzitsua da baina, finean, bigarren mailakoa, abertzaletasun klasikoan betidanik gertatu izan den bezala.
V
Iruzkin hau hain pertsonala atera zaidanez gero, ezin dut amaitu ohar pertsonal bat gehiago gaineratu gabe. Horra.
Harkaitz-en irakurketa amaitu eta, garaitsu horretan, nire hurrengo euskal liburua Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua izan zen. Eta horrek, dudarik gabe, azkoz ere eragin handiagoa izan zuen niregan, erabat inarrosi ninduen. Haztamuka, beharbada, horixe zen hasieratik bilatzen nuena: euskal kultura modernoa, hots, nire inguruko mundua, eguneroko mundua, ez artzain eta baserritar zaharren ipuin eta oroitzapenak, euskaraz kontatua. Garai berean erosi nuen Ruper Ordorikaren lehen diskoa, Hautsi da anphora, badakizue, Bernardo Atxagaren Etiopiako poemekin osatua, eta ehunka aldiz entzuten nuen, izugarri kostatzen bazitzaidan ere ezer ulertzea.
Enfin, horixe izan zen, parte handi batean, nire jaiotza euskal kulturaren unibertsora. Egia da Barandiaranekiko miresmena inoiz ez zitzaidala gutxitu, baina haren mundua nahiko atzean gelditu zitzaidan berehala; Txillardegirenak edo Atxagarenak, ordea, indar gehiago izan dute nire baitan. Bienak, aldi berean ezagutu bainituen eta ez bainuen inolako kontraesanik ikusten bien artean. Bon, kontraesanik Barandiaranekin ere ez, baina bigarren maila batean geratu zitzaidan.
Eta hori da nik esan dezakedana barandiaranismoaz, hots, euskaldunen artean gaur egun ere oraindik hegemonikoan den imajinario kolektiboaz. Oraindik ere txoko maitagarri bat betetzen duela nire bihotzaren zolan eta, bereziki, Harkaitz, elurra ari zueneko haurra berrirakurtzean, arestian irakurri duzuen hausnarketak eragin dizkidala.
Oier says:
Ze kontu politak Pruden. Zure sarreraren asmoa ez bazen ere, nik Jesus Mari Arrietari omenaldi moduan irakurri dut iruzkina. Oroimen-oparia izan da gainera, Harkaitz, Beireko eta Goñiko Euskal Udalekuetako gaubeletan, Arrieta beraren ahotsean, zein grabatutako dramatizazioetan ezagutu genuenontzat. Horrekin batera jaso genituen Navarro Villosladaren Amayarenak ―Goñiko Teodosioren kontuan Goñin bertan entzuteak zer nola irudimen-dimentsioa ireki zigun…― edo Landetaratuenak, mitoak eta historia mitologizatua nahasten zituen narrazio epikoan.
txoroen-untzia says:
Mila esker, Oier.
Bestalde, Jesus Mari Arrietari buruz ez dakit ezer ez, liburu hori (eta besteren bat) argitaratu izanaz gain. Ondo legoke, apika, norbaitek hari buruzko argitasunen bat ematea, hementxe bertan.
Oier says:
Jesus Mari Arrietaz aritzeko izango dira nik baino egokiagoak, baina niri ezagutzea tokatu zaidan partea kontatuko dut. Apaiza da Arrieta, eta 1970ko hamarkadan Eibarren aritu zen. Garai hartan, sei-zazpi elizatan izango ziren mezak Eibarren igande goizetan, baina euskara hutsez bat ere ez, eta beraz, Amaña auzoko eskoletan bere kabuz ematen zituen Jesus Mari Arrietak. Ekintza xume horretan antzematen ditut Jesus Mari Arrietaren bi ezaugarri: euskaltzalea eta ekintzailea. Ez-ohiko mezak izaten ziren. Ikasgelak ez dauka elizaren solemnitatea, baina espazioa baino gehiago zen. Giro atsegina sortzen zuen, serioa zen, jantzia, karakterekoa, baina aldi berean adeitsua, informala, elizako janzkera eta parafernalia minimoarekin, eta umeokin gertukoa. Doktrinak euskaraz ematen zituen bakarra ere zen, eta astero Amañara joaten nintzen etxe ondoan nuen parrokia nagusira ordez. Ordurako Euskal Udalekuetan buru-belarri ziharduen Arrietak. Beiren, klaretianoen ikastetxean antolatzen ziren Euskal Udalekuen arduradunetakoa izan zen, eta urtean zehar jorratu zituen lanak, umeei gaubeletan kontatzen zizkien. Nik ez dakit zein izan zen arrautza eta zein oiloa, ez dakit liburuak idatzi zituen eta gero egokitu udalekutarako, edo udalekuetan kontatzen zituen bildu ote zituen liburuotan. Baina argitaratu zituen lan hauek udalekuetan (Beiren 1970eko hamarkadan eta Goñin 1980koan) kontatzen zituenak dira: Amaia (1975), Landetaratuak (1985) eta Harkaitz, elurretako haurra (1986). Bere ekarpenak ez ziren baina ipuin-kontalaritzara mugatzen: antolaketa, logistika, ekonomia, zuzendaritza eta baita “mediku-erizain” lanetan ere aritzen zen udalekuetan, euskaltzale eta abertzale militante lantalde handiaren baitan, jakina. Eibartik Mutrikura bidali zuten, Donostian seminarioko zuzendari izan da luzaroan, eta ondoren Tolosan izan da apaiz hainbat urtez. Esan bezala, izango da nik baino argibide gehiago eskain dezakeenik.
txoroen-untzia says:
Mila esker zure ekarpenagatik, Oier.
Pruden
Mikel says:
Jesus Maria Arrieta Sagasti
1947, Donostia.
1958an apaizetarako ikasketak hasi zituen Donostiako Apaizgaitegian. 1965-1969 bitartean Euskal Herriko Historiaz ikastaroak eman zituen Gipuzkoako zenbait herritan.
1970ean apaiztua izan zen Azpeitian eta Eibarko Salbatore parrokiara bidalia.
1970 eta 1981 bitartean, parrokiako lanaz gainera, zenbait idazlan eta itzulpen-lan egin zituen, bertako ikastolaren zabalkuntza esku hartu zuen, baita euskararen irakaskuntzan ere ikastetxeetan eta gau-eskoletan. Euskal Udalekuen sorkuntzan ere esku hartu zuen.
1981 eta 1990 bitartean Mutrikuko parrokiara bidalia. Zenbait idazlan egin zituen eta Elizen arteko Bibliaren itzulpen-lanean esku hartu zuen.
1990az geroz Donostiako Apaizgaitegi Nagusiko Errektore da.
https://www.idazleak.eus/euskara/idazleak/jesus-maria-arrieta-sagasti?h=A&p=5.
txoroen-untzia says:
Mila esker zure ekarpenagatik, Mikel.
Pruden