ERNAZIMENTUA ITALIAN ETA EUSKAL HERRIAN

Pruden Gartzia

2020ko otsaila

Guicciardini, Francesco, Florentziako gobernuaz solasean [itzulpena, Juan Martin Elexpuru], Euskal Herriko Unibertsitatea, 2019, 343 or.

I

Ez dakit zer daukan Italiak, ez dakit zer duen Florentziak, ez dakit, halaber, zergatik tiratzen nauen horrenbeste Ernazimentuak, baina liburu hau argitaratu ahala eskuratu eta berehala jarri nuen lehenbailehen irakurri beharrekoan zerrendan, beste dozena erdiri txandapasa eginez. Eta badira hamabost bat egun amaitu nuela, baina gaur ekin diot iruzkin bat idazteari.

Ernazimentua da iruzkin honen gai zentrala, hemengoa eta Italiakoa. Izan ere, zergatik ez diogu gure Historiari begiratzen Ernazimentuko Florentziaren kristaletik zehar?

II

Gaztetan, are mutikoa nintzenean ere, interes handia sentitzen nuen Historiako hainbat pasarte eta pertsonaiarekiko. Adibidez, Lope Agirreko (1510-1561) Amerikako konkistatzailea benetako erreferente bat zen niretzat, eta baita ere nire inguruko mutiko askorentzat: Espainiako erregearen kontra matxinatuta, kristonak eta bi bota zizkion gutun batean, zeina ez zen arraroa aipatua izatea gure artean (ez dakit zein zen orduko iturria). Eta armak eskuetan zituela hil zen, matxino talde baten buru, egundoko balentriak egin ondoren, eta abar. Hots, mutiko baten gogoa pizteko moduko istorioa. Irakur ezazue, adibidez, gutun hartan Espainiako errege Filipe II. gure eskolan guztiz aintzatu, goraldu eta intsentsatuari botatzen zizkion batzuk:

Por cierto lo tengo que van pocos reyes al infierno, porque sois pocos; que si muchos fuésedes, ninguno podría ir al cielo, porque creo allá seríades peores que Lucifer, según teneis sed y hambre y ambición de hartaros de sangre humana.

[…]

Hijo de fieles vasallos en tierra vascongada, y rebelde hasta la muerte por tu ingratitud

(Lope Agirrekoaren gutuna Filipe II. Espainiako erregeari)

Hitz batez, heroia. Erantsi beharrik ba ote daukat euskaldunen heroia? Bai, garai hartan natural-naturala zelako tiranoen kontrako jarrera; eta tirano hori espainola bazen, naturalago, baina ez nuke esango espainolen kontrako inolako gorrotorik sentitzen genuenik, aitzitik, poz-pozik irakurtzen genuen, adibidez, Ramón J. Sender-en La aventura equinoccial de Lope de Aguirre (1964), eta trumilka joan ginen zinera ikustera Werner Herzog-en Aguirre, la cólera de Dios (1972), gero ostrak bezala aspertuko baginen ere (egundoko tostoia begitandu zitzaigun). Bernardo Atxagak ere aipatzen du Agirre garai hortako poema batean, Ruper Ordorikak musikatu zuena. Hori zen gure bizitza 70etan Euskal Herriko herri txiki xamar batean. Gaineratu beharko nuke, apika, sasoi berean irakurri genuela Sender-en Réquiem por un campesino español (1960), institutuan, irakasle katalan batek aginduta; gogoan dut talde-lan bat egin genuela liburu horren gainean eta orduan ikasi nuela Espainiako Gerra Zibilaren gaineko ABC-a, hurrengo hamarkadatan Historia unibertsitatean ikasi eta doktoregoraino iritsi arren gaur arte nire baitan funtsean aldatu ez dena.

Ziur aski Hegoaldeko herri askotan oso antzekoa zen egoera, estriktoki berdina ez izan arren. Adibidez, nabarmena da Joseba Sarrionandiak Agirre baino Durangoko heretikoen istorioa izan zuela solasgai eta gogoeta-iturri hamarkada berean. Guretzat ere kontu aipatua zen, ondasunen eta emakumeen gozamen kolektiboa bezalako formulak errepikatzen genituen, zertaz ari ginen batere ulertu gabe, baina hitzei zerion magia dastatuz modu erabat irreal batean. Mario Onaindiak berak ere, iraultzaile gogorra zena orduan, eleberri bat dedikatu zion Durangoko aferari, eta ez zen horretaz aritu zen bakarra izan, alafede.

Istorio mitikoen zerrenda gehiago luza daiteke, noski. Adibidez, sorginen ehizaldi eta erreketen kontuak oso popularrak eta aipatuak izan ziren orduan herri askotan, ziur aski, eta karlisten istorioak zer esanik ez; edo ganboatar eta oñaztarren borrokak, baita ere bazka handia ematen zutenak. Zeren herriko neska-mutilok, edozein herritakoak, gure istorioak aipatzen eta marduskatzen genituen, modu guztiz natural batean. Nork bere herrikoak. Ez ziren aipatzen genituen kontu bakarrak, jakina, ziur aski ere ez ziren ez aipatuenak, ez garrantzitsuenak (mutikoek, adibidez, askoz ere gehiago hitz egiten genuen futbolaz edo mendizaletasunaz), baina hortxe zeuden arnasten genuen airean, eta horretaz ere jarduten ginen. Gaur egun ere suposatzen dut antzera izango dela, istorioak aldatu badira ere eta nik, noski, jada ez badakit ere zeintzuk diren.

Hitz batez, herriak, edozein herrik, bere historia sortzen du, eta horretarako beste ezer baino lehenago istorioak airean harrapatu, errepikatu, aldatu, moldatu eta mamiz betetzen ditu, hots, mitoak sortzen ditu, orain eta XVI. mendean ere, berdintsu.

Baina, iritsi gara puntu kritikora, zein da Historiaren eta Mitoaren arteko aldea?

Lope Agirreko (1510-1561)(Wikipedia)

 

III

Francesco Guicciardini (1483-1540) diplomatiko eta historialari italiar bat da, florentziarra, XVI. mendean garrantzi handiko pertsonaia izana Italiako politikan eta geroztik intelektual gisa biziki aipatua herrialde berean. Baina beharbada hura aurkezteko esan dezakegun gauzarik praktikoena da Niccolò Machiavelli-ren garaikidea, herrikidea eta laguna izan zela; parekidetasun bitxia, zeren bizi zirelarik askoz ere boteretsuago, aipatuago eta ezagunago izan zen Guicciardini Machiavelli baino, baina gaur egun alderantzizkoa da egoera: edozeinek dauka Machiavelli-ren berri, oso orokorra bada ere, baina Historia ikasia izan behar duzu Guicciardini nor zen jakiteko eta, orduan ere, ziur aski, erreferentzia urrun bat besterik ez izango (italiarra ez bazara). Horixe zen nire kasua liburu hau irakurri arte.

Aipagai dugun liburua sorpresa atsegin bat izan da niretzat. Alde askotatik Machiavelli-ren Printzea (1513) bezalakoa da, hots, filosofia politikoari buruzko tratatu bat, baina oso desberdin dago idatzia: kasu honetan lau lagunen arteko elkarrizketa filosofikoa da hautatu den bidea, hots, molde guztiz klasiko/ernazentistan, Platonen Errepublika-n edo Tomas Mororen Utopia-n (1516) bezala. Oso ondo idatzia dago, benetan atsegina da irakurketa, nire uste apalean arestian aipatu ditudan guztiena baino jostariago eta biziagoa. Oinarrizko laburpen bat egingo dizuet jarraian.

Lau lagun biltzen dira politikaz hitz egiteko, zehazkiago, Florentziaren egoera politikoaz. Izan ere, hiri horren historia bereziki konbultsoa izaten ari da azken hamarkadatan: Erdi Aroan zehar errepublika libre baten moduan antolaturik, egundoko garapen ekonomikoa bizi izan du, gizartea oso-oso konplexua bihurtu delarik Europako leku gehienetakoen aldean; krisialdiak eta borrokak bata bestearen atzetik pairatu ondoren, XV. mendean familia merkatari aberats batek botere ia absolutua eskuratzen du: Medicitarrak, beharbada XVI. mendeko leinu europar mitikoena. Bi agintari handi dira bereziki aipagarri, Cosimo Medici (1389-1464) eta Lorenzo Medici (1449-1492) il Magnifico deitua; beraiek laburbiltzen dute Florentziaren nolabaiteko urrezko aroa. Bigarrenaren heriotzaren ondoren Frantziako erregeak Italia inbaditzen du eta hankaz gora jartzen du lehendik ere borborka zegoen herrialdea, hortik aurrera frantsesen eta espainolen borroka-leku bihurtzen delarik, alegia, italiarrek ezezik, kanpoko potentziek ere bertan lehiatuko dira, apur bat gaur egun Sirian edo Iraken bezala.

Florentziari berari dagokionez pertsonaia historiko bereziki interesgarri bat dugu, Savonarola fraidea, lider herrizale eta iraultzailea baina… nolako iraultza berea! Esango nuke gaur egungo iraultzaileei ez zaiela oso sinpatikoa egingo, non ez diren iraultza islamikoaren zale (hots, iraultza erlijioso mitiko bat predikatzen zuen, apur bat Durangoko gure heretikoena bezalakoa, aldeak alde). Baina desbideratzen ari naiz: 1494ean florentziarrek Medicitarrak eraitsi eta kanporatzen dituzte, errepublika berriz ere aldarrikatuz; 1512an Medicitarrek berriz ere botera berreskuratzen dute baina egoera ez da egonkorra eta 1527an berriro ere ohiltzen dituzte, errepublika eta askatasuna berriz ere aldarrikatuz. Azken aldia izan zen, handik hiru urtera enperadoreak eta aitasantuak bat eginik berriro ere Medicitarrak boterean ezarri baitzituzten, eta oraingoan agintean segitu zuten etenik gabe.

Beraz, esan dezakegu XV. mende bukaera eta XVI. mende hasiera bereziki gatazkatsua izan zela Florentzian, mota desberdinetako borrokak eta erregimen politikoak elkarren segida izan zutelarik oso denbora gutxian. Benetako laboratorio politiko bat. Testuinguru horretan idatzi zuen Printzea Machiavellik eta, hamar edo hamabost bat urte geroago, iruzkintzen ari garen liburua Guicciardinik. Kasu guztietan zinezko galdera da: ikusitakoak ikusita gero, zein da erregimen politiko egokia? Baina kontua ez da termino horietan planteatzen, modu praktikoago batean baizik; Machiavellik, honela: zein da boterea eskuratzeko eta zure eskuetan mantentzeko modurik egokiena? Eta Guicciardinik, honela: zeintzuk dira boterearen esku-aldaketaren ondorioak?

Egia da badagoela oinarrizko desberdintasun bat bion artean: Machiavelli askoz ere gordinagoa da, harira doa zuzen-zuzen, itzulingururik gabe. Guicciardini, ordea, filosofikoagoa da: edozein gobernuk bere bidean aurkitzen dituen zailtasunez dihardu, aldeko eta kontrako argudioei lekua eginez eta nolabaiteko oreka irudikatuz, baina azken atalean, harira doa zuzen-zuzen, Machiavelli bezain gordin edo gordinago. Boterea. Izan ere, boterea, beste ezer baino lehenago eta beste ezer baino gehiago, arerioak kartzelatu edo hiltzeko boterea da funtsean, eta ez beste ezer; XVI. mendeko Florentzian, dirudienez, oso-oso agerikoa zen kontua.

Francesco Guicciardini (1483-1540) (Wikipedia)

 

IV

Beraz, zer da orduko Florentziaren Historia, Tronuen dema bat eta besterik ez? Tira, ez dut seriea ikusi, ezta liburu sorta irakurri ere, beraz, ezin dizuet ganorazko iritzirik eman. Ezagutzen duzue Machiavelliren zinismoa, apika, baina orain irakurri Guicciardiniren aipu hau:

Eta Pisari buruz, goian esandakoari lotzen natzaio, gehituz sendatzen hain zaila den gaitz honek [Pisak Florentziari jartzen dizkion oztopoak] botika gogorra behar duela, beste berba batekin esanda, krudelkeria; beharbada printze batek edo bakarraren gobernu batek erabiliko lukeena baina oso nekez errepublika batek. Badakizue pisatarrak oso etsai tematiak direla eta ezin ditzakegula sekula geureganatzerik espero indarraren bidez ez bada; horregatik, gerran harrapatutako pisatar guztiak garbitzea komeniko litzateke etsai kopurua murrizteko eta besteak beldurtiago bilakatzeko […] edo gutxienez espetxeratu egin beharko lirateke eta handik irteteko itxaropena kendu zuek Pisa berreskuratu arte. […] Eta esango balitzait horrela jokatuz gero krudelak eta kontzientzia gutxikoak izatearen fama hartuko genuela, bata zein bestea egia dela aitortuko nuke. Baina gehiago esango dizuet, gaur egunean Domeinuak [Florentziaren menpeko lurraldeak] eta estatuak eduki nahi dituenak errukia eta onberatasuna erabili behar ditu ahal den lekuetan, eta ezin den lekuetan, berriz, beharrezkoa da krudelatasuna eta kontzientzia lasaia erabiltzea(322-324. or.)[enfasiak neureak]

Enfin, pena pittin bat daukat liburu osotik pasarte bakar hori aukeratzeagatik; ez dakit benetan justizia egiten dion, zeren hain da gordina! Eta aurrez hirurehun orrialde eman ditu Guicciardinik filosofia politikoaz atsegintasun osoz hizketan, gobernua hola eta hala antolatzearen komenigarritasunaz, zentzuzko eta intereseko gauza ugari esaten. Eta galdetzen diotenean, ederki, baina zer egiten dugu Pisarekin? Edo, gurera etorriz, oso ondo dago demokrazia, zuzenbide estatua eta hori guztia, baina zer egiten dugu Kataluniarekin (edo Euskadirekin)? Bada, krudelkeriarik gordinena erabiltzea beste biderik ez dago, erantzuten du. Funtsean, Machiavellik bezala. Edo Espainiako juez batek bezala.

Baina, orduan, non gelditzen da gobernarien kontzientzia? Non daude hain goraki eta hanpuruski predikatzen dituzten balio goren horiek guztiak? Zer dira, tontoentzako propaganda eta besterik ez? Eta honela bere erantzuna:

Ikusten duzue estatuak kontzientzia estu-estuz gidatu gura lituzkeena zerekin aurkituko litzatekeen. Horregatik esan dudanean pisatarrak hil edo preso hartu behar direla, ez naiz agian kristauki mintzatu, estatu arrazoiaren eta usadioaren arabera baizik; eta ez da ni baino kristaukiago mintzatzen nire krudelkeria errefusatu ondoren Pisa hartzeko ahaleginak eta bi egin behar direla aholkatzen duena, horrek esan nahi baitu mila zorigaitz eragin behar dela zuen kontzientziaren arabera zeuena ez den zerbait hartzearren. […] Honetaz hitz egin nahi izan badut ez da izan epaia emateko, gauzen berezko izaeraren arabera mintzatzeko baizik—gai oso korapilotsua da; izan ere, guztiz jainkoaren arabera bizi nahi duenak gaizki egingo luke munduaren ohiko bizimodutik urrunduko ez balitz, eta nekez bizi daiteke munduaren ohiko bizimoduaren arabera jainkoa iraindu gabe–; halabeharrak arrazoiketa honetara ekarri gaitu badakigulako jakin honetaz berba egin dezakegula gure artean, baina ez beste batzuen aurrean edo pertsona gehiago dagoen lekuan.(325-326. or.)[enfasiak neureak]

Tira, mundu hau den bezalakoa da, ez Eliza Gure Amak (edo Espainiako Konstituzio Santuaren Gurasoek) predikatzen diguten bezala, eta politikan ibili nahi duenak horrela ibili behar du, krudela izateko beldurrik edo kontzientzia eragozpenik gabe. Baina, adi!, horrelako kontuak ezin dira publikoki aipatu: jende aurrean, gora demokrazia, gora zuzenbide estatua, gora giza eskubideak, eta abar. Eta gero ekin, bihotzik gabe.

Ez ditugu horrelako hamaika adibide gure azken hamarkadatako Euskal Herri honetan bertan?

V

Merezi ote du liburu hau irakurtzea? Edo hobe telebistako serieak ikusi eta barre batzuk egin? Ez dakit zer erantzun. Bikain idatzia dago, guztiz bikain itzulia (mila esker Juan Martin Elexpuru, beste kontu batzuetan bat ez bagatoz ere!) eta niri, partikularzki, Tronuen dema ospetsu horretako parrapla guztia baino errealistago egiten zait.

Zeren niri, partikularzki, gaztaroko mitoak gogorarazten dizkit, Lope Agirreko, Durangoko heretikoak, Logroñon erretako sorginak, tonto bat bezala (Azurmendik dixit) hil zitzaigun Zumalakarregi hura. Gure historia eta istorioak, kontakizun epiko ororen atzean datzan egunerokotasun tristea, batere glamourrik gabea. Krudelak eta bihozgabeak izatera deitzen digutenen hitzen ozentasuna, onak eta esanekoak izatera deitzen digutenen beste haiena bezain hutsala, finean.

Hori guztia eta, horrekin batera, Italiako edertasuna, edertasun anbibalente hori, hitz anpurusen azpian ezkutatzen den biolentzia eta desmasia. Eta argitasuna.

Hori da Ernazimentua, Italian edo Euskal Herrian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude