SOKRATIKOAK ALA KARTESIARRAK?

Pruden Gartzia, 2020ko urtarrila

Arrieta Urtizberea, Agustin, Gogoeta-bide irekiak: Fikzio, egia, balio eta hezkuntzari buruzko saiakera filosofiko bat, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2019, 283 or.

I

Chopin entzuten ari naiz lerro hauei ekiten diedanean. Igande arratsaldea da eta oraintxe bertan amaitu dut liburua. Bakarrik nago etxean eta lerro batzuk idaztea deliberatu dut. Laster joango naiz afaria prestatzera, beraz, ezin naiz luzaro aritu. Hortaz, liburuaren giharrari baino ezin izango diot heldu, beste guztia irakurle interesatuari utziz. Horra.

II

Bi modu egon dira, daude, gure Mendebalde europar-atlantiar honetan gogoeta filosofikoari ekiteko. Bon, egon, batzuk gehiago ere egon dira, baina une honetan bi horiei erreparatu nahi diet bereziki.

Horietako bat modu sokratikoa da eta Grezia klasikotik datorkigu. Atenai lehenengo, Erroma gero, Erdi Aroan desagertu, Ernazimentuarekin berpiztu eta, itxura guztien arabera, Ingalaterra betikoan aurkitu zuen aterbe berezia, gaur arte. Tipo ideala da Sokrates eta haren irakaspen-estiloa, badakizue, urregorrizko Atenai hartan kalerik kale, plazarik plaza, merkatuz merkatu eta, baita ere, tabernarik taberna ibiltzen zen filosofo xelebre hura, zeinak egun osoa ematen baitzuen huntaz eta hartaz hizketan bidean aurkitzen zuen edonorekin, gauean, ahal izanez gero behintzat, konpainia ederrean afaltzeko modua aurkitze aldera beti. Eta afarian, jan eta edateaz gain, eztabaida filosofikoan segitzea maite zuen bereziki. Edale gogorra zen, nonbait, parranderoa eta guztiz lotsabakoa iritzietan, eta hori dela eta, apika, arrakasta bizia zuen gazteen artean, baina bere eztabaidagaia, tonua, estiloa, beti zen jasoa, baldarkeriatik urrun. Jende errespetagarriak gorrotoa zion (ez da zaila imajinatzea zergatik) eta gazteei gaiztakeriak erakusteaz akusatzen zuten, baina berak esaten omen zuen ez zeukala ikaslerik, lagunak baizik, eta maite zuela beraiekin lagunkiro jardutea, beste barik. Hala ere, edo horregatik apika, heriotzera kondenatu zuten eta, denok dakigunez, astaperrexila edan eta lagunekin filosofiaz solasean ari zela hil zen, bake santuan. Ordutik filosofo mota baten arketipoa haragitu izan du gure imajinario kolektiboan. Bere erretratutik osoena, edo maitagarriena behintzat, Platonen Sinposioa (Jakin, 2003) testu ospetsuan aurkituko duzue edo, Jokin Zaitegik lehenago itzuli zuen bezala, Oturuntza (Euskaltzaindia, 1975). Testu gogoangarria.

Bigarren modua kartesiarra deitu dezakegu, haren arketiporik osoena, ziur aski, René Descartes (1596-1650) delako. Hau ere ia-ia legenda urbano bat osatzeko moduko pertsonaia dugu, baina guztiz beste estilo batean. Orain zuzenean axola digunerako bere ospea, nagusiki, filosofatzeko ezarri zuen abiapuntu berriari zor dio, alegia, den-denetaz mesfida zaitez, baita zure begiek ikusi eta zure belarriek entzuten dutenaz ere, inpresio engainagarri hutsak izan baitaitezke, eta fida zaitez soil-soilik zure zerebroaz (badakizue, cogito, ergo sum). Hortik abiatuta jaso zuen bere sistema filosofiko osoa eta, askorentzat, bera da Mendebaldeko filosofia modernoaren zinezko aita. Puntu bakar bat da orain guretzat aipagarri, dena den: zuk zeuk zeure zerebroa erabiliz, eta beste inoren laguntzarik gabe, gai izan behar duzu edozer aztertzeko eta egia aurkitzeko. Berez ez da gauza originala, filosofia greko klasikoa (Aristoteles, adibidez) hortik abiatzen baizen nagusiki, eta Erdi Aroko eskolastizismoak, funtsean, horrela jokatzen zuelako, baina Descartesek dimentsio berri bat eman zion metodo horri, errotikako erradikaltasun bat; hortik berau aita fundatzailetzat hartzea, ziur aski.

Baina zertan da bi filosofia mota horien arteko aldea? Zertan desberdintzen dira, finean, sokratikoak eta kartesiarrak? Bon, mila eta bat erantzun eman daitezke, mila eta bat ñabardura eskatuko dutenak gero, baina nik esango nuke badagoela oinarri-oinarrizko diferentzia bat, honela azalduko nukeena: Sokratesek, azken buruan, uko egiten dio bere filosofo edo irakasle estatusari eta lagunartean gauzatzen den dialogoaren gailentasuna aldarrikatu, bera ez baita inor baino jakintsuago, agian bai, ordea, tematuena egiaren bilaketan. Descartesek, ordea, gure gainetik dagoen maisu jaunaren irudia haragitzen du, hots, guk baino gehiago dakiena, gu gidatzen gaituena.

Errotikako desberdintasun bat da: batean, berdinen edo berdinantzekoen dialogoa dugu, bestean jakintzaren goitik beherako transmisioa. Eta sarri baino sarriagoetan iritzietan eta ondorioetan emaitza berdintsua izango bada ere, horretara ailegatzeko bideetan ez du batak bestearekin zerikusirik.

Anselm Feuerbach-en margoa: Platonen sinposioa (Wikipedia)

III

Ez dut liburu honen egilea, Agustin Arrieta, pertsonalki ezagutzen ia-ia: bizpahiru aldiz baino ez dugu elkarrekin hitz egin, labur beti. Bere liburuak bai, ordea, hiruzpalau irakurri dut gutxienez. Hortik aurrera ez dakit berataz ezer liburu baten solapetan agertzen ez denik, hots, errenteriarra dela jaiotzez eta EHUko Donostiako Filosofia fakultatean irakasle lanbidez. Beraz, nekez esan dezaket haren bizitzak batere antzekotasunik duenik Sokratesen edo Descartesenarekin. Egia da errezago imajinatzen dudala Errenteriako tabernetan poteoan lagunekin, huntaz eta hartaz hizketan, fakultatean klase magistralak ematen baino, baina nire aurrejuzku hutsak dira horiek, inolako oinarri enpiriko gabeak. Beharbada iritsi naiz adin batera non maisu jaunen jarduna ez zaidan inondik ere atsegin eta nahiago dudan elkarrizketa librea bazkalondo batean, eta hortik Agustin horrela imajinatzea. Edo, beharbada, ezin diot eutsi liburu honen egileari adar jotze txiki bat egiteko tentazioari, Sokratesek egin ohi zituenen tankerakoa.

Zeren, eta hau da azken ondorioa eta gogoan hartu behar dena, liburu hau bai, bete-betean sokratikoa da, goitik behera. Eta hori da liburu honen edozein irakurlek kontuan hartu behar duen ezaugarri nagusia: Agustin Arrieta Urtizbereak ez digu ezer berezirik irakatsi nahi, baizik eta gurekin elkarrizketan sartu bere gustukoak diren hainbat gaitan. Elkarrizketa librea, berdinen artekoa, huntaz eta hartaz, hain librea eta hain horizontala non berariaz aipatzen dituen, testuan zehar eta bibliografian, bere hainbat ikasle gazteren lanak, bere gogoeten iturri gisa eta eskerronez. Tira, Sokrates egoera puruan, oturuntzekiko erreferentziak alde batera utzita. Bai, liburu honi dagokionez bederen, Agustin ez da maisu kartesiar bat, filosofo sokratiko bat baizik.

Baina, agian, azken ohar bat: ez da guztiz egia Arrietak ez digula ezer irakasten. Iritziak ematen ditu, gotor, tratatzen dituen gai guztiekiko, eta ez dirudi berarentzat ahuntzaren gauerdiko eztula direnik, baizik eta adorez defenditu beharreko uste sendoak. Eta, horrekin batera eta agian garrantzitsuago, aldez edo moldez ezartzen du eztabaida filosofikoak arau zehatz batzuen arabera gauzatu behar direla, hots, arrazoibideak eta argudioak erabiliz errespetuzko testuinguru batean, eta ez telebistako reality batean bezala. Arrazoia, arrazoia eta arrazoia, horra gure Sokrates euskaldunaren goiburua, berdinen arteko elkarrizketa jatorrean gauzatzen dena.

Pierre Louis Dumesnil-en margoa: René Descartes Suediako Kristina erreginarekin (Wikipedia)

IV

Baina zertaz tratatzen du liburuak? Zer defenditzen du? Chopinen diskoa amaitu da, jarri dut beste bat, eta beste bat gehiago ere, segitzen dut ordenagailuari lotuta, baina afaltzeko ordua gainean da eta zerbait prestatu behar da. Berandu da. Hurrengo batean iruzkinduko dugu, apika.

Azken oharra: filosofia maite duzuenak, beste barik edozein gairi buruz hausnartzea maite duzuenak, testu hurbil eta atseginak bilatzen dituzuenak, xinpleegiak izan gabe teknikoegi eta hanpurusak ez direnak, pozez eta atseginez irakurriko duzue liburu hau, euskara ederrean gainera.

Mila esker, Agustin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude