GIZON HANDIAREN EPOPEIA

Pruden Gartzia, 2019ko abendua

Carcopino, Jérôme, Julio César: El proceso clásico de la concentración del poder, Madrid: Rialp, 2004, 647 or.

I

Gutxi gorabehera urtea joan da azken iruzkina idatzi nuenetik. Urte honetan ez dut izan astirik, ia-ia, libururik irakurtzeko eta, gutxiago, ezer idazteko. Bon, ez da guztiz egia, beti-beti hartzen dut denbora apur bat irakurtzeko, baina aurten engaiamendu berezi batzuei lotuta egon naiz, beste ezertarako denborarik gabe. Eta orain, apur bat libreago sentitzen naizelarik, nire afizio nagusietako bati ekin diot berriro, hau da, Historiako liburu potoloak irakurtzeari. Hurrengo lerroetan horietako baten iruzkina duzue. Egia esanda, duela urte batzuk erosi eta irakurri nuen, baina orduan ez zidan arrasto handirik utzi eta, berriki, etxeko apaletik berreskuratu dut, ausaz, nire irakurketa askorekin gertatzen den bezala. Eta oraingoan zer pentsatu handiagoa eman dit.

 

II

Gai horretan guztiz profanoa banaiz ere, badirudi Carcopino Erromatar Inperioaren Historian egon den autoritate handi horietako bat dela, hori da behintzat liburuaren kontrazaletik ondorioztatzen dena eta Wikipediako albisteek berresten dutena. Orobat eskuindarra zela, oso eskuindarra, faxista bat ia-ia, Vichy-ko gobernuarekin ministro izana eta gerraren amaieran kartzelan egona; kolaborazionista gisa epaitu aurretik libratu egin zuten Erresistentziari ere lagundu ziola-eta. Gai horretan oraindik gutxiago dakidanez gero, ez noa ezer esatera, baina bere eskuindartasunari buruz batere dudarik ez daukat, horretaz jabetzeko aski da iruzkintzen ari garen liburua irakurtzea. Demokrazia… tira, ez da inola ere erregimen politikorik egokiena liburu honen egilearentzat.

Liburu bikaina iruditu zait, aitor dezadan. Julio Zesarren biografia xehe bat da funtsean, hortik kanpo ia-ia inolako oharrik gabea salbu eta azken kapituluan, non eta Historiari eta diktadurei buruzko kontsiderazio orokor batzuk egiten diren, oso interesgarriak.

Eta Zesarren bizitzak ba ote du interesik? Bai, dudarik gabe, bai. Urrunago joan gabe, denok ikusi dugu Liz Taylor-en Kleopatra filma (J.L. Mankiewitz zuzendari, 1963), eta norbaitek ez badu ikusi, tira, utzi dezala iruzkin hau eta ekin diezaiola kopia bat bilatzeari ipso facto. Bada, Historia aldetik ez da oso-oso okerra, trama nagusia (Zesarren eta Kleopatraren arteko maitemintze eta historia erotiko eroa) erabat hastandu badezakegu ere. Hain zuzen ere liburu hau irakurrita konturatzen gara, errazki, bizpahiru gauzetaz: bata, filmak asko sinplifikatzen duela prozesu historiko oso konplikatu bat, aktore eta egoera gehiago eta konplexuagoak zituena; bigarrena, hala eta guztiz ere, fidel xamarra zaiola Historiari, parte erromantikoa kenduta (maitasun erromantikoak, ziur aski, oso zerikusi txikia izan zuen aferan); hirugarrena, istorioaren benetan interesa ez datzala maitemin kontuetan, boterearen jokoan eta borrokan baizik, Erroman eta Egipton; hori ere ikusten da pelikulan, baina Liz Taylorren presentzia abailgarriak beste guztia bigarren maila batera pasatzen duela esango nuke. Tira, Marko Antoniorekiko zatian ezaugarri hori areagotu egiten da eta hunkigarritasunik ez zaio falta, nire ustez, baina Carcopinoren liburua Julio Zesarri buruzkoa denez gero, ez nuke jakingo ganorazko ezer gaineratzen.

Izan ere, berriz diot, liburu honetan Zesarren bizitzaren berri xehea ematen zaigu, ia hilabetez hilabete, baina ikuspegi bakar batetatik hartuta: boterearen jokoa. Ez da harritzekoa. Ziur aski ez dago iturririk apenas bestelako kontuez (haren sentimenduez, adibidez) ezer jakiteko eta, bestalde, Zesarren bizitza osoa honetan laburbiltzen omen da: botere eskuratzeko irrika neurrigabea, etengabea, osoa. Beste guztia? Ezer ez. Kitto.

Jérôme Carcopini (Wikipedia)

III

Eta nola lortu zuen boterea? Ez naiz hitzerdika ibiliko: goitik beherako putakume handi bat izanda, hots, engainatuz, traizionatuz, manipulatuz eta hilez, batez ere hilez, erruz eta kupidarik gabe, bere bidean jarri ziren guztiak. A! Baina aldi berean propaganda aparatu izugarria antolatuz, bere errukia, bihotz eta esku zabaltasuna, zintzotasuna, handitasuna eta handiostasuna urbi et orbe hedatzen zuena. Gauza bat esan, beste bat egin, horra sekretua. Zer, ezer berririk esan ote dizuet? Ez, ziur aski. Baina susmatzen dugun hori historialari profesional baten orrietan irakurtzea, tira, hori besterik da. Zesar tirano bihozgabe bat izan zen, tirano batek klasikoki dituen tatxa guztiak goi graduan zituela. Haren handitasuna, egotekotan, beste nonbaiten bilatu beharko da.

Argi dezadan, hala ere, Carcopinok gutxitan egiten duela gertakarien gaineko balorazio etiko-moralik. Urrunago joan gabe, haren hilketa ospetsuaren gaineko balorazio etikorik ere ez duzu aurkituko… Normala! Izan ere, historialari profesionalen artean gutxitan egiten dira horrelakoak, gutxiago kontua duela bi mila urte gertatu zenean. Gainera, eta horra noa berehala, Carcopino oso Zesar zalea da, diktadura gogor bat ezartzea zen, bere ustez, Erromatar Errepublikak bere krisialdi latzean zeukan irtenbiderik onena; zorte handia izan zen, benetako zoriona, Zesar bat une horretan agertzea eta botereaz jabetzea; hari esker, dudarik gabe, etorri zen ondoren berrehun urteko pax romana ospetsua; haren iloba Augusto osabaren oinordeko hutsa izan zen, funtsean, Zesarrena delarik meritu nagusia. Baina diktaduraren apologista garbi batek ere, apur bat zintzoa bada, ezin dezake pasatzen utzi, deus aipatu gabe, bere Julio maiteak egindako balentria negargarri batzuk; ez, ez ditu gaitzesten (horraino ez da iristen) baina bai aipatzen batzuetan zinak maltzurki hautsiz egin zituela, bestetan terrorea tresna gisa erabiliz bere boterea finkatu aldera. Eta abar.

Hala eta guztiz ere, aitortu beharra dago Zesar ez zela inoiz izan alferrikako hilketen zalea, alegia, bere helburua erdietsi ondoren guztiz prest agertzen zen etsaiei barkatzeko edo zapaldutako herriei duintasuna eta gobernamendu egokia aitortzeko. Zentzu horretan ezin zaio handitasunik ukatu. Baina bide erdian jarri zitzaizkion guztiak kupidarik gabe baztertu zituen, bi aldiz pentsatu gabe.

Kleopatra pelikularen posterra (Wikipedia)

IV

Erroma. Historia biziki interesgarria du, nire uste apalean, bereziki Errepublikaren azken urteotan, non ordura arteko Hiria Inperio bihurtzen den eta, ondorioz, bere erregimen politikoa oso-osorik aldatzera kondenatuta dagoen. Izan ere, Erroma errepublikanoa ez zen inoiz izan demokrazia bat, greziarrek (Atenas, funtsean) hitzari ematen zioten zentzuan, baina herriak pisu oso handia zeukan sistema politikoan. Aski da gogoratzea legioak erromatar hiritarrez osatuak zirela (hortik, neurri handi batean, bere efikaziaren parte handi bat) eta beren estandartetan, arranoarekin batera, ondoko leloa agertzen zela Senatus Populusque Romanus, hots, Erromatar Herria eta Senatua (SPQR akronimoa da normalki agertzen dena). Bai, legioek herriaren eta senatuaren izenean, bien izenean, ziharduten, bien arteko oreka politikoak osatzen zuelako Erroma.

Beraz, ez da zentzugabekeria esatea zentzu batean baino gehiagotan Erromatar Errepublika Atenas klasikoa baino demokratikoagoa izan zela, boterearen oinarrian bi sektore sozial argiki aitortzen zituelako: herri xehea eta senatua (hots, hiritar noble eta aberatsak). Hain zuzen ere, Errepublikaren neurrigabeko hedakuntza da sistema politiko hori ezinezko bihurtzen duena, kolapsora eramanez. Carcopinok kolapso hori kontatu nahi digu xeheki, eta horri gizon handi batek eman zion soluzioa. Soluziorik onena, dudarik gabe. Ala ez?

Julio Zesar (Vatikanoko Museoa, Wikipedia)

V

Baina iritsi gara hasieratik iritsi nahi nuen lekura. Gaur egun ere, Julio Zesarren denboretan bezala, gure gizartearen baldintza materialak hainbeste aldatu dira non ez den posible gehiago gobernamendu demokratikoari eustea, Erroma errepublikanoaren azken urteetan gertatu zen bezala? Hori da, itxura guztien arabera, Carcopinok pentsatu zuena liburu hau idaztean (dirudienez 1936koa da jatorrizkoa) eta hortik ondorioztatu zuen, ziur aski, beharrezkoa zela gizon handi batek botere guztia bere esku hartzea: Hitlerrek Alemanian edo, geroxeago, Pétainek Frantzian. Adibidez. Julio Zesarrek Erroman bezala.

Ala kontrakoa da? Ala gizon handiaren epopeia da Carcopinoren kontakizunaren azpian zinez funtzionantzen duena? Bai, orain badakigu zer egin zuen Zesarrek; benetan ez zegoen beste aukerarik? Hori zen egokiena epe luzera?

Nik neuk ez dakit galdera horien erantzuna. Gaur egun ere, XX. mendeko 30etan bezala, demokrazia kinka larrian dago eta, orduan bezala, asko dira beren esperantzak gizon handiaren egitateetan jartzen dituztenak: Putin Errusian, Trump AEBn, Erdogan Turkian… eta abar. Espainian bertan, asko dira politikaren politikakeriak mespretxatu eta gizon handi baten nostalgia dutenak, guztia konponduko duen esku azkarra. Franco berri bat.

Enfin, agian exajeratzen ari naiz: Trump negargarria izan daiteke baina, oraingoz bederen, ez da diktadore bat. Baina Putin edo Erdogan… ez dira asko urruntzen Zesarren eredutik. Hori ote da dagoen biderik egokiena gure arazoak konpontzeko? Ez, nik ezin dut halakorik sinestu. Egon behar da beste bide bat, egon behar da Erromako Errepublikaren azken krisialdia kontatzeko beste modu bat. Jarraituko dut liburu gehiago irakurtzen, erantzun bila.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude