HUMBOLDT, EUSKAL NAZIOA ETA IRAULTZA

Pruden Gartzia, 2018ko urtarrila

Zabaleta Gorrotxategi, Iñaki, Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria, Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2017, 345 or.

Beste askotan bezala, kostatzen ari zait iruzkin hau idaztea. Liburua irakurri ahala burua ideiaz beterik neukan, baina aste pare bat igaro dira amaitu nuenetik, ez dut izan astirik (edo gogorik) ordenagailuaren aurrean jartzeko, eta orain kosta egiten zait nire lehengo ideia distiratsu haiekin gogoratzea. Baina sar gaitezen errekan, eta ur lasterrak eramango gaitu.

Ez da egoki, ezta zuzen ere, orain eta hemen Wilhem von Humboldt (1767-1835) nor zen eta zer egin zuen esplikatzen hastea. Pintzelkada pare batez konforma gaitezen. Adibidez, Entziklopedia Britanikoaren arabera: German language scholar, philosopher, diplomat, and educational reformer whose contribution to the development of language science became highly valued in the 20th century” (2008ko edizioa). Uste dut aski dela ideia orokor bat egiteko. Nik neuk gaineratuko nuke, apika, bere alderdi akademikoa azpimarratzen dela eta alderdi politikoa, aldiz, apur bat bigarren planoan uzten; alemanezko Wikipedian begiratuta irudiak orekatuagoa dirudi: Gelehrter, Schriftsteller und Staatsmann, alegia, akademikoa, idazlea eta estatu-gizona. Ez, ez dakit alemanez, baina aski da Google translate erabiltzea ideai orokor bat egiteko; hala eta guztiz ere, zalantzan gelditu naiz Staatsmann-ekin: ez da erraza euskaratzen, eta honez gero bat baino gehiago uzkur jarri da -gizona hori ikustean… baina ez zait ezer hobeagorik bururatu (hots, itzulpen literala), eta barkatuko zaidala uste dut, gizon jakin bati buruz ari baikara, eta ez termino generiko baten itzulpen zuzenaz ( Estatista? Wikipediak Statesman dio ingeleserako…).

Baina harira. Segitzen dut irakurtzen Entziklopedia Britanikoko sarrera laburra (30 bat lerro), eta berehala, sorpresa: “He also visited the Basque country and in 1821 wrote a study on the early inhabitants of Spain”. Bai, hala da, Humboldtek bi aldiz bisitatu zuen Euskal Herria, 1799an eta 1801ean. Eta nahikotxo idatzi zuen euskaldunei buruz; ezagunena, gure artean zabalduena, ziur aski, Die Vasken (1804) eta Prüfüng (1821). Ez, ez dizuet izenburuak osorik emango, ezta ere sortarazi duten itzulpenen, bertsioen eta argitalpenen mataza nahasiaren berri zehatza. Oso nahasia baita, zehatz-mehatz jasotzen denean ere, aipagai dugun liburu honetan bezala. Humboldten argitalpenak, jatorriz alemanez izateaz gain, oso nahasiak izan ziren, eta modu nahasian ailegatu ziren guregana.

Ondorioa, nire begietan, erabatekoa da: gutxi dakigu Euskal Herrian Humboldti buruz, azken ehun urtean inguruan gauza dexente publikatu den arren, baina, dirudienez, mundu anglofonoan ere ez da oso ezaguna, ziur aski bere anaia Alexander (naturalista eta esploratzailea) baino askoz ere gutxiago. Alemanian, aldiz, itxura guztien arabera Wilhem kontsideratuagoa da, zeren akademiko gisa oso errespetatua izateaz gain, Alemaniaren Historian leku nabarmen bat betetzen du politikari eta estatista gisa: Prusiako Hezkuntza sistemaren erreformatzailea, Berlingo unibertsitatearen fundatzailea… eta diplomatiko trebea. Begiratu egiozue beheko kuadroari: Vienako Kongresua (1815) da, Napoleon garaitu ondoren Europa berrantolatzeko orduko potentziek egindako kongresu handia (gaur egun gailurra deitzen zaie halakoei); eta hantxe dago Humboldt, bere garaiko politikari garrantzitsuenetako bat, Prusiako erregearen ordezkari gisa: 19. zenbakia daramana da; pare-parean, kuadroaren beste muturrean, 1. zenbakiarenkin, euskaldunontzat ere oso ezaguna den beste bat, Wellingtongo dukea, Waterlooko garailea, Donostiako erreketaren eta arpilatzearen arduradun gorena, Gasteizen monumentu handi bat duena Ama Birjina Zuriaren plazaren erdian eta kale eder bat Jaurlaritzaren atzeko aldean. Esaidazue, lagunok, ez litzateke zuzenago eta egokiago monumentu hori eta kale hori jakintsu alemaniarrari dedikatzea? Militarrak, beti militarrak, zaldi gainean, ezpata eskuan, soldaduak gidatzen… sarraskietara.

Humboldtek, ordea, Hezkuntzan jarri nahi zuen indarra, gizakiaren errespetu eta autonomian, haren gaitasunen langintza librean… Eta kulturan bezala politikan ere liberal bat zen ororen buru. Esan ote dizue inork nori dedikatu zion John Stuart Mill (1806-1873) liberalismo politikoaren pentsalari klasikoenak bere Askatasunaz [On liberty, 1859] entsegu sonatua? Bada, liberalismoaren aitalehenetako bati, Wilhem von Humboldti, hain juxtu ere.

Vienako Kongresua, Jean-Baptiste Isabey (Wikipedia)

 

Baina aski dugu pertsonaiaz. Zer esan liburuaz? Duela hogei urte Kolonian (alemanez, beraz) irakurritako doktorego-tesi baten euskal bertsioa da. Egilearen arabera, funtsean, tesia bere horretan utzi du, baina saiatu da hainbat kontu eguneratzen eta irakurle euskaldunen arabera moldatzen; bereziki, indar eta erabakimen handiz defenditzen du euskaldunon artean jakintza-gaiak euskaraz landu beharra, gure herriaren eta hizkuntzaren alde. Eta, kurioski, irakurle, baieztapen hori zuzen-zuzenean ondorioztatzen du bere ikergaitik, hots, Humboldten beraren pentsamenduetatik.

Izan ere, gorago iradoki dugun bezala, Humboldt politikaria batez ere Hezkuntzaren alorrean egindago lanengatik ezaguna bada ere, Humboldt akademilariaren baitan iruzkingile orok bereziki aipatzen dutena da Hizkuntzaren gainean egindako gogoetak, zeren ez omen da gehiegikeria esatea pentsalari prusiarra dela Hizkuntzari buruz sekula egon den ikertzailerik trebeenetako bat eta teorilaririk nagusietako bat, non eta ia-ia ezinezkoa den XIX eta XX. mendeko Hizkuntzalaritzaz ezer irakurtzea bere izena aipatua ikusi gabe. Zilegi bazait neure burutik ateratako adibide bat aipatzea, esango nuke XX. mendekoak direnez gero guretzat askoz ere ezagunagoak diren Saussure, Bloomfield edo Chomsky bezalakoen pare dagoela. Baina ez, lasai, orain ez naiz hasiko XIX. mendeko Hizkuntzalaritzaz lezioak ematen (banuke zerikasia, luze eta zabal, ezer erakusten hasi aurretik!), ni bezalako afizionatu hutsei egindako ohartzat har bedi, besterik gabe.

Aipatu beharko ote nuke, haatik, zertan datzan, edo datzaten, Humboldten teoriak Hizkuntzari dagokionez? Ez, ez naiz ausartzen. Zabaletaren liburua irakurri ahala azpimarraz eta oharrez josi dut, baina ez naiz menturatzen ur handi horietan murgiltzera. Argitu nahi nuke, bakarrik, egilea ez dela ez hizkuntzalari, ez filologo (Filosofian doktoratua da) eta hori, nire begietan, abantaila argi bat da, bere azalpenak ez baititu inoiz kokatzen soilik espezialistentzat interesgarri izango diren mendi-bidetan barna eta, hartara, edozeinek ulertzeko modukoak izaten dira. Edozein horrek, jakina, oinarrizko formakuntza unibertsitaria baldin badauka, baina hortik aurrera ez duzu jakintza berezirik behar liburuari segitzeko. Besterik da, ordea, txoko honetan horiek sistematikoki azaldu nahi izatea, horretarako bai, neurea baino trebetasun handiagoa behar duzu, besteak beste Zabaletak ez duelako Humboldten pentsamenduaren azalpen sistematikorik egiten, euskaldunekin zerikusirik duen neurrian agertzen baizik; norberak egin behar ditu loturak, eta nork bere ondorioak atera. Baina irakurri itzazu zuk zeuk zuzenean, ez zaizu damutuko.

Zer izango nuke, beraz, Humboldti buruz esateko, Hizkuntzaren gaineko hausnarketak alde batera utzita? Puntu kritikoa liburuan izenburuan bertan dago, zehatz-mehatz esanda horren bigarren zatian, hots, eta Euskal Herria horretan. Izan ere, horixe da hain zuzen Zabaletaren abiapuntua, Humboldten iruzkingile guztiek esana omen dena aurrez: euskaldunak ezagutzea, euskara ikertzea, guztiz, erabat eta zeharo erabakigarria gertatu zen bere pentsamendua finkatzeko orduan. Euskal Herrira etorri aurreko Humboldt eta gure herria ezagutu ondokoa desberdinak dira, euskaldunak ezagutu ondoren ikusi baitzuen argi zein den herri baten eta hizkuntza baten arteko lotura, eta gai izan zen lotura hori, nolabait, unibertsalizatzeko. Eta horren inplikazio guztiez gogoeta egiteko.

Eta zein da delako lotura hori? Berriz ere esan beharrean nago ez dela bi hitzetan aurkezteko moduko kontua eta nahiago nukeela zeuk, irakurle, liburua zuzenean irakurtzea. Hori bai, argitzen dizut Zabaletaren asmoa izan dela, hipotesi hori ontzat emanik, Humboldtek euskaldunei buruz idatzi duen guztia xehe-xehe aztertzea (jatorrizko hizkuntzan, jakina). Eta guztia diot corpusa ez delako ikaragarri zabala, baina bai oso fragmentarioa eta nahasia. Aski da bukaerako bibliografia arreta apur batez kontsultatzea konturatzeko corpusa bera definitzea ez dela lan erraza izan. Hortik aurrera gure filosofo euskaldun (tesia egiteko garaian) gazte horrek tesi aleman bat gauzatu du, alegia, topikoari segituz geuk aleman batengandik esperoko genukeena: zerbait trinkoa, baina txukun-txukun ordenatua; sakona, baina argia. Aipu ugariz hornitua, jatorrizkoa alemana denean (gehienetan) ederki euskaratuak, eta gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez denean, bere horretan. Bikain. Bon, egia esanda, faltan aurkitu dut Humboldten idazlanen izenburuak jatorrizko alemanez gain, euskaraz ere ematea, ohar batean ez bada ere; bai, ez da misterio handirik Vasken irakurtzea, baina Prüfüng gora eta behera ibilita azkenean apur bat urduri jartzen zara, eta hori alemanezko izenburu luze baten lehen hitza besterik ez dela! Ea, argituko dizuet zuei ere, azterketa esan nahi omen du, Google translate-ren arabera. Eta ez zait bururatzen beste ezer gaineratzeko.

Wilhem von Humboldt (Wikipedia)

 

Liburu honek eragin didan gogoeta nagusia, ordea, lotuago dago euskaldunekin euskararekin baino, eta horretaz bai, horretaz nahi nuke hitz pare bat egin eta zuekin konpartitu.

Durangoko Azokan nintzela, liburu hau erosi berri, Joseba Agirreazkuenagarekin trikitx egin nuen eta, jakina, horretaz hasi ginen berbetan. Joseba garai hartako Euskal Herriaz aparteko ezagutza duen historialaria da eta, gainera, ondo ezagutzen du Humboldt ere; bere iritzia erabatekoa zen: Humboldtek Parisen ezagutu zuen euskaldun bat, Dominique Joseph Garat (1749-1833) lapurtarra, Frantziako Iraultza garaiko euskaldunik garrantzitsuena, eta berak bideratu zuen Euskal Herrira, berari esker interesatu zen gure herriaz eta hizkuntzaz. Josebarentzat konexio horretaz ikertzea oso interesgarria litzateke. Argitu dezagun, gaia xeheki ezagutzen ez dutenentzat, Garat hori Lapurdiko ordezkari gisa joan zela Parisko Estatu Orokorretara, 1789an, eta ordutik egundoko karrera politikoa egin zuela bertan: izugarrizko trebetasun politikoaren jabe, kide ugarik kartzelan edo gillotinan amaitu zuten bitartean, bera gai izan zen gobernu guztietan (tira, guztietan edo ia guztietan) kargu garrantzitsuak izateko; besteak beste berau izan zen, ministro gisa, errege Luis XVI.ari bere heriotza-zigorra komunikatu ziona eta, urte batzuk geroago, Napoleon enperadorearen zerbitzura, Fenizia Berria-ren independentziaren proiektua (sekulan ez gauzatua) asmatu zuena. Fenizia Berri hori, ezaguna denez, zazpi euskal herriek osatu behar zuten. Enfin, topikoak esaten badu ere euskaldunak asto xamarrak garela politikan, Garati begiratuta besterik ere egon dela ikus daiteke. Hura axeria!

Baina itzul gaitezen Humboldtengana. Josebaren hipotesia, dudarik gabe, oso zentzuzkoa da. Areago, ausartuko naiz bidezidor horretan pauso batzuk ematera.

Eta hauxe litzateke nire galdera: zein da Humboldten bizitzaren arazo zentrala, bere bizitzari eta lanari zentzua ematen diona? Erantzuna ebidentea da edonorentzat: Humboldt garaiko semea da eta, garaian, arazo zentrala Frantziako Iraultza da. Izan ere, Humboldtek 22 urte besterik ez zituen 1789an lehenengo aldiz Paris iraultzilea bisitatu zuenean (bide batez, hori zen Alemaniako intelektual guztien ametsik kuttunena, Paris iraultzailea ezagutzea!); ez dirudi denbora luzerik egin zuenik bertan, baina urte batzuk geroago, 1796an edo 1797an (ez dut datu zehatzik aurkitu), jada ezkondua eta ekonomikoki independentea (hilberri zen amaren herentziari esker), berriz ere Parisen da eta harremanetan jartzen da hango elite politiko-intelektualarekin. Bitartean, bere anaia Alexanderrek amaren herentzia Amerikako bidaia esploratzailea finantziatzeko erabiltzen du; datu interesgarria da bakoitzaren zaletasun, kezka eta lehentasuneei begira. Parisen, Wilhemek besteak beste Madame de Staël ospetsua ezagutzen du eta bere saloia bisitatzen hasten da sarri; han ezagutuko du Pariseko polikari eta intelektual ugari. Eta hain juxtu ere Garaten eraginez, Euskal Herria bisitatzea erabakitzen du. Eta euskaldunez maitemintzen da, deblauki, osorik eta betiko. Berriz ere esango dut, oso garrantzitsua delako hau ondo ulertzea: Humboldt euskaldunez maitemindu zen, deblauki, osorik eta betiko. Baina nola? Zergatik?

Erantzun txakal bat izan daiteke esatea gure hizkuntza paregabearen bikaintasunaz jabetu zela, gure paisaia natural zoragarriez, gure neska gazteen edertasunaz eta, azkenik baina ez azken, gure sukaldaritzaz, txakolinaz eta Errioxako ardoaren indar telurikoaz. Eta abar. Bai, oraindik ere mota horretako azalpen gehigi entzuten ditugu edozeinen ahoan. Enfin. Erantzuna askoz ere errezagoa da, ez baita batere zaila Zabaletaren liburua arreta apur batez irakurtzen duen edonorentzat (bereziki I-4 kapitulua, Euskaldunak eta politika, 117-164 or.): Humboldt euskaldunen sistema politikoaz maitemintzen da, hau da sistema foralaz. Prusiarraren arabera, hori da hain zuzen ere ezein estatista edo filosofok irudika dezakeen sistemarik hoberena, muturreko bi gaitz handiak (iraultza eta absolutismoa) ebitatzen duena. Zeren, euskaldunen artean ez dago beste herri batzuetan (Alemanian, Frantzian, Espainian, Italian…) ikusten den klaseen arteko zatiketa handia, aitzitik, euskaldunok pozik eta zoriontsu bizi dira beren errepublika txikietan, pobreenek ere eskubide politikoak dituzte (foruen arabera nobleak dira!) eta parte hartzen dute sistema politikoan, aberatsagoen gidaritzapean, jakina, baina aberats horien eta herritar xumeen artean ez dago Europako leku gehienetan ikusten den eten izugarri hori (iraultza biolentoaren azken kausa, finean), baizik eta gizarte beraren parte izatearen kontzientzia osoa. Exajeratzen ari naiz? Hona aipu bakar bat, Humboldti hartua, bere mirespenaren neurria emango diguna:

Nazio honek, nik berau ezagutu nuenean, konstituzio aske bat zuen eta udalerri txiki askotan banatutako estatu konfederatu moduko bat osatzen zuen, non udalerri horiek, berriz ere, lekuan lekuko ohituren arabera bereiztuta zeuden. Horrela, bada, bere konstituzioagatik eta bere karakterearen bizitasunagatik, euskal nazioak askotan ekarri zidan gogora Grezia zaharra bere estatu txiki askorekin.” (W. von Humboldt, I. Zabaletak aipatua, 160. or.)

Bai, Euskal Herria Periklesen garaiko Grezia moduko zerbait da gure alemanaren begietan, leku eder eta eredugarri bat. Utikan hemendik Parisko Iraultzaren desmasiak, lapurretak, erreketak, hilketak, gerrak, iraultzak dakarren zoritxar ugarien kate zoro hori guztia… Eta zeri zor zaio desberdintasun hori, zoriontasun hori? Puntu kritikora iritsi gara: Humboldtek Euskal Herriko Historia aipatzen du, jakina, bereziki bere foruak (oso garrantzisuak berarentzat) baina, adi hemen, ororen buru horren kausa hizkuntza da! Euskaldunen artean hizkuntzak, euskarak, sortzen duen identitate konpartitua da, bere begietan, euskaldunen demokrazia (ez dakit berak hitz hori erabiltzen duen, ez dut ikusi Zabaletaren aipuetan, baina kontzeptua argi dago), demokrazia, nioen, esplikatzen duena. Zeren hizkuntza bat gai da identitate bat sortzeko, komunitate bat trinkotzeko eta, ondorioz, egonkortasun soziala bermatzeko, absolutismoaren edo iraultzaren gehiegikeriei aitzi. Bai, hizkuntzaren gainean bermatzen den nazio politikoa baketsua eta zoriontsua da, Humboldten begietan. Euskaldunena bezalako herri txiki bat da horren froga argia. Ai, irakurle! Hortxe zaude oraindik? Ez zaitu nostalgiaren lantzurdak osorik estali?

Euskal Herriko bi bidaiak egin eta gutxira, Humboldt Prusiako erregearen zerbitzura sartzen da, kidego diplomatikoan; berehala enbaxadore izendatzen dute Erroman eta, hurrengo hogei urtean, garrantzi handiko karguak izango ditu estatuan. Horietan bera beti zentzu liberal batean lan egiten saiatuko da, iraultzaren kontra errepresio politiko-poliziala baino askoz ere hobeagoa baita herritarren heziketa eta formazioan sakontzea; hortik Hezkuntzaren erreforma Prusian, hortik Berlingo unibertsitatearen fundazioa, hortik Filosofia Politikoz idatzitako hainbat lan, beti estatuaren indarra galgatu beharraz eta herritarrei, hezkuntzaren bidez, duintasuna eta parte hartze politiko egokia ziurtatu beharraz. Humboldt, hitz batez, erreformista bat zen bere garaian, liberal moderatu eta erreformista bat. Hogei urte bide horretan gogotsu ibili ondoren, 1819ko azken egunean dimisioa eman zuen eta bere etxera erretiratu zen, bakeaz ikertzera eta idaztera (batez ere Hizkuntzalaritzaz); izan ere, Prusia, hogei urtean liberalismoaren eta absolutismoaren artean kordokatu ondoren, osorik abiatu zen absolutismorantza. Testuinguru horretan Humboldt sobran zegoen eta dimititu egin zuen.

Jenako gudua, Edouard Detaille (Wikipedia)

 

Koxka bat estuago, ordea. Non ikusten zuen Humboldtek euskaldunen espiritu nazional eta bakezale hori, oreka politiko eta sozialerako hain bide egokia eskaintzen zuena? Hizkuntza zen sakoneko eragilea, esana dugu, baina ikusi, beste gauza askotan ere ikusten da, adibidez, eta bereziki, euskaldunen dantzaldietan.

Bai, ondo irakurri duzue, dantzaldiak. Humboldtek euskaldunen ohitura asko aipatzen ditu bere lanetan, eta badirudi beti norabide berean aipatzen dituela, alegia, euskaldunen naziotasuna eta harmonia soziala nabarmentze aldera, baina nire uste apalean, ezer ez da dantzak bezain garrantzitsu eta nabarmen, eta Zabaletak beste hainbat kontu bezala xeheki deskribatzen baditu ere (ik. bereziki I-3 kapitulua, Euskaldunak eta herri kultura, 81-115 or.), ez die behar besteko garrantzirik ematen, beti ere nire uste apalean.

Adibidez, ezaguna da Humboldt miretsita gelditu zela Durangoko edo Bilboko erromeriak ikustean, eta ederki deskribatu zituela; Zabaletak, gainera, testigantza asko biltzen ditu, beti ere harmonia sozialaren gaia nabarmentzen dutenak. Aipu pare bat jasoko ditugu, hainbaten artean:

Biscayako egiazko dantza nazional denek, bere baitan, karaktere garaiago eta nobleago bat daramate herri dibertimendu soil batena baino eta, batez ere, euren prestutasunagatik eta duintasunagatik nabarmentzen dira.” (W. von Humboldt, I. Zabaletak aipatua, 93. or.)

edo beste hau:

Plazan egiten da dantza jendaurrean, hala, klaseen arteko ezberdintasunik gabe, igande eta jaiegun guztietan, elkarte osoaren kostura eta ageriko zaintzapean.” (W. von Humboldt, I. Zabaletak aipatua, 93-94. or.)

Badira testigantza gehiago ere, baina horretaz nahiko. Gogora dezagun orain Humboldt aristokrata bat zela eta, funtsean, orduko aristokraziaren moldeak ezagutzen zituela, alegia, aristokrata eta aberatsek beren etxetako saloietan antolatzen zituzten dantzaldi pribatuak, exklusiboki beraientzat, klase edo estatus banaketa zurrun-zurren baten arabera: erabat pentsaezina zen dantzaldi horietan herritar xeherik ikustea! Herriak, bestalde, bere dantza propioak egiten zituen, herriko plazetan, eta horietan nobleek eta aberatsek ez zuten parte hartzen. Alegia, klase edo estamendu banaketa erabatekoa zen. Eta hara non gure aristokrata aleman gazteak ikusten duen, Bilbon bertan, erromeria bat zeinetan herritar guztiek parte hartzen duen batera, aberatsek eta pobreek, guztiak batera. Erabat inpaktatuta geratu zen! Areago, erromeria alkatearen edo bere ordezkari baten zaintzapean egiten da, arratsaldez, eta iluna sartu baino lehen amaitzen da, alkatearen esanetara beti. Eta guztia ordena sozial perfektu baten barruan. Harrigarria.

Euskal erromeria (Uztarria)

 

Baina zergatik da harrigarria? Aipatu dugu gorago sakoneko inplikazio sozialak, baina oraindik pauso bat gehiago eman beharrean gaude. Izan ere, Humboldt Paris iraultzailetik zetorren, eta Iraultzaren ezaugarri bat oso kontuan hartzekoa da horren harira: carmagnolaz ari naiz. Bai, carmagnola, ez duzue inoiz entzun?

Carmagnola herri-kanta bat zen, anonimoa, Paris iraultzailean 1792ko abuztuan asmatua eta berehala kriston zabalkundea eta indarra hartu zuena; apur bat marseillesa bezalakoa da, baina oraindik popularrago eta iraultzaileago: carmagnola sans-culotteren benetako ereserkia zen, hots, iraultzaile paristar erradikalen kanta maitea. Ikus dezagun lehen estrofa eta errepika:

Madam’ Véto avait promis bis
De faire égorger tout Paris bis
Mais le coup a manqué,
Grâce à nos canonniers.

Refrain
Dansons la carmagnole
Vive le son, vive le son
Dansons la carmagnole,
Vive le son du canon!

(“La Carmagnole”, Wikisource)

Frantses gutxi dakitenentzat: “Madame Véto” Marie-Antoinette erregina gorrotatua da, hots, jende xehearen ustetan erregeari burua berotzen ziona konstituzioaren arabera zegokion “veto” eskubidea gauzatzeko (herriaren eskaeren aurka, jakina). Jakina denez, batari zen besteari burua moztuko zioten gillotinan, kanta asmatu eta handik gutxira. Baina ausart nadin itzulpen bat ematera:

Madame Veto-k agindu du

Lepoa moztea Paris osoari

Baina kolpeak huts egin du

Gure kanoilariei esker

 

Errepika

Dantza dezagun carmagnola

Gora soinua, gora soinua

Dantza dezagun carmagnola

Gora kanoiaren soinua!

Kanoi hori, jakina, armada iraultzaileen garaitzapen militarren gorazarrea da. Izatez, Konbentzio Nazionalean armada iraultzaileen garaipenen berri ematen zuten hitzaldi adoretsu eta hanpatuei carmagnola ere deitzen zien jendeak! Baina agian oraindik ez dugu kontua bere osotasunean azaldu, zeren carmagnola kantatu ezezik, dantzatu egiten zen. Izan ere, carmagnola batez ere dantza bat zen, herri xehe iraultzailearen dantza, iraultzaren bozkarioaren hordian herritar xeheek dantzatzen zutena, aristokraten palazio asaltatu berrietan, eliza okupatu eta profanatuetan, garaipen iraultzaileak ospatzeko dantzatzen zena. Carmagnola Iraultzaren gauzatze proberbiala zen, zeren zer zen funtsean askatasuna? Carmagnola kantatzea, dantzatzea, nonahi, nolanahi, beti ere aristokratei muturrean emateko, irabazi dugu esateko eta haien larderia zapaltzeko. Carmagnola Iraultzaren errepresentazioa eta gauzatzea zen, aldi berean. Tira, youtube-n pelikula baten zati hau aurkitu dut, hemen.

Ikusi duzue? Entzun duzue? Bada, orain pentsa ezazue carmagnolaren dantzaldiak Paris iraultzailean bere begiekin ikusi duen intelektual gazte aleman horrengan, Bilbon, gaur egun Albiako Lorategia deitzen den horretan (han egiten ziren erromeriak), hortxe bertan, nioen, euskal erromeria bat ikusten duela, zeinetan pobreek eta aberatsek, guztiek eskubide politiko egokiak dituztenak foruei esker, elkarrekin dantza egiten duten harmonia osoan autoritate zibilen zaintzapean, alaitasunez baina ordena bete-betean. Arraroa egiten zaizue miretsita gelditzea? Arraroa egiten zaizue euskaldunekin maitemintzea? Hortxe zegoen, bada, bere kezken erantzuna! Nola da posible iraultza ebitatzea, herriari dagokiona ematea eta bakea ziurtatzea? Nola, aldi berean absolutismo negargarriari bazter emanez? Begiratu egiezue euskaldunei dantzan, hor duzue erantzuna. Horra Humboldten mezua.

Tuilerien jauregiaren hartzea 1792ko abuztuaren 10ean; Jean Duplessis-Bertaux (Wikipedia)

 

Egia esanda, ez nago guztiz ziur bideo horrek ez ote duen oinarrizko akats bat: badirudi Bastilaren hartzea irudikatzen duela, eta carmagnola ez zen orduan asmatu, handik urte pare batera baizik, herritar haserretuek Tuileriak (erregearen jauregia Parisen) asaltatzen dutenean: gau horretan atxilotu zituzten erregea eta erregina, familiako beste kide batzuekin batera. Baina duda gutxi dago carmagnolaren esanahi sozialaz, hona frantsesezko wikipediatik hartutako aipu argi bat:

On la dansa autour des guillotines, mais aussi devant l’Assemblée de la Convention et autour des 60.000 arbres de la Liberté que la République fit planter en France. On la dansa dans les rues jusqu’au Consulat et chaque fois que survint un soulèvement populaire. Dans le Supplément au Dictionnaire de l’Académie, on trouve cette définition: «Faire danser la carmagnole à quelqu’un: au figuré, signifiait, dans les troubles de la révolution, le guillotiner, le mettre à mort par tous les supplices de ce temps». D’ailleurs, durant la Terreur, une pratique populaire courante – une forme d’insulte et de menace – consistait à obliger les ennemis de la Révolution à danser et à chanter une carmagnole dans la rue. Les journaux comme Le Père Duchesne et La Mère Duchesne incitaient les sans-culottes à ce comportement qui parfois entraîna l’arrestation et la mort des infortunés danseurs” (Carmagnole (danse) Wikipedia)

Azken ohar bat: Napoleonek 1799an, boterea hartu ondoren estatu-kolpe baten bidez, debekatu egin zituen, bai dantza, bai kantua. Garaitsu horretan abiatu zen Humboldt Euskal Herrira. Nire uste apalean, Iraultzaren izaerari buruzko galderaz eta zalantzaz beterik, eta soluzio baten bila, garai horretako hainbat eta hainbat intelektual bezala. Eta Euskal Herria bisitatu ondoren, Prusiako erregearen zerbitzura jarriko da, estatista-karrerari hasiera emanez.

Baina errepikatzen ari gara gorago esandakoa.

Gaur egun zenbait giro akademikotan mespretxuz tratatzen da Humboldtek Euskal Herriaz eta bere hizkuntzaz eta sistema politikoaz zituen iritziak: exajerazioak dira, Euskal Herriak klase-diferentziak oso handiak zirelako, foruak gorabehera, eta jauntxoen oligarkia mehar batek boterea monopolizatzen zuelako de facto. Arrazoi dute, dudarik gabe, Euskal Herria inoiz ez da izan arkadia zoriontsu bat, hori abertzaleok ere badakigu. Baina, beharbada, komeniko litzateke gure orduko sistema politikoa eta egoera soziala Europako beste lurralde batzuetakoekin konparatzea, eta aldeak neurtzea; hori da Humboldtek egin zuena, argi eta garbi. Eta gazte prusiar haren konparaketaren emaitzak ondorio zehatzak izan zituen, euskaldunen alde. Humboldt ez zen inozo bat, bere garaiko buru argienetako bat baizik, intelektual jantzia eta estatista trebea. Zergatik ezin dugu bere mezua aintzat hartu?

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna Zuriñe(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude