EUSKAL ABERTZALETASUNAREN MITOAK

Pruden Gartzia

2017ko uztaila

Goyhenetche, Jean, Les basques et leur histoire: mythes et réalités, Baiona: Elkar, 1993, 361 or.

Liburua 001

I

Goian idatzita ikusten duzuen “Jean Goyhenetche” hori, gure artean “Manex Goihenetxe” gisa ezagutu genuen beti. Manex, gure Manex, Iparraldean azken hamarkadatan sortu den intelektual eta euskaltzalerik nabarmenenetako bat. Goitik beherako abertzalea eta euskaltzale osoa. Zergatik erabaki zuen liburu honetan bere izena frantses erara idaztea?

Gaiak badu interesik Manexen pentsamendua ondo ulertzeko, baina ez da, halaber, bere langintza intelektualaren giltza edo ultima ratio argigarria. Lerro batzuk dedikatuko dizkiogu, hala ere, nire ustez oso egokia delako ondoren esango den guztiaren sarbide gisa.

II

Gure artean, hots, euskaldunen artean, Manex ahoz beti “Manex” izan bazen ere, suposatzen dut frantsesen artean, giro formaletan bereziki, “Jean” izenago zela sarri; eta idatziz ere, bietara ikusten dugu, “Jean” eta “Manex” (inoiz ere “Manez”, tradizioan forma erabiliena izan omen dena, gaur egun galduxe dagoen arren), eta “Goyhenetche” zein “Goihenetxe” (eta inoiz edo beste “Goienetxe”, Iparraldean ere ez dena harrigarria, nahiz eta h-duna baino gutxiago ikusi). Inoiz ez nuen berarekin kontu horretaz hitz egin, eta ez dut inolako froga positiborik esan behar dudana esateko, baina nire esperientzia pertsonalaren arabea, eta nire inguruan urte askoan ikusi dudanagatik, ez dago forma bat ala bestea noiz erabiliko den ziurtatuko dizun irizpide erabakigarririk; aitzitik, sarritan zori hutsaren arabera ezarriak dirudite, gaur hau, bihar bestea, honetan A, bestean B, irizpide argirik gabe. Areago, pertsona asko eta askoren kasuan, nekez esan daiteke beren izen-deiturak beti forma kanoniko eta bakar baten arabera emateko deliberoa hartu dutenik, alderantziz, normalki bizpahiru forma eta grafia dituzte eskura, batzuetan dozena erditik gora, eta horiek (edo horien konbinazioak) irizpide aski anarkikoen arabera erabiltzen dituzte. Ez beti zoriz: adibidez, testuinguru legal eta administratiboan forma legezko eta osoa da balio duen bakarra, eta testuinguru familiar edo lagun artekoan, txikikariak eta goitzizenak indar handiz nagusitzen dira; baina tarteko eremu osoan, adibidez, liburu edo artikulu bat sinatzerakoan, bada, denetarik ikusten da sarri. Eta bai, Manex beti da Manex, baina bere izen-deiturak forma diferentetan ikusiko ditugu, logika argirik gabe ezarriak; soilik kasu gutxi batzuetan ematen du guztiz berariaz eta apropos jarriak direla. Adibidez liburu honetan. Zergatik?

Berriz ere hasieratik hasita: nire ustez argi dago pertsona askok (eta ez soilik euskaldunek, baita frantses, espainol edo amerikano ingelesdunek ere, adibidez) beren izen-deituren forma eta grafia bat baino gehiago erabiltzen dituztela, konbinazio desberdin bat baino gehiago osatuz gainera, eta kasu askotan ez dagoela hori esplikatuko duen irizpide argi bat. Baina kasu batzuetan guztiz berariaz erabiltzen dute dena delako forma edo grafia, beraiek hautatua kasu horretarako. Adibidez, Manex Goihenetxek bere doktorego-tesia argitaratzen duelarik (hots, aipagai dugun liburua), bere izen-deiturak forma frantsesean/legezkoan idaztea erabakitzen du, eta horrekin esan nahi diguna da liburu hori ez dela soilik euskaldunentzat, ezta soilik abertzale edo abertzaleen aldekoentzat, ez, liburu horien hartzaile potentzialak frantsesak direla (edo espainolak, edo ingelesak, edo munduko hiritar oro), edo beste modu batean esanda, euskal abertzaleak ezezik, euskal abertzaletasunaren kontrakoak, indiferenteak edo ezer ez dakitenak ere. Nazioarteko publiko akademiko zabala, ez soilik bere inguru hurbila.

Beraz, liburu hau nazioarteko publiko akademikoari begira egina dago, bertako abertzale eta euskaltzaleak baztertu gabe, jakina, baina aldi berean beraiengana mugatu gabe. Eta horren seinale argia da egileak bere izena forma eta grafia frantsesean paratzea.

Erabaki ona ote da? Zentzuazkoa? Egokia? Praktikoa? Ala amore emate lotsagarria? Adibidez, Koldo Mitxelena idatzi ordez, Luis Michelena idaztea, zer da? Amore emate lotsagarria ala erabaki pragmatiko hutsa, nazioarteko publiko ikasiari begira? Eta abar.

Ez, gaur ez gara eztabaida horretan sartuko, soilik seinalatuko dugu liburu honetan Manexek gogoan daukan publikoa ez dela soilik euskaldunak, publiko akademiko zabala baizik. Kasu honetan, hori da giltza (eta beste kasu askotan… banan-banan aztertu behar dira).

Manex Goihenetxe
Manex Goihenetxe

III

Publiko akademiko zabal horrekin Manexek eztabaidatu nahi duena, funtsean, euskal abertzaletasunaren mitoak dira. Zeren gazteagoak direnak agian ez dute kontu hau gogoratuko, baina duela 30 bat urte euskal intelektualen artean boladan zegoen debatea euskal historiografiaren “mitoak” ziren edo, modu apur bat modernoagoan formulatua, euskal abertzaleok gure Historia mitifikatzeko dugun joera irreprimiblea. Apur bat geroago argitaratu zuen Hobsbawn-ek bere Nations and Nationalism Since 1780: Programme, Myth, Reality (1991), zeina The Invention of Tradition (1983) neurrigabe goratuarekin eta orain aipatuko ez ditugun beste batzuekin, debate intelektualaren tonua markatu zuten hamardaka pare baterako gutxienez: euskaldunon nazioa asmakizun hutsa da (invention) eta Historia/Historiografia mitozale eta mitifikatzaile batean oinarritzen da. Mitoa eta asmakizuna, horra euskal abertzaletasunaren laburpen motz eta erabateko bat. Abertzaleok gezurti kuadrila bat gara, besterik gabe, edo inozo totalak. Kitto.

Euskal intelektual asko apuntatu ziren interpretazio horretara. Garai bateko Euskadiko Ezkerra izan zen beren gotorlekuetako bat (alderdi horren lelo nagusia desmitifikatu beharra zen, gameluak edota elefanteak berak ere aspertzeraino errepikatua) baina argi dago ez zela fenomeno lokal bat; areago, beste inoiz aldeztu izan dudan bezala, parte handi baten 68ko iraultzaren marea behera izan zen funtsean, hots, nazioarteko fenomeno bat, gure artean ETAren kontrako borrokaren forma hartu zuena. Bestalde, euskal abertzaletasunaren kontrako borroka ideologikoa etengabea izan da espainolen artean, jakina, baina fase honetan berrikuntza aipagarri bat izan zuen: abertzale sutsu (are eta armatu) izandako batzuk ere, bapatean desmitifikazioaren sukarrak jo zituen eta fronte antiabertzalera pasatu ziren, txundidura eta harridura ez txikia sortuz ordura arte segitzaile izandako askoren artean. Garai nahasia izan zen, dudarik gabe, eta garaiaren zigilua, gainera, eztabaida akademikoa borroka politikoarekin guztiz nahastekatzea izan zen, non eta inoiz ez zen oso garbi gelditzen ETAren ekintzen gaineko balorazioa eta XVIII. mendeko gertakari batzuena, adibidez, gauza desberdin bi ote ziren, edo gaiztakeria abertzale esentzial beraren manifestazio huts eta paraleloak. Edo, kontrako espaloitik, edozein gertakari bortitz edo armatu (Matalezek Zuberoan gidatutako matxinada, kasu) goratu eta laudatu behar ote zen, sutsu, armatua izatearen arrazoi hutsez. Haiek garaiak, Jaungoikoa!

Zorionez edo zoritxarrez, nire inpresioa da orduko borroka politikoak guztiz iraganak direla eta, gaur egun, ez dutela pisu handirik, zenbait politikari, kazetari eta katedratiko jubilatu edo erdijubilaturen bazkalondoko berriketaldietan ez bada. ETArena, faktore politiko gisa, joan zen, hori faktu hutsa da, nire irudiko. Baina euskal abertzaletasuna hortxe dago beti, eta bidean gauza garrantzitsu bat galdu zaigulakoan nago, alegia, debate akademiko hartan (akademikoa zen neurrian, jakina) zerbait gelditu zitzaigun argitu gabe. Eta hori ere nire iritzi hutsa da, baina debate hura ondo itxi gabe joan zitzaigula iruditu izan zait beti. Beharbada arazo pertsonala da.

Eta beharbada horregatik erabaki nuen nik, duela hilabete pare bat, Manex Goihenetxeren liburu hau berrirakurtzea. Hogeita bost urte joan dira argitaratu zenetik, eta nire inpresioa da oso oharkabean pasatu zela bere garaian. Eta liburu garrantzitsua da, bi arrazoriengatik gutxienez: bata, Manex ez zelako izan Damaskora bidean tximistak jota zaldi gainetik erori eta Egiaz jabetutako konbertso bat, abertzale izateari inoiz utzi gabe eboluzio pertsonal oso interesgarria izan zuen militante bat baizik, eta bestea, Manex goi mailako ikertzaile bat izan zelako, Historian igeri egiten zuena bere konpromiso pertsonala argitzeko, baina beti diziplina akademikoaren oinarriei uko egin gabe. Hitz batez, Manex historialari militante bat izan zen hitzaren adiera onenean, eta liburu honetan jasotzen duena da, nire ustez, 80-90etako debate akademiko horietatik salbatu daitezkeen gauzarik interesgarrienak.

Zeren, garbi esan dezadan: euskal abertzalearen mitoak azalaretzea, azaltzea eta porrokatzea, akademikoki ona eta onuragarria izateaz gain, abertzaletasunaren ikuspuntutik oso beharrezkoa eta eskergarria da. Gure Historia ezagutzea oso beharrezkoa da, bertsiorik fidelena eta egokiena, mitorik gabea. Hori da liburu honetan Manexek eskaintzen diguna.

Pegaso zaldi hegalaria
Pegaso zaldi hegalaria

IV

Kostata irakurtzen den liburua da. Tesi bat da, eta egileak ez du ia-ia ukitu edo moldatu. Astuna eta luzea da, tesiak izan ohi diren bezala. Frantsesez irakurtzea, gainera, faktore astungarria da Hegoladekoentzat eta, hortaz gain, Iparraldeko Historia ezagutu behar da! Eta, tamalez, hori ere ez dugu apenas ezagutzen.

Historiografiari buruzko liburu bat da, gainera, eta hor aipatzen diren egile guztietatik… zenbat ezagutzen digutu, izenez sikiera? Zenbaten lanak irakurri ditugu? Eta gero gure herriaren Historiaz hitz egiten dugu… ze oinarrirekin?

Liburu hau irakurri beharrekoen zerrendan egon beharko luke beti, aipatu ditugun arrazoiengatik, baina hortaz gain, eta ororen buru, oso ikerketa ona delako eta Euskal Herriaren Historiaz ikuspegi berri bat ematen digulako.

Bi zati nagusitan banatzen da, lehena XVI-XVIII. mendeak hartzen dituena, eta bigarrena XIX. mendeari dedikatua. Kasu bietan, Euskal Herriaren Historiaz idatzi duten egileen lanak aztertzen ditu, lehen zatian ia-ia banan-banan (guztira hamaika baino ez dira), bigarrenean zenbait multzotan bilduz (guztira 66 egile dira, kontuak ondo atera baditut); ez zait oso argi gelditu zein iripide zehatz erabiltzen dituen zerrendak osatzeko, baina ez zait kontu bereziki garrantzitsua iruditzen: corpus bat definitzen du, batez ere irizpide geografikoa kontuan hartuta (hots, Ipar Euskal Herriaren Historiaz idatzi dutenak) eta nik corpus hori ontzat ematen dut, besterik gabe (edozein zuzenketa planteatzea eruditismoaren sailean barneratzea litzateke, eta oso-oso ez-gai sentitzen naiz horrelakoetarako). Manex eskola frantsesekoa da, alegia, anglosaxoiak ez bezala, beti saiatzen da taldeak, multzoak, klaseak… sortzen eta bere analisiak horien arabera gauzatzen, apur bat Durkheim handiak markatutakoaren bidetik, baina funtsean historialaria denez gero (eta ez soziologoa), nahita edo nahigabe banako egileen analisiei ere gogotsu ekiten dio (anglosaxoien erara) eta, esango nuke, horiek dira nire gusturako bere orrialderik distiratsuenak: Oihenart, Bela, Sanadon, Polverel… beti testuinguru soziopolitiko jakin batean txertatzeari ekiten badio ere, beren banakotasuna oso nabaria egin zait hainbat pasartetan; XIX. mendeko historialariekin zailagoa da banakotasunak nabarmentzea, baina Hariztoi, Duvoisin, Jaurgain… nahi gabe ere nabarmentzen dira. Nik neuk, zer esango dizuet, nahiago nukeen egile nabarmen batzuk hautatu izan balitu eta horiek bakarrik aztertu, banan-banan, besteak laburki aipatuz, baina ez da izan hori Manexen hautua: gizartea gizonaren gainetik jartzen saiatzen da beti, eta hori bere hautua da (bide batez, “gizona” guztiz apropos jarri dut, guzti-guztiak gizonak direlako; liburu honetan aipatzen diren emakume bakarrak, memoriak hutsik ez badit egiten, Joana Albret erregina eta Madalena Larralde martiri katolikoa dira, hots, pertsonaiak, ez egileak).

Azken atal labur batean ondorio orokorrak jasotzen ditu. Ez da bereziki distiratsua, bai ordea argia eta zehatza. Esana dut arestian, Manexen orrialderik onenak egile zehatz batzuen iruzkinari dedikatuak dira, eta analisi horien sakontasuna eta aberastasuna ez ditu ordezkatzen laburbilduma lehor xamar batek. Ezta nire aipamen are laburrago eta lehorrago batzuek ere. Liburuan murgiltzeko eskatzen dizuet, beraz, baina neure aldetik ondorio orokorrak jaso eta kritikatuko ditut gaingiroki.

Arnaut Oihenarten liburu ezagunena
Arnaut Oihenarten liburu ezagunena

V

Bada hitz bat hasierako hitzaurrean eta bukaerako ondorioetan hainbat aldiz agertzen dena eta liburua goitik behera markatzen duena: desjabetzea (“dépossession”). Nire ustez, liburuaren leit motiv-a da eta liburu honen asmoa ondoen laburbiltzen duen kontzeptua. Alegia, euskaldunok gure Historiaz desjabetuak izan ote gara? Edo modu gordinago batean esanda, kanpoko indar zapaltzaile batzuek (frantsesak nagusiki Iparraldeari dagokionez) gure Historiaz, hots, gure identitateaz, gabetu nahi izan gaituzte? Horien kontra erreakzionatu izan ote dugu, mendez mende, eta eraso zapaltzaileari ihardukitzeko asmoa izan ote da liburuan zehar aipagai izango diren historialarien asmoen giltza, ultima ratio-a?

Ezaguna denez, Manexek, bere lehenengo liburu eta artikuluetan, bete-betean bat egin zuen planteamendu horrekin, (Ipar) Euskal Herria herri kolonizatu gisa aurkeztuz (frantsesek kolonizatua, erran beharrik ez). Denboraren poderioz, ordea, iritziz aldatu zen, eta gure Historia beste termino konplexuago batzuetan esplikatzeari ekin zion; eta puntu honetan zilegi bekit anekdota pertsonal bat kontatzea: ondo gogoan daukat kontu horietaz hitz egiten ari ginelarik behin (Iruñeko UEUko ekitaldiren baten ondoko bazkari edo kafealdian), argiki arropustu zidala kolonizazioaz baino, maiteago zuela integrazioaz hitz egitea; alegia, azken lau mendeetako Ipar Euskal Herriko Historiari so, gaztetan ez bezala, jada ez zuen kolonizazio-prozesu bat ikusten, integrazio-prozesu bat baizik, frantses monarkian lehenengo eta Errepublikan gero. Iritzi aldaketa hori ez dirudi bat-batekoa izan zenik, prozesu luze baten ondorio baizik; prozesu horretako giltza nagusietako bat (ziur aski ez bakarra) Historiaren ikerketa sistematikoa izan zen, eta hain zuzen ere aipagai dugun liburua izan zen Manexen ikerketa nagusia, sakonena, erabakigarriena. Hori da nire ikuspuntua.

Ondorioz, Oihenart, Bela, Sanadon, Polverel… eta zer esanik ez, Duvoisin, Hariztoi edo Jaurgain, edo Xaho bera ere, ez dira kanpoko zapaltzaileari atzi altxatzen diren ahotsak, baizik eta testuinguru nagusiki frantses batean esplikatu behar diren historialari/intelektualak. Biraketa kontzeptuala erabatekoa da, edonor erraz konturatuko den bezala.

Baina, hortaz, zer dira egiazki Oihenart edo Xaho bat, nabarmenenak baino ez aipatzearren? Ez ziren, bada, nolabaiteko abertzaleak? Edo protoabertzaleak? Edo abertzaletasun modernoaren nolabaiteko inspiratzaileak? Zer esan behar dugu orain, erdipurdiko intelektual frantses probintziano batzuk besterik ez zirela? Ez, Manexek ez digu horrelako ezer esaten, esplizituki behintzat, baina ez ote da hori, finean, bere analisietatik ondorioztatu behar dena, azken buruan?

Ez da zaila ikustea tesi akademikoak eta ondorio politikoak oso erraz nahastu daitezkeela hemen. Gorago hitz egin dut horretaz, eta orain apur bat gehiago findu eta zehaztu nahi nuke esandakoa: politikari dagokionez, Manexek abertzale iraun zuen beti, horretaz ez dago dudarik txikiena ere ez, baina ahalegin handiak egin zituen debate politikoa eta ikerketa akademikoa argiki bereizteko; eta, halaber, Historiaren ikerketan sakondu ahala (tesia eginez) bere ikuspuntuak osoki atxilipurdikatu zituen. Oso-osoki. Aipu bakar batek balioko digu esan nahi dudana berresteko: Oihenart du aipagai nagusi, hots, euskal abertzaletasunaren panteoian leku garai batean egoteko baldintza guztiak betetzen dituen intelektuala, baina gaur egun hain aipatuak ez diren beste batzuk ere hartzen ditu barne:

Au niveau des auteurs les plus signifitcatifs des XVIIe-XVIIIe siècles (Oihenart, Béla, Sanadon, Polverel), il n´y a pas eu vraiment, quant au fond, une production historiographique spécifique du Pays basque, sinon dans la transmission des archétypes qui ont été analysés. Inutile de porter au pinacle A. d´Oihenart; il n´a rien d´exceptionnel pour le XVIIe siècle, si ce n´est son appartenance, avec bien d´autres historiens à “cette génération exceptionnelle”, issue de l´Humanisme et dont “tous les membres (…) sont ou seront de hauts magistrats animés d´un sens élevé de leur loyauté envers la Couronne”.” [azken lerroetako aipua Marc Fumaroli-rengandik hartua da, oharrean zehazten duelarik; enfasia neurea da] (249. or.)

Aipu bakar horrek, dudarik gabe, zer jorratu franko eskaintzen digu, baina askoz ere azalpen luzeagoak eta testuingurutze zabalagoa beharko luke. Orain, muinari baino ez diogu helduko, eta muin-muinean Manexek dioena da Oihenart ulertzeko gako nagusiak Frantziako giro intelektual eta politikoan aurkitu behar direla, eta ez Euskal Herrian. Zotz eta motz esanda, hori, eta ez besterik.

Baina zer esan nahi du horrek? Nola interpretatu behar da tesi hori? Borroka ideologiko antiabertzalean engaitutako hainbat historialarirentzat, argi dago: abertzaleok Historia faltsutzen dugu, Oihenart bat (kasurako) mitifikatuz eta abertzale gisa aurkeztuz, egiazki frantses intelektual bat besterik ez zenean, koroa frantsesaren interesen zerbitzura (Richelieu kardinalaren bidez, zehazki). Euskal abertzaletasuna gezur handi bat besterik ez baita egiazki. Iritzi bereko ote zen Manex?

Nire irudiko, garbi dago ezetz: hain juxtu ere Manexen ahalegina izan zen debate akademikoari bere autonomia aitortzea, tesi politikoen (alde batekoak zein bestekoak) morrontzatik askatzea aldarrikatuz; politikan, esana dugu gorago, abertzale iraun zuen, baina mundu akademikoan eman zuen ageriko biraketa hori apur bat zehatzago pisatu beharko genuke orain. Nire uste apalean Manex mutur batetik bestera mugitu zen, kolonialismotik erabateko integraziora, tarteko eremu zabala mespretxatuz. Muturreko posizio bat hartu zuen gaztetan, oso zalantzazkoa zena orduko testuinguru intelektualean ere, eta muturreko posizio bat hartu zuen ondoren, baita ere oso zalantzazkoa orduko giro intelektualean ere. Bi mutur, eta tartean eremu zabal bat, zeinetan abertzaleek eta anti-abertzaleek ere, zintzotasun intelektual pittin bat medio, ez genukeen aparteko arazorik izan behar oinarrizko kontu batzuetan bat etortzeko.

Adibidez, Oihenart. Argi dago abertzale (edo protoabertzale) gisa aurkezteak ez duela oinarri handirik; era berean, garbi dago ez zela extralurtar bat, orduko gizartean, politikan eta mundu intelektualean ondo kokatutako gizon bat baizik, eta mundu hori frantses monarkiaren mundua zen, nabarmen eta nabariki. Beraz, badirudi zentzuzkoena dela Oihenart giro horretan kokatzea eta gako horien arabera bere lanak irakurtzea. Baina horretan agortzen ote da Oihenart? Nire uste apalean ez. Bere garaiko ikerketa historiko serioenak egiteko gai izan zen gizona, euskarazko lehen gramatika aldi berean idatziz eta bere liburuan txertatuz (Larramendik baino mende bat lehenago), euskarazko poesia kultu eta landuak idatzi zituena halaber (era berean euskal poesigintzaz teorizatuz!), hori guztia egiteko eta latinez argitaratzeko (hots, ez soilik frantsesentzat, baita espainolentzat eta Europa osoko intelektual guztientzat), hori guztia egiteko gai izan zen gizonari, berriz diot, ez ote diogu aitortu behar maila intelektual nabarmen bat, beste guztien gainetik kokarazten duena? Ez ote dugu aldeztu behar zinezko intelektual bat zela, hots, bere giroaren eta garaiaren gainetik nabarmentzen den pentsalari eta idazle bat? Ala herri txikien intelektualak beti dira probintziano, eta Parisen bizi eta argitaratzen dutenak baino ez dira unibertsal?

Moises Michelangeloren begietan
Moises Michelangeloren begietan

VI

Bukatuko dut. Biziki estimatu eta miretsi nuen Manex bizi izan zen bitartean, uste dut hori garbi geratu dela, baina esango nuke liburu honekin (liburu guztiz garrantzitsu honekin) gehiegi aldendu zela sen onetik. Bere abertzaletasuna arrazoi garbiz oinarritzeko delibero argiak ikerketan sakontzera eraman zuen, zintzotasun intelektuala beste guztiaren gainetik ezarriz, baina beharbada urrunegi joan zen. Jean Goihenetche sinatu izanak zantzu argi bat ematen digu ildo horretan: kasualitate hutsa izan daiteke, ados, edo garrantzi berezirik gabeko gertakari hutsala, baina nire uste apalean beste zerbaiten zantzu bat da: Manexek mundu intelektual eta akademikoaren onespena bilatzen zuen, debate akademikoan sartu nahi zuen, eta zintzotasun osoz bere posizioak argitu. Abertzale iraunez beti, jakina, baina eremu horretan barna menturatuz, beste aldean zintzotasun berberarekin erantzungo zion norbait edo norbaitzuk aurkituko zituelakoan.

Aurkitu ote zituen? Ez dakit. Debatea bera, bestalde, bai politikan zein akademian, iraungita dago aspaldi, edo beste termino batzuetan planteatzen da, orduko aldean oso desberdinak (adibidez, orain ETAz hitz egiten da, abertzaletasunaz baino; aldaketa nabarmena da).

Nire ustez Manexen tesiak badute exajerazio-puntu bat; pena dut berarekin ezin eztabaidatzea bere liburua, argitaratu eta hogeita bost urtera berriz ere irakurri dudalarik. Zer erantzungo lidake? Idatzitako guztiak literalki mantenduko lituzke, edo zerbait goxatu formulazioa?

Edonola ere, liburu hau lehenago edo geroago irakurri beharrekoen zerrendan jar ezazue. Ez zaizue damutuko.

VII

HITZOSTEA: Testua osorik irakurri eta kontu bat aski azpimarratu ez izanaren sentsazioarekin geratu naiz. Hauxe da: liburu honetan ez da laburbiltzen Manexen pentsamendu osoa; aitzitik, ontzat ematen badugu bere pentsamenduaren giltza (azken urteotan bederen) izan zela debate politikoa eta akademikoa argi bereizten saiatzea, ondorioztatu behar dugu ez dela haizu liburu honetako tesiak beste alor batzuetara besterik gabe zalbaltzea. Alegia, liburu honetan duguna Manex historialaria da, Manex ikertzailea, hau da, Manex osoaren zati bat, ez besterik. Gainera, bere tesi akademiko zentralak ez ditugu ia aipatu ere egin (testuinguruaz aritu izan gara nagusiki) eta zinez mereziko lukete; adibidez, Baionaren eta barnealdearen arteko dialektika, hau da, (Ipar) Euskal Herriak ments izan duela benetako hiri bat zeinetan garatu kultura urbano bat (diskurtso historiko bat barne); tesi hori oso arnas luzekoa da eta ondorio praktiko handiak ditu; beste ildo garrantzitsu bat: (Iparrraldeko) euskaldunak, XIX. mendera arte, ez dira gai izan diskurtso historiko propio bat sortzeko (ezta Oihenartek ere!), eta XIX. mende bukaeran ere betiko klixe eta topiko basko batzuk errepikatu besterik ez dute egin funtsean, hau da, lau mende klixeak errepikatzen… non dago gure Historia? Eta ez ahantz, Historiarik gabe ez dago egiazko nortasunik, topiko batzuen errepikapen merkea baizik. Eta abar. Agian beste noizbait itzuli beharko genuke alderdi horiek jorratzera. Gaurkoz, aski da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude