GILGAMEX-en IBILERAK

Pruden Gartzia, 2017ko ekaina

Gil Bera, Eduardo, No hallarás la vida que buscas: Gilgamesh y la épica antigua, Madrid: Dioptrías, 2017, 234 or.

Liburuaren azala

Eduardo Gil Bera euskal idazle interesgarrienetako bat da, edo hala iruditu zait niri beti. Urte asko dira bere lehen liburua argitaratu zuela, Atea bere erroetan bezala (Pamiela, 1987) eta ondo gogoan daukat euskal letren panorama beti estu eta etxekoian eragin zuen iraultza txikia: euskara batu perfektuan idatzita egon arren, idaztankera guztiz berrizalea zen orduko parametroetarako, nolabaiteko nafar-lapurtera bat, Axularren oihartzun nabarmenak zekarzkiena. Gaiaren aldetik ere erabateko berritasuna zen: entsegu filosofiko bat zen, zotz ala motz esanda, batere itxura akademikorik ez zuena; aitzitik, Montaigne-ri edo Gracián-i irakurtzea bezalakoa zen, baina euskaraz. Hitz batez, liburuari bete-betean zerion horrelako anakronismo bitxi bat, euskal pentsalari barroko baten emaitza balitz bezala, baina XX. mendearen bukaeran. Eta baliteke berez hala izatea; izan ere, ez zait Gil Beraren definizio egokiagorik bururatzen: euskal pentsalari barroko bat, originaltasun handikoa.

Ni berehala bihurtu nintzen Gil Beraren jarraitzaile, eta miresle, eta esango nuke ordutik bere hainbat liburu erosi eta irakurri ditudala, gehienetan atsegin handiz. Asko ez ginen izango, apika, baina esango nuke lorratz nabarmena utzi zuela euskal letretan, haietara emana bizi izan zen urte gutxian. Zeren, nire irudipen hutsa izan daiteke, baina esango nuke berak markatu zuela euskal literaturan euskara batuaren sorreratik hona egon den bihurgune nagusietako bat, alegia, berak erakutsi zigun, beste inork baino erradikalago, euskara batua ez zela soilik nolabaiteko gipuzkera estandarizatua, baizik eta guztiz posible dela euskara batu perfektuan idaztea bestelako tradizio eta oihartzun batzuei segituz, kasu, Nafarroako euskara, bere zabaltasun eta indeterminazio osoan. Aingeru Epaltzaren estilo hain karakteristiko horren posibilitatea, ez ote zuen Gil Berak lehen aldiz sinesgarri bihurtu? Anjel Lertxundiren Otto Pette (Alberdania, 1994) bikaina, ez ote zuen berak iragarri? Areago, Sarrionandiaren bizkaiera-behenafarrera nahasketa bitxi eta durduzagarri hura, ez zuen berak nolabait sendotu eta nolabaiteko nafarrera batera osoki lerratu? Izan ere, gogoan gorde dudan oihartzun urrun baten arabera, Gil Berak eta Sarrik elkar ezagutu zuten hura gartzelara sartu aurretik… Tira, ez da erraza jatorrizko aipua aurkitzea, baina ez dut uste nire memoriak engainatzen nauenik.

Baina beste modu batera ere esan dezaket gauza berdina edo antzekoa: 1989a izan zen Atxagaren Obabakoak-en kontsagrazio-urtea eta ordutik, Asteasuko semeak mugatu zuen ezin hobeki zein zen euskal literaturaren kanon ofiziala, bai gaiari dagokionez zein idaztankerari buruz. Bada, nire hipotesia da urte bertsuetan Gil Berak, nolabait, kanon alternatibo bat marraztu zuela, kanon neonafarra, zilegi bazait bataiatzea, eta mugimendu berean ikus dezakegula Sarrionandiaren, Lertxundiren eta Epaltzaren ekarpen argiak. Gil Bera izan zen eragilea, ala soilik kanon alternatiboaren definizio muturrekoena eta argiena eman zuena, mugimendu zabal eta koral baten barruan? Ez dakit. Garbi dago aipatu ditudan hiru egileek beren eboluzio pertsonala izan zutela, nork bere bidea, Tuterako semearengandik aparte (Gil Bera tuterarra da), eta bakoitzaren estiloaren bilakaerak ziur aski norberaren barne-garapenari zor diola bultzada nagusia, beste barik. Baina, aldi berean, bada euskal literaturan hari gorri (neo)nafar bat, Diez de Ultzurrunekin, Epaltzarekin edo Gil Berarekin hasita Pello Salabururenganaino luzatzen dena, batuan, euskara batua perfektuan, idazteko molde berezi bat, inoren begietan berehala nabarmentzen dena. Ez dakit Gil Bera guraso fundatzailetzat hartu behar den edo soilik aintzindaritakotzat, baina ildo horrek kolore berri batez aberastu du gure literatura eta Atxaga-Izagirre-Saizarbitoriaren idaztankera hegemonikoari alternatiba sinesgarri bat aurkeztu. Beti ere euskara batu, moderno eta urbanoan ari garelarik, jakina.

0094 Eduardo Gil Bera Atea bere erroetan bezala

Dena den, agian exajeratzen ari naiz Gil Beraren papera. Euskaraz dozena eskas bat liburu idatzi ondoren (hiru saiakera filosofiko, poema liburu bat, haur literaturako eleberri labur pare bat eta itzulpen batzuk, ezer ez bazait ahaztu), euskaraz argitaratzeari utzi zion lehen liburua atera eta handik zortzi bat urtera. Eta beharbada apur bat ahaztua eta baztertua gelditu zen gure errepublika txikiaren plazan. Eta gaztelaniaz argitaratzen hasi zen, ziur aski lumatik bizi beharrak eraginda eta euskal merkatuaren txikitasunak hartaratuta. Ez diot inoiz irakurri erabaki horren gaineko adierazpen asaldagarririk, hainbat euskal idazleren artean garai batean (Mirande, Aresti…) hain arruntak izaten zirenak, eta hortik kontu egin dut ez dagoela euskarari uko egiteko inolako deliberorik, bestelako zirkunstantzia eta aitzingibel batzuk baizik. Izan ere, maiztasuna asko jaitsi badu ere, segitu izan du euskaraz itzulpenak argitaratzen (Hölderlin-enak, adibidez) eta badira urte batzuk jakin genuela Homeroren Odisea osorik itzulita duela euskarara, baina ez dugu liburu hori argitaratuta ikusteko zoririk izan, ziur aski arrazoi komertzialak direla medio, eta ez besterik. Nire albiste ez bereziki zehatzen arabera, gaur egun ere Baztanen bizi da eta, ziur nago, euskara eguneroko hizkuntza du tenore askotan.

Gaztelaniaz bi dozenatik gora liburu argitaratu ditu, itzulpenak barne (bereziki alemanetik aritzen da). Nik neuk ez diot segimendu esturik egin, besteak beste Espainiako argitaletxetan atereak direlako gehienak eta, gainera, aspaldi utzi niolako autore baten lan guzti-guztiak irakurtzeko irrika jubenilari, baina bada bat bereziki azpimarratu nahi nukeena: Os quiero a todos (Pre-Textos, 1997). Eta bai, miresten dudan beste nafar autore batek (Zaldierok) esan ohi duenaren ildotik, ez dut asmorik Aranbururen Patria (2017) irakurtzeko, baina liburu horren inguruan antolatu den zirku eta porrujotze nabariaren erdian ez naiz geldituko aitortu gabe inork ETAri buruzko eleberri on bat irakurri nahi badu gaztelaniaz, Gil Beraren Os quiero a todos hortxe daukala aukeran, eta euskal terrorismoa dela-eta batzuk Espainia osoa miraz betetzeko darakusten ahalari dagokionez… hara, hobe isiltzen banaiz. Oso ospetsua bihurtu dira gure artean nik ere biziki miresten dudan Rafael Chirbes eta bere nobelagintza, besteak beste garai baten lekukotasun gisa; bada, Gil Beraren horrek, nire uste apalean, ez dio inbidia handirik Chirbesen edozein lani, eta antzekotasunak ere badituela esango nuke: bizia, umoretsua, esperpentikoa batzuetan, oso-oso urrun edozein korrektotasun progre-espainoletik. ETAren gaineko gaztelaniazko eleberriek izan ohi duten arrakasta ikusita, misterio bat da niretzako nola ez den behin baino gehiagotan berrargitaratu. Agian ez dator bat errelatoarekin (tira, esanguratsuki Chirbes ere ez dator bat Trantsizio Demokratiko Eredugarriaren errelatoarekin, baina horretarako behintzat badago tolerantziarik Espainian, zorionez) … galdu naiz, zer esaten ari nintzen? Bai, falta zitzaidan gaineratzea ni bezalako abertzale batentzat Gil Berarena ez dela plater bereziki goxoa, hori ere argi dago, baina hala eta guztiz ere (edo horregatik ere, apika) oso pozik irakurri nuen.

Eduardo Gil Bera (El Boomerang)
Eduardo Gil Bera (El Boomerang)

Eta bi orrialde luze idatzi ondoren, badirudi ordua heldu dela gaur okupatu beharko nindukeen liburuaz zerbait esateko. Eta iruzkin hain inkongruente hau honez gero asko luzatu denez gero, labur bukatuko dut: No hallarás la vida que buscas Gil Beraren azken liburua besterik ez da, erran nahi baita, aldi berean biltzen ditu egilearen dohain eta tatxa guztiak, biak. Izatez, Gilgamex poema epiko sumeriarraren gaztelaniazko itzulpen bat da funtsean, hitzaurre moduko testu sorta luze batez aurre-hornitua baina, adi, zuzenean sumerieratik itzulia. Bai, zuzenean sumerieratik itzulia.

Baina Gil Berak ba ote daki sumerieraz? Poliglota zela ezaguna zen: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, latina, greziera… denak obsesiboki ikasiak, zuztarreraino. Baina sumeriera? Bada, ez soilik ikasi du hizkuntza hori, baizik eta bere burua gai ikusten du aditu orori zuzenketak egiteko eta, betiko euskal tradizio filologiko-eruditoari jarraiki, gure hizkuntzarekin harremanetan jartzeko. Entzuten duzuen bezala, euskara eta sumeriera, biak lotzen ditu, apur bat Jurgi Oteitzak egiten zuen tankera berean. Edo oso antzera.

Eta zein da emaitza? Emaitza liburu irreberente bat da. Beste bat, Gil Beraren liburu guztiak bezala. Eta horretan datza bere meritu nagusia, eta baita bere demeritua ere. Gil Bera irreberentea da, originala, epatantea, eruditoa, bizia, alegera, bihurria, joria eta atsegina. Baita ipurterrea ere, nabariki, eta ororen buru, petrala. Baina zoragarri idazten du, bai euskaraz, bai gaztelaniaz. Hitz batez, Gil Beraren idaztankera xarmangarria da. Zer besterik behar duzu liburu honi ekiteko, euskalduna?

Gilgamx-en irudia (Wikipedia)
Gilgamx-en irudia (Wikipedia)

Eta bai, Juan Errandonea beratarra ez da, ziur aski, mentorerik gomendagarriena euskara-sumerieraren labirinto filologikoetan barna. Ez dakit, ni ez naiz filologoa, baina beste modu batera esanda, ez da gaur egungo erreferentzia akademiko bat, unibertsitatean aintzat hartuko dutena. Bitxia da Errandonea hau, ziur aski mereziko luke norbaitek haren gaineko ikerketaren bat egitea, gaur egun ezagutzen ditugun bizpahiru pintzelkadetaz haruntzago (doktore Erroman, unibertsitateko katedradun Madrilen, sumerieran, akadieran eta antzekoetan aditu…), baina, azpimarratu nahi nuke, ni neu filologoa ez banaiz ere, esango nuke gaur egun ez dagoela boladan gure Filologia fakultateetan. Gil Beraren digresio linguistikoak ere, ziur naiz, unibertsitatean ez dituzte aintzat hartuko.

Eta zer? Gil Bera ez da filologo bat, ez. Gil Bera pentsamenduaren poeta bat da, barrokismo ororen labirintoan bertan goxo gelditua. Umberto Eco euskaldun bat, haren dimentsio unibertsitaria kenduta. Hitz batez, euskal literaturaren Oteitza berpiztua. Nik atsegin biziz irakurtzen ditut haren liburuak. Adibidez, hau.

Baina gure artean horrelako idazle mutiririk maite ez dituztenak ere badirenez gero, azken aholku bat: ekiozue liburuari 137. orrialdetik, hots, Gilgamex poemaren itzulpenetik. Ederra da testua, biziki ederra. Ondoren, poema amaitu ondoren, erabakiko duzue Gil Beraren digresioak eta azalpenak irakurri nahi dituzuen. Eta on egin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude