CHATEAUBRIAND, MOGEL ETA EUSKAL LITERATURA

Pruden Gartzia

2016ko abendua

Chateaubriand: Oeuvres choisies, Avec Introduction, Bibliographie, Notes, Grammaire, Lexique eta Illustrations documentaires / par Ch. Florisoone, 5e ed., Paris: Librairie Hatier, 1926. 436 or.

liburuaren-ataria

Baneraman urte batzuk Chateaubriandez interesatuta eta haren lanen bat irakurri nahian, goian duzuen bilduma ikusi nuenean internet bidez, prezio merke batean. Eta probatzea erabaki nuen. Eta ez hori soilik, probatzeaz gain frogatzea ere erabaki nuen, alegia, Chateaubriandez aurrez neukan aierua frogatzen saiatzea. Emaitzak nire aurreikuspen guztiak gainditu ditu: François-Auguste-René de Chateaubriand bizkondea (1768-1848) autore giltzarri bat da euskal literaturaren historia ulertzeko, erabat ezinbestekoa. Saiatuko naiz esplikatzen zergatik.

François-Auguste-René de Chateaubriand (1768-1848)
François-Auguste-René de Chateaubriand (1768-1848)

Chateaubriand idazle ezaguna da europar kanonean eta edozein lekutan begiratzen duzula, ziur aski, zuzen edo zeharka beti ondoko etiketekin agertzen da, besteak beste: katolizismoaren apologista, Erromantizismo literarioaren abiatzaileetako eta autore aipagarrienetako bat da Frantzian, aldi berean garaiko politikan goi mailako postuak eta erreferentzialtasun handia izan zuelarik; hortaz gain, pentsamendu kontserbadorearen ideologo nagusietako baten gisa aipatu ohi da, besteak beste Edmund Burkerekin batera (adibidez). Alegia, Erromantizismo katoliko eta kontserbadorearen irudi ezagunenetako bat, literaturan eta politikan itzal handia izan zuena azken bi mendeetan. Duela berrogeita hamar urtera arte-edo, esango nuke nik, hau da, 1960etako hamarkadan munduko (Europako?) kulturan atxilipurdi handi hura gertatu arte, arrunki 68ko Iraultzaren etiketaren bidez deskribatu ohi duguna.

Gaineratu dezadan frantsesa zela, baina Bretainian jaioa, eta hori ez da ohar intraszendente bat guretzat, euskaldunontzat. Bretaina oso presente egongo delako beti bere gogoan, Bretainiako kultura katoliko eta kontserbadorea, errotik antiiraultzailea. Baina esan dezagun bere hitzetan:

Le soleil, dit le P. Maunoir, n´a jamais éclairé canton où ait paru une plus constante et invariable fidelité dans la vraie foi, que la Bretagne. Il y a treize siècles qu´aucune infidélité n´a souillé la langue qui a servi d´organe pour precher Jesus-Christ, et il est à naitre qui ait vu Breton bretonnant prècher autre religion que la catholique. (Mémoires d´outre-tombe: Première Partie: La jeunesse, 1788-1800) [enfasia gurea]

Garrantzitsua da aipu hau bere osoan ulertzea eta, beraz, euskaraz emango dut jarraian:

Eguzkiak, hala dio aita Maunoir-ek, inoiz ez du argitu eskualde bat non sortuko litzatekeen egiazko fedearekiko halako fideltasun etengabe eta aldaezinik, hala nola Bretainian. Badira hamahiru mende ezein desleialkeriak ez duela zikindu Jesu-Kristo predikatzeko organotzat baliatu den hizkuntza, eta jaiotzeko dago ikusiko duena bretainiar bretaineradun bat katolikoa ez den beste erlijio bat predikatzen.

Beraz, bretaineradun, fededun, horra guretzat hain ezaguna den leloaren jatorria (euskaldun, fededun), Chateaubriand da aita intelektuala. Bretainia katoliko eta antiiraultzaile hori da gure Euskal Herri maitearen ispilua. Bretainia, eta ez Gaztela, Italia, Polonia, Irlanda edo beste edozein leku. Hori ulertzea bereziki garrantzitsua da euskal literatura zer den ulertu nahi bada. Horra nire tesia, labur esanda.

Carnac (Bretainia)
Carnac (Bretainia)

Baina Chateaubrianden liburu postumo bat aipatuz hasi gara, 1849-1850 bitartean argitaratua, berak berrogei bat urte pasatu arren hura idazten, eta arrunki haren lanik zabalduena eta aipatuena baldin bada ere, ez da guretzat garrantzi handiena duena. Izan ere, gorago esan dugun bezala, Chateaubriandek parte hartze handia izan zuen XIX. mendeko lehen hereneko politikagintzan eta bere memoriak, agian, horregatik izan ohi dira gogoratuenak, hortxe jasotzen direlako hainbat gertakari historikoren xehetasunak (modu eder-ederrean narratuak) eta bere bilakaera politiko gorabeheratsuaren zertzeladak. Baina guretzat, euskaldunontzat, eragin politiko zuzena baino eragin literarioa da muntazkoa, askoz ere iraunkorragoa eta sakonagoa izan delako gure artean kontzientzia kolektibo euskaldun bat sortzeko bidean. Kontzientzia berri hori, esan dezadan argi, Frantziako Iraultzaren ondoren sortzen da eta honez gero aipatu dugun bi hitzetan mamitzen da, euskaldun fededun, 1960era arte (gutxienez) euskaltzaleen mundu-ikuskera laburbiltzen duena. Inplikazio politiko nabarmenak dituen leloa, jakina, baina poiltikatik hareindi doana, gizartean eta kulturan arrasto sakona utziz.

Frantziako Iraultza, beraz, da gure literatura ulertzeko giltza nagusia, Frantziako Iraultza eta berak eragindako ondorioak, eta ez iragan urrunago batean gertatutako erlijio-gerrak eta heretikoen kontrako errepresioaldiak. Zeren nire iritziarekiko lausotasun oro ezabatze aldera, dilema modura aurkeztuko dut afera: zer da garrantzitsuago euskal literaturentzat, Trentoko Kontzilioa (topikoki errepikatu izan den bezala) ala Frantziako Iraultza? Nire irudipena da Eliza Katolikoak euskal gizartean izan duen eragin itzelaren azpian, eta gogora dezagun eragin hori XX. mendean inoiz baino handiagoa izan dela, alegia, frankismopean, Eliza Katolikoaren pisu garaikide itzelaren azpian, esaten nuen, gure literaturaren historiaren teoriko klasikoen gogoa (Orixe, Mitxelena, Lafitte, Villasante) Trentoko Kontzilioraino hegaldatu zela, baina egiazki askoz ere hurbilago zegoela beren galderen erantzuna, zehatz-mehatz esanda, XIX. mendearen hasieran. Beste modu batean esanda, euskal literaturaren autorerik enblematikoena ez da Axular (edo Leizarraga, edo Lazarraga), Juan Antonio Mogel eta bere Peru Abarka baizik. Galde dezagun, beraz, zer ikusi dauka Mogelek Chateaubriandekin?

peru-abarka-liburua

Erantzuna ebidentea da: Mogelen mundua ez da XVI eta XVII. mendeetako erlijio-gerren mundua, Antzinako Errejimenaren krisialdi handiaren mundua baizik, XVIII eta XIX. mende artean. Denok dakigunez, Antzinako Erregimena izenaren bidez ezagutu izan den kultura eta gizartea XVIII. mendean hasi zen sakonki kuestionatua izaten, bereziki maila intelektualean. Ilustrazioaz ari naiz, jakina. Argiak. Eta, beste aldean, Ilunak. Horrela hasi ziren gauzei begiratzen orduan. Oso ezaguna denez, borroka intelektual horren garaile nabarmenak filosofoak izan ziren (Montesquieu, Voltaire, Rousseau eta enparauak) eta, hainbeste aipatzen ez bada ere, galtzaile nagusia Eliza Katolikoa izan zen eta, bereziki, haren abangoardia intelektuala osatzen zuten jesuitak: labur esateko, 1767an egotzi zituzten Espainia eta Frantziako erresumetatik eta 1773an, presio itzelen ondorioz, Aitasantuak ordena desegin zuen. Euskal literaturarentzat kolpe itzela izan zen: jesuitek osatzen zuten orduan euskal literaturaren bizkar hezurra (Larramendi, Kardaberaz, Mendiburu) eta haiek hilda edo egotzita, erabat umezurtz geratu ginen, pizkunde literario zapuztu baten erdian, basamortu intelektualean berriro.

Baina lehen gudua baino ez zen izan Europan: hogei urte geroago, iraultzaren gorrian, lepoa moztu zioten Frantziako erregeari Parisen eta antzinako probintzia guztietako berezitasun oro suntsitzeari ekin zioten gogotik; Ipar Euskal Herrian, besteak beste, lege zahar guztiak desegiteaz gain lurraldearen identitaterik oinarrizkoena ere porrokatu nahi izan zuten, Bearnoko departamentuan integratuz. Laster iritsi zitzaion txanda Hegoaldeari, Foruak desegiteko saio temati eta jarraien bidez; Foruekin batera, denok dakigunez, baita ere gure nortasun kolektiboaren edozein zantzu desegin nahi zen, herria erabat gaztelanizatuz eta espainolduz, hots, estatu berri konstituzionalaren beste edozein lurralderekin erabat uniformizatzen saiatuz.

Eta hori izan da gure historiaren ardatza azken bi mendeotan, bai Ipar zein Hegoan: asimilazionismoaren kontrako borroka luze bat, nortasunari eusteko saio agoniko bat, etengabea. Ingude horretan forjatu da gaur egun euskal literatura deitzen dugun artefaktu hori, zerikusi gutxi daukana XVI eta XVII. mendeko kontuekin, eta handia Parisen 1793an jakobinoek martxan jarri zuten makina suntsitzailearekin. Gaur egun oraindik ere ibili dabilen makina. Jakobinismoa.

Voltaire (Wikipedia)
Voltaire (Wikipedia)

Eta Chateaubriand? Bada, inork baino hobeto haragitzen du Europako katolikoen paraderoa Argien filosofiaren eta Iraultzaren politikaren presioaren azpian: punturik baxuenean zeudenean, diskurtsu berritzaile oso bat antolatzeko gai izan zen, jakobinismoari ezezik liberalismo progresistari ere aurre egiten ziona ideietan eta literaturan (bere ibilibide politikoa bazter utziko dugu orain). Erromantizismo kontserbadore eta katolikoa, horra euskaldunok gure teorizaziotan ignoratu izan dugun kontzeptu bat, gure literaturen historia beste ezerk baino hobeto esplikatzen duena. Chateaubriand da gure literatura ulertzeko zinezko giltza, ondoko lerroetan frogatzen saiatuko naizen bezala.

Testuinguru horrean, bi obra dira bereziki aipatu beharrekoak: 1802an argitaratu zuen Le Génie du Christianisme eta 1809an Les Martyrs ou le Triomphe de la foi chrétienne, biak izugarrizko arrakasta izan zutenak bere garaian eta etengabe irakurri eta aipatu zirenak XX. mendea ondo sartua egon arte. Biak dira lan literarioak eta erabat apologetikoak kristautasunerako, lehena saiakera literarioaren esparruan sartzen da eta bigarrena, aldiz, hitz lauz idatzitako poema epiko gisa deskribatu ohi da. Ez dute Chateaubrianden traiektoria osoa esplikatzen, baina gu horien aipamenean geratuko gara gaur. Orobat, argi dezadan ez ditudala osorik irakurri, goian zehaztu dudan liburuan dakarren ohar argigarri, txatal hautatuak eta falta diren kapituluen laburpenak baizik, baina gaur esan nahi dudana esateko uste dut nahikoa dela.

Le Génie du Christianisme-k antzekotasun itzelak dauzka Mogelen Peru Abarkarekin. Orain dela urte pare bat frogatzen saiatu nintzen bezala (Berrirakurketa historiko bat: Peru Abarka (1802) https://www.unibertsitatea.net/blogak/inguma/2013/11/06/berrirakurketa-historio-bat-peru-abarka-1802/ ) Mogelena Antzinako Erregimenaren apologia bat da funtsean, berritasun nagusi gisa euskal hizkuntzaren erreibindikazioa lehen lerrora dakarrena euskal nortasunaren oinarri ezinbestekotzat; bada Chateaubrianden Génie-a ere Antzinako Erregimenaren apologia bat da, baina indar nagusia ez dago hizkuntzan, erlijio katolikoan baizik, frantsesen (europarren eta, hedaduraz, mundutarren) bizimoduaren oinarri ezinbestekotzat hartuta. Baina bietan argi dago erlijioarekin eta hizkuntzarekin batera, edota haiek baino haruntzago, bizimodu oso bat da defenditzen dela, gizarte tradizional kontserbadore eta patriarkal bat, Erregearen eta Elizaren menpe zoriontsu bizi dena, progresoak dakarren hondamendi guztietatik salbu. Izan ere, gure idazle bientzat progresoaren ideiak dakar iraultza, eta iraultzak berak mota guztietako desmasiak: hilketak, lapurretak, erreketak, ordenarik eta burubiderik gabeko gizarte bat, herritarren zoriona baino atsekabe osoa eta itxaropen eza dakarrena. Eutsi diezaiogun, beraz, mundu zahar eta eder hari, bere erlijio, hizkuntza, ohitura eta lege zahar eta betikoekin. Eta utikan progresoa!

Gai eta helburuetan ezezik, idazlan biek kidetasun nabarmena dute idatziak izateraren tenorean: 1802an argitaratu zen Chateaubriandena eta urte berean ondu zuen Mogelek berea, argitaratu gabe geratu zena bera handik gutxira hil zelako. Baina biak urte berekoak dira, eta urte hori oso-oso berezia da Europako Historian, hona zergatik: Frantziako Iraultzaren faserik gogorrena gainditurik, Bonaparte jabetu da botereaz eta egoera lasaitzeari ekin dio erabakimenez; besteak beste Eliza Katolikoarekiko harremanak normaltzen ditu eta 1801ean (adi datari!) Konkordatua sinatzen du Aitasantuarekin: berriro ere elizak zabaltzen dira, apezpikuak eta apaizak izendatzen, kultua normaltzen… eta, batzuentzat, badirudi erregearen nolabaiteko itzulera denbora kontua besterik ez dela izango. Bai, laster erregea itzuliko omen da eta, berarekin batera, ura bere bidera.

Testuinguru horretan Chateaubriandek bere apologia argitaratzen du eta izugarrizko arrakasta dauka. Bi hitzetan, une zehatz horretan, 1802an, eta une zehatz horretan bakarrik, eta urtebete edo bi urtez gehienera, badirudi Frantzia osorik baketuko dela eta Europa itzuli egingo dela bere oreka klasikora. Baina 1804an Bonapartek bere burua enperadoretzat aldarrikatzen du eta gerra berriro abiatzen da, beste hamar urtez kontinente osoa odoletan itoz etenik gabe: Austerlitz, Jena, Bailén, Borodino… Waterloo! Baita Gasteiz ere, gogoratu dezagun Beethovenek berak sinfonia bat dedikatu ziola gudu horri (8.a), baina ez da hori orain daturik esanguratsuena guretzat, beste hau baizik: Beethovenek lehenago beste bat dedikatu nahi izan zion Napoleoni berari, 3.a edo Eroica, Frantziako bakegilearen apologia sutsu gisa konposatzen hasi zena, hain juxtu ere, 1802an! Bai, 1802 esperantzazko urte bat izan zen Europan; baina 1804an, Napoleonek bere burua enperadoretzat koroatu zuenean, Beethoven guztiz haserretu zen eta haren izena ezabatu zuen pentagramaren titulutik. Ikusten dugunez, Chateaubriand ez zen izan dezepzionatu eta amorratu bakarra; gure Mogel, ziur aski, berdin haserretuko zen, baina astebete lehenago hil zen.

Ludwig van Beethoven (Wikipedia)
Ludwig van Beethoven (Wikipedia)

Itzul gaitezen gurera. Esan dugu Peru Abarka eta Génie-a abagune berean idatzi direla eta helburu berberarekin, mundu tradizional katolikoaren apologia bat egitea. Helburu eta tenorea ezezik, planteamendu orokorrean bat egiten dute: Chateaubriandek bigarren mailan utzi zuen katolizismoaren aldeko argudio teologiko-filosofikoak ematea eta, horren ordez, mundu tradizional katolikoaren edertasuna kantatu zuen prosa goxo batean: naturaren deskribapen zoragarriak, Erremantizismoaren molde berrian idatziak, zuzen-zuzunean lotzen dira katolikoen Jainkoarekin: nor da edertasun horren guztiaren sortzailea? Nola da posible Naturaren ikuskizun zoragarri horren aurrean erraietaraino hunkitua geratzen dena ez konturatzea edertasun oro Jainkoagandik datorkigula? Eta ez paisaia bakarrik: txoriak, elizak, eraikinak, hilerriak, aurriak… eta kanpaien soinua, otoitzak, elizkizunak, sermoiak, bihotzari zuzen-zuzenean doan mundu zahar hori guztia, bere osotasunean. Mundu ezinago eder bat. Ez ote da oso antzeko gauza bat Mogelek egiten duena? Hau da, euskal baserritarren mundu txiki eder hori, xehe-xehe deskribatzea? Eta besterik ez, nahikoa da mundu horri berez darion edertasunaz jabe gaitezen denok. Ez dago argudio filosofiko-teologikoen beharrik.

Dena den, ez gaitezen itsutu. Antzekotasunekin batera, badira diferentzia deigarriak, jakina. Nagusia, nire begietan, forma da. Hots, Chateaubriandena estetika erromantiko guztiz berrizalea den bezala, Mogelek hautatzen duen moldea guztiz klasikoa da, Antzinatetik gaur egunera arte, Ernazimentutik pasatuz, Filosofiaz edo Politikaz argudiatzeko erabili izan den molde nagusia: dialogo sokratikoa bizpahiru lagunen artean. Beraz, Mogel baitan idazlanaren forma guztiz klasiko eta tradizionala da, edukia da erabat berria; aldiz, Chateaubriand baitan, forma eta edukia berritzaileak dira guztiz. Eta, zeresanik ez, frantsesa bat-batean Europako idazle ezagunenetakoa bihurtu zen bitartean, euskaldunaren eskuizkribuak handik laurogei urtera ikusi zuen argia, hortik aurrera gure artean beti oso aipatua eta goratua izan bada ere. Baina ez ondo ulertua, nire uste apalean. Peru Abarka abertzalearen begiekin irakurtzea beti posible bada ere (zergatik ez?), garbi dago ez zuela abertzale baten lumak idatzi, katoliko antiiraultzaile batenak baizik.

Eta agian ez da gehiegizkoa izango hona aipu luzexka bat ekartzea, irakurleak berak zuzenean dasta dezan bi egileen artean dagoen aldi bereko kidetasuna eta aldea:

Il nous arrivait souvent de nous lever au mileu de la nuit et d´aller nous asseoir sur le pont, où nous ne trouvions que l´officier de quart et quelques matelots qui fumaient leur pipe en silence. Pour tout bruit on entandait le froissement de la proue sur les flots, tandis que des étincelles de feu couraient avec une blanche écume le long des flancs du navire. Dieu des chrétiens! c´est surtout dans les eaux de l´abime et dans les porfondeurs des cieux que tu as gravé fortement les traits de la toute-pouissance: des millions d´étoiles rayonnat dans le sombre azur du dôme céleste, la lune au milieu du firmament, une mer sans rivages, l´infini dans le ciel et sur les flots! Jamais tu ne m´as plus troublé de la grandeur que dans ces nuits où, suspendu entre les astres et l´Océan, j´avais l´immensité sur ma tête et l´immensité sous mes pieds!

Je ne suis rien: je ne suis qu´un simple solitaire. J´ai souvent entendu les savants disputer sur le prémier Etre, et je ne les ai point compris ; mais j´ai toujours remarqué que c´est à la vue des grandes scénes de la nature que cet Etre inconnu se manifeste au coeur de l´homme. […]

Il eût bien à plaindre celui que dans ce spectacle n´eût point reconnu la beauté de Dieu. (Le Génie du christianisme, Prémiere Partie, Livre V, chap. XII)

Asko luzatu gara honez gero eta, nahita nahiez, ezin dugu aipatu dugun bigarren liburua, Les Martyrs (1809), nahi bezain luze iruzkindu. Bi gauza besterik ez: batetik, Chateaubriand konturatu da zein inozoa izan den Bonaparteren baitan itxaropena jartzen eta, hortik aurrera, sutsuki erasango dio beti; bestetik, Iraultzailaren epikaren kontra ez du arrazoirik edo argudiorik erabiliko, epika berri bat sortu baizik, Eliza militantearen epika, ehun eta berrogeita hamar urte baino gehiago iraungo duen epika zoragarri bat, iraultzaileena bezain zoragarria. Epika katolikoa, Inperioaren zapalkuntzari aurre egiteko bizia eman zuten martiri kristau bihoztoien epika. Gudu-zelaira borrokatzera lehenengo, eta zirkuko areetara gero, lehoien atzaparretan hiltzera, alai eta pozik joateko prest dauden kristau militanteen epika. Armak eskuetan lehenengo, bihotzak zabal Jainkoari eskainiak gero, irrifarre bat ezpainetan, agintari harroen begipean. Eta berdin dio Inperio Erromatarra edo Napoleondarra, edo besterik. Euskaldun askok ere, berdin, ehun eta berrogeita hamar urtez guztiz prest agertu ziren bizia emateko erregearen eta erlijioren alde, beltzen edota gorrien kontra azken odol tanta eman arte borrokatuz, karlistadetan eta ondoko gerra zibilean; sarri askotan, gainera, Foruak eta Lege Zaharrak sartu zituzten ekuazioan, Jainkoarekin eta Erregearekin batera, baina ez guztiek, eta ez beti. Gogoratu beharko genuke, adibidez, Juan Jose Mogelek (1781-1849), Juan Antonioren ilobak, euskarazko liburuak idazteaz gain ez zuela inolako erreparorik izan politikan bete-betean inplikatzeko, apaiza izan arren, eta ildo horretan kargu politiko garrantzitsuak izan zituela Lehen Karlistadan? Apur bat Chateaubriandek bezala, ezta?

protomartires-do-cristianismo

Bai, nahi nuke hemen Les Martyrs apur bat lasaixeago iruzkindu. Nahi nuke ere, egunen baten, Chateaubrianden bi lan horiek Mogeldarren lanekin xeheki konparatu. Eta garbi dago bi maila desberdinetan ari garela, frantses literatura eta euskal literatura ezin daitezkelako elkarren artean konparatu oinarrizko alde batzuk argi markatu barik. Baina biak dira literaturak, ezta? Eta biek erantzuten diote garai berari eta, gure kasu zehatz honetan, mundu ikuskera berberari. Eta hori idazleen euren bizitzetan ere ikusten da, neurri batean, eta baita beren lanetan. Aldeak alde.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude