JUAN BAUTISTA ERRO ETA KARLISMOAREN JATORRIA

2016ko abuztuaren 30a

Fontana, Josep, De en medio del tiempo: la segunda restauración española, 1823-1834, Barcelona: Crítica, 2013, 570 or.

liburuaren-irudia

Sentimendu alderrai batek bultzatu nau duela hiru bat urte irakurri nuen liburu honi berriz ere arreta jartzera nire oporren erdian. Izan ere, ez dago ezer atseginagorik Historiako liburu on bat baino, eta beharbada azken hilabeteotako atentatu terrorista handiek nolabait zirikatu dute nire gogoa aspalditik nire barrenean hegaldatzen diren ideia batzuei erreparatzera. Argitzera. Zehaztera. Horra.

Liburu luze eta sendoa da, estilo narratiboan idatzita gertakarien hariari jarraituz, baina ez da, inola ere, liburu arin bat, udan irakurtzen ohi diren horietakoa. Espainiako Historiaren garai zehatz bat aztertzen du xeheki, hain zuzen ere Fernando VII. erregearen azken hamarraldia. Institutu garaian Historiako klaseari arreta handirik eskaintzen ez ziotenentzat esango dut biziki garrantzitsua dela Espainiaren Historian baina, arrunki, lau ogerlekoko topiko batzuk aitatuz despatxatu ohi dela (baita unibertsitatean ere, tamalez). Ea, pentsa ezazue Goya pintorearengan, berak nolabait kanonizatu zuen Espainia beltzaren irudi topiko horretan; bada, Espainia beltz hori, nolabait esanda, hamarkada honetako Espainia da, 1823-1834 bitartekoa. Errepresio antiterrorista basatiaren Espainia, argi eta garbi esanda. Ilunkeriaren Espainia.

 

Francisco de Goya: Akelarrea
Francisco de Goya:
Akelarrea

 

Antiterrorista. Bai, termino anakronikoa da, teknikoki antiliberala litzateke askoz ere egokiagoa. Eta hala eta guztiz ere, ez diot tentazioari eutsi eta idatzi egin dut, ez baita guztiz desegokia ere. Denok dakigunez, edo jakin beharko genukeenez, terrorismoa, hitza eta kontzeptua, Frantziako Iraultzarekin batera jaiotakoa da, eta hamarkada honen gako nagusia, Fontana maisuak ederki erakusten duen bezala, agintariek Iraultzarekiko sentitzen duten panikoa da, bereziki, 1792-1794ko Izualdiarekiko (La Terreur); urte horietan gillotinatu zuten Frantziako erregea eta erregina eta, beraiekin batera, erresumako nobleziaren eta apezeriaren kide ugari, iraultzaileek Monarkia eta Eliza Katolikoa suntsitzen saiatzen ziren bitartean lege eta ekintza askoren bidez. Periodizazio europar estandarrari segituz, Waterlooko guduaren ondoren (1815) badirudi Iraultzaren mamua behin betiko birrindua izan dela eta erregeen Aliantza Santuak gobernu erreakzionarioak inposatzen ditu nonahi: helburua, denbora geldieraztea da edo, posible balitz, atzeraka jotzea, Iraultza aurreko garai zoriontsuetara (hortik dator erreakzionario kontzeptua, bide batez esanda, pasatako garai ustez urrezkoetara itzuli nahi duen bat izendatzeko erabiltzen dena Historiografian). Tronuaren eta Aldarearen arteko gobernu absolutua, horra beraien programa politikoa. Baina 1830eko uztailean Paris berriro ere barrikadaz bete zen eta azken Borboia egotzi zuten ipurdiko bat hartuta; Errepublika ezartzea oraingoz zerumugan zintzilik geratzen bada ere, garbi dago Europa mendebaldean, gutxienez, ezinezkoa dela denbora geldiaraztea. Ez, progresoa aurrera doa eta progresoak erregimen liberalak ezartzen ditu han eta hemen, alegia, nolabaiteko hauteskundeak eta nolabaiteko ganbera legegileak dituzten erregimenak. Baita Espainia bezalako leku batean ere. Baina 1815-1830 bitartean, erreakzionarioak dira leku guztietan agintzen dutenak eta erreakzionarioen helburu obsesiboa liberalak erreprimitzea da, hots, antiterrorismoa, horretarako terrore zuria erabiltzeko batere eskrupulorik ez badute ere. Hori da garaiaren ezaugarri nagusia, errepresio politiko obsesiboa iraultza usainik izan dezekeen edozeren aurka. Gaur egun bezala, ezta?

Baina gehiegi aurreratu naiz nire gogoetetan. Itzul gaitezen 1815-1830era. Gorago esan dudan bezala, bi data horiek marko europar orokorra ezartzen dute, baina ez datoz bat lurralde bakoitzaren prozesu zehatzarekin. Espainian, adibidez, 1820-1823 bitartean liberalek berriz ere boterea eskuratzen dute, altxamendu militar bati esker, eta 1830ean Borboiak Frantziatik behin betiko egotziak izan baziren ere, Espainian gauzak desberdin gertatu ziren: 1833an hiltzen da Fernando VII.a, azken errege absolutua, eta horrek esan nahi du Borboiek segituko dutela tronuan (Frantzian ez bezala) baina1834tik aurrera ez direla monarka absolutuak, baizik eta beti nolabaiteko konstituzio bat izan dela indarrean gaur egun arte (zehaztapenez eta aldi bereziez okupatzeko astirik ez dugu orain, jakintzat eman ditzagun). Hau da, 1834tik aurrera Espainia monarkia konstituzional bat da, gaur egun den bezalakoa funtsean; liburu honetan Fontanaren tesi inplizitua da bihurgune handi hori (monarkia absolututik konstituzionalera) zehatz-mehatz nola gertatu zen aztertzea oso garrantzitsua dela Espainiaren Historia, baita gaur egungoa ere, ulertzeko. Hortik aurreko hamarkadako gertakariak xehe-xehe aztertzeko hautua: benetako asmoa Espainiako sistema monarkiko konstituzionalaren gabezia eta hipoteka iraunkorrak esplikatzea da, edo beste hitz batzuekin esanda, zergatik gaur egun ere Borboi bat dagoen Espainiako jargoian eserita, eta zergatik den hain kaxkala sistema konstituzionala. Tira, azken hori guztia ez du Fontanak berak hitzez hitz esaten, baina horrela ulertuko behar zaiolakoan nago, Fontana errepublikano eta iraultzazale ezaguna baita betidanik eta, aspaldi honetan, Kataluiniaren independentziaren aldekoa.

Errege Fernando VII.a
Errege Fernando VII.a

 

Gorago esan dudan bezala, liburua ez da arina, baina narratiboa da funtsean eta ezagutza historiko berezirik ez duenak ere erraz irakur dezake, baldin eta gaian interesatua badago. Erran nahi baita, ez da espezialistentzako liburu bat, irakurleria zabalari eskainia baizik.Adibidez, interesatua dagoenak Goyaren kuadroetan edo Fernando VII.aren lotsagabekeriatan (errege absolutu pepelerdo eta lotsagabearen irudi proberbiala baita), edo Espainiaren Historia eta Politika orokorrean, besterik gabe, informazio ugari aurkituko du, eta bereziki autorizatua: Fontana gai horretan dagoen autoritate akademiko maximoa baita, eta pentsatzekoa bada ere bere tesi zehatz askok adostasun falta handia nozituko dutela Espainiako historialarien artean, inork ez dio ukatuko gremioaren barruko premutza.

Zeren bere tesi asko dexente aldentzen baitira historiografia estandarretik. Liburua, jakina, Espainiari eskainia dago, baina bi kapitulutan (1goa eta 13.a) marko europar orokorra aztertzen saiatzen da, Espainiako gertakariak hobeto ulertze aldera. Ez naiz xehetasunetan sartuko. Fontanaren begietan errakuntza handi bat egiten da garai honetako historia ulertu nahi denean, alegia, pentsatzea burgesia iraultzailea dela garai honetan, eta kontserbatzailea bihurtuko dela sistema liberala (eta, harekin batera, botere politikoa) eskuratu ahala; ondorioz, garai guztia bi indarren arteko borroka gisa aurkezten da: absolutistak alde batetik, liberalak bestetik. Lehen indarraren baitan noblezia eta apezeria daude, nekazarien sostengua dutela; bigarren indarraren bizkar hezurra burgeseriak osatuko luke, iraultza egitera deliberatua; borroka horren emaitza da lehenaren porrota eta bigarrenaren garaitzapena, etapaz etapa deskribatua. Fontanarentzat eskema interpretatibo hori goitik behera okerra da, eta errakuntza horrek galerazten digu prozesu historikoa ondo ulertzea. Bereziki Espainiari dagokionez, liberalen indarra aldi honetan guztian oso-oso apala da, bi arrazoiengatik: batetik, absolutistek inutilitate osoa erakutsi zutelako gobernugintzaren alor askotan (bereziki ekonomian eta ogasunean), baina guztiz eraginkorrak izan zirelako errepresio politikoan; bestetik, burgesak ez zeudelako interesatuta, inola ere, mugimendu zinez progresista bati atea zabaltzen, Frantziako Iraultzaren desmasiak oso gogoan zituztelako eta ikaragarrizko izua sentitzen zutelako herri xehearen antolakuntza poltikoaren edozein zantzuren aurrean. Beste hitz batzuetan esanda, burgesia liberala, iraultzailea, oso-oso moderatuki zen liberala eta, iraultzailea, batere ez, eta gainera absolutisten errepresioak bortizki kolpatzen zuen. Burgesia horrek ia-ia ez du inolako protagonismorik hamarkada honetan.

Zein da, hortaz, Fontanaren proposamena? Bada, absolutisten eta liberalen arteko lehia baten ordez, berak alderdi absolutistaren barruko lehia bat aurkezten digu, bere adar moderatuaren eta adar ultraren artean (horrela deitzen zitzaien orduan). Hau da, jakina denez, 1823an Frantziaren armada batek desegiten du Espainiako erregimen liberala eta botere osoa itzultzen dio Fernando VII.ari. Baina erregearen asmoa denbora geldiaraztea bazen ere eta absolutismo huts eta osoez agintzea, praktikan ezinezkoa da programa politiko hori betetzea: gizartea aldatu da eta erabat ezinezkoa da, adibidez, ekonomia eta ogasuna antolatzea erregimen zaharreko sistemen arabera. Horrek esan nahi du nahita nahiez nolabaiteko erreforma batzuk onartu behar direla, minimoak badira ere, eta, baita ere, politikari moderatu (baina teknikoki gai) direnen eskuetan utzi behar dela gobernuaren atal asko. Horrek absolutisten adar intransigentearen haserrea pizten du, erreforma liberalak azpikeriaz ezartzeko asmoa ikusten baitute horretan, traizio bat, garbi esanda, eta besterik ez. Beraz, bloke absolutistaren barruan berehala bi adar bereizten dira: moderatuak eta ultrak. Hamarkada guztia bi adar horien borrokaren arabera esplikatzen da.

Konturatu gaitezen Fontanak planteatzen duenaz: liberalak jokoz kanpo daude ia guztiz, behin eta berriro saiatzen dira konspirazio eta altxamenduak antolatzen konstituzio berrezartzeko, baina behin eta berriro zanpatuak dira, arazo berezirik gabe. Aldiz, gobernuaren barruan itzelezko borroka dago eta laster, ultrak konspiratzen hasten dira erregearen kontra, pentsatzen baitzuten Fernando VII.a bigunegia zela liberalekin. Horretarako errege-familiako kide den Karlos infantearen izena erabiltzen hasten dira: hura bai izango litzatekeela benetako errege eredugarri bat, eta ez Fernando txepela! Gainera, Fernandok ondorengorik ez duenez gero, esperantza dute hiltzen denean Karlos jarriko dela errege eta orduan agur betirako epelkeria eta kaxkalkeriei. Bitartean, jakina, komeni da ahalik eta presio gehien egitea erregeari, bigunkeria oro bazter dezan eta, horrekin batera, politikari moderatuak. Programa politiko egingarria dirudi, baina guztiz arriskuan jartzen da errege Fernando, laugarren aldiz ezkondu ondoren, azkenean lortzen duenean ondorengo bat izatea, Elisabet umea (laster Elisabet II.a izenarekin ezagutuko dena). Erregea gaixotu eta ahuldu ahala egoera txartu egiten da: ultren asmo politikoekin beldurtuta dauden guztiek esperantza ipintzen dute erregea hiltzean nolabaiteko bilakaera liberalzale bat suertatuko dela, baina bitartean ultrak ez daude prest amore emateko: Karlos errege izango da bai ala bai!

Eta horrela, karlismoa jaio zen.

 

Santa Kruz apaiza eta bere guardia (Zumalakarregi Museoa)
Santa Kruz apaiza eta bere guardia (Zumalakarregi Museoa)

 

Errege Fernando, egia esan, goitik beherako inpresentablea zen, ezinago inpresentablea, baina argi zeukan edozein erregimenarekin bat egingo zuela tronua mantentzearen truke. Zentzu horretan, oportunista hutsa zen, ez doktrinario fanatiko bat, bere anaia Karlos bezala. Dena den, nahiago zuen, askoagatik, erregimen absolutista bat edozein liberalismo klase baino (baita epelena izanda ere) eta, bereziki, maltzurra eta krudela zen, areriotzat jotzen zuen oro urkatzeko prest beti inolako kupidarik gabe. Errepresioaren gaia nola enfokatu zuen ikustea oso adierazgarria da. Ikustagun.

Potentzia europarrek, Espainia okupatu eta liberalak egotzi zituzenek, amnistia bat nahi zuten, alegia, gogoz sostengatzen zuten Fernandoren monarkia absolutista baina, aldi berean, ezinbestekotzat jotzen zuten amnistia zabal bat ematea eta erreforma minimo batzuei ekitea. Herrialdea baketzea eta etengabeko gerra-zibil-giroari amaiera ematen saiatzea. Gorago esan dugun bezala, horixe zen espainol absolutisten adar moderatuaren programa, funtsean. Errege Fernandok, bere aldetik, ez zeukan arazo handirik erreforma ekonomiko-administratibo maxkal batzuk onartzeko, baina ez zegoen, inola ere, errepresioa geldiarazteko prest eta horretan bat egiten zuen absolutisten adar ultrarekin: egurra, egurra eta egurra, salbuespenik gabe. Bi adarren arteko desadostasuna argi eta garbi azaleratu zen 1823ko bukaera eta 1824ko hasiera bitartean. Aipu batekin argituko dugu:

En la carta que el zar Alejandro le escribió a Fernando—”Monsieur mon frère”—el 18 de enero de 1824, en respuesta a las que le había enviado por Pozzo di Borgo [tsarraren enbaxadorea Madrilen] unas semanas antes, le decía: “Me he felicitado sinceramente al ver por vuestra carta que un decreto de amnistia, que será a la vez una prueba de benevolencia y un acto de sana política, dará a vuestros súbditos paz y seguridad”. Se felicitaba prematuramente. (131. or.)

Izan ere, Fontanak beherago argitzen digun bezala, Espainiako gobernuko kideak hiru aldiz bildu ziren Frantzia, Austria, Prusia eta Errusiako enbaxadoreekin aurreko hilabeteetan, eta beti ere enbaxadoreek amnistia zabal bat lehenbailehen eman beharra azpimarratu zieten. Kontuak ez zuela aurrera egiten ikusita, tsarrak berak, pertsonalki, idatzi zion Fernando VII.ari amnistia eskatuz. Komeni da kontua ondo azpimarratzea: Europako potentzia nagusiek, Espainia militarki okupatu dutenek, amnistia exijitzen dute; tsarra bera, erreakzionarien txapelduna, pertsonalki konprometitzen da ildo horretan. Baina ez zuten Espainia ezagutzen, ez zuten Espainia ulertzen, harri eta zur gelditzen ziren espainolen gorroto eta herra mugagabearekin: errege Fernando bera ez zegoen prest, inola ere, errepresioa biguntzeko, eta adar ultraren laguntza zeukan. Episodioa biziki komikoa litzateke, milaka lagunen bizia ez balego jokoan. Gauzak honela joan ziren: egoerak hartaraturik, erregeak Estatu-Kontseilua deitzen du, hau da, erregeari aholkatzeko eta estatua gobernatzeko zegoen instantzia gorena. Prozesu osoan zehar Frantziako erregeak berak behin eta berriro presionatu omen zuen Fernando amnistia eman zezan. Alferrik. Hauxe izan zen kontseiluaren bilkuraren emaitza:

La votación se dejó para el día siguiente y en ella se hizo evidente la división que existía en el consejo entre moderados y ultras. Sólo cuatro ministros en activo votaros a favor del proyecto [alegia, amnistiaren alde]. Todos los demás votos fueron negativos, con la particularidad de que Erro pedía que se intensificase la represión. (132. or.) (enfasia gurea)

Ondorioz, amnistia-egitasmoa atzeratu egin zen. Azkenean, ezinezkoa zelarik Europaren presioei erabateko ezetza ematea, nolabaiteko amnistia bat onartu zen bost hilabete geroago, baina hain gesaldua non ez zuen ia ondoriorik izan. Hori bai, episodioak balio zuen absolutisten arteko bi adarrak argi eta garbi definitzeko; laster, ultrek izen berri bat hartu zuten, karlistak, Karlos infanteak (erregearen anaiak) argi eta garbi adierazi baitzuen, gorago aipatu dugun Estatu-Kontseiluaren bilera horretan, guztiz bat egiten zuela ultren ikuspuntuarekin. Nolabait esanda, karlismoa 1824an jaio zen eta bere jaiotzaren eragile nagusietako bat, alderdiaren ezaugarri nabarmenenetako bat, liberalen aurkako errepresio basatiaren aldarrikapena izan zen, Inkisizioa berrezartzea eskatzea barne (beren arabera, Espainian ez zen poliziarik behar izango Inkisizioa berrazartzen zen unetik). Inkisizioa berrazarteko eskea, horra alderdi karlistaren programa politikoaren puntu nagusietako bat. Zer pentsatua eman beharko luke, ezta?

Juan Bautista Erro (Auñamendi)
Juan Bautista Erro (Auñamendi)

 

Baina nor da “Erro” hori, bileran errepresioa “areagotzeko” eskatu duen hori, ultretan ultrena dena? Bada, gure Juan Bautista Erro (1773-1854), Pedro Pablo Astarloarekin batera euskararen apologista ezagunenetako bat. Nik neuk aitor dut ez dudala haren lanik irakurri eta, orain, ez ditudala eskura harekiko erreferentziarik arruntenak ere, baina esango nuke gure artean tipo zoro baina sinpatikotzat jo izan dela arrunki, badakizue, egundoko txorakeriak idatzi zituen euskarari buruz, baina euskararen alde zebilenez, tira, barkatuko dizkiogu, ezta? Kontua da Erro hori XIX. mendeko Espainiako politikari ezaguna dela, hainbat aldiz ministro izana (bai Fernandorekin, bai Karlos erregenahiarekin); Fontanak kolore beltz-beltzetan pintatuko digu:

Y en pocos terrenos debió resultar más nefasta la gestión de la regencia que en el de la hacienda, dirigida por el vasco Juan Bautista Erro, un personaje extraño,nacido en Andoain en 1773 o 1774, que estudió en el Seminario de Bergara […] mostró siempre una actitud ultra […] Cuando se ve su actividad al frente de la hacienda, sin embargo, cuesta entender que se le tuviese por persona entendida en esta materia. Lo único que parece haberle preocupado era desmontar todo lo que se había hecho desde que en mayo de 1817 se puso en marcha la reforma de Garay […] Como quiera que antes de los “trastornos” la hacienda española ya había entrado en crisis, era delirante imaginar que en aquellos momentos, con una administración desconcertada y el país en pleno desorden, se pudiesen obtener los recursos necesarios de un sistema fracasado que no funcionaba desde hacía seis años. […] Carente de recursos, Erro se dedicaba a mendigar de los franceses los dos millones de francos al mes conque éstos sostenían la regencia. El 27 de octubre de 1823 el embajador francés, Talaru, escribía a Villèle: “España se encuentra en la más absoluta miseria”. Hacía pocos días que Erro le había escrito desesperado, pidiéndole dinero para atender “las primeras atenciones y órdenes de S.M. El rey, mi amo”. […] Harto de ver los disparates que cometía el gobierno [Espainiakoak], Villèle escribía a Martignac: “¡Cómo os compadezco por haber de tratar con semejante gente!”. (77-78 or.)

Horra euskararen apologista bipil hori, Erro: Fontanaren iritziz, pepelerdo totala ogasun kontuetan baina, ikusi dugun bezala, aldi berean errepresio bortitzenaren aldeko porrokatua, kontseziorik gabe. Eta hala eta guztiz ere, behin eta berriro ministro, ez bakarrik Fernando VII.arekin: “Se le volvió a desterrar en 1830 y partió para Inglaterra, de donde volvió en 1836 para convertirse en ministro universal del pretendiente Carlos” (77. or.). Euskarari buruz, zer esango dugu? Hobe isiltzen bagara, ez oraindik Fontanaren beste bi aipu gogor transkribatu gabe: “la desastrosa gestión de Erro” eta “la escasa capacidad de Erro para la gestión de la hacienda” (biak 400. or.). Horra Juan Bautista Erro, euskaltzaletzat ohoratu ohi dugun hori: ultra txotxolo eta odolzale bat, besterik ez, horra Fontanak eskaintzen digun erretratua.

Josep Fontana (El País)
Josep Fontana (El País)

 

Ordua iritsi da iruzkin honi amaiera emateko, eta bi hausnarketa pertsonalen bidez egin nahi nuke. Lehenengoa: ikusi dugunez, karlismoaren jaiotza guztiz lotuta dago testuinguru europarrarekin eta espainiarrarekin, nolabait esanda alderdi erreakzionario ultraren espainiar aldakia da; alde horretatik ez du zerikusi berezirik foruekin edo euskal nortasunaren defentsarekin; baina indar bereziarekin sustraitu zen Euskal Herrian eta (gure artean gutxitan aipatzen bada ere) Kataluinan. Fontana puntu honetan guztiz gardena da: ez da nahastu behar alderdi ultraren bilakaera eta lurralde batzuetan berarekin bat egiten duten beste indar sozial batzuen agerpena, bi arazo desberdin baitira, tratamendu xehea eskatzen dutenak. Liburu honetan, dena den, Fontana lehen faseaz arduratzen da funtsean, alegia, bloke absolutistaren barruan gertatzen den zatiketaz: ultrak guztiz arradikalizatu eta altxamendu armatuetara joko dute, moderatuak poliki-poliki liberalen sektore eskuindarrenekin bat egingo dute, liberalismoaren bertsio guztiz light batekin, epe laburrean nagusiko dena Espainian, hortik datorrelarik espainiar liberalismoaren ahultasun kronikoa, gaur egun arte irauten duena: gobernuaz jabetu ziren liberalak ez ziren zinezko liberalak, absolutisten adar moderatua baizik. Beraz, karlismoa aztertzen dugunean, komenigarria da kontuan hartzea bai mugimenduaren aniztasuna zein jatorria, hura balioestean okerrik egin nahi ez badugu.

Bigarren hausnarketak Erro bezalako pertsonaia batekin du zerikusia. Zenbat aldiz ez dugu ikusten gure artean jarrerarik bitxienen aurrean nolabaiteko ulerberatasuna, baldin eta euskararen alde ari izatearen etiketapean agertzen bazaizkigu! Baina zergatik ari zen Erro euskararen alde? Euskaragatik beragatik? Euskal Herriarengatik? Edo errege absolutuaren defentsa zen haren zinezko lehentasuna? Haren bizitza eta testuen azterketa xehe bat egin beharko genuke erantzuten saitu aurretik. Bitartean, dena den, komeni zaigu bistatik ez galtzea Erro, euskaltzalea izateaz gain, beste hainbat gauza ere izan zela: ahazten baditugu, inoiz ez dugu Erro ulertuko, ezta gure historia, ezta gure mugimendu euskaltzalearen sustraiak ere. Asko kostatu baitzaigu euskararen defentsa autonomoa asumitzea, edozein proiektu politikotatik autonomoa, Resurreccion Maria Azkuek nahi zuen bezala. Mota horretako xehetasunak ikertzeko gai ez bagara, espainiar liberalismoari bezala gertatuko zaigu: bere makaldade kronikoa, neurri handi baten, bere jaiotza bitxia ez asumitzetik dator. Asumitu, hartaz askatu ahal izateko. Libre izan ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude