HISTORIAKO LIBURU ATIPIKO BAT

Pruden Gartzia

2016ko urria

Etxebarria Dueñas, Gorka, Sozialismoaren historia labur bat, Bilbo: Gite-Ipes, 2015, 427 or.

liburuaren_portada_tx

Duela astebete-edo amaitu nuen liburua eta, ordutik, buruari bueltaka ibili naiz, iruzkin bat idatzi ala ez. Interesarekin irakurri dut, oro har, baina batzuetan astuna suertatu zait. Bestalde, ez dakit oso ondo zer esan, edo bai, baina agian esango dudana ez da oso interesgarria, edo oso azalekoa ere izan daiteke guztiz gehienentzat. Zalantzan segitzen dut orain ere baina gaur, urriak 1, PSOEko Komite Federalaren bilera da Madrilen, eta tarteka-tarteka begiratu bat ematen diot internetari, zertan diren jakiteko. Eszisio baten aurrean ote gaude? Hori da kanpoko edozein begiralek dudarik gabe ondorioztatuko lukeena, baina geu oraindik sinestu ezinik gabiltza; izan ere, euskaldunok oso-oso ohituta gaude abertzaleen arteko borroka, liskar eta banaketak ikustera, eta beste horrenbeste esango nuke PSOEtik ezkerrera dauden alderdi komunista edo antzekoei buruz; orobat, Espainiako eskuinaren artean ere ikusi izan dugu borroka eta banaketarik. Denetarik ikusi izan dugu azken urteotan, egia esanda, gauza bat salbu: Espainiako alderdi sozialistaren eszisio bat. Hori da gertatzen ari dena?

Gorka Etxebarriaren liburua, abagune honetan, bereziki interesgarria bihurtzen da. Zer da sozialismoa? Bai, galdera hori ez da egokiena, mila modutara uler daiteke eta beste zerbait ez badugu zehazten, baso kontzeptualaren bidozerretan barna galtzeko arrisku bizia dugu. Galde dezagun, beraz, zer da sozialismoa, termino historikotan esanda?

Sozialismoa ez dago modan, ez hemen, ezta Europan ere (eta esango nuke Europatik kanpo ere ezta, baina ez naiz horrenbestera ausartuko). Alderdi sozialdemokrata klasiko guztiak maldan behera daude, gehiago edo gutxiago, Europa osoan; Greziakoa muturreko kasua da, baina Frantzian, Alemanian, Portugalen, Ingalaterran, Italian… guztietan hauteskunde-emaitza kaxkarrak izan dituzte azken aldian. Leku batzuetan kaxkarragoak, jakina, eta badirudi Espainia horien artean dagoela. Euskal Herrian ere, Hegoaldean behintzat, beherakada itzela izan dute azken urteotan (Iparraldean ez dakit, egia esan, Frantzia eta Espainia artean kontraste itzela egon da azken urteotan, eta hangoa ez dut arretaz segitu).

Baina gure galdera sozialismoaren historiari buruzkoa zen, eta ordua da esateko liburu honetan erantzun argi eta zehatz xamar bat aurkituko duela edozein irakurlek. Lehen oharra: gaia sozialismoa da eta hortik erraz atera daiteke lehen ondorioa: sozialismoa mugimendu politiko europar bat da, azken berrehun urtean itzelezko garrantzia izan duena; ideologia bat da, era berean, mugimendu poltikoa gidatu nahi duena, eta osagai bien konbinaziotik (oinarri soziala eta ideologia) ehunka alderdi politiko eta sindikatu sortu dira azken bi mendeotan, sozialismoaren esparruan kokatu behar direnak, aldez edo moldez. Urrunago joan gabe, Euskal Herrian bertan dozenaka alderdi, sindikatu edo mugimendu sozial sortu dira esparru horretan, besteak beste ezkerreko abertzaletasun ia-ia osoa (EA bezalako partidu zentrista batek ere sozialdemokratatzat du bere burua) eta ezkerreko alderdi espainolista edo frantximant guztiak ere. Multzo ugari baino ugariagoa, beraz, eta horien artean, iruzkin honen hasieran aipatzen nuen PSOEren bi euskal adarrak, PSE-EE eta PSN. Mugimendu eta ideologia zabal-zabal bati buruz ari gara, beraz, kristalizazio ugari izan dituena.

Parisko Komuna (1871ko martxoa). Egile ezezaguna (Wikipedia)
Parisko Komuna (1871ko martxoa). Egile ezezaguna (Wikipedia)

Ondorioz, sozialismoaz hitz egitean ez dugu pentsatu behar PSOEz (eta bere euskal adarrez) edo PSFz ari garenik, inola ere ez, fenomeno askoz ere zabalago bati buruz baizik. Zentzu horretan, aipagai dugun liburua irakurtzeak berak, beste edozein kontsiderazio albo batera utzirik, onuragarria da Euskal Herriko historia ulertu nahi duen edonorentzat: sozialistak asko dira, mota askotakoak, historia luze eta aberats bat dute atzean eta historia hori Europa mailan ulertu behar da. Hori guztia ebidentzia hutsa da, Fernandoren egia nahi bada, baina argi aipatu beharrekoa. Esan dizuet nire iruzkin honetan ez nuela, apika, ideia oso originalik plazaratuko.

*****************

Marko orokor hori argi utzita, ordua da galdetzeko zer nolako liburua den Etxeberriarena. Hitz bakar batean laburbilduko nuke nire ondorioa: atipikoa. Saiatuko naiz esaten zergatik.

Liburuaren estetika bera oso deigarria da, zaindua eta deigarria, eta Historiako liburu akademikoetan batere arrunta ez dena, arrunta ez den bezala liburu akademiko batean “ilustratzaile”-aren izena atarian jartzea (Iñaki Rifaterra Santamaria). Niri gustatu zait baina, berriz diot, ez dio itxura akademikorik ematen, kontrakoa baizik.

Bigarrenik, argitaletxea Gite-Ipes da, alegia, elkarte kultural bat, baina politikoki argi eta garbi lerratua (Ezker Abertzalearekin, zentzu zabalean). Ondorioz, liburu militante baten aurrean gaudela pentsatu behar dugu? Edo, beste modu batean esanda, militanteek irakurri beharreko liburu baten aurrean? Bai eta ez. Ez da dudarik egileak bere burua sozialismoaren esparruan kokatzen duela eta, zentzu horretan, ez duela izan liburu neutral bat idazteko pretentsioarik. Baina, aldi berean, liburu akademiko bat da, goitik behera akademikoa, apologia asmorik inon ez daukana. Areago, arreta deitu dit egileak bere neutraltasuna gordetzeko egiten duen ahalegin nabariak, oso arrunta baita Historia Sozialari buruzko mota orotako liburutan egileak, aldez edo moldez, sozialismoaren adar zehatz batekiko (sozialdemokrazia, komunismo klasikoa, ezker berria, anarkismoa…) nolabaiteko hurbiltasuna erakustea. Hemen ez. Badago nolabaiteko identifikazio orokor bat sozialismoarekin baina, hortik aurrera, ez nuke jakingo egilea inongo adarretan kokatzen. Beste hitz batzuekin esanda, arruntean ez bezala, liburu honetan ez duzu aurkituko ez komunisten apologiarik, ezta haien kontrako soflamarik ere; ez anarkismoaren deskalifikaziorik, ezta goramenik ere; eta abar. Ondorioz, militante batek (edozeinek) irakurri beharreko liburua da baina, aldi berean, militante hori oso espektro zabalean koka daiteke, ez joera zehatz baten barruan. Hau ere gustatu zaidan ezaugarria da.

gite-ipes

Hirugarrenik, Historia Sozialeko liburu akademiko klasiko bat da, baina egileak ahalegin bizia egiten du gertakari historikoen kontakizunari bizitasuna ematen eta berezko lehortasuna goxatzen. Nire ustez, erdizka baino ez du arrakasta erdiesten. Batetik, oso ondo idazten duela nabari-nabaria da: luma arina du eta gertakariak sintetizatzeko eta bata bestearekin kateatzeko abilidade argia. Baina bestetik beldur naiz gauza gehiegi ez ote duen kontatu nahi liburu bakarrean. Gertakari gehiegi. Pilaketa sentsazioa. Atipikotasuna, hala ere, aipagarria da ildo honetan ere: liburu akademiko bat, luzea, konplikatua, baina erraz xamar irakurtzen dena, sarritan astuna bihurtzen bada ere, narratiboa baita, nagusiki, baina gertakari ugari (gehiegi, nire ustez) pilatzen dituena. Argiago esanda: estiloaz arduratzen den historialari bat dugu Etxebarria jauna. Aleluia!

Liburuaren akademikotasunak, dena den, aipamen osoagoa beharko luke. Egilea ikertzaile gazte bat da, oraindik tesia irakurri ez duena, eta liburu hau, gainera, bere lehen liburua da. Eta hala eta guztiz ere gai mugatu bat aukeratu beharrean, laku zabal batean murgildu da adorez eta atseginez. Logikoagoa litzateke kontrakoa: gai zehatz-zehatz batekin hastea, eta ez sintesi zabal bati ekitea. Beharbada liburu honen atipikotasunak hementxe jotzen du goia. Zeren eta, gaztetasuna desabantaila bada ere horrelako kontuetan, emaitza oso aipagarria da. Ni neu harri eta zuhur geratu naiz Etxebarriaren jakinduariaren aberastasuna eta askotarikotasuna ikustean. Geografikoki, mundu osoa hartu nahi du; kronologikoki, Frantses Iraultzatik abiatzen da; tematikoki, ez du beldurrik mintzatzeko filosofiaz edo feminismoaz, eta bietan zehatz eta argi. Ez dut lotsarik esateko oso inpresionatuta geratu naizela; iruzkin hau idazteko ere dudatan ibili banaiz, neurri handi batean horregatik izan da: zer dakit nik Txinaz edo Indotxinaz? Zer Amerikaz? Zer utopiaz edo emakumeen historaz? Eta guztietan eroso sumatzen duzu egilea. Benetan atipikoa.

Azalpen bat, jakina, egilearen ezagutza entziklopedikoa izan daiteke, bere gaztetasunagatik ere, baina eszeptikoa naiz ildo horretaz. Again errazagoa da pentsatzea egileak erabili dituen iturriak ez direla lehen inpresio batera eman dezakeen bezain ugariak, baina trebetasun handia izan duela narrazio propio bat sortzeko eta bere ekarpen pertsonalak naturaltasunez txertatzeko. Kasu horretan, egileari eskertuko litzaioke liburuaren amaieran zerrenda bibliografikoa eskaintzeaz gain, iruzkin bibliografiko labur bat egitea erabili dituen iturri nagusiei buruz. Nire ustez horrek ez lioke inolako meriturik kenduko: dakiguna nondik dakigun esateak ohorea baino ez digu ematen, eta bere testuaren heldutasun nabarmena, berez, nahikoa arrazoi da bere lana justifikatzeko. Eta barka biezat berak okertzen banaiz juzku honetan.

Dena den, azken ohar bat ere ez legoke alferrik. Bi alorretan da bereziki aipagarria egilearen ekarpena, eta bi horietan, ziur aski, ekarpenaren gehiena oso pertsonala da. Batetik Euskal Herriko historia: liburuaren esparru naturala Europa bada ere (eta, sarritan, mundua), asko dira Euskal Herriari egiten zaizkion aipamenak, beti testu orokorrean txertatuak; alegia, ez dago Euskal Herriari dedikatutako atal berezi bat, Euskal Herriarekikoa bestearekin batera esplikatzen delako beti. Eta hori, lagunok, oso zaila da. Horregatik berariaz aipatu eta egilea zoriondu beharra.

Eta Euskal Herriarekikoa zaila bada, oraindik zailagoa da emakumeen historia berezia testu orokorraren barruan txertatzea. Alegia, honetan ere ez dugu emakumeei dedikatutako atal espezifiko bat, baizik eta etengabeko ahalegin bat emakumeen perspektiba espezifikoa narrazio orokorraren barruan txertatzeko. Biziki zaila eta eskergarria dena.

Esango nuke bi puntu horietan dagoela liburuaren meritu nagusia. Hau da, sozialismoaren ikuspegi orokor bat ematea eta, aldi berean, testu berean, euskaldunen eta emakumeen espezifikotasunei aipamena egitea etengabe. Bai, ziur aski horren guztiaren batuketa da gehien gustatu zaidana.

Bukatzeko: Gorka Etxebarriak sorpresa atsegin bat eman digu bere lehen liburuarekin. Gertutik jarraitu beharreko historialaria izango da, emateko asko daukana. Zorionak, bihotzez.

OHARRA: Iruzkina bukatuta, interneten begiratu eta ikusten dut Pedro Sanchez-ek, PSOEko idazkari nagusiak, bozketa erabakigarri bat galdu eta dimisioa aurkeztu duela. Problemen bukaera PSOErentzat?

Iruzkinak (2)

  • Gorka Etxebarria Dueñas says:

    Kaixo Pruden,

    Lehen gauza, milesker iruzkinarengatik. Zure inpresioak irakurriz, badirudi liburuarekin ezarritako helburuak hein batean bete ditugula. Bai, militantziari begira idatzitako liburu bat da, bakoitzak bere posizio ideologiko zehatzetik egiten duen irakurketari, testuinguru historiko orokor bat emateko. Eta bueno, nire posizio zehatzaren inguruan “neutraltasun subjektibo esplizitu” moduko bat lortu badut, pozten naiz. Aldi beran, historia liburu bat ere egin nahi izan dut, historian interes ez-militante bat duenarentzako ere baliogarria izan nahi lukeena. Horrenbestez, ihes egiten saiatu naiz 1) “historian benetan gertatu zena, egia” esatera ausartzen diren historialari akademikoetatik (zorionez gero eta gutxiago baina oraindik asko, batez ere ezarritako botereari lotuak daudenak), eta 2) baita “onen eta gaiztoen (zintzoak/traidoreak, iraultzaileak/erreformistak, autoritarioak/askatzaileak edo bakoitzak nahi duen dikotomia) istorio apologetiko batetik. Hori bai, lerro artean argi ikusten da nortzuk diren “gaiztoak” niretzat eta baita historia ahalik eta objektiboena (hitz hori erabiltzerik badago) eskaintzeko ahalegina. Beraz, hortik bai, ados, liburuaren atipikotasunarekin, eta lanaren kalitatea gora-behera, planteamenduan zintzo jokatu dudala uste dut, historialari+militante papera argi adieraziz.

    Bestetik, emakumeen historia txertatzea ere helburu garrantzitsua zen, batez ere sozialismoaren historia bezalako gai maskulinizatu batean. Ez da lan erraza izan, bibliografia espezializatu eta oso zehatzetik irakurketa orokor bat ondorioztatu baitut, askoz gehiago osatu beharko dena. Euskal Herriaren inguruan, obsesio pertsonalen nolabaiteko hustuketa ere izan da liburua, “nazionalismo versus internazionalismo” dikotomia ezeztatu nahirik. Eta egia esan, horretarako ez da egin behar ahalegin intelektual handirik. Gure inguruko herrialde guztietara begiratu besterik ez dago, ikusiz zein erraz integratu zituzten sozialistek bi terminoak eta nola Euskal Herriko kasua ez den salbuespen ez eta anomalia bat (bai espainol-sozialisten edo frantses-sozialisten kasuan eta bai independentista-sozialisten kasuan).

    Hirugarrenik, mahaigaineratzen duzun zalantzari erantzuten saiatuko nahiz. Badago lan bat, oinarri-oinarrizkoa, herrialde ezberdinetako gutxieneko historia jasotzearena. Logikoa denez, ez dut liburuan idatzi dudan ororen inguruan ikerketa zabal bat egin, ez bada atal zehatz batzuetan. Baina bai pasatu ditudala egunak irakurtzen bibliografian jasotzen ez diren historia orokorrak (Suitzako historia, Belgikako historia, Vietnameko historia, eta holakoak), zeintzuei buruz erabat ignorantea nintzen.

    Halere, nire helburua ez zen “sozialismoaren historia” definitiboa, edo holako zerbait idazlea. Kontrakoa baizik: ahalegin bat egitea “sozialismoaren historia bat” egon zedin, halamoduz sintetizatua eta euskaraz. Nahi duenak aukera izan dezan kontakizun hori kritikatu, kasu zehatzekin osatu edo eraldatzeko. Beraz bai, jakintza entziklopedikorik ez dudala jakinik, zerbait duina atondu nahi izan dut ahal izan dudan neurrian.

    Horretarako, batez ere bi oinarri hartu ditut, ildo orokorra markatu dutenak: lehena, Jacques Drozen sozialismoaren historia monumentala, lau bolumen lodikoa, 1970eko hamarkadaren hasieran egina (agian, horrekin konparatuz esan daiteke 400 orrialdeko gure liburua sozialismoaren historia “labur” bat dela). Bigarrena, europa garaikideari buruz Eric Hobsbawmek osatutako lau liburuak. Inspirazio marxistako lan ezagunak beraz, baina Hobsbawmen ildoa jarraituz, historia kulturalari ere garrantzia handia emanez. Horrela, oinarrizko ildoa Drozen eta Hobsbawmen lanek markatu dute eta horri herrialde ezberdinetako historia obra orokorrak gehitu zaizkie. Eta noski, ildo horretan nik ditudan impresio, obsesio eta interesak, fobiak eta filiak, txertatu ditut, historia lizentziaturan zehar eta orduz geroztiko ikerlari esperientzia laburrean pilatutakoak. Bistan da, gainera, generoaren inguruko azken hamarkadetako ikerketak ireki dituen perspektibak, batez ere identitateen eraikuntzari dagokionean, eta nik eguneroko ikertzaile lanean identitate nazionala aztertzeko sakonki lantzen ditudan lanek, liburu guztia orraztu dutela.

    Horren gainean, testua bibliografia espezializatuarekin muntatzen joan naiz. Azpimarratu beharrezkoak lau obra dira, historia soziala ikuspuntu kultural batetik indartu dutenak: 1) langile mugimenduaren sorrerai buruzko E.P. Thompsonen “Langile klase ingelesaren sorrera” 2), Frantses Iraultza eta XIX. mendearen hasierarako, William Sewellen “Lana eta iraultza Frantzian”, 3) sobietar kasurako Orlando Figesen “Errusiar iraultza” eta 4) Txinaren kasurako Philip Shorten Maoren bibliografia mardula. Are gehiago, bibliografiei garrantzia eman diet, sozialismoa ez baita ezer sozialistarik ez bada. Horrela, pisua hartu dute Garibaldiren, Flora Tristanen, Engelsen, Oscar Wilderen edo George Sanden inguruko lan biografikoek, aldi berean sekuentzia patriarkar klasikoa (Marx-Engels-Lenin-Stalin-Mao) hautsi/osatu nahirik.

    Hortik aurrera jo dut liburuaren bukaeran aipatzen diren obretara. Mugatua da zerrenda, liburua noizbait bukatu nahi banuen uneren batean irakurtzeari utzi behar niolako, egia esan. Horrek, zenbait atal baliteke kamuts utzi izana, badakit, eta gai bakoitzean espezializatutako norbaitek egurra eman diezaioke nire lanari, ziurrenik arrazoiz. Baina bueno, obra sintetiko bat sortu nahiak horixe ere badu. Halere, aipatzen duzu askotan datu/gertaera gehiegi pilatzera jotzen dudala. Izan ere, horrela erantzun nahi izan diot ikerketa sakonago baten faltari zenbait ataletan. Nolabait esanez, “hor daude gertaerak, osatu dezala kontakizuna nik baino gehiago dakienak”. Zentzu horretan beraz, liburua bai, nahiko atipikoa gertatzen da: 1) sintesi zabalak, 2) analisi xehatzagoak eta 3) datu pilaketak agertuz eta bai, atalak agian batzuk besteengandik ezberdinegiak geratu dira.

    Horixe beraz, liburuaren sormen prozesuari buruz galdetuta, esateko dudana.

    Milesker berriro ere iruzkina egiteko hartu duzun lanarengatik eta ikusi arte,

    Gorka.

    • txoroen-untzia
      txoroen-untzia says:

      Kaixo, Gorka,
      Mila esker zure argibideengatik! Uste dut liburua hobeto ulertzen laguntzen dutela, baina bakarrik ni bezalako bibliografiaren maniatikoren bati, jende guztiz gehienarentzat ondo dago bere horretan.

      Eta azken ohar bat: Julio Araluze ezagutzeko aukera izan nuen bere garaian (haren izena daraman beka baten barruan mamitu da liburu hau) eta ziur nago oso pozik sentituko zela emaitzarekin. Eta hori ere ez dago alferrik esatea.

      Ikusi arte,

      Pruden

Utzi erantzuna Gorka Etxebarria Dueñas(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude