KURDUAK ETA GU

2016ko maiatza

MARTORELL, Manuel: Kurdos, Madrid: Los libros de la catarata, 2016, 142 or.

liburua_Kurdos_martorell

Liburu laburra eta irakurterraza duzue hau, oinarri-oinarrizko albiste batzuk zabaldu nahi dituena, besterik ez. Kazetari batek idatzia, kazetaritzazko estiloan: motz, zehatz, argi. Izan ere, liburua ia osorik azaleko irudian laburbil daiteke: herri bat borrokan ari dena, eta borroka horren abanguardia, emakumeak. Hori da mezua.

Eta mezu hori indartsua da. Gaur egungo Euskal Herrian ez luke inor axolagabe utzi beharko, ez du utziko, apika. Zeren bere balio unibertsalaz gain, alegia, guretzat eta argentinarrentzat, edota japoniarrentzat eta islandiarrentzat berdin antzera balio dezakeen mezu unibertsal orokorraz gain, badu euskaldunontzat bereziki aipagarria izan daitekeen konturik, kurduak eta euskaldunak, finean, antzekotasun deigarriak ditugun herriak baikara. Oso deigarriak, nire ustez.

Egilea, Manuel Martorell, euskalduna da, nafarra, eta lanbidez kazetaria bada ere, Historian doktorea da eta hainbat liburu ditu idatziak bi ildo nagusitan: Euskal Herriko Historia Garaikidea, batetik, horretan karlismoaz diharduelarik nagusiki, eta Ekialde Hurbileko egoera eta gatazkak, batez ere kurduenak. Bi hitzetan laburbilduz, karlistak eta kurduak, horra bere bi kezka nagusiak. Ez da oso zaila intuitzea bi gaien artean badagoela nolabaiteko konexioa.

Manuel Martorell kurduei buruzko beste liburu batekin
Manuel Martorell kurduei buruzko beste liburu batekin

Baina liburu honetan, gorago esan dugun bezala, Martorellek batez ere kurduen oinarrizko deskribapen bat egin nahi digu: nortzuk diren, zein den beren historia, zein azken urteotako borroka, zein beren egoera gaur egun. Ez da erraza, liburua irakurtzen hasi ahala berehala konturatzen zarelako kurduak asko direla (36 miloi) eta Ekialde Hurbileko egoera telebistan ikustarazten diguten ohiko topikoetatik haratago, oso konplikatua dela. Zinez konplikatua. Konplexutasun hori guztia trazu erraz batzuetan marraztea da liburuaren erronka nagusia.

Euskaldunekiko antzekotasunetatik ikusita, hala ere, panorama asko errazten da. Saia nadin zerrendatzen: kurduak zinez herri zaharra, gaur egun Kurdistan izenarekin ezagutzen dugun horretan mendez mende bizi izan duena, jatorri argirik gabe, alegia, inguruko beste herri asko ez bezala, badirudi ez direla inondik etorri eta beti bizi izan direla bertan. Euskaldunak bezala, beraz. Era berean, sekulan ez dute unitate politiko independente eta gotor bat osatu, sekulan ez edo oso aldi labur eta zehatzetan, beti ibili baitira elkarren artean banatuta, talde bakoitza bere aldetik eta elkarren artean liskarrean maiz. Hau da, euskaldunak bezala. Orobat, batasun politiko horren gabezia gorabehera, elkarren arteko identitate etniko eztabaidaezin bati eutsi diote beti, nahi den ñabardura guztiekin, baina beti kurdu bezala agertuz, elkarren artean borrokatzeko ez bada ere, eta nortasun amankomun hori hizkuntzan gauzatu da beste ezertan baino gehiago; hala ere, beren literatura oso berantiarra da eta beren kontzientzia politikoaren sorrera, hots, abertzaletasun modernoa, are berantiarragoa, inguruko beste herri askorean aldean, bereziki. Jakina, hori guztia ere euskaldunez berdin antzera esan daiteke, gutxi gorabehera. Eta azkena, azken bi mendeetan hainbat gerra eta matxinada ezagutu izan dute, ez kontzientzia abertzale argi batek gidatuak, baina ukaezinezko ezaugarri etniko batez hornituak, erran nahi baita, apur bat hemengo karlistadak bezalakoak, eta azken hamarkadatan matxinada horiek leku eman diote molde iraultzaile berrietan gauzatutako gerrilari mugimendu batzuei, iraultza nazionala eta soziala aldi berean bultzatu nahi dituztenak. Erantsi beharrik ba ote daukat hemen bezala?

Antzekotasunak zerrendatu ondoren, gehitu dezadan diferentziak ere oso nabarmenak direla. Bitan laburbilduko nituzke nik: batetik, tamaina, bestetik, kokapena. Alegia, euskaldunak oso gutxi gara kurduen aldean (hamar edo hamabost aldiz gutxiago) eta europarrak gara, beraiek Ekialde Hurbilean bizi direlarik. Bi ezaugarri horiek, batez ere bigarrenak, den-dena aldatzen dute eta paralelismo errazegietatik zaintzeko esaten digute.

Kurdisango mapa (piratasyemperadores.com)
Kurdisango mapa (piratasyemperadores.com)

Ekialde Hurbilaz zerbait ikastea izan daiteke, gainera, liburu hau irakurtzeko bigarren arrazoi handia, kurduen arazoetatik haraindi. Izan ere, Ekialde Hurbila, denok dakigunez, oso leku berezia da: batetik, gure kultura europar eta mendebaldarraren zinezko sehaska da batetik (Egipto, Palestina, Siria, Mesopotamia, Iran…) eta hori bereziki garrantzitsua da erlijioari dagokionez (judaismoa, kristautasuna, islamismoa, eta haiek baino lehenagoko erlijioak) eta, bestetik, gure ekonomia modernoa, azken ehun urtean, petroleoaren gainean garatu denez gero, ekonomikoki oso leku garrantzitsua da gaur egun. Bai, Ekilade Hurbila oso leku berezia da eta, tamalez, oso-oso gutxi dakigu han bizi diren herriei buruz.

Zeren, zer da benetan dakiguna Ekialde Hurbilaz? Hollywoodeko pelikuletan transmititu diguten irudi estereotipatu batzuk eta telebistan edo egunkarietan ikusten ditugun gerra-irudi latzak. Hau da, orientalismoa, funtsean, Edward Saidek hitz horri ematen zion adiera zehatzean, erran nahi baita, europar kolonialismoak azken berrehun urtean bere burua legitimatzeko asmatutako mito, topiko eta kontakizun interesatuen zerrenda. Zerrenda luzea, baina bere ezaugarri nagusietan oso erraz laburbildu daitekeena: denak berdinak dira, barbaroak, ezjakinak, modernotasunean sartzeko ezgauza, beren burua gobernatzeko ezgai, mota guztietako gehiegikeria eta krimenik horribleenetara berez emanak, despota bihotzgabe baten mendean daudenean baino ezin dira bakean bizi eta aurrerabideari lekua egin. Aurrerabideari lekua egitea da, jakina, potentzia mendebaldarren interes ekonomiko eta militarrei amore ematea, eta, bakean bizitzea, noski, zapalketarik bortitzena isil-isilik pairatzea, inolako protestarik gabe. Beren barbarokeria esentzialaren azken manifestazioa, denok dakigunez, terrorismo jihadista da, eta gure komunikabideen azken leloa, honela laburbil daiteke, funtsean: denak dira terroristak, edo terrorismoaren konplizeak, gehiago edo gutxiago. Azken baieztapen hori, jihadistei aplikatua bada ere, ez zaigu ezazagun euskaldunoi, ezta?

Martorellen liburuaren asmoa mezu negargarri hori desegiteko ahalegina egitea da. Eta puntu nagusi batetik abiatzen delakoan nago: Ekialde Hurbila oso plurala da zentzu guztietan: etnikoki, erlijiosoki, sozialki, ekonomikoki, historikoki…. Alor horietan guztietan Europa bezain plurala da, gutxienik. Herri asko, talde asko, erlijio asko, elkarren artean bizitzen mendez mende; beren gerrak eta bakeak, beren historia, gurearen aldean hain desberdina ez dena, funtsean. Zergatik guztioi etiketa bakarra jarri? Zergatik dakar etiketa horrek gaitzespen moral bat aldean? Ez da zilegi, ez da zuzena, ez da praktikoa ere, ezer ulertu nahi bada.

Dena den, Martorellek ez du Ekialde Hurbilaren historia edo deskribapen orokor bat egin nahi, arazoari kurduen bidez heltzen dio soilik. Eta testuingurua globala bada ere, berak arazoaren konplexutasuna kurduen historiaren eta egungo errealitatearen bidez ikusarazten digu. Kurduak, inguru oso konplexu eta plural batean bizi den herri konplexu eta plurala, Europako edozein bezain, euskaldunak bezain, gutxienez, urrunago joan gabe.

Euskaldunontzat, adibidez, liburuaren 2. kapituluak interes berezia izan dezake. Horretan idazle kurdu nagusiaz hitz egiten digu, Ehmede Xani (1650-1707). Interes izugarria du euskaldunontzat gutxienez bi aldetatik, adibidez, irakur dezagun bere testu ezegunenaren (Mem-u-Zin, 1692), bi zati. Hau da lehena:

“He elegido nuestra lengua, en contra de la costumbre hasta ahora de escribir en árabe, persa o turco, para que no digan que los kurdos son unos ignorantes, que todos los pueblos tienen libros menos los kurdos, para que nadie pueda decir que los kurdos no saben escribir del amor, no saben hablar de filosofía. Los kurdos no son un pueblo inmaduro, no son unos ignorantes […]” (36. or.)

Testu hori 1692an idatzia da. Nork ez du gogoratzen oso-oso antzeko baieztapenak gure Etxepare, Leizarraga edo Axularren baitan? Kasu honetan euskaldunak apur bat lehenago ibili ziren, baina badira bestelako kasuak ere, adibidez, irakur dezagun beste testu hau, Xaniren liburu beretik jasoa:

“Las tribus kurdas viven encerradas en sí mismas, como si tuvieran fronteras, como si entre ellas se levantaran muros infranqueables. Cada vez que hay marejada en el océano de los rums [turkoak], en el mar de los persas o en el de los árabes, por los valles kurdos penetran oleadas de sangre inundándolos y aumentando nuestra división. Está más que demostrado el valor, el poder, la nobleza de las tribus kurdas; tienen fama de saber utilizar la espada, de coraje, pero también de manterner odios y rencillas; por eso siempre estàn enfrentadas las unas con las otras. Si, por el contrario, estuviéramos unidos, si los kurdos nos pusiéramosde acuerdo, los turcos, los persas y los árabes serían nuestros vasallos; tendríamos nuestro propio Estado, nuestra propia capacidad de decidir, haríamos justicia entre nosotros y nos gobernarían los más capaces y virtuosos.” (29. or.)

Kasu honetan, nor ez da gogoratzen Larramendiz? Oso-oso antzeko testuak idatzi zituen 1758 aldean (Sobre los fueros de Guipuzcoa, 1756-1758), alegia, Xanik baino hirurogeita hamar urte geroago. Azken ohar bat: wikipedian sartuta ikasten dugu Xaniren lan nagusien arteko beste bat, Eqideya imane, baita ere argitaratu gabe geratu zela bere garaian (Larramendiren Sobre los fueros de Guipuzcoa bezala) eta 2000. urtean ikusi duela argia Suedian; erlijio musulmanari buruzko liburu bat da. Segitzen duzu arakatzen eta, hara! arabiera-kurduera hiztegi baten egilea da baita ere. Alegia, labur eta baldar esanda, Xani hau gure Etxepare, Axular eta Larramendi da, aldi berean. Zaila da, benetan, kurduen eta euskaldunen artean dauden antzekotasun eta paralelismoei buruz zalantzarik izatea.

Ehmede Xani (1650-1707) (Wikipedia)
Ehmede Xani (1650-1707) (Wikipedia)

 

Berrirakurtzen dut iruzkina hasieratik eta konturarzen naiz oso gutxi hitz egin dudala Martorellen liburuaz. Testuinguru orokorra argitzen saiatu naiz, euskaltzaleontzat interes berezia duen puntu bat berariaz aipatu dut, baina hortik aurrera, ezer ez. Agian hobe horrela. Pentsa ezazu, irakurle, kurduen borroken eta sufrimenduen historiaz kontatzen dituen beste hamaika kontu, baita ere hunkituko zaituztela eta barneraino sartuko zaizkizula. Ikuspegi feminista batetik ere interes berizia du, baina nik berarizko aipamena egingo nioke Ekialde Hurbileko fede erlijioso desberdinen ugaritasunaz pintatzen zaigun kuadroari: denak musulmanak direla, beraz, denak berdinak, denak fanatikoak, eta abar eta abar pentsatzen duenak sorpresa bat baino gehiago aurkituko du hemen. Eta horrelarik lehendik ere sinesten ez zuenak, uste gabeko aniztasun handi batekin egingo du topo, baita erlijioaz mintzatzean ere. Eta abar.

Gerrillari kurduak
Gerrillari kurduak

Aukera bikotza eskaintzen digu liburu honek, beraz: kurduak ezagutzea eta Ekialde Hurbileko aniztasunaz hausnartzea. Horiek dira bere bi dohain nagusiak. Eta topiko orientalistak, kanpora!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude