KATALUNIA, NAZIO FORALA?

Pruden Gartzia
2016ko otsaila

Fontana, Josep, La formació d´una identitat: Una història de Catalunya, Vic: Eumo, 2015, 485 or.

Fontana libururen azalaBai, katalanez dago. Hain juxtu ere horixe pentsatu nuen Madrileko egunkaririk progresistarenean Santos Juliá historialari espainol prestigiotsuaren iruzkin gutxiesgarria irakurri bezain laster, apur bat beldurrez. Izan ere, hura irakurri orduko erabaki bainuen liburua erostea eta irakurtzea, Juliá guztiz erreferentziala baita Espainiako Historia akademikoaren baranoan, eta baita Fontana ere. Bai, biak dira oso erreferentzialak, eta biak aspaldiko kontrarioak (arerioak? Agian exajeratzea litzateke hori esatea, baina…). Eta Juliák dio (gutxi gorabehera) lotsa emangarria dela betidanik historialari iraultzaileen eredu izan dena (hots, Fontana) ikustea historialari erromantiko baten moduan idazten (irakur bedi abertzale baten moduan idazten). Fontana abertzale? Hori irakurri behar dut faltarik gabe, pentsatu nuen. Arazo bakarra, katalanez egotea.

Juliá, denok dakigu, ez da iraultzailea, oso abertzalea den arren (hori ere guztiok dakigu, berak eta bere ingurukoek izan ezik). Zehatzago, beldur handirik gabe esan daiteke Juliá PSOEren ideologo ofizialetakoa izan dela azken hiru hamarkadatan gutxienez (agian lehenago ere) eta hala ere nik neuk beti miretsi izan dut bere luma arina eta mingain zorrotza. Bereziki gomendatzen dizuet Manuel Azaña Espainiko politikari eta intelektulari buruz idatzitako liburua (Manuel Azaña: una biografía política, 1990); ez da irakurri diodan bakarra, baina bai miresmen berezi bat sortu zidana. Maisulan bat. Beste batzuetan ez da hain fin ibili, nire gustorako, baina ez dira mespretxatzekoak ere. Eta ipurterre fama duen arren, nirekin beti izan zen txit atsegina, tratua izan genuen garaian. Eskertzekoa den gauza, hasiera-hasieratik baitzekien ez ginela, inola ere, soka berekoak.

Santos Juliá Díaz (1940- ) [eldiario.es]
Santos Juliá Díaz (1940- ) [eldiario.es]
Fontanarekin aldiz, ez da izan atsegina inoiz, idatziz ez behintzat. Fontana Juliáren ifrentzua izan da beti. Zeren batak eldarnio iraultzaileak eta ameskeria abertzaleak gogorki porrokatzen zituen bitartean, bestea beti saiatu da utopia iraultzaileari eusten, aldez edo moldez. Eta bata beti nazionalista prototipiko gisa agertu den arren (bere aberria, eta beste ezer ez, izan baita beti bere hausnarketen iparra, funtsa eta helmuga), besteak beti mesfidantzaz ikusi du abertzaletasuna, klase menperatzaileekiko morrontza balekar bezala, beti, edo ia beti. Bata espainola, bestea katalana. Edo, bata Madrilen, bestea Bartzelonan. Antipodetan beti. Asmatu duzue nor den bata eta nor bestea, ezta?

Eta, halako batean, esaten digu Juliák lotsa emangarria dela ikustea Fontana, goizetik gauera, abertzale bihurtuta (historialari erromantiko da darabilen etiketa). Ai, Kataluniaren prozesu hori! Zelako atxilipurdiak eragiten dituzun!

Josep Fontana ezkertiar tipikoa da, topikoa ere esango nuke beldurrik gabe. Katalana da zuztar-zuztarretik, baina inoiz ez da izan abertzalea, azken urteotan Kataluniaren indepentziaren alde mintzatu bada ere. Edo, beste modu batean esanda, nire uste apalean haren lanak ezagutzen zituen inork ezin esan zezakeen abertzalea zenik. Aldiz, nabarmena da inoiz ez dela izan espainola Madrilen hitz horri ematen dioten eduki estriktoan, alegia, Bartzelonan bizi izan da beti (nik dakidanagatik) eta inoiz ez dio axola handirik sortu Madrilen gertatzen zenak, mundu akademikoan bereziki (politikan agian gehiago), eta hori madrildarrek ezin dute soportatu, inola ere ez. Horregatik, ziur aski, Madrilen inoiz ez dute bereziki maite izan (hori izan da nire inpresioa beti), haren maisutza beti errespetatu badute ere (eta hori ere nabarmena da), zeren benetan zaila baita, adibidez, La quiebra de la monarquía absoluta, 1814-1820  (1971) idatzi zuenari errespeturik ez izatea. Erdizka idatzi izan du gaztelaniaz eta katalanez, ez nuke jakingo esaten zein den hizkuntza bat ala bestea aukeratzeko izan duen irizpidea.

Josep Fontana i Lázaro (1931- ) [Wikipedia]
Josep Fontana i Lázaro (1931- ) [Wikipedia]
Baina goazen behingoz harira. Abertzalea egundo ere izan ez den komunista zahar horrek, bapatean, independentziaren alde hitz egiten du (2006) eta Kataluniaren historia bat idazten du, katalanez, guztiz tonu abertzalean (2014). Eta, dirudienez, ez da mota horretako eboluziorik izan duen intelektual bakarra. Zer ari da gertatzen Katalunian?

Beste modu batean ere egin daiteke galdera: egia da Fontana abertzale bihurtu dela? Hori da, hain juxtu ere, Juliáren iruzkina irakurri ahala nire buruari egin nion itauna, sinestu ezinik (laurogeita hiru urtekin bihurtu da abertzale?). Bada, bai, egia da, liburu honetako Fontana abertzalea da, dudarik gabe. Irakur dezagun liburuaren azken bi paragrafoak, zeintzuetan liburuaren beraren tesi nagusia laburbiltzen duen:

“Per sota dels esdeveniments quotidians i dels actes d´uns polítics que creuen, erradament, que són ells els que marquen els rumbs collectius d´un poble, circula un corrent poderós i profund de conciència col·lectiva que és el que ens ha permés preservar la nostra identitat contra tots els intents de negar-la. Un corrent que de vegades pot semblar ocult, però que surt a la llum cada cop que cal enfrontar-se a un obstacle.
El que he volgut explorar en aquestes pàgines és la naturalesa d´aquest corrent, seguint-lo a través del llarg procés de formació de la identitat dels catalans: d´un sentiment que ha perdurat en el temps i que ha arribat en plena vigència al present, havent resistit cinc-cents anys d´esforços d´assimilació, amb tres guerres perdudes—el 1652, el 1714 i el 1939–, sotmès a unes llargues campanyes de repressió social i cultural, que encara duren avui. Una trajectòria que permet mantenir l´esperança que, passi el que passi, aquesta voluntat de seguir sent nosaltres mateixos, contra totes les negacions i contra tots el desafiaments, seguirà persistint en el futur.” [enfasia nirea] (427. or.)

Azken esaldia euskaratuko dut, baten batek ondo ulertu ez badu ere: “traiektoria bat zeinak ahalbidetzen digun itxaropenari eustea, haren bitartez, gerta ala gerta, gu geu izaten segitzeko dugun borondate honek, ukazio guztien kontra eta erronka guztien kontra, iraungo duelako etorkizunean ere”. Eta barka biezat Juan Garziak, ez naiz ezer hobeagorik egiteko gai. Baina ulertzen da, ezta? Gerta ala gertu gu geu izaten segitzeko esperantza dugu, oraingo honetan berriz ere 1652an, 1714an eta 1939an gertatu zitzaigun bezala, porrot egiten badugu eta espainolak berriz ere irabaziko balute ere, independentziari atea itxita.

Beraz, ez dago batere garbi independentziazaleek irabaziko ote duten, lehenago ere hiru gerra galdu izan baitituzte katalanek, hori esaten digu historialariak. Baina aldi berean beste zerbait ere esaten du. Aldi berean baita ere esaten digu orain ere hemen daudela, oraindik ere eusten diotela katalan izateari, Katalunia oraindik ere ez dela hil, eta ez da hilko, guk ez badugu nahi... Enfin, nahi gabe Lizardiren poema bat atera zait. Barkatu.

****************

Liburuak berak laurehun orrialdetik gora ditu eta oso estilo dibulgatiboan dago idatzita, publiko zabalari begira. Ziur naiz katalanek di-da batean irakurriko dutela, baina neuri kostatu zait apur bat. Katalanez dago, eta segitzea asko kostatzen ez bada ere, beti dago bidean geratzen zaizunik (hiztegiari begira ibilita ere) eta, gainera, oso liburu katalana da, alegia, Kataluniako historiaren oinarrizko ezagutza zabala aurresuposatzen du, ziur aski bertako eskola eta institutoetan sitematikoki eskaintzen dena baina niregainaino, Madrilen ikasi zuen honenganaino, ez dena inoiz iritsi, bereziki Ertaroari dagokionez. Ondoko mendeetakoa ezagunagoa egiten da, eta XIX-XX. mendera sartu ahala, dena errazagoa da, bereziki azken kapituluetan.

Tranpa apur bat ere badu: liburua erabat zentratzen da Katalunian, eta Katalunian bakarrik, Ertaroan zehar, baina Espainia muturrra sartzen hasten da XVI. mendean eta gero eta espazio gehiago okupatzen du aurrera egin ahala. Ez dakit kontzienteki edo inkontzienteki, liburuan zehar integrazio prozesu bat antzematen da: Katalunia bera bakarrik eta erabat independente bizi izan da Ertaroan, inperio ganorazko xamar bat sortzeraino helduz Mediterraneoan, Atenaseraino, XIII. mendetik aurrera. Baina Fernando Katolikoaren graziaz Gaztelarekin bat egin ondoren, Nafarroaren kasuan bezala (hori neurea da), Katalunia bigarren mailan geratzen da, gero eta gehiago. Gero eta gehiago.

Bartzelonaren setioa eta menperakuntza (1714)
Bartzelonaren setioa eta menperakuntza (1714)

Bigarren mailan geratze hori oso ondo jasotzen delakoan nago: bi gerra odoltsu daude tartean, XVII. mende erdialdeko katalanen matxinada eta XVIII. mende hasierako Ondorengotza Gerra. Kasu bietan (1939an bezala), espainolek Bartzelona setiatu eta konkistatzaile gisa bereganatuko dute, gerra luze eta odoltsuen ondoren. Eta bazirudien Katalunia amaitua zela. Bai, horixe hain juxtu ere, bazirudien Kataluniarenak egin zuela. Hortxe, puntu horretantxe zehatz-mehatz, nahi izan du Fontanak jarri indar nagusia, behin eta berriro azpimarratu baitu militarki zapaldua izanik ere, herri katalanak beti jakin izan duela aurrera egiten. Herri katalana. Katalan arruntak, herritar xumeak, horra liburuaren benetako protagonistak, egileari kasu egitera. Baina irakurketa azaleko batek ere erakusten digu kontua konplikatuagoa dela. Fontanarentzat, argi dago, Kataluniaren historia nazio baten historia da, baina nolako nazioa? Barne-gatazka eta kontraesanik gabeko nazioa? Identitate nazionala gai da diferentzia guztiak estaltzeko eta erlatibizatzeko, nazionalista klasiko orok pentsatzen (omen) duen bezala? Nola artikulatzen da identitate hori historian zehar?

Arazo asko eta potoloak ditugu horiek guztiak, eta ez dute erantzun errazik liburu honen bueltan. Dena den, saio bat egingo dugu eta saiatuko gara argitzen zer den Fontanarentzat identitate katalana. Gaia agortzeko asmorik gabe, bi arazo aipatuko ditugu bereziki, bukaeran ondorio garbi bat ateratzeko. Batetik hizkuntza eta foruen arteko tentsioa, Kataluniako elementu definitzaile gisa; bestetik herritar xumeen eta eliteen arteko harreman gatazkatsuak, alegia, klase-borrokak. Kasu bietan herri katalanaren jarraipena zalantzapean jarri behar da, abertzale tipiko batek bi kasu horietan eten bat egin beharko bailuke bere diskurtsoan eta argibide batzuk eman. Eta zer egiten du Fontanak?

***********************

Ekin diezaiogun hizkuntzaren eta foruen arteko erlazioari. Duela oso gutxira arte euskaldunok gauza bat, eta bat bereziki, miretsi izan dugu katalanen baitan: hizkuntzarekiko atxikimendua. Ondorioz, beti pentsatu izan dugu hizkuntzarekiko maitasuna dela abertzaletasun katalanaren muina. Eta horretan guztiz erratu gara. Bi alde desberdinetatik ikus daiteke hori: batetik, hizkuntzarekiko atxikimendua abertzaletasuna bera baino askoz ere zabalagoa izan da Katalunian, bereziki azken hamarkadetan; bestetik, abertzaletasun erredikalak, hots, independentismoak, gora egin duenean eta gizartean ia-ia hegemonikoa bihurtu denean (oraintxe), abertzale guztiz gehienek ez dute batere arazorik izan gainetiko herrialde katalanei (Valentzia eta Balearrak, funtsean) bizkarra emateko. Guztiz naturalki egin dute. Ondorioztatu behar dugu, beraz, hizkuntzarekiko atxikimendua inoiz ez dela izan abertzaletasun katalanaren muina, Kataluniarekiko berarekiko maitasuna baizik (eta Valentzia eta Balearrak oso bigarren mailan geratzen dira maitasun sentimendu horietan).

Fontanari irakurrita azken baieztapen hori bete-betean konfirmatzen dugu. Ez da inola ere hizkuntza bigarren maila batean jartzen, baina Kataluniaren nortasunaren ezaugarri nagusia ez da hizkuntza, bere legeak (foruak) baizik. Ikustagun hizkuntzaren garrantziari buruzko bi aipu argi:

“contra les teories sobre comunitats imaginades i tradicions inventades […] la realitata d´unes identitats nacionals basades en el parentiu, l´etnicitat, la llengua i una cultura compartida que, lluny de ser purament arbitràries, estan profundament arrelades” (13. or.)

 

“Cap al 1213, a la fi d´aquests segles formatius, el desenvolupament de la comunitat que integraven els catalans tenia uns caràcters propis i diferenciats que el marcarien el futur. Estaven units per l´idioma, que “es traba entre les primeres llengües vernacles documentades en els arxius històrics” […] ja que hi havia aquí una uniformitat que no es trabava en altres països, on la gent tenia llenguatges diversos” (32. or.)

Hizkuntza, beraz, oso garrantzitsua da identitatearen genesian, baina berehala nabarmentzenda hizkuntzaren gainetik dagoela legea, hots, erakundeak:

“Però aquesta es també l´època d´un avenç encara més important en la història de la nostra formació com a poble: el que va portar a fer de Catalunya el primer estat nació modern d´Europa, amb una estructura política consolidada i unes Corts representatives” (35. or.)

Alegia, Kataluniaren erakunde politiko bereziak, bere konstituzionalismo goiztarra, bere lege propio eta bereziak, bere foruak, finean, dira Kataluniari bere nortasuna ematen diotenak, hizkuntzak baino askoz ere gehiago, besteak beste hizkuntza bereko beste lurralde batzuetatik bereizten dutelako:

“És aquest el moment adequat per reflexionar sobre la diferència de desenvolupament polític entre els diversos components de la Corona d´Aragó: la maduresa del sistema protoconstitucional que s´havía establert a Catalunya […] és distinta de la realitat política de Valencia, i sobretot de la d´Aragó, on el pes de la noblesa privilegiada no estava equilibrat per la força del patriciat urbà, com passava a les institutions de govern catalanes. La unitat lingüística i cultural amb València no es corresponia tampoc amb un grau equivalent de similitut respecte al progrés polític del Principat.” (67. or.)

Alegia, Valentziarekin (adibidez) hizkuntza konpartitzeak ez dakar komunitate politikorik edo identitate amankomun argirik, zeren bi herrialdeek garapen instituzional desberdinak segituko dutenez gero, bi komunitate desberdin sortuko dira. Ondorioa erabatekoa da:

“El Principat havia aconseguit, a mitjan segle XIV, una estructura política i fiscal pròpes d´un estat nacional modern, com els que s´implantarien a Holanda i a Anglaterra tres segles mès tard. […] Arribar a la modernitat amb tres selgles d´avenç va resultar perjudicial. […] Però seria justament la consciència de la singularitat d´aquesta constitució, que garantia les llibertats col·lectives, el que aniria reforçant a Catalunya els fonaments d´un sentit d´identitat que seguiria vivant més enllà dels accidents polítics.” (74.or.)

Gurera ekarrita: hizkuntzak ez gaitu nazio bihurtzen, gure ordenamendu juridiko bereziek (foruek) bai ordea. Hori da, hain zuzen ere, Txillardegik (eta ezkerreko abertzaletasun modernoak) EAJren aurka etengabe porrokatuko duen kontzeptua. Fontanak ez du batere zalantzarik eta behin eta berriro itzultzen da puntu berera aldi historiko guztietan: Katalunian duguna da “una solidaritat col·lectiva basada en la fidelitat “a la terra”” (115.), alegia, lurrak sorrarazten du sentimendu abertzaleak, ez hizkuntzak, lurrak eta historia berezi eta propioak baizik, sistema konstituzional moderno bat XIV. menderako eratu duena, katalanek kosta ahala kosta defendituko dutena, gerrarik gerra:

“La unanimitat de moments com els de la resistència de Barcelona en els setges de 1706 i de 1713-1714 o la continuïtat de la reivindicació de les llibertats perdudes al llarg del segle XVIII nomès poden explicar-se a partir d´un suport inicial majoritari a la causa constitucional.” (212. or.)

Askatasun zibilen defentsa da katalanen borrokarako korapilo nagusia, ez identitate kulturala edo linguistikoa, Fontanaren arabera. Ikus dezagun oraindik argiago:

“Aquell cos de lleis que els catalans consideraven la base dels seus drets i de les seves llibertats no eren solament uns textos impresos en els volums de les consitutions, sinó que formaven part de la seva manera d´entendre el món i la societat. Les constitutions havien nascut de les necessitats reals de la societat i havien contribuït a configurar la identitat que definia els catalans cmo a poble: una identitat que es va manternir en els vençuts, perquè estava associada las seus constums, a les seves formes de vida i a la seva cultura popular, de manera que resultava impossible d´abolir-la per la llei.” (225. or.)

Horrekin batera, Fontanarentzat garbi dago Katalunia eta Gaztela bi gizarte desberdin direla oso garapen historiko desberdina izan dutelako. Alegia, Kataluniaren eta Gaztelaren aurkakotasunaren esplikazioa ez da bi hizkuntza (kultura) desberdin izatea, baizik eta historia oso desberdinak izan dituztela, bai maila instituzionalean (konstituzionalismo katalana vs. absolutismo gaztelaua) bai maila ekonomikoan (Kataluniaren garapen ekonomiko goiztarra vs. Gaztelaren estankamendu ekonomiko etengabea). Ikustagun:

“Si a començament de segle [XVIII. m.] la confrontació [Gaztelarekin] s´havia produït per la diversitat entre el constitucionalisme català i l´absolutisme castellà, ara [XIX.m.] l´oposició era de la societat agrària tradicional contra la industrialització.” (254. or.)

 

“La realitat era que resultava difícil unificar dues societats que durant segles s´havian desenvolupat de manera diferent, i que, en ple procés de creixement industrial, seguien funcionant a velocitats distintes. La diferència existent entre la societat agrària castellana i la industrial catalana es traduïa en la incomunicació.” (259. or.)

Laburbilduz, hizkuntza garrantzitsua da, baina historia garrantzitsuagoa, bereziki erakunde politikoen historia (konstituzionalimoa, foruak) eta ekonomiaren modernizazio goiztarra (industrializazioa). Apur bat euskal abertzaletasun klasikoak Euskal Herrirako defenditu izan duen bezala, ezta? Foruen defentsa (autogobernua, estatutua) eta garapen ekonomikoa dira gure ideologia abertzalearen muina, XVIII. mendeko foralismotik XXI. mendeko EAJraino. Adibidez, duela hilabete batzuk Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarrean eginako hitzaldi solemnean berriz ere errepikatu zituen betiko ezaugarriok eta, berritasun gisa, etiketa bat jarri zien: nazio forala. Bada, askori harrigarria egingo bazaie ere, aldeak alde, Fontana ere horretan dago, nire ustetan. Ondorioz, hizkuntza eta lurraldetasuna bigarren mailako arazoak dira, bai hemen, bai Katalunian. Txillardegi harri eta zur egongo litzateke eta, agian, apur bat haserre.

**************************

Baina dena ez da forala, dena ez da Txillardegiren kontra. Izan ere, Fontana ezkertiar damugabea denez gero, bere abertzaletasun (berri) hori nola edo hala aristokraziaren eta burgeseriaren menpetik askatu beharrean dago beti, ezkerraren eta langile-mugimendu historikoaren ezaugarrietara hurbilduz. Eta hortik liburuan zehar behin eta berriro nekazarien eta klase apalen alde ateratzen zaizkion aldarrikapenak eta erreibindikazioak, behin baino gehiagotan bat egiten dutenak burgesiaren traizioaren aipamenarekin, adibidez, hemen:

“Que les capes dirigents catalanes adoptin, en moments de conflicte, solucions que prioritzen els seus interessos de classe enfront dels del país, serà un fet que es repetirà, i se segueix repetint, en la nostra historia.” (85. or.)

Aipu hori bereziki kategorikoa bada ere, etengabeak dira mota horretako alusioak testuan zehar. Eta gogora dezagun gure iruzkinaren hasieran aipatu duguna: liburu osoa herri katalanaren goramena da, hasi eta buka, eta herri katalantzat, Fontanak, lehenengo eta behin herri xumea ulertzen du, ez aristokratak eta burgesak. Ñabardura kontua da, nahi bada, baina ñabardura garrantzitsua.

Azken puntu batek ñabardura horren garrantziaren tamaina ezinhobea eskaintzen digu. Denok dakigunez, literatura katalanaren XIX. mendeko berpizkundea (“Renaixença”) da abertzaletasun katalanaren historiaren puntu nagusietako bat, eta prozesu kultural horretan eliteek jokatu zuten paper zentrala. Hori da ikuspegi klasikoa. Bada, Fontanak osotoro eta gogorki ukatzen du, terminorik kategorikoenetan:

“La tradició que sosté que la recuperació de la llengua catalana va ser fruit d´una Renaixança culta, que començaria el 1833 amb la publicació de La pàtria d´Aribau, i culminaria el 1859 la “restauració” dels Jocs floralas, no té gaire fondament. […] De la majoria dels literats que es consideren pares de la Renaixança sabem que no tenien el català com a llengua de la seva vida quotidiana, i no el parlaven a casa—si no era amb els criades—ni en familía. Una cosa és que fessin poesies en català, però les cartes que s´adreçaven entre ells les escrivien en castellá. Que l´ús de la llengua per part de la societat culta catalana fos netament diglòssic […].” (305. or.)

Eta honetan bai, gure Txillardegik berriz ere interesa berreskuratuko luke eta interesez irakurriko luke liburuaren atal osoa (“La recuperació de la llengua catalana”, 305-309. or.), benetan interesgarria dena. Zer zen, bada, katalana, XIX. mendean? Horra:

“Lengua, per tant, de criats, masovers i, en tot cas, de les dones, que rebien una educació inferior; però no apta per a les coses serioses. Com ens mostrá Rosa Congost, el castellà era la llengua dels terratinents i dels notaris.” (305-306. or.)

Alegia, euskaldunok hain ondo ezagutzen dugun eskema sozial diglosiko hori, XIX. mendeko Katalunian indar betean zegoen, Euskal Herrian bezala, berdin-berdin. Eta nola aldatu ziren gauzak? Nola pasatu zen katalana herri langile eta nekaziaren hizkuntza izatetik (gure Gabriel Arestiren hitzetan esateko) berriz ere gizarte osoaren, hots, nazioaren hizkuntza izatera? Fontanak ez digu prozesu osoa deskribatzen, baina oinarri-oinarrizko fenomenoa argi eta garbi identifikatzen du:

“La catalanizació de la cultura popular estaria associada a l´ascens d´una política democràtica, com ho podem veure en l´obra de Josep Anselm Clavé.” (307. or.)

Alegia, Fontanaren arabera, mugimendu demokratikoaren gorakada Katalunian XIX. mendearen bukaeran eta XX. mende hasieran, da katalanaren aurrerakadaren giltza nagusia. Klase nagusiek, burgesek, bazekiten katalanez, baina nekazari, morroi eta neskameekin hitz egiteko baino ez zuten baliatzen; beraien artean eta etxe barruan gaztelaniaz ari ziren. Baina nekazariak, langile xumeak, industrializazioak dakartzan klase sozial emergente berrien eguneroko hizkuntza katalana zen; klase horien gorakada, herritar xumeen protagonismo sozial eta politiko gero eta handiagoa, hitz batez, indar demokratiko berrien antolakuntzak ekarri zuen katalanaren prestigiatze berria eta hedapena, eta ez elite literario ilustratu bezain kontserbadore eta badaezapadako baten ahalegina. Txillardegi pozak zoratzen jarriko zen baieztapen horiek irakurtzean. Azken aipu bat egingo dugu:

“Cap a 1860 va produir-se un fet sorprenent. En un període de set o vuit anys va sorgir un anova literatura que s´expressava en una llengua i unes formes properes a les de la cultura popular, que va assolir un éxit espectacular. […] en defensa del “catalá que ara es parla” i de la democratització de la cultura.” (308. or.)

“Kulturaren demokratizazioa”, bizitza politikoaren demokratizazioarekin batera datorrena, horra giltza, Fontanaren arabera.

Martzelino Soroa (1848-1902) [Guregipuzkoa.net]
Martzelino Soroa (1848-1902) [Guregipuzkoa.net]
Eta orain egin dezagun azken paralelismo bat: Fontana, atal horretan, 1860ko antzerkigintza “popular” baten sorrera eta arrakasta izugarriaz mintzo da, Lore Joku kontserbadore eta elitisten eredu atzerakoiei aitzi; gurera etorriz, Martzelino Soroaren (1848-1902) edota Toribio Altzagaren (1861-1941) antzerkigintza popular arrakastatsuak euskal pizkundearen gidaritza literarioa eskuratu izan balu, Anton Abadiaren Lore Joko erreakzionarioen ordez, zer gertatuko zen? Sabino Aranaren eta bere jarraitzaileen eredu purista eta kontserbadorearen kontra, kultura “popular” eta “demokratiko” bat nagusitu izan balitz (eta kulturarekin batera, hizkuntza eredua), garbi dago beste mundu batean biziko ginatekeela. Agian Katulunian bezala?

*************************

 

Independentziaren aldeko manifestazioa [Argia]
Independentziaren aldeko manifestazioa [Argia]

Baina aski da. Azken hitz batekin amaituko dut: herria. Euskaraz, denok dakigunez, lurra eta jendea (jende xumea, ez aberatsak) esan nahi du, gauza biak aldi berean. XVII. mendeko nekazari eta artisau katalanak “la terra”-rekiko leialtasuna oihukatuz altxatu ziren, behin eta berriro, monarka espainolaren armaden kontra. Liburu honetan, Fontanak, herritar xume horien historia egin nahi izan du, ororen buru. Eta inebitablea da euskal matxinadak oroitzea eta Benito Lertxundik hain gartsuki kantatzen zuen Matalaz bertso ezagunetara gogoa hegaldatzea (…bizia Xuberoaren alde emaiten baitüt…). Hitz batez, abertzaletasunera begiak itzultzea. Zeren ezkertiar batentzat abertzaletasuna, ezer izatekotan, herritar xumeen historiaren erreibindikazioa da, eta ez besterik. Esango nuke horretan ahalegindu dela Fontana eta, ñabardurak ñabardura, horrek bihurtzen duela bere liburua bereziki interesgarri euskaldunontzat. Bai, hori da Fontana betiko ezkertiarra, herritar xumeen identitatearen historialaria. Fontana abertzalea.

Adi, hala ere, paralelismo errazagien zaleok! Fontanaren kontakizunean askoz ere errazago kabitzen da Iñigo Urkulluren nazio forala, Txillardegiren abertzaletasuna baino. Horrek, nire begietan, interesa gehitu besterik ez dio egiten. Fontana, erreferentzia bat beti.

Iruzkinak (5)

  • Ez dakit ondo ulertu dizudan, Pruden, baina irudipena dut, azkenean, ñabardurekin izan arren, zu ere bat zatozela funtsean Juliá-ren ondorioarekin (nahiz horren inguruko zure balorazioa desberdina izan): Fontana, behinola komunista izandakoa, abertzale bihurtu da. Abertzale ezkertiarra, gehitzen duzu zuk, herri xehean interesatua, eta harekin identifikatua, baina, txarto ulertu ez badizut, jada ez litzateke behinolako komunista “puru” hura. Ala, esaten ari zarena da lehen ere, bere modura, Fontana (kripto)abertzalea zela ?

    Bestalde, Fonatanaren sintesia, egilearen ideiak ezagutzeko baliagarria da zalantzarik gabe, baina ez zait argi geratu ea gaiari berari eman dion enfokeak, historiografikoki, konbentzitu ote zaituen: Hau da: Fontanaren narrazioan, Kataluniaren ibilbide historikoa, edo nahiago bada, “nazio baten eraikuntza prozesua”, modu sinesgarrian azalduta dago? Ala, kontrara, tesi bat frogatu guran, gertaerek berez diotenetik haratago joan da (nazio zentzua emanez berez halako esangurarik ez duten gauzei)? Zein izan da zure inpresioa?

  • txoroen-untzia
    txoroen-untzia says:

    Gabon, Mikel eta Jurgi.

    Mikelentzako:
    Eta bai, ezin diogu Historiari ihes egin, baina Joxe Azurmendik esaten duen bezala, Euskal Herriaren alde aritzea beti da, aldez edo moldez, Historiaren kontra joatea. Utopiaren alde, jakina, ez baikara, ez baitugu izan behar, Historiaren morroi. Zein da gure utopia, ordea?

    Jurgirentzat:
    Lehen galderari: nire arazoa da ez nukeela jakingo definitzen zer den abertzalea, funtsan, abertzale mota asko dagoelako (bai munduan, bai hemen). Testu honetan, dudarik gabe, Fontana argi eta garbi abertzalea da, hitzaren adiearik estriktoenean. Abertzaletasunaera konbertitu da? Ez nuke halakorik esango. Beraz, lehendik ere abertzalea zen? Ez dakit, inoiz ez dut halakotzat izan. Beharbada ziurtasun osoz esan dezakeguna da orain independendista dela eta lehen ez; edo, baita ere, orain ez duela lotsarik bere sentimendu aberkoiak agertzeko eta lehe, apika, bai. Ez dakit erantzun dizudan.
    Bigarren galderari: galdera hau zailagoa da oraindik. Bere oinarrizko tesia da XIII. mendetik aurrera (lehenago ere apika) Katalunia nazio bat dela (edo, nahiago bada, identitate argia daukan gizarte autonomo bat). Eta hori XIII. mendean hala bazen, hortik aurrera eutsi besterik ez dio egin bere nortasunari eta garapen autonomoari (Frantziarekiko edo Gaztelarikiko autonomoa, adibidez, baina baita Aragoi, Valentzia eta Balearrekiko). Gauzak horrela planteatuta, badirudi nazioa aurresuposizio bat dela (berriz diot, XIII. menderako, XIV.erako beranduenik, nazio bat izango genuke jada). Oso tesi gogorra da, gure artean, adibidez, inork ez luke Euskal Herriarentzako halakorik defendituko. Zer ondorio atera behar dugu tesi horretatik? Ez dakit, benetan, ez dakit. Garbi dagoena da absurdoa dela Kataluniaren historia, zentzu horretan, Frantziarenarekin (edo Espainiarenarekin) konparatzea, izatekotan, Portugal, Suitza edo Holandarenarekin egin behar da (tamaina ere inportantea da). Niri gero eta gehiago kostatzen zait nazioarekiko (nazionalismoarekiko) teoria orokorrik ulertzea, Europako gizarteak dibertsoegiak dira pentsatzeko dena eredu bat, bi edo hiru aplikatuta uler daitekeela.

  • Mila esker Pruden zure erantzunengatik.

    Segitzen dut argi ikusi gabe ea noraino den interesgarria (baliagarria, eredugarria) guretzat Fontanaren proposamen historiografikoa: Euskal Herria iraganeko X momentutan (jar dezala bakoitzak nahi duen mendea) nazio bihurtu zela esateak (edo kontrara, katalanek ez bezala, EHan ez zela hori lortu esateak) zer ekarpen egingo lioke gure historia ulertzeko moduari? Gauzen zergatia hobeto ulertzen lagunduko luke? Euskal nazionalismoa XIX. mende amaieran zergatik sortu zen eta ondoren zergatik izan duen arrakasta soziala (arrakasta erlatiboa, baina arrakasta) ulertzen lagunduko luke? Ala kontrara nahiko argi dauden auzien inguruan interpretazio potolo baina hutsalak gehituko lituzke?

    Badakit modu manikeoan planteatu dudala auzia, eta, gainera, arazo nominalista baten aurrean egon gaitezkeela (egokia al da “nazio” deitzea 1789. urte aurreko giza taldeei? Agian bai, agian ez, “nazio” hitzari ematen diogun zentzuaren arabera. Baina horrek zer ekarpen egiten dio auziaren mamiari?). Bestalde Fontanaren baieztapen deigarriena Katalunia XIIIean nazio zela esatea izan liteke, baina zure iruzkinean ikusten denez, ez da hori bere liburuaren ekarpen bakarra, ezta, agian, ekarpen interesgarriena ere. Aitzitik iruditu zait bere ekarpen onenak auzi konkretuen inguruan egiten dituela (adibidez katalan hizkuntzaren demokratizazioaz egiten duen interpretazioan, Renaixança kontserbadoreari baino garrantzia handiagoa emanez popularrari, eta hor zuk kontraste polita seinalatzen duzu Martzelino Soroa eta enparauen kasuarekin).

    Enpin, ondorioztatu nahi nuena ez zen ea Fontanaren liburua osotara onetsi edo txarretsi behar den, baizik ea zein den bere liburuan seinalatutako ideien artean guretzat emankor izan litezkeenak. Eta zure iruzkinak horietako batzuk seinaltzen ditu. Mila esker Pruden!

    • txoroen-untzia
      txoroen-untzia says:

      Egia esan, Jurgi, agian neuk helburu apalagoan nituen buruan liburu hau irakurtzean: Euskal Herriko abertzaletasunaren arrakasta (erlatiboa) ulertzea baino, Kataluniaren historiaz zerbait ikastea batetik, eta intelektualen historiaz eta jokaerez (Fontanarenaz, adibidez) zerbait ikastea ere. Eta uste dut bietan ikasi dudala zerbait.

      Baina deigarriena, agian, beste hau da: ikustea historialari bat ez duena batere lotsarik XIII. mendeko nazioaz hitz egiteko, natural-natural. Eta nire buruari galdetzen diot: zenbat kaka ez diguten sartu buruan espainol-frantses intelektualek, geure espirituak etengabe mugatzeko, azpiratzeko! Sapere aude! Ausartu gaitezen geure buruarekin pentsatzera! Hori da, nire kolkorako, Fontanaren liburuan ikusi dudan ekarpen nagusia.

      Mila esker zuri ere interesagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude