ZER EGIN BEHAR DUTEN EMAKUMEEK JAUN DONE PAULOREN ARABERA

Pruden Gartzia, 2015eko urria

García-Viana, Luis Fernando, Paulo, Jesu Kristoren berriemaile [itzultzailea, Jesus Maria Arrieta Sagasti], Bilbao: Deustuko Unibertsitatea, 2001, 223 or.

Liburuaren irudia

Ez da arrunta gure artean Teologiari buruz hitz egitea edo Teologiako liburuak iruzkintzea. Eta, apur bat pentsatuta, egoera harrigarria izan beharko litzateke Euskal Herriko Historiaren ezagutza minimo bat duen edonorentzat. Izan ere, behin baino gehiagotan gogoratu dudan bezala, aukeratu behar izango bagenu gure herriaren Historiaren ezaugarri nagusia XVI. mendetik XX. mendera arte (edo honen azken herenera arte, zehatzago esanda) zalantza gutxi izango genuke hautatzeko Eliza Katolikoaren nagusitza erabatekoa, maila guztietan. Hori da, dudarik gabe, gure Historia Modernoaren ezaugarri nagusia. Adibide txiki bat hartuta: salbuespen gutxi eta erlatibo xamar batzuk kenduta, hemen sekula ez da egon unibertsitaterik XX. meneko hirugarren herenera arte, baina seminarioak? Eta ikastetxe erlijiosoak? Euskal gazteria ortodoxia katoliko hertsienean hezi izan da mendez mende, masiboki.

Gaur arte, zeren gaur egun seminarioak hutsik daude eta Teologia… existitzen denik ere ez da inor gogoratzen. Kurioski, esango nuke euskal komunitate intelektuala, gaur egun, oraindik laikoagoa dela edo, beste hitz batean esanda, neurri handi batean ateoa.

Eta hala eta guztiz ere, Deustuko Unibertsitateak 25 liburu argitaratu zituen euskaraz 2000-2010 bitartean Erlijio Kulturaren Bilduma-n, erdia baino gehiago itzulpenak, baina besteak euskaraz idatziak Joxe Arregi edo Ramon Irizar bezalako teologo euskaldunen eskutik. Itzulitako beste batzuk, gainera, hemengo seminarioetako teologoek gaztelaniaz idatziak dira. Denak Teologiako ikasketak egin nahi dituztenentzat eta antzekoentzat.

Aipagai dugun liburua bilduma horretako bat da, nire arreta erakarri duena. Uda honetan irakurri nuen, presa barik, interes handiz, tarteka aspergarria izan badaiteke ere, bereziki Teologiari buruzko ezagutza orokorrak urriak eta anekdotikoak badira, nire kasuan bezala. Paulo Tarsokoa, Jaun Done Paulo kristauentzat, munduko pentsalari nagusietako bat da, pentsa ezazue, erlijio kristauaren teologo nagusia, zinezko asmatzaile zenbaiten ustez, haren idazkiak Jainkoaren Hitza izan dira eta dira kristauentzat, zentzurik hertsienean. Ez da fededuna izan beharrik esateko pentsalari honen lanak ezagutzea garrantzitsua izan beharko lukeela gutxieneko kultura orokor bat izatera lehiatzen den edonorentzat. Berriz diot, edonorentzat. Izan ere, ba ote dago europarrontzat pareko garrantzirik izan duen beste pentsalaririk? Gure kultura sakonago eragin eta moldatu duen idazlerik?

Jaun Done Pauloren irudi konbentzional bat

Labur: kristautasunaren ideologoaz ari gara. Garrantzi itzela eman arren, oso zaila izango da exajeratzea.

Har dezagun kasu konkretu bat: emakumea. Alegia, zein izan behar luke eta, ondorioz, zein izan da emakumearen posizioa eta eginkizuna gizartean Europan azken bi milurtekoetan? Bada, neurri handi-handi batean (ez bakarrik, baina bai neurri handi-handi batean), Eliza Kristauak esleitu diona. Horren arabera hezi izan dira den-denak, gizon eta emakume, mendez mende. Arrunki patriarkatua deitzen dugun hori, Europari dagokionez behintzat, erlijio kristauaren produktu bat da neurri handi batean, berriz diot, ez soilik, baina bai neurri handi batean. Eta erlijio kristaua, neurri handi batean ere, Pauloren produktu bat da. Eta, gainera, honek deribazioak ditu beste erlijio eta kultura batzuetan ere, adibidez, islamismoan, baina gera gaitezen Europan, momentuz behintzat.

Galde dezagun, bada, zer dio Paulok emakumeaz? Benetan ezaguna eta benetan bortitza den aipu batekin abiatuko gara, hau da:

“Fededunen elkarte guztietan bezala, emakumeei ez zaie zilegi batzarrean hitz egitea; beude isilik, beraz, eta ager bitez menpeko, Moisesen legeak agintzen duen bezala. Argibiderik nahi balute, galde biezaiete etxean beren senarrei, ez baita egoki emakumeek batzarrean hitz egitea.“
(1 Ko 14, 34-36)

Biblija.net : Biblia interneten

Fuertea, ezta? “Beude isilik eta ager bitez menpeko”, horra, itxura batera, Pauloren pentsamenduaren muina. Hortik, jakina, ez da oso zaila patriarkatuarekin konexioak marraztea. Gainera, ez da Pauloren testu bakarra, hona beste perla pare bat, ildo berean:

“Emazteak izan daitezela beren senarren menpeko, Jaunaren menpeko bezala”
(Ef 5, 22)

edo

“Ez dut ontzat ematen emakumeak jendaurrean irakastea, ezta gizasemeari agintzea ere: egon bedi isilik.”
(1 Tm 2, 12)

edo, azkena,

“eta zentzudun, garbi, etxekoandre on eta beren senarren menpeko izaten lagun diezaieten. Horrela, ezin izango du inork Jainkoaren hitza iraindu“
(Tt 2, 5)

Nahikoa da. Honez gero ikusten ditut irakurle batzuen aurpegiak suak hartuta eta odola irakiten, amorru santuz kristauak lehoietara eskaka. Gainera, Alejandro Amenabarren Ágora (2009) pelikula ikusi berriak badira (badakizue, Hipatia Alexandriakoaren figuraren bizitzaren eta heriotza tragikoaren gainean inspiratua), bada, oraindik gehiago. Nola ausartzen naiz ni gaurko emakume euskaldunak horrela probokatzera, inpresentable horren pentsamenduari buruzko liburu bat iruzkinduz eta gomendatuz?

Bi arrazoi daude horretarako. Biak dira aski sinpleak, soka luzea badakarte ere, eta nik aipatu besterik ez ditut egingo, horien inplikazioez hausnartzea irakurlearen esku utzirik.

Lehena da itxura guztien arabera García-Viana teologo progresista bat dela, Teologia Berriaren ildokoa, nolabait esanda, eta bere liburuan gai hori hizpidera badakar (94-96 or.) hain juxtu ere da aldezteko (eta, laburki, frogatzen saiatzeko) aipagai ditugun lau testuok ez direla Paulorenak, geroago egindako interpolazioak (lehen kasuan) edo beste norbaitek edo norbaitzuk geroago idatzitako testuak eta Paulori oker egotziak (beste hiru testuak).

02238_stanne_kanderson_m375x500

Alegia, García-Vianaren arabera lau testu horiek ez dute jasotzen Pauloren egiazko pentsamendua, baizik eta bera hil eta gero beste jarraitzaile batzuk (Hipatia Alexandriakoa hil zutenak bezalakoak, nonbait, garaiz eta aldartez) erantsiak. Zeren eta, arrunki pentsatzen denaren kontrara, lehen belaunaldietako Eliza Kristauaren jarrera emakumeekiko oso bestelakoa zen, askoz ere irekiagoa eta, nolabait esanda, progresistagoa. Ildo horretan, García-Vianak baieztatzen du Pauloren pentsamenduan berdintasun osoa dagoela gizonaren eta emakumearen artean, eta lehen kristau-batzarretan emakumeek hitza har zezaketela eta hartzen zutela; orobat, gerora apaizen ordena osatuko zutenen artean, orduan oraindik ernamuinetan (diakonoak), emakumeak zeudela eta Paulok espresuki ontzat ematen dituela. Baina nire hitzak eta metaforak erabiltzen ari naiz, eta agian ez da hori, zehatz-mehatz, García-Vianak esan nahi diguna. Beraz, aipu luzexka bat egingo diogu:

“Pauloren iritziz, gizasemea eta emakumearen artean ez dago oinarrizko ezberdintasunik […] Bigarren belaunaldiko kristauen artean zalantzan jartzen hasi ziren, nonbait, berdintasun hori eta, ondorioz, emakumea baino gizasemea gehiago dela dioten testuak azaltzen ikusiko dugu […] Galaziarrei egindako gutunean Paulok irakasten duen oinarrizko berdintasunak ondorio zehatz eta iraultzaileak ditu bere garairako. 1 Ko gutunean ikusia dugu hori, gisaseme eta emakumeen arteko harreman sexualei buruz mintzo denean (7, 3-4). Eliz zerbitzuak antolatzean ere berdintasuna aintzat hartzeko joera ikusten da. Erm 16, 1ean elizaren zerbitzari—diakono—zen emakume bat aipatzen du Paulok […] gizasemeak nahiz emakumeak, otoitz egitearen nahiz profeta bezala hitz egitearen ministeritza biek zutela erakusten du Paulok.”

(94-95. or.)

Beraz, lehen kristauen artean emakumeak ez zuten batere eragozpenik apaizen eginkizunak betetzeko (hau da, komunitatea administratu eta eliz-batzarretan predikatu) edo, beste hitz batzuekin esanda, apaizen kargua bakar-bakarrik gizonezkoentzat gordetzea gero etorri zen nobedadea izan zen, ez Paulok aldeztutakoa edo agindutakoa. Aitzitik, Paulok berdintasuna predikatzen zuen erlijio-eginkizunei dagokienez behintzat. Eta hori iraultzailea zen garai hartan.

Sinestuko diogu García-Vianari? Ez dakit. Ez da erraza bere argudioak haztatzea eta egoki baloratzea gai horretan ezagutza apur bat zabalagoa izan gabe. Bera ere labur ari da, eta liburua Pauloren pentsamenduaren aurkezpen orokor bat da; emakumeari buruz, berariaz, hiru orrialdetan ari da, eta horretan ere ñabardurak eta xehetasunak egiten ditu… Ez da erraza erantzun argi bat ematea.

Baina bego lehenengo argudioa hor, ez gaineratu gabe, azken puntada gisa, teologo progresistak talde antolatua eta indartsua direla Eliza Kristauren adar askotan (katolikoak barne), eta horietako batzuetan lortu dutela emakumeak ere apaiz ordenatzea, alegia, gizonekiko berdintasun formala; Eliza Katolikoan, tamalez, oraindik gutxiengoa dira. Baina interesgarria da ikustea teologo fededunen artean ere badirela feministak, edota feminismoa sinpatiaz ikusten dutenak, again gaurko eta hemengo euskal feminista gehienei epelak edota bitxiak irudituko bazaizkie ere. Baina mundua zabala da, eta denetarik dago, zorionez edo zoritxarrez.

Melania_the_Younger_nun_of_Rome_Menologion_of_Basil_II

Eta honekin bigarren argudiora pasatzen gara: nire uste apalean oker, oso oker dabiltza pentsatzen dutenak erlijioaren pisua beheraka ari dela gure gizartean, eta gero eta txikiagoa izango dela, erabat desagertu arte. Egia da Euskal Herriko azken berrogeita hamar urteko Historiari begiratzen badiogu, ondorio legitimo bat izan daitekeela (Elizaren gainbehera gure artean ikaragarrizkoa izan da eta are eta handiagoa izango da epe labur batean, itxura guztien arabera). Baina esango nuke inpresio engainagarria dela, oso laburra eta lokala. Munduak, bere osotasunean, erlijio batek edo bestek jotzen duen musikaren arabera egiten du dantza, bereziki eskualde musulmanetan (baina ez bakarrik). Ez dirudi erlijioa, bere osotasunean, gainbehera doanik.

Agian kristautasunaren Historia ikertzen dutenen lanei erreparatzea (teologo fededunenak barne), ez da itxura batera eman dezakeen denbora galtzea. Gaurko eta biharko mundua hobeto ulertzen lagun dezake. Neuk, behintzat, zerbait ikasi dut liburu hau irakurrita, eta ez zait bereziki axola fededun batek fededunentzat idatzia izatea, hau da, seminarioko irakasle batek bere ikasleentzat egina. Edo nork bere sokako autorak baino ez dituela irakurri behar pentsatzen ote du inork? Ez, ezta?

Eta euskaraz dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude