ANSELMO LEGARDAREN LIBURUA edo GARAI BATEKO EUSKALTZALETASUNAZ

Pruden Gartzia, 2015eko uztaila

Anselmo Legardakoa: Lo vizcaino en la Literatura castellana, San Sebastián : Biblioteca Vascongada de los Amigos del País, 1953, 589 or.

Legardaren liburuaLiburu potolo hau doktorego-tesi baten argitalpena da, 1952an Madrilen irakurria, eta egilea kaputxino nafar euskaltzale bat da. Eta esaldi bakar batean informazio mordo bat sartu dugu, azalpen xeheagoa behar duena. Horra.

Gerraostean gaude eta, jakina denez, ez dira urte goxoak kaputxino euskaltzaleentzat. Nabarmenenak erbestera destinatu dituzte nagusiek 1936tik aurrera eta Euskal Herrian bertan geratzea lortu dutenak ere susmpean bizi dira etengabe. Denboraren poderioz leunduko den egora bat bada ere, ez dago garbi noiz arte luzatu zen ordena barruko errepresioa, zuzena edo zeharkakoa. Damaso Intza, aita Donostia, Polikarpo Iraizotz, Patxi Ondarra… neurri batean edo bestean horren lekuko dira, guztien bizitzan eta testigantzetan aurkituko duzu ohar adierazgarririk, arrunki gai horretaz isilak eta lotsorrak izaten badira ere. Anselmo Legarda ere kaputxinoa da eta, itxura guztien arabera, euskaltzalea. Zein puntutaraino sartu beharko genuke errepresaliatuen multzoan?

Egia esanda, oso gutxi dakit gure egilearen biografiaz. Berriki haren familiako kide bat ezagutu dut, hura ere zeharka baino ezagutu ez zuena, eta hark ere ez zeukan albiste berezirik haren euskaltzaletasunaz, soilik ama euskalduna izan zuela, hizkuntza transmititu ez ziena (edo amona zen?). Baina aski da esku artean dugun liburua irakurtzea konturatzeko haren bihotza oso gertu zegoela Euska Herritik; hortaz gain, liburu hau argitaratu eta urte gutxitara berriz ere bere izena ikusten dugu liburu baten azalean, kasu honetan liburu kolektibo bat da, ondokoen artean ondua: B. Estornes Lasa, L. Villasante, J.M. Barandiaran, A. Irigarai, E. Munarriz Urtasun, M. Lekuona, K. Mitxelena, A. Campion, J. Urkixo, J.M. Lakarra eta J.B Merino Urrutia. Alegia, garai bateko intelligentsia euskaltzalearen lagin nabarmen bat (pare bat ordurako hilak baziren ere), zeinetan EAJ inguruko abertzaleek eta tradizionalistek (karlistak edo hurbilekoak) bat egiten duten arazo berezirik gabe, Auñamendi argitaletxearen aterpean. Libururen izenburua esanguratsua da: Geografía histórica de la lengua vasca (1960); neurri handi batean aspaldiko testuen bilduma bat da, Bernardo Estornes Lasak bilduak eta antolatuak.

Eta bi liburu horiek galdera bat pausatzen dute gure aurrean, gerraosteko euskalgintzari buruzkoa. Jakina denez, errepresio bortitzaren ondorioz abertzale gehienek (erbestean zeuden hainbat) oso jarrera mesfidatia zuten erregimenaren sektoreetatik euskal hizkuntza eta kulturari nolabaiteko aterpea eskaintzen zieten pertsonalitate bakanekiko; beste batzuk, aldiz, posibilismoaren bidetik jotzea erabaki zuten eta edozein zirrikitu probestea; Mitxelena, adibidez, horietakoa zen, eta goiz hasi zen harremanetan Real Sociedad Bascongada de Amigos del País inguruan biltzen ziren euskaltzale tradizionalistekin. Elkarte hori da, gainera, aipagai dugun liburua argitaratu zuena. Non kokatu beharko genuke Legarda, abertzale posibilistekin edo tradizionalista euskaltzale moderatuekin? Gaur egun dakigunarekin ezinezkoa da erantzutea.

Baina sarrera luze honen ondoren berriz ere jatorrizko liburura itzuli beharko genuke, hau da, Lo vizcaino en la Literatura castellana-ra. Eta orain berdin da kripto-abertzale bat dugun aurrean ala tradizionalista euskaltzale bat, Urkixo, Arrue edo Merino Urrutia izan zitezkeen bezalakoa. Bila dezagun, ordea, zein den liburu horretan marrazten zaigun unibertsoa.

Legarda herriaren argazkia, hangoa zen Frantzsiko Bakaoikoa Santz, erlijio izenez Anselmo Legardakoa.
Legarda herriaren argazkia. Hangoa zen Frantzisko Bakaikoa Santz, erlijio izenez Anselmo Legardakoa. 

Unibertso hori garai bateko euskaltzaletasunarena da, Euskal Herria Espainia barruan ikusten duena eta hortik separatzeko inolako asmorik erakusten ez duena, nahikoa baita gure euskal berezitasuna zaintzea. Era berean, kontserbadorea da guztiz (erreakzionarioa ez bada!) eta benetan bitxia da ingurune horretan sozialistarik edo progresistarik ikustea; karanbola bitxi batek baino ez du esplikatzen Luis Martin Santos bezalako bat inoiz edo beste giro horretako bazkari edo ekitaldietan agertzea (olagarro bat bolatokian bezala sentituko zen!) eta, zer esanik ez, Txillardegi edo Aresti bezalakoek ospa egiten zuten ziztu bizian, aukera sumatu ahala (bon, agian Aresti luzeago geratuko zen, boutadeak jaulkitzeko zeukan afizioari irtenbide ezin hobeago bat eskaintzen baitzioten). Azken ezaugarria eta beharbada nagusia: euskal kulturaren eta espainiar kulturaren arteko osagarritasuna bilatzen zen, saiatuki bilatu ere, eta horretarako Historiara jotzen zen, Espainiar Inperioaren urrezko mendeetara, zeintzuetan euskaldunek paper garrantzitsu bat jokatu baitzuten erregearen zerbitzura: Elkano, Urdaneta, Okendo, Juan Garai, Blas Lezokoa, Txurruka… haiek bai garaiak, euskaldunak Espainiaren zerbitzura lehen-lehen lerroan nabarmentzen zirenean, trukean beren berezitasunekiko (foruak eta beste) errespetu osoa jasoz. Hori baitzen bidea, Espainia guztiz katolikoa baina nolabait plurala, joandako loriaren oroitzapenetik elikatzen zena. Ildo horretan esanguratsua da aipagai dugun liburuaren izenburuan “literatura castellana” agertzea, eta ez “española”, erregimenak sutsuki bultzatzen zuen bezala (gaur ere berdin): horraino ailegatzen zen berezitasun-gosea eta erregimenarekiko kritika subterraneoa (gaur egun, beharbada, horraino ere ez).

Eta goazen liburura. Doktorego-tesi bat da eta, beraz, definizioz astuna eta irakurtzeko gaitza. Hala eta guztiz ere egileak ahalegin handia egiten du gaia arintzen kapitulu ugari eta laburrak josiz, estilo kolokial bat erabilita gainera. Hasiera batean nahiko pozik ekiten diozu irakurtzeari baina laster (ehun bat orrialde pasa orduko, berrehun asko jota) ekaiaren astunak laminatzen zaitu. Ez, ez da irakurtzeko erraza, eta borondate sendo-sendoa (eta astia) behar duzu osorik bukatzeko. Zergatik? Batez ere oso errepikakorra delako. Bata bestearen atzetik aipu literarioen errosario amaigabea, beti antzeko gaien inguruan, alegia, euskaldunen izakera. Egileak, teorian, ibilbide tematiko bat proposatzen digu, gaztelaniazko literaturaren urrezko aroan euskaldunez agertzen diren aipu ugariak (sistematikoki bilduak eta zehazki dokumentatuak beti) gaiaren arabera antolatuz. Baina inpresio engainagarria da, nire begietan behintzat, gaia beti baita berbera: euskaldunen izakera, zeina ez baita oso argi geratzen zer den zehazki, izakera substantzial bat (horrelakoak gara gu) ala izakera bat gaztelauen begietan (horrela ikusten gaituzte). Eta, edonola ere, ez dio askorik axola, ezta? Ozta-ozta hirurogei urte pasatu badira ere liburua argitaratu zenetik, horko kezkak eta ikuspuntuak pleistozenikoak ematen dute gaur egun nire adina duten batentzat ere (zer izango ote da hogei urte dituztenentzat?).

Tirso de Molina
Tirso de Molina

Esango nuke, funtsean, euskal izakera hori bi irudi topikoen gainean oinarritzen dela nagusiki, bata ona, bestea barregarria, alegia, Tirso de Molinaren komedia bateko aipu hiperrezagunean kondentsatzen da bat (“corto en palabras, pero en obras largo”, in La prudencia en la mujer, I. ekitaldia) eta Cervantesen Sancho de Azpeitia ezkutari artaburu eta harroputz zapuztuaren irudian bestea (Kixotea, I, VIII-IX. kap.). Bai, bi horiek dira, dudarik gabe, katedral horren dorre bikiak, kanpandorreak, soinua behin eta berriro urrun-urruneraino hedatzen dutenak; beste guztiak, mila eta bat bariazio funtsezko bi horien gainean besterik ez dira. Irakurle bipilaren esku uzten dut erabakitzea zein den irudi ona eta zein barregarria. Jakizu, hori bai, inoiz giro bateko espainolekin biltzen bazara eta zeure burua euskaldun gisa agertzen baduzu (irakur bedi, abertzale gisa, ez baita egoten funtsezko diferentziarik egoera horietan), ez dela bi minutu ere pasatuko norbaitek bi episodio horietako bat zuri aipatu arte. Gaur egun ere. Ziur.

Baina Legardaren liburura itzulita, azpimarra dezagun bilduma gisa ukaezineko balioa duela: esan dugun bezala, bilketa sistematiko eta zehatza da. Horrela aipatu gaituzte euskaldunak gaztelaniazko literaturan, horiek dira sortu ditugun (dizkiguten) topikoak. Horiek, eta besterik ez. Ondo da jakitea.

Bukatu aurretik, hala ere, gure liburuaren lehen kapituluaren aipamen luzeago bat erantsi nahi nuke. Izenburua du “Qué fue lo vizcaino: palabras y conceptos” (9-22 or.) eta gaur eta beti (dirudienez XVI. mendetik gutxienez) euskaldunon artean polemikagai izen den kontu batez dihardu: nor gara gu? Zein da gure herriaren izena?

Aita Larramendi
Aita Larramendi

Jakina denez, gaztelaniaz, XVI, XVII eta XVIII.. mendeetan gutxienez, “vizcaino” esaten zitzaien euskaldun orori, eta puntu horretaz ez dago dudarik; Legardaren hitzetan “incontables son los testimonios que pueden alegarse para aclarar ese punto, y muchos irán apareciendo en las páginas que siguen” (9.or.). Baina, gure irudiko, interesgarriena da ikustea euskaldunon artean zeinek bere lurraldea ondo bereizten bazuen ere (ugariak dira, adibidez, gipuzkoarren protestak “bizkaitar” deitzen dietelako) espainolek segitzen dutela euskaldun guztien multzoari “vizcaino” deitzen, batez ere Gaztelako erresuman, eta “navarro” Aragoiko koroapekoetan. Ildo horretan adibide barregarriak jasotzen dira, adibidez, Agustín de Rojas batek “afirma que habían nacido él “de Luisa de Rojas, natural de la villa de San Sebastián, en Vizcaya” (10.or.); oso kasu arruntak omen ziren eta gipuzkoarren haserrea eragiten zuten. Gure Larramendiren Corografia-ren bi aipuk kontua zehatz-mehatz zedarritzen dute, jesuita andoaindarrak zuen estilo zolian:

“Es inaguantable la bobería del común de los castellanos y demás españoles cuando en lo hablado y en lo escrito entienden a todos los vascongados con el nombre de vizcaínos… y de aragoneses y valencianos que llaman navarros a los vascongados […] Los autores que escribieron sobre estas provincias no tuvieron más principio que ver en las universidades donde estudiaron que todos los vascongados, vizcaínos, alaveses y navarros y guipuzcoanos hacían un cuerpo para distinguirse de castellanos, andaluces, extremeños, así en los vítores como en las elecciones de consiliarios, y otras funciones, y que a todo este cuerpo lo llaman Vizcaya, por no repetir tantos otros nombres.” (11-12. or.)
[N.B.: Oharretan Corografiaren 1882ko edizioaren 15. eta 20. orrialdeak aipatzen ditu iturritzat]

Ederra kontua! Bizkaia zen, orduan, Hego Euskal Herri osoaren izen arrunta espainolen artean! Enfin, agian norbaiti bururatuko zaio hori ere berpiztea, hala nola Nabarraldekoek berpiztu nahi izan duten Nafarroa Hego Euskal Herri osoa izendatzeko! Termino historikoetan ikusita, ez da arraroa. Oso urrun joan gabe, jakina da Holanda, gaur egun estatu bat izendatzeko izen arrunta dena, estatu horren probintzia nagusiaren izena baino ez dela, eta atzerritarrek erabiltzen zutela probintzia guztien batura (Zazpi Herbehere Batuen Errepublika edo Probintzia Batuak, euskarazko wikipedian irakurtzen den bezala, zazpi baitira orotara) izendatzeko, Holandan baitago Amsterdam, hango ekonomiaren hiriburua XVI. mendetik aurrera (hala nola Bilbo Euskal Herrikoa); eta Holandaren hegoaldean Flandria dago, hura ere historikiki lurralde txiki bat da jatorrian, gero Belgikaren lurralde zabal bat izendatzeko erabiltzen bada ere. Normala da, beraz, XVI-XVIII. mendeetan Bizkaia erabiltzea Euskal Herriaren hegoaldeko osotasuna izendatzeko, hala nola hori baino lehen Nafarroa erabiltzen zen Erdi Aroan (orduan hura baitzen zati nagusia). Galdera da zergatik enpeinatu behar garen izen horiek berreskuratzen gaur egun… nik ez diot zentzurik ikusten, eta barka biezadate Nabarraldekoek, baina beraiek guztiok nafarrak garela esateko bezainbeste arrazoi dago erantzuteko oker dabiltzala, guztiok bizkaitarrak garela, San Ignazio Loiolakoa eta San Frantzisko Xabier barne. Beste moduan batean esanda, anakronismorik ez, mesedez.

Baina aski izan dugu honetaz. Oraindik ere zeresanik balegoke beste bi jentiliziori buruz, hurrenez hurren “cántabros” eta “vascos” (Zer dira bakoitza? Nola erabili behar dira? Adibidez, Cadalsorentzat “los cántabros—entiendo por este nombre todos los que hablan el idioma vizcaíno” (16. or.) eta “Para Garibay—escribe Saroïhandy—como para todos los autores de su época, los Vascos no eran sino los vascongados franceses”, 17. or.). “Vizcaino” hitza nola ahoskatu behar den ere (hiru silaba ala lau) gai gatxa ehi da, eta abar. Baina aski da, utzi dezagun horrela eta interesatuak jo dezala liburura.

Azken hitz bat, haatik. Esana dut ez dakidala, zehazki, zein zen Legardaren filiazio politikoa, eta orain azpimarratu nahi nuke egin nahi izan ditudan kontsiderazioak egiteko ez dela datu erabakigarria. Funtsean, XIX eta XX. mendeetan zehar oso indartsua zen euskaltzaletasun bat ezaugarritzeko ez da hain garrantzitsua eragile guztien filiazio politikoa zehazki markatzea. Gorago esan dugun bezala, euskaltzaletasun hori ez zen separatista, baina bai katolikoa eta foruzalea; Espainiaren barruan ikusten zuen Euskal Herria, baina bere berezitasunak ziurtatuta. Sabino Arana izan zen lehena ikuspegi hori zalantzan jartzen eta, nire ustez, Gerra Zibilaren errepresioaren ondoren, bereak egin du. Baina heriotza luzea izango du; gerraosteko basamortuan oraindik ere baziren han hemenka tradizionalista euskaltzale batzuk eta, hortaz gain, EAJ inguruko abertzaleen artean ere ez dira gutxi jende horrekin zubiak eraiki nahi zituztenak, nolabaiteko posibilismoaren barruan jokatuz. Ezkerreko abertzaletasun berriaren jaiotzak, aldiz, guztiz alboratu zuen, eta euskal sozialisten edo komunisten artean ere inoiz ez zuen segitzailerik izan. Nire irudiko, 1970erako desagertzen da ia guztiz edo, beste modu batean esanda, testimoniala bihurtzen da.

Ba ote dago berpizkunde baterako oinarririk? Ez nuke erabateko ezetzik esango. Mendebaldeko hiru probintziotan, soziologikoki bederen, esango nuke ezetz, EAJk irentsi egin duelako mota horretako planteamenduak aldeztu zezakeen oro. Nafarroan, aldiz, berpizkunde baterako oinarririk egon daiteke, begibistako arrazoirengatik. Gertatuko ote da? Ni neu poztuko nintzateke Nafarroan Anselmo Legardakoaren moduko batzuk agertzen hasiko balira. Berri ona litzateke guztiontzat, dudarik gabe, mota horretako euskaltzaletasunetik zinez urrun sentitzen banaiz ere, blog hau irakurtzen dituzten guztiz gehienak bezala.

Iruzkinak (3)

  • Interesgarria Legardaren kasua, eta interesgarria iruzkina, Pruden. Egingo nuke kriptoabertzalea barik Legarda tradizionalista izan zela. Aspaldi batean bere liburua orriztatu nuenean, bere estilo literarioa oso astuna, barrokoa eta arkaikoa iruditu zitzaidan (Cervantesen garaiko norbaitena ematen zuen). Estiloak, beraz, ikuspegi tradizionalista horixe iradokitzen du, nahiz jakina auzia ezin den datu soil horrekin ebatzi.

    Bestalde, zuk aipatzen duzun tradizionalista euskaltzaleen berpizte aukera egungo Nafarroan (edo beste edozein euskal lurraldetan), zail ikusten dut. Egingo nuke tradizionalista euskaltzaleak desagertu direla “beren mundua” desagertu den bezala: nekazari mundua, euskaraz bizi zena, fededuna, elizkoia, kontserbadorea… Halako testuingurutik elikatzen ziren euskaltzale tradizionalistak (batzuetan, Legardaren kasuan bezala, gerta zitekeen euskararik ez jakitea zuzenean, baina euskal mundu baserritar-tradizional hori oso gertukoa zitzaien). Halako munduaren inguruan lan oso interesgarriak egin zituen euskaltzale tradizionalista bat, bere kastakoen artean azkena agian, Antonio Zabala izan zen (edo “Zavala”, berak adierazgarriro idazten zuenez). Mundu hori gabe, nekez imajina daiteke UPN inguruko bat euskal gauzen zale bilaka daitekeenik. Ezinezkoa ez da noski. Baina zaila.

  • txoroen-untzia
    txoroen-untzia says:

    Ziur aski arrazoi duzu, Jurgi. Antonio Zabala aipatu duzu eta duela oso gutxi Emile Larre lurperatu genuen; interesgarria izan daiteke biak alderatzea. Izan ere, biak “euskaldun fededun” moldeko pertsonak ziren, baina Zabala tradizionalista zen bezala (fedean eta politikan), Larre beti “apaiz progrea” izan zen (zilegi bekit etiketa hori erabiltzea inor haserretu barik!), alegia, Vatikano II.arekin guztiz identifikatua eta, zentzu horretan, oso urrun tradizionalismotik; horrek, jakina, ez zuen inolako “ezkerraren” baranoan kokatzen, baina bai tradizionalismotik urruntzen. Jakina, ez bata ez bestea ziren abertzale, bai euskaltzale sutsu.

    Beraz, agian beste hau ere galde daiteke: posible da kristautasun “progresista” baten berpizkundea Euskal Herrian? Batzuen ustez, ez, eta aski da gure apezpiku-plantilari begiratzea horretaz jabetzeko; garbi dago, gainera, iturri horretatik ez delako inolako euskaltzaletasunik sortuko. Baina Erroman berriz ere aitasantu “moderno” bat dugularik (batzuetan PSOE bat, adibidez, ezkerretik gainditzen duena alde handiz!), agian ez da ezinezkoa pentsatzea gizartean ere zerbait mugituko dela ildo horretan… Eta hala balitz, Nafarroan, adibidez, abertzale ez diren euskaltzaleak sor daitezke.

    Hipotesi bat da, jakina, eta une honetan ez dago datu askorik horretan federik izateko!

    • Grazia egin dit aitasantuak PSOE ezkerretik gainditzearenak (eta ez zaizu arrazoirik falta!).

      Euskaltzaletasun kontuan, bestalde, ez dakit tradizionalisten pizkunderik egongo ote den. Izatez, ez dakit “liberal” euskaltzaleen pizkunderik ere egongo ote den: garai batean, euskal gauzen zaleak talde hartan ere baziren eta. Agian ez asko, baina batzuk bai. Esate baterako Jose Miguel de Azaola, edo lehenago denboran Jose de Orueta (biak bilbotarrak). Azaola, adibidez, irakurtzen duzu (bere “El País Vasco” sintesi liburua kasurako, Madril, 1988) eta euskal kontuen inguruko zaletasun zinezkoa igartzen zaio. Bere ikuspegiekin ados egon zaitezke edo ez, baina nekez uka daiteke Euskal Herriari maitasunez eta interesez begiratzen zionik. Berriz, gaur egun, irakurtzen dituzu “liberal” gisa aurkezten diren euskal intelektual progreak eta ia beti destainaz mintzo dira euskal gauzen inguruan. Beraiek “gauza horien gainetik” daude beti. Hor ere, Azaola moduko “liberal” katoliko aski “ordenako” batek, ezkerretik gainditzen ditu egungo “liberal” progreak .

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude