NOR ZEN MARTIN LUTHER (1483-1546)

Pruden Gartzia, 2015eko ekaina

Roland Bainton: Here I Stand: Martin Luther, Oxford: A Lion Book, 1994, 412 or.

Luther liburuaren azala

Gero eta gustatuago nabil biografiekin, azkena, lerro hauen gainean duzuen hori, Martin Luther (1483-1546) erreformatzaile erlijioso handiarena. Liburu bikain bat, zinez, akademiko ingelesek edota amerikanoek ugari produzitzen dituzten biografia horietako bat: zehatza, guztiz ondo dokumentatua eta, hala eta guztiz ere, airoski idatzia eta oso atsegina irakurtzeko, ez eleberria bat bezain, baina ia-ia. Areago, zertarako ibili adarretatik, liburu hau klasiko bat da, 1950ean argitaratua lehen aldiz eta gaur egun ere oraindik aldiro-aldiro inprimatzen dena; ingelesezko wikipediaren arabera miloi bat ale saldu dira munduan eta sarritan erabili izan da eskoletako testu-liburuen iturri gisa. Hau guztia ingelesez eta ingelesezko munduan, jakina, ingelesezko wikipediak ez baitizu esango beste hizkuntzetara itzuli ote den (existitzen ote dira?) eta protestante anglofonoen komunitatetik kanpo nolako harrera izan duen. Txikikeriak, beharbada, liburu bikain baten aurrean gaudelako, eta kitto, beste guztia oso marjinala baita, edo hori pentsatu beharko dugu ingelesez zelan edo halan moldatzen garenok.

Baina utz ditzagun petralkeriak eta itzul gaitezen harira. Berriz ere ingelesezko wikipediara jo eta ikusten dugu egileak, Ingalaterran jaio arren, karrera akademiko osoa Estatu Batuetan egin zuela, Yaleko unibertsitatean, hain zuzen ere. Pazifista baten semea, quaker batekin ezkondua, artzain protestante gisa ordenatua, hala ere ez zuen apaiz/artzain lanik egin inoiz eta, aldiz, Yalen ikasi eta bertan irakasle gisa jardun zuen bizitza osoan. Dozena batetik gora liburu idatzi zituen Elizaren Historiaren alorrean, horietako hainbat oso arrakastatsuak eta aipatuak, ezagunena berehala iruzkinduko dugun hau bada ere. Ingelesezko wikipediak bereziki aipatzen du I. Mundu Gerra hastean (hogei urte zeukan eta Estatu Batuetan bizi zen ordurako) Gurutze Gorriaren Lagunen Elkarteko bazkide egin zela berehala; ez digu esaten, ordea, uko egin ote zion Ingalaterrara itzultzeari gerran parte hartzera, edo Estatu Batuetako armadak deitu ote zuen urte batzuk geroago, gerran sartu zenean. Eta nik neuk Hollywoodeko pelikuletan batzuetan agertzen den pazifista kuakero horietako baten usaina hartzen diot, eta ez dut oso ondo ulertzen wikipediaren mutismoa edota hitzerdikako lotsa hori (pozik jaso nituzke albiste gehiago, gizona oso sinpatikoa egiten baitzait) baina, beti bezala, Amerikako kulturaz dudan ezagutza murritza deitoratu ondoren, ez naiz beste ezertara ausartzen.

Adibide bat: ingelesezko wikipedian ere irakurri dut Estatu Batuetako hainbat unibertsitate guztiz prestigiotsu (Harvard eta Yale, besteak beste), protestante kongregazionistek fundatuak direla, eta hain juxtu ere Bainton jauna Eliza Kongregazionala-ren (Congregational church) artzain ordenatu zuten. Eta nortzuk dira protestante kongregazionistak? Bada, oso ugariak ez omen diren arren, garbi dago Harvard eta Yale sortu zituztenak ez direla ahuntzaren gauerdiko eztula Ipar Amerikako historian, kulturan eta gizartean. Eta hala ere nik neuk ez dakit deus ere haietaz eta, okerrago dena, wikipedian dagokien artikulua irakurrita ere ezer gutxi ulertzen dut (eta arazoa ez da nire ingeles maila mugatua, ezagutza orokor gabezia baizik). Benetan, protestanteei buruz ez dakigu ezer.

Bon, azken datua liburuari ekin aurretik: Bainton 1984an hil zen, 90 urte zituela.

Marthin Luther
Marthin Luther

Eta ez, ez dizuet liburua laburbilduko, ezta bere tesi nagusiak ere. Horren ordez galdera bat egingo dizuet: zer dakigu euskaldun arruntok Martin Lutherri buruz? Ezer gutxi. Eta hori Mendebaldeko kulturaren (hots, gure kulturaren) eragile nagusietako bat izan dela eta dela. Erraldoi bat, gure historia eta gizartea sakonki markatu duena, bereziki Europako Iparraldean eta Estatu Batuetan, baina, errebotez, baita Europako Erdialdean eta Hegoaldean (hots, lurralde katolikoetan). Euskaldunok, bereziki, zor diogu gure pertsonaia historiko nagusiaren eta itzaltsuenaren sorrera (San Ignazio Loiolakoaz ari naiz, jakina) eta, ondorioz, gure katolikotasun suharraren definizio nagusia, XVI. mendean zehar. Eta, hala ere, oraindik ez dakigu oso ondo Luther edo Lutero idatzi behar ote dugun. Nik neuk behintzat ez dakit, ez daukat oso argi, soluzio bietarako daude arrazoi onak. Agian zentzuzkoena da esatea biek balio dutela, testuinguru zehatzaren arabera. Baina, benetan, ez dakit.

Zertaz hitz egingo dugu, bada? Liburuaren lehen kapituluaren lehen orrialdean esaldi bat dago arreta merezi duena, zinez:

“In his day, as Catholic historians all agree, the popes of the Renaissance were secularized, flippant, frivolous, sensual, mangnificent, and unscrupulus” (21. or.)

Hori da abiapuntua, Luther Ernazimentuko aitasantuen ustelkeriaren kontra altxatu zela. Modu abstraktuago batean ere esan daiteke, hots, Eliza Katolikoaren endekatzeari aurre egin ziola, baina endekatze orokor hori (inork ukatzen ez duena) inon baino nabariago eta mingarriagoa zen sistemaren erpinean, hots, Vatikanon, aitasantuen baitan. Horra kontua.

Ondorioz, liburuaren lehen erdia, gutxi gorabehera, Lutherrek eta bere aldezleek Erromako aitasantuaren eta haren aldezleen aurka (enperadorea, lehenengo eta behin) eraman zuten borroka epikoaren kronika da. Biografia bat da, jakina, eta ondorioz Luther da beti kontakizunaren ardatza eta Baintonek oso modu egokian deskribatzen du bere psikologia pertsonala eta bere kontzientziaren krisialdi nagusia, haren interpretazioaren arabera hori baita, funtsean, Erreformara bideratu zuen eragilerik azkarrena, baina inoiz ez du bazter uzten testuinguru historikoa. Ondorioz, liburu orekatua da, nire ustez, kuadro moduko bat zeinetan denetarik aurki daitekeen han eta hemen: pertsonaiak, objektuak, paisaiak, akzioa, dena konposizio bakar batean. Hori da bere dohain nagusia, nire ustetan.

Printza berezi bat eman dezagun, euskaldunontzat interes berezia izan dezakeena: Erromara egindako erromesaldiaren itzuleran Wittenbergeko unibertsitateko irakasle bihurtu zen eta han, 1511-1517 bitartean, egosi zituen bere ideia nagusiak, ondoren urratsez urrats garatuko zen erreforma handiaren muina. Bada, “In comparison whith Erfurt [han bizi izan zen ordura arte], Wittenberg was but a village with a population of only 2,000 to 2,500” (52. or.). Ea ondo jabetzen garen: urte horietan Oñatik hori baino biztanle gehiago zituen! Beste modu batean esanda, lurralde hartako printze eta agintari zen Federiko Jakitunak 1502an sortu zuen unibertsitate bat hirixka txiki hartan, hala nola Rodrigo Mercado Zuatzolako apezpikuak Oñatiko unibertsitatea sortu zuen 1540ko hamarkadan. Hiri biak, unibertsitate biak, oso antzekoak izan ziren XVI. mende horretan (agian Oñatikoa handiagoa), eta konturatu gaitezen, Wittenbergetik sortu ziren Luther, Melanchthon, Carlstadt, Müntzer… egundoko garrantzi historikoa duten pentsalari handiak, Erreforma abiatu eta taxutu zutenak. Hiri txiki bateko unibertsitate berri eta txiki batetik abiatuta.

Federiko Jakituna (1463-1525) Saxoniako Printze Hautatzailea
Federiko Jakituna (1463-1525)
Saxoniako Printze Hautatzailea

Zer! Ezinezkoa da pentsatzea Oñatiko unibertsitatean ere horrelako zerbait gerta zitekeela? Amets egin dezagun… une labur batez, ezen gure kulturaren bihotza, jakina denez, Arantzazutik Loiolara eta Loiolatik Arantzazura ibili da beti, ia-ia gaur egun arte. Jesuitak eta frantziskotarrak, horra gure mundua, letrei dagokienez. Eta ez ditut, inola ere, gutxietsi nahi, beste hau azpimarratu baizik: katolikotasunaren barnean ere, bereziki zurrunak izan gara euskaldunok, intelektual edo idazle laikoak txori bakanak izan baitira hemen, eta pluralismoa, zero. Bai, amets zoroegia da Oñatiko unibertsitatea imajinatzea intelektual kripto-protestante distirant batzuen gordelekutzat! Ziur Toti Martinez de Lezeari edo Dolores Redondori ere gehiegizko fantasia iruditzen zaiela eleberri sinesgarri baterako. Errazagoa litzateke idaztea errektorea gauaz basojaun batengan transformatzen zela eta akelarreak antolatzen zituela, baina protestante bat? Mesedez!

Oñatiko Unibertsitatea
Oñatiko Unibertsitatea

Esan dugu liburuaren erdia, gutxi gorabehera, printze protestanteen eta aitasantuaren eta enperadorearen aldekoan arteko gatazkaren kronikak betetzen duela. Ez da guztiz egia, hari kronologikoa ez baita inoiz osorik alde batera uzten, baina erdialdetik aurrera garbi dago Lutherrek protagonismo historikoa (edo politikoa) galtzen duela eta bere biografia ere bere bizitzaren alderdi pertsonalagoetan zentratzen dela. Bihurgunea, nire begietan, haren ezkontzaren kontakizunarekin hasten da, puntu kritikoa izan baitzen bai Erreformaren historian, bai haren bizitza pertsonalean. Argi eta garbi esanda, agur iraultzaileari, ongi etorri unibertsitateko irakasle errespetagarri eta kontserbadoreari. Ez, ezin da esan liburuan horrela kontatzen zaigunik, baina horrela ulertzeko irudimen handiaren beharrik ez duzu izango. Tarteko periodo bat badago, haatik, Wittenbergera itzulirik Erreformaren gidaritza hartzen duenean bere hirian, gehiegikeria oro irmoki kondenatuz: Carlstadt eta puritanoak, Müntzer eta matxinoak, Zwingli eta anabaptistak… Baintonek, esanguratsuki, “The Middle Way” (247-264 or.) bataiatzen du gertakari horiek azaltzeko idazten duen kapitulua; esanguratsuki ere, hurrengoan baserritar matxinatuen gerra kontatzen zaigu (“Behemoth, Leviathan, and the Great Waters”). Eta hurrengoan ezkontzen da eta bizimodu ezinago kontserbadore eta ezinago burges (avant la lettre) bati ekiten dio, eskolak emanaz unibertsitean eta, igandetan, prediku baketiar eta bakegileak eskainiz elizan. Eta kitto.

Agian exajeratzen ari gara. Beharbada Bainton da irakasle burges eta bakegile hori, eta ez Luther. Hipotesi kitzikagarria da, baina ez dugu daturik horrelakorik baieztatzeko. Niri, lehenago ere aitortu dizuet, sinpatikoa egiten zaizkit biak, bai Luther, bai Bainton. Baina argi dago Luther kontserbadorea, protestantismo kontserbadorearen aita, gero eta kontserbadoreagoa bihurtu zela urteek aurrera egin ahala. Lekutan geratzen dira enperadoreari berari buru egin zion gertakari iraultzaile haiek, liburuari izenburua ematen diotenak (Here I Stand!). Orain, aitzitik, agintariei (printzeei) zor zaien obedientzia bere idazkien eta predikuen iparra bihurtuta dago. Hor omen da, hor ikusi nahi izan dute iruzkingile batzuk, herri alemaniarraren XX. mendeko patu tristearen sustraia (agintariei itsuki men egitea!). Baintonek gaia intsinuatzen du, argi eta garbi tratatu gabe. Emakumearen historiari dagokinez argiago hitz egiten du: Luther da, ziur aski, emakume alemanari mendez mende izango zuen lekua (sukaldea, umeak, eliza) esleitu ziona. Bai, ziur aski bai.

Protestantea eta kontserbadorea, horrela laburbildu daiteke, apika, Lutherren erretratua Baintonen lumapean. Hala ere, inoiz ez da erretratu planoa, beti mila eta bat ñabarduraz edota kontakizunez joritua. Printza psikologikoak, analisiak, anekdotak, testu laburrak… denetarik. Hutsune bat betetzera datorren liburua, nire begietan behintzat. Arrozoi du? Horrelakoa zen Luther? Ez dakit, baina, dirudienez, hori da protestante anglofonoen artean berebiziko arrakasta izan duen (zuen?) irudia. Eta protestante horiek, ez naiz aspertuko errepikatzen, Harvard eta Yale sortu zutenak dira, jende jantzia eta liberala, oro har hartuta. Badugu haingandik zerikasia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude