TRANTSIZIOKO KULTURA edo INTELEKTUAL IRUZURGILEEN PARABOLA

Pruden Gartzia, 2015eko maiatza

Gregorio Moran: El cura y los mandarines: (Historia no oficial del Bosque de los Letrados): Cultura y política en España, 1962-1996. Madrid: Akal, 2014, 829 or.

Gregorio Morán:  Akal, 2014
Gregorio Morán: Akal, 2014

Ez zait erraza egiten liburu hau inori gomendatzea. Luzea da, ikaragarri luzea, eta Espainiko kontuez dihardu goitik behera. Bon, Katalunia ere sarritan aipatzen da, Euskal Herria oso-oso gutxi, beherago esplizitatuko dugun salbuespen bat kenduta. Eta tonua ere goitik behera espainola da, erran nahi baita, Espainiako tertulia politikoetan kazetariek eta enparauek erabili ohi duten estilo agresibo, xaxatzaile eta errespetu gabe hori, uste dut denak dakizuela zertaz ari naizen. Ondorioz, euskal komunitate zientifiko autozentratu, zentzudun, adeitsu eta kritikazale batekin amets egiten duen batentzat (ni neu, adibidez) ez dirudi batere gomendagarria. A priori.

Praktikan gauzak konplikatuagoak dira, sarritan gertatzen den bezala. Lehenengo eta behin, egilea, Gregorio Morán, Espainiako kazetari prestigiotsuenetakoa da, eta prestigio hori, zabalki aitortua, ez du irabazi tertulia politiko bullosoetan aldarrika ibilita, liburu serio eta dokumentatuak, oso serio eta oso dokumentatuak, idatziz baizik. Nik neuk horietako bat bakarrik dut irakurrita (El maestro en el erial, 1998) eta biziki inpresionatu ninduen zentzu guztietan. Esku artean dugun beste hau funtsean haren jarraipen gisa idatzia delarik, ezin da txapuza bat izan.Ez da posible liburu hura idatzi zuenak txapuzarik egitea, gai berberari buruz diharduenean bereziki. Hori izan zen nire abiapuntua.

Eta gaia ere bereziki garrantzitsua da, hori da bigarren puntu nagusia. Aurreko liburuaren kasuan (El maestro en el erial) lehen frankismoaren kultur giroaz eta intelektualen portaeraz idatzi zuen, Jose Ortega y Gasset (1883-1955) espainiar filosofo handiaren bizitza eta lanak kontatuz eta iruzkinduz, kultura oso baten ulermenerako giltza gisa erabiliz: frankismoa bere gorrian. Oraingo liburuarekin, aldiz, frankismoaren bigarren fasea deskribatu nahi du, hots, Trantsizio demokratiko-ra daraman aldia eta trantsizio bera ere, zabal hartuta, hau da, 1962-1996ko garaia. Eta orduan Ortega intelektual paradigmatiko gisa erabili zuen bezala, oraingoan hautatuko du askoz ere definizio labanagoa duen intelektual bat, Jesus Aguirre, Albako dukea (1934-2001). Ispulu horretan islatu nahi izango du zer izan den Trantsizioa Espainian, eta bereziki zein izan den prozesu horretan intelektualek jokatu duten papera.

Eta nork esan dezake Espainiako Trantsizioaren alderdi intelektuala aztertzen duen liburu batek ez duela interesik euskal kulturarekin eta euskal komunitate zientifikoaren eraketarekin interesatuta dagoen edonorentzat? Ilargian bizi den batek, jakina. Zeren euskal komunitate zientifiko-intelektuala, euskal kultura, finean, nagusiki Espainiaren markoan eratzen ari da, ez ilargian. Eta barka biezadate Iparraldeko lagunek, baina beraiei ere ez zaie gaizki etorriko ezagutzea Espainia demokratikoaren kultura zer den (nondik datorren, nork osatzen duen, zeintzuk diren beren giltza eta erreferentzia nagusiak…), besteak beste gure aberkide asko eta asko horrekin identifikatzen delako, zuzen edo zeharka. Gainera dezadan Frantziaren kultura eta giro intelektuala ezagutzea ere ezinbestekoa dela Euskal Herriaren ezagutza minimo bat izan nahi duen edonorentzat, besteak beste, baita ere, ezinezkoa delako Espainiako kulturaz ezer jakitea ganoraz, Frantziakoa apur bat ezagutu gabe. Hori espainolik espainolenak ere ez du ukatuko, pittin bat argia bada.

Baina goazen, bada, liburua bera aztertzera, gaingiroki ez bada ere. Luzea eta zakarra dela esanaz hasi gara, eta berriz ere aipatzea ez da alferrikakoa izango. Interes berezia duela guretzat erantsi dugu, eta hemendik aurrera alderdi horri helduko diogu bereziki, gainetikoa bigarren maila batean utziz.

Tesi nagusi argi batek gidatzen du testu osoa. Ez da erraza lehen unetik atzematea, aitzitik, liburuaren erdia ondo pasea izan arte ez duzu, apika, argiki formulatua ikusiko, baina behin horretaz jabetuta, denak beste kolore bat hartuko du eta zakarkeria guztia, lehen-lehen unetik hain astuna eta oro har desatsegina egiten den zakarkeria hori, beste intentzio batez paratua begitanduko zaizu. Ez da gangarkeria hutsa, ez da besterik gabeko odol txarra, ez, helburu argi bat du, liburua ardazten duen tesiari indarra eta sostengua ematea. Eta tesi hori, argi dezadan behingoz, oso ezaguna izango da irakurle ororentzat: denak berdin segi dezan beharrezkoa da dena aldatzea, edo horrelako zerbait. Aurkitu duzu, ezta? Giuseppe Tomasi di Lampedusaren eleberri ezagunaren esaldi enblematikoa da: Il Gattopardo (1958); euskaraz ere badago, Koldo Bigurik itzulia jatorrizko tituluari eutsiz (Ibaizabal, 1995), baina agian zeuk Luchino Viscontik egindako fim zoragarriaren bidez (1963) gogoratuko duzu: Burt Lancaster da aktore nagusia, Alain Delon eta Claudia Cardinalerkin batera. Ahantzezinak dira pelikula horretako zati batzuk, adibidez, bukaera aldera xehetasun osoz kontatzen den dantzaldi aristokratiko-burgesa, elite italiar zaharberriaren ezkontza sinbolizatzen duena. Dantzaldi horretatik etxera bueltan direla entzuten dira azken iraultzaile garibalditarren fusilamenduen tiroak, urruntasunean, eta denak pozten dira lasaitasuna itzuli delako Siziliara. Bukatu da balizko iraultza, udaberri bateko gauerdiko amets zoro baten moduan. Italiak, azkenean, badu konstituzio bat eta denak lasai-lasai segi dezake, lehengo moduan. Gregorio Moránek ere dantzaldi hori berori nabarmentzen du bizpahiru aldiz testuan zehar, hori da liburuaren benetako giltza. Eta horrekin batera, Julian Grimau (1911-1963) edota Enrique Ruano (1948-1969) bezalako militante antifrankisten hilketak, behin eta berriro gogoratuak. Ez da kasualitatea.

Claudia Cardinale, Burt Lancaster eta Alain Delon Il Gattopardo-n (Wikipedia)
Claudia Cardinale, Burt Lancaster eta Alain Delon Il Gattopardo-n (Wikipedia)

Zer izan zen, beraz, Espainiako Trantsizio Demokratiko eredugarri hori? Moránen begietan jukutria itzel bat, elite intelektual negargarri batek jokatutako opereta komiko bat, Gerra Zibileko irabazleen seme-alabek antzeztutako komedia kaxkala. Esan dezagun bere hitzetan:

“Los hijos de los vencedores habían vencido también, tras disculpar, entender, amnistiar, justificar… a sus padres.” (764. or.)

Horra Trantsizio Demokratikoa, hain miretsia, hain goratua, hain gurtua. Moránentzat, beraz, frankismoaren eta trantsizioaren artean jarraitasun argi bat dago, ez klase mailan bakarrik, baita familia mailan ere: trantsizioko errefentziazko intelektual nabarmenenetako gehienak falangista ohiak edo erregimenarekiko kolaboratzaile argiak dira (José Luis López Aranguren, Pedro Laín Entralgo, Camilo José Cela…) eta hirurogeietan edo hirurogeita hamarretan sortzen den intelektual talde berria, hiperiraultzailea une zehatz horretan, psozialista zentzudun berehala, funtsean eliteko familia frankisten lerroetatik jalgiko da (Javier Pradera, Juan Luis Cebrián, Fernando Savater…). Hots, elite intelektual iraultzaile/demokratiko berria Gerra Zibileko garaileen etxeetatik sortuko da, ia bere osoan. Izenak, dozenaka aurkituko ditu irakurle sufrituak. Deskalifikazio latz eta mingarriak, pertsona bakoitzeko lau, oso ezagunak ez direnean (bestela, hamalau). Eman dezagun lekuko bakar bat, milaren artean:

“Y ahí se separaron con sus “pingüinos” [galazko janzkera] impecables. El de Jesús [Aguirre, Albako dukea] del sastre de los Alba; el de Ignacio [Fernández de Castro], más correcto porque se lo había pagado su hermano para que estuviera como es debido en su papel de testigo de la novia. ¡Espectacular encuentro del padrastro de un Fitz-James Stuart y Martínez de Irujo y el tío-testigo de una Fernández de Castro y Fernández-Shaw!, después de tantos años, o quizá no tantos. Apenas diez años antes ambos eran partidarios de la lucha armada y la dictadura del proletariado y la guerra de liberación popular, y tantas otras cosas que ahora se reducían a verse así, en el suntuoso palacio de Liria, como divertidos remedos de los personajes de Lampedusa o de Visconti, o el “viejo frac” de Domenico Modugno. ¿O quizá eran de Totó y Vittorio de Sica?” (722. or.)

Eskena hori 1980an gertatzen da, Madrilen, bikote aristokratiko baten ezkontzan, Albako dukeen palazioan (Liria). Protagonisten artean Jesus Aguirre, Albako duke berria (berriki Albako dukesa alargunarekin ezkondua) eta beste intelektual bat, Fernandez de Castro, soziologo, abokatua eta Frente de Liberación Popular-eko fundatzaileetakoa (Jesús Aguirre ere ez zen oso urrun orduan).

Horra liburuaren muina. Bestea, mila eta bat izen eta datuetan oinarritutako narrazio barroko xamar bat, arkitektura sinple baina aldi berean garapen konplexu baten barruan. Ez gara detailetan sartuko. Bat iruditzen zaigu ezinbestekoa dela aipatzea: Moránen arabera beti, Gerra Zibilaren ondorioz erbesteratutako intelligentsia espainol errepublikanoak marjinazio absolutua pairatu zuen frankismoan eta ia erabateko ahanztura trantsizioan; kontzienteki eta sistematikoki marjinatutako sektorea da, Gerra Zibiliaren garaileen lerroetatik sortutako elite intelektualak (frankismokoak eta trantsiziokoak, funtsean bat delako, gorago esan dugun bezala) ez duelako soportatuko inolako lehiakiderik: botere absolutua nahi du. Ildo horretan oso deiagarria da, adibidez, Max Aub (1903-1972) idazle erbesteratu errepublikanoari dedikatzen dion kapitulua (19.a); laudorio handiekin betezen du. Izan ere, funtsean, erbesteko intelligentsia hau, bere ideiei fidela, bertako intelektual iruzurgileen kontrapuntua gisa pintatzen zaigu. Baina hausnarketetan galdu gabe, kopia dezadan guretzat garrantzi berezia duen datu bat:

“Aub se queda literalmente perplejo ante aquellas mesnadas de intelectuales que viviendo en la España de Franco declaran sin ningún rubor, ni intención—todo hay que decirlo—ser partidarios de la lucha armada en la liberación de los pueblos.” (431. or)

Egilea glosatzen ari da 1968an Habanan ospatutako Intelektualen Lehen Kongresua, zeinetan Max Aub idazle errepublikano exiliatuak aukera izan zuen hainbat idazle eta intelektual espainol gazte ezagutzeko. Hasieran esan dudan bezala, aipagai duguna oso liburu espainola da eta ETA ez da apenas aipatzen, eta borroka armatua oso bidenabar, beti bestelako taldeei lotuta (adibidez, gorago aipatu dugun FLP), baina interesgarria iruditu zait hona ekartzea, zeren gaur egun hain zabaldua dagoen topikoaren kontra, frankismo amaierako urteetan ia inork ez baitzuen zalantzan jartzen borroka armatuaren zilegitasuna, ez behintzat elite intelektual berriak, guztiz iraultzazalea orduan, erreformista petoa laster, eta gaur egun… bon, bego kontua hor. Baina Euskal Herriko kontuez arreta berezia jartzea agindu dizuedanez gero, erants dezagun azken aipu hau:

“Las resoluciones del XIII Congreso del PSOE celebrando en octubre de 1974 en las afueras de París, Suresnes, se concentran en 11 medidas, imprescindibles para el restablecimiento de la democracia en España. Por supuesto, no sólo se defendía la República Federal sino “el derecho a la autodeterminación para que cada nacionalidad determinase las relaciones que querían mantener con el resto de los pueblos que integran el Estado español”. Los hermanos Martínez Cobo, historiadores oficiales del PSOE y testigos presenciales del debate de Suresnes, pasan como de puntillas sobre esta radicalización teórica.” (488. or.)

PSOE autodeterminazioaren alde, harrigarria, ezta? Bada, garaiko intelligentsia PSOEtik oso ezkerrera kokatzen zen une horretan eta ez zuen zalantzan jartzen borroka armatuaren zilegitasuna ere, hori da Moránek gogoratu nahi diguna. Baina laster aldatu ziren. Eta aldaketaren kasu paradigmatikoa Jesús Aguirre da, 1978an Albako dukesarekin ezkonduko zena, hartara gauzatuz Moránek deitzen duena “el braguetazo del siglo” [sic] (744. or.). Iraultzaren lerroetatik Liriako jauregira. Eta egia da, Lampedusaren liburuaren kuadro bat dirudi. Alferrikakoa izan daiteke beste ezer eranstea..

Baina ez dugu bukatuko azken puntu bat ukitu barik. Hasieratik esan dugu liburu horretan ia-ia ez dela euskal konturik aipatzen, salbuespen bat salbu. Salbuespen hori Luis Martin-Santos (1924-1964) mediku eta idazle donostiarra da. Gorago aipatu dugun Max Aub bezala, edo bukaera aldera luze iruzkintzen den Manuel Sacristán (1925-1985) filosofoa bezala, salbuespenezko kasua da Moránen begietan: gorazale lotsagabeen lientzo sarri horretan, zeruraino altxatzen den intelektual eredugarria, erlatiboki gazterik hila, onenean zegoenean (berrogei urte zituen). Ez dakit arrazoi duen, baina haren eta trantsizioa dominatzen duten intelektual guztiz gehienen artean (Jesús Aguirre, kasu) liburu honetan markatzen den kontrastea brutala da. Agian, Sodomaren istorioan bezala, Moránek ez ditu hamar errugabe ere aurkitu garai horretako Espainian eta horregatik suzko ekaitz batek suntsitzen du, Jainkoak Bibliaren arabera egin zuen bezala. Gogora ditzagun, hunkigarriak direlako, Abrahamen hitzak, Jainko mendekatiari erruki eske Sodoman errugaberik ere badela gogoratuz:

“Gizasemeek Sodomarantz jo zuten. Abraham, berriz, Jaunaren aurrean zutik gelditu zen. Hurbildurik, esan zion:
–Egiaz, errugabea galdu behar ote duzu errudunarekin batera? Beharbada, berrogeita hamar errugabe izango dira herri horretan. Horiek ere hilarazi behar ote dituzu? Ez ote zenioke barkatuko hiri osoari berrogeita hamar errugabeongatik? Utikan zuregandik errugabea errudunarekin batera hilaraztea! Nola jokatuko duzu, bada, berdin batarekin zein bestearekin? Munduaren epaileak ez ote du zuzenbiderik egingo?
Jaunak erantzun:
–Baldin berrogeita hamar errugabe aurkitzen baditut, haiengatik hiri osoari barkatuko diot.”

(Has., 18, 22-26)

Biblia

Baina Abrahamek, negoziazio latzen ondoren, aurkitu beharreko errugabeen kopuru minimoa berrogeita hamarretik hamarrera jaistea lortu bazuen ere, alferrik izan zen: hamar ere ez ziren errugabeak. Zenbat intelektual errugabe kontatzen ditu Gregorio Moránek liburu honetako 800 orrietan barna? Hamar baino gutxiago, baita ere. Zinez haserre dagoen egile baten liburua da esku artean duguna.

Iruzkinak (2)

  • Mikel Aizpuru says:

    Moranen liburu bakarra irakurrita omen zenuen, badauka beste bat ere guztiz gomendagarria “Los españoles que dejaron de serlo” frankismo garaiko Euskal Herriari buruz. Ondo idatzita eta hipotesi interesgarriekin, nahiz eta beti zuzenak ez izan.
    Gregorio Moranekin, dena den, gauza bitxia gertatu zait. Larunbatetan La Vanguardia egunkarian argitaratzen dituen Sabatinas Intempestivas oso gustura irakurtzen nituen, baina aspaldi honetan ahitu eta aspertu egiten naute, hainbeste gaizkiesaka, deskalifikazio eta abar ezin ona izan inorentzat, ezta berarentzat ere.

    • txoroen-untzia
      txoroen-untzia says:

      Arratsalde on, Mikel!
      Barkatu, dirudienez duela zenbait egun idatzi zenuen iruzkin hau eta neuk gaur arte ez dut ikusi eta ez naiz konturatu “onartu” egin behar nuela publikoki agertzeko. Barkatu berandutzea, baina oraindik ez dut oso ondo kontrolatzen aplikazioa, eta egun hauetan denbora barik nabil.

      Eta bai, uste dut biok bat gatozela, Moran interesgarria da, baina aspaldi honetan ez dakit-ba, bera neurriz gain dabilen edo ni neu (eta zeu, eta agian beste asko) gauzak esateko estilo horrekin asper-asper eginda ez ote gauden. Era berean, ez dakit estilo hori hautu kontzientea den, barruko egoneza gero eta handiago baten ondorio, edo gauza biak batera. Enfin, klasikoek moderazioa gomendatzen ziguten jada Sokratesen denboran. Bada, hori.

Utzi erantzuna Mikel Aizpuru(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude