Jean-Louis Davanten azken liburuaz

 

Davant, Jean-Louis: Aljeriaz: Abd el-Kader trajeria, Baiona: Maiatz, 2014, 293 or.

Liburuaren azala
Liburuaren azala

 

Beste liburu bat Aljeriaz, hori da pentsatu nuena gaur iruzkindu nahi dudan horixe eskuratu nuenean. Izan ere, honez gero dozena erdi bat liburu ditugu euskaraz Aljeriaren independentzia-gerraz, gehienak bertan izandako euskaldunek idatziak, baina baita itzulpen bat ere, Franz Fanonen Afrikar Iraultzaren alde (1970). Ez ditut guztiak irakurri baina aitor dut gaiak erakarri izan nauela, eta Xipri Arbelbideren Gerlako tresna bizidunak-ek (1986) oinatz sakona utzi zuela nire gogoan. Horregatik, beharbada, honi ere pozik heldu nion.

Ez da erraza liburu honi buruzko iritzi bat ematea. Batetik, gaia beti Aljeria bada ere, oso txatal desberdinekin jositako soinekoa da, eta emaitza ez da guztiz gogobetegarria. Bestetik, testu batzuk benetan bikainak dira eta horrek ere badu bere garrantzia iritzi orokor bat emateko orduan. Finean, zein da emaitza? Bada, horixe, liburu interesgarri bat bere osotasunean, atal batzuetan apur bat aspergarria. Noan banan-banan.

Lau zati nagusi ditu liburuak eta lehenengo biak dira, dudarik gabe, makalenak. Bai lehenengoa (“Aljeriako 1. Gerlaz”, 8-40. or.) zein bigarrena (“Aljeria beregaintasun bila”, 41-95. or.) ez dira, zentzu estriktoan, Jean-Louis Davantek testu originalak, dozena erdi frantses historialariengandik (agian gutxiago) hartu eta laburtutako testuak dira, gehinetan (ez beti!) euskaraz emanak, baina frankotan narrazio edo saiakera bat izateko asmo argirik gabe. Beste hitz batzuetan, egilearen apunte pertsonalak dirudite gehiago, liburu bat idazteko bilduak, liburu hori bera baino. Ondorioz, informazio argia eta zehatza ematen digute Aljeriako historiaz, baina irakurketa ez da batere atsegina: txosten bat irakurtzea bezalakoa da.

Jean_Louis_Davant_270

Hirugarren zatia (“Artikulu, mintzaldi eta elkarrizketa”, 97-221. or.) da liburuaren benetako enborra eta irakurle bipila honez gero konturako zen bezala, Davantek berak Aljeriaz idatzitako testuak biltzen ditu. Eta hemen, azkenean, ehun orrialde franko idorren ondoren aurkitzen dugu Euskal Herriko luma zorrotzenetako eta dotoreenetako baten emaitza, gure betiko Davant, beti bezain airos euskara batuan, zubereraz edota pare bat testutan, frantsesez. Eta gure buruari galdetzen diogu ea beharrezkoak ote ziren aurreko bi atal historikoak, areago kontuan izanik atal honetako lehen artikuluan gerraren laburpen bikain bat eskaintzen digula hogeita bost orrialdetan. Erantzuna ez da erabatekoa: egia da errepikapenaren zama duela, baina bestetik lehen bi ataletako informazio historiko xehea garrantzitsua da ondoren datozen artikuluak ondo ulertzeko. Soinekoa, beraz, ez da guztiz ondo josten, baina hasierako bi atalik gabe baliteke gure liburua behar baino biluziago geratzea. Eta hori ere ez da ona.

Laugarren atalean literaturara igarotzen gara: Abd el-Kader pastorala (trajeria) eskaintzen zaigu eta, bukaeran, olerki bilduma bat, guztiak Aljeriari dedikatuak. Eta irakurlea, Historiako basamorturaren ondoren, Poesiaren baratzera ailegatzen da. Bego.

Liburuaren enborrera itzulirik, garbi dago zein den Davanten sakoneko kezka, bere artikuluetan behin eta berriro errepikatua: Aljeriako independentzia-gerra horrek, ba ote du zerikusirik azken hamarkadatan euskaldunok daramagun askatasun borrekarekin? Kontu horretaz hausnartzeari dedikatzen dio liburuaren atalik onenak. Edo, beste modu batean esanda, gako horren arabera irakurri behar da liburu osoa, bereziki behin eta berriro errepikatzen diren zenbait kontu, ondoren aipatu baizik egingo ez ditugunak, ordena argirik gabe. Horra: borroka militarra galdurik ere, aljerriarrek gerra irabazi zuten politikaren esparruan, horri esker independentzia eskuratuz; gerra horretan zehar aljeriar herria nazio bihurtu zen, hartara independentzia irabaziz politikoki, militarki porrota osoa izan bazen ere; gerraren suntsipena ikaragarria izan zen, bai frantsesen kontra baina bereziki aljariarren beraien artekoa: hildako gehienak aljeriarrak izan ziren, barne-borroken ondorioz hilak, askotan sarriski handi eta basatietan; okerrena, dena den, behar bada ez zen izan gerra bera, baizik eta gerraren ondorioz aljeriar abertzaleen artean sortu zen aginte militar absolutu eta gupidagabea, diktadura odoltsu batean bokaleratu zena, zeren horrek Aljeria independentearen etorkizuna osorik hipotekatu zuen, garapen normal bat ezinezko bihurtuz; hain gerra krudela, hainbeste esperantza, eta azkenean diktadura odoltsu bat, horretarako borrokatu ote ziren abertzaleak? Irakurleak erraz ikusiko duen bezala, hazta handiko gaiak dira guztiak, eta Davanten luman behin eta berriz erabiliak. Ez naiz ausartuko neu ondorio garbi bat ematera. Hortxe daude, irakurri nahiko lituzkeenarentzat. Ez da denbora galtzea izango Aljerian gertatu zenaz gogoeta egitea.

Azken ohar bat. Gai horiekin guztiekin batera, baita ere azaleratzen da azken urteotan Frantzian (eta Espainian, eta Euskal Herrian bertan) indartsu agertu zaigun arazo bat: erlijio eta kultur-komunitate desberdinen arteko bizikidetaza, alegia, musulmanekin, gero eta gehiago diren musulmanekin, gizarte bakar batean bizi beharra. Gai interesgarria da baita ere, baina esango nuke askoz ere indar gutxiago duela Davanten luman. Ildo horretan bakearen eta elkarbizitzaren alde agertzen zaigu osoki, espero izatekoa zen bezala, baina esango nuke gai horrek nahikoa azaletik ukitzen duela gure idazlearen egunerokotasuna, pastoral bat dedikatzen badio ere (Abd el-Kader aipatua). Historiaren eta abertzaletasunaren esparruan hain zoliak eta aberatsak diren hausnarketak, orokorrak eta indar gutxiagokoak bihurtzen dira erlijioen auzira heltzean. On da, hala ere, horietan ere erreparatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude