Bizitzaren inauteria

Europa osoan, Antzinako Erregimenean zehar, oso ohikoak izan ziren xaribariak. Inauteri kutsuko erritual berezi hauetan, bizitza sozialeko arauak hautsi zituen pertsona, adibidez adulteroa, irrigarri uzten zen. Horretarako, herritarrek, normalean gazteek, mozorrotu eta transgresorea antzezlan eta gisako zeremonia publikoetan parodiatzen zuten.

Euskal Herrian ere izan ziren mota honetako erritualak, izen eta forma desberdinekin: toberak, kabalkadak, maskaradak, asto lasterrak, libertimenduak, galarrotsak… Egia esan gaia ez da gehiegi aztertu euskal kasuan. Lehen bilaketa batean aurkitu ditudan erreferentzia bakanetan, nahiko positiboki baloratzen dira herri kulturako tradizio hauek: “pintorescos festejos rebosantes de ironía”, “pantomimas en las que se escenificaba de la manera más delirante posible el asunto criticado.” (José Dueso: Nosotros los vascos, II, 214 orr.).

Balorazio pintoreskistatik haratago doa gaiaren gaineko Mattin Irigoienen artikulu jakingarri bat. Irigoienentzat toberak gizarteko ezinegon bat salatzeko erritual askatzaileak ziren, satira, irria eta fartsa baliatuz egia batzuk komunitatearen aurrean agertarazten zituztenak. Gainera irrigileak hurrengo batean beraiek bihur zitezkeen besteentzako irrigai, komunitateko kideen artean berdintasuna mantenduz. Beraz, kontrol soziala baino komunitate baten bizitasuna agertuko lukete toberek, gauzak argi eta ezkutukeria gabe esan nahia. Irigoienen aburuz toberak batez ere herriko gazteek antolatzeak, maiz agintari zibil eta eklesiastikoen debekuen gainetik, xaribarien izate kritikoa baieztatuko luke.

Kronologiari dagokionez, Irigoienek “gai huntaz dauden izkribuak arakatuz” ondorioztatu du Ipar Euskal Herrian “1914ko gerlatik landa jada tobera gutiago ematen dela. Eta 1945kotik landa bat ere ez.” Beraz frantses nazionalizazio prozesuak, bere akulturazioak, zentralizazioak, herri kultura ahultzearekin batera akabatuko zituen toberak, gizarte otzan eta alienatu bat utziz.

1960az geroztik, ordea, Irigoienen ustez, tobera mota berri bi sortu izan dira Iparraldean. Batetik toberen alde folklorikoa berreskuratu zuten ikuskizunak (maskaradak etab), jada karga kritikorik gabe. Eta bestetik toberen izpiritu subertsiboa berpiztu zuten protesta ekintza berriak, gazte abertzaleek burutuak. Edozein kasutan, Irigoienek tamal puntu batekin aipatzen du tobera tradizionalak guztiz desagertu direla.

Jakin dudanez, ordea, Irigoienen kronologia zertxobait gainditu bide zuen mota tradizionaleko tobera bat ospatu zen 1950 aldera Nafarroa Behereko herritxo batean. Kasu hartan, neska bat, gizon ezkondu batekin ibili eta haurdun geratu zen. Abortatu egin zuen. Horren aurrean, herriko gazteek kabalkada bat antolatu zioten neskari etxe aitzinean, abortua irri, musika eta burla artean antzeztuz. Inguruetako herrietatik ere anitz ikusliar joan ziren kabalkada hartan parte hartzera. Asko libertitu omen ziren. Neskak, ordea, herritik alde egin behar izan zuen.

Xaribariak ez ziren, ez, herri ospakizun xelebre eta sinpatikoak. Are gutxiago herri izpiritu bizi, alai eta kritiko baten agerpen ere. Xaribariek, Euskal Herrian, Europa osoan bezala, kontrol sozial funtzio nabarmena zuten. Ez ziren normalean Elizak edo botere zibilek bultzatuak (horiek beren koakzio bide propioak zituzten). Baina botere ofizialek xaribariak galarazi nahiak ez du gutxitzen fartsa horien izate errepresiboa. Irria sanoa izan dadin beharrezkoa da berdinetik berdinera egitea, ez talde oso bat banako baten aurka oldartuz. Gainera herriko gizonezko gazteak izaten ziren toberen antolatzaileak, eta biktimak ia beti emakumeak. Sintomatikoa da abortuaren kasuan xaribaria neska izorra utzi zuen gizon ezkonduari ez egin izana. Gizarte eredu hertsi bat, arras misoginoa eta matxista defenditzen zen toberekin, harreman sozial eta sexual ortodoxoak inposatuz komunitate osoari.

Berrikiago, Nafarroa Behereko beste herrixka batean, ez dira oraindik hogei urte ere, emazte batek bere senarra eta semea galdu zituen tarte laburrean beren buruaz beste eginda. Zorigaitzeko emazte alargunak lehengusu bat ekarri zuen etxera eta elkarrekin bizitzen jarri ziren, baina ezkondu gabe. Auzokide batzuk ez zuten begi onez ikusi kuple berria, eta jada toberarik antolatu ez arren, karrikan agurra ukatu eta gauerdian telefonoz deika ere ibili zitzaizkien luzaz.

Halako zenbat eta zenbat istorio ez ote dira gertatu euskal herrietan. Toberek eta gisako presiobide komunitarioek, ikerketa serioa mereziko lukete, nostalgia pintoreskotik eta idealizazio militantetik aldenduz.

Baina bizitzaren inauterian dena ez baita gaizki amaitzen, Nafarroa Behereko kuple hura ez zen arau nagusietara makurtu, eta aldaretik pasatu gabe segitu zuen, batera bizitzen, herritik alde egin gabe. Eta azkenean herrikoak izan ziren egoera onartu behar izan zutenak.

Egun horren normala iruditzen zaiguna, ezkondu gabe elkarrekin bizi ahal izatea, norbere bizitza egin ahal izatea (berez ere aski zail izaten dena) atzora arte jazarria izan da toki askotan. Eta egun ere hala da hainbat arlotan. Beti egon dira garai bakoitzeko tabu sozialak gaindituz, aske izan beharko lukeen maitasun eta harremanei bide berriak ireki dizkiotenak. Oraindik elkarrekin segitzen duen kuple hura kasurako. Anitz urtez!

(Biba zuek Ainisko, mila esker guztiagatik, eta agur bero bat egunotan ezagutu ditudan hamsterki guztiei).

Iruzkinak (3)

  • …bizitzaren inauterian…trialaralaaaa!

    agur bero bat zeuri ere mustelidogoitia! ia laster lotzen garen… kixua beti aitzaki izan barik ahal bada! edo bai…

    goraintziak edortari…

  • Aupa Jurgi!zoritxarrez ez niz joan ahal izan auzo lanetarat bainan segur niz beste aukerarik izanen dela!Errazu toberak aipatzen baitituzu badakit 1940 inguruan Hazparnen galarrotsak egin zituztela, bainan azken aldikotz “pesta” gaizki finitu baitzen (hilak eta zaurituak!). Gertakari hau biziki guti aipatzen da oraikoan hau bera tabu bilakatu baitzen (Hazparnen eta inguruko herrietan). Nik badut horren berri ene aitatxik hortan parte hartu baitzuen. Badakit horren eta Iparraldean burutu beste galarrotsei buruzko ikerketa lan bat burutu zuela gizon batek (xehetasun gutixko…!) eta lagun batek horren kopia bat igorri behar daut (ez baita argitaratua izan). Xabier Itzainak berak beste lan batzuk burutu ditut toberen eta kabalkaden inguruan. Hura Itsasukoa da eta Itsasuko Pestetan tarteka egiten den kabalkadaren antolatzailea. Interesatzen bazitu aurtengo Itsasuko pestetan bat eman beharra dute (satirikoa, kritikoa, Herriaren inguruko kontuen inguruan, erran nahi baita ez folklorikoa batere).Hara! Beste aldi bat arte!Zelin.

  • Jurgi K. G. says:

    Kaixo Zelin,Egia esan momentu honetan ez nabil toberen inguruko ikerketa zehatzik burutzen, baina kasualitatez horiei buruzko albiste batzuk bildu baititut gaia deigarri egin zait eta blogean aipatzea otu. Zentzu berean zuk eskaini dituzun datuak interesgarri dira eta apuntatu egin ditut. Ez nekien Itzainak toberen gaineko lanik zuenik. Eman dezakezu erreferentzia bibliografiko osoa mesedez? Beste lan argitaragabea ezagutzeak ere mereziko luke. Eskuratzen baduzu egin, otoi, aipu bat.Hazparneko galarrotsei buruz diozuna, harrigarria da (hilak eta zaurituak 1940an!) baina hala ere osoki bat dator Europa osoko inauterietan aski hedatua zen indarkeriarekin. Peter Burke kultur historialari britainiarrak dioenez (bere Popular Culture in Early Modern Europe liburu klasikoan), behinolako inauterietan, festa eta alaitasunarekin batera, desenfrenu egoeran, azaleratu egiten ziren urtean zehar ezkutuan egondako gorroto eta arazoak, eta mozorropean babesturik ohikoak ziren mendeku ekintzak. Veneziako inauterietan, adibidez, XVIII. mendean egunero hiltzen zen pertsona bat baino gehiago kaleetan, eta egun bereziki seinalatuetan liskarrak lehertu eta dozenaka hildako ere izaten ziren. Xaribariek, zer esanik ez, areagotu egiten zuten halako giroa. Ez nuen uste, ordea, Euskal Herrian bertan eta gure garaitik hain hurbil heriotzeraino iritsi zenik.Burkek berak dio, inauterien izpiritu herrikoia agintariek (bereziki eliztarrek) garizumaren izpiritu autokontentziozkoarekin apaldu nahi izan zutela, bai eta hein handiz lortu ere. Zentzu horretan, parte batez badu arrazoia Mattin Irigoienek toberetan herri indarra ikustean, eta tobera tradizionalen gainbeheran goitik behera ezarritako akulturazioaren eragina. Irigoienen okerra, nire iritziz, tobera tradizionalei ematen dien balio arras positiboan dago. Herrikoiak izateak ez baitu kentzen haien izaera errepresiboa eta misoginoa.Irria, berez, askatzailea izan daiteke, erreprimiturik duguna ateratzeko lagungarria, konfiantzazko harremanak sortzeko eraginkorra, eta baita, jakina, kritika sozialerako ere. Arazoa guttiengo bat jazartzeko erabiltzen denean dago. Zorionez behinolako tobera zapaltzaileen garaia amaitu zela dirudi eta egungo kabalkadak besterik dira. On da, gainera, folklorismo hutsean jausi gabe eduki satiriko berri bat lantzea, diozunetik Itsasun egiteko asmoa duten ildoan. Deus ez horren kontra. Ea Itsasun edo beste nonbaiten elkar ikusteko aukera dugun. Eta Adurtziok zein gainerako guztiok goza dezagula bizitzaren inauterian, irriz, libre eta begirunez.

Utzi erantzuna adurtzio(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude