Azkue eta Marx

Izenburuak ematen duenaz bestera ez noa Azkue eta Marxen arteko harreman ezustekoaz primiziarik eskaintzera. Gai bi horiek zain nituen eta urtea mezu berri batekin abiatzeko baliatuko ditut, banan aipatuz.

Azkue

Hasteko barkatuko didazue horren luzaro
blogetik pasatu ez izana: lehenik tesiaren larridurak eta ondoren oporren
atseden gozoak guztiz out eduki naute. Baina jada itzuli naiz.

Mila esker tesiaren
inguruan animoak eman dizkidazuen guztioi. Ricardo: publikazioa ezin esan dezaket noiz
egongo den eskuragai (ez baitakit). Edonola ere, Azkueri buruz ikertu dudana inori
interesatzen bazaio, defentsa egunean erabili nuen PowerPoint aurkezpena eskegi
dut unibertsitatea.net-eko Otarrean. Hemen klik eginez jaitsi
daiteke.

Marx

Urtarrilaren 5eko mezuari
erantzunez (mesedez, hurrengoan esan zure izena, erantzuteko ere itxurosoagoa
baita), dakidanetik zuk aipatzen duzun artikulua, Marxen aipu apokrifoari
buruzkoa, zuzen dago. Artikuluaren egilea Miguel Izu da, nafar historialaria, Ezker Batuko kide aktiboa, eta ikertzaile gisa ospe
onekoa. Hortaz, sarritan aipatu izan den Marxen testua, karlisten alde kokatuz
eta liberalak kritikatuz, faltsua dela ematen du: Marxek ez omen zuen halako
ezer idatzi.

Iruzkinak (7)

  • David Moya says:

    Zorionak Jurgi Kintanari. Zorionekoak gu ere, hain interesgarria den
    idazlana irakurri ahal izango dugulako. Urtarrilak 5eko mezua nirea da,
    hots, David Moyarena. Sarri gertatzen denez, ahaztu egin nuen sinatzea.
    Idoia Estornések idatzi Eusko Ikaskuntzaren historia (1936 arte) rakurtzen ari naiz orain eta Don Resuren
    “intelektoan” murgiltzeko irrikitan nago. Tamalez, PowerPoint
    aurkezpenera ezin naiz heldu.

  • Jurgi K. G. says:

    Kaixo lagunok,

    Arazo tekniko txiki bat tarteko Azkueri buruzko PowerPointerako lotura
    gaizki egon da azken orduotan, baina jada konpondu da (lehen mezura
    igon gabe ere hemendik jaitsi daiteke).

  • Anonimoa says:

    Adizue,Aurkezpenean azkenengo agertzen den Azkueren esaldia bere horretan utziko zenukete gaur egun? Ala “te”, “piano” eta “bigira” ordez beste zer edo zer jarri beharko litzatekeela uste duzue? Ez dakit, “kokaina”, “tekno” eta “gaupasa”, adibidez.Jurgi Kintana,On Resuren ideologiara etorrita, zure tesiak Azkue karlista zenik ezeztatzen al du? Badirudi Aranaren eragina aitortzen zuela, nahiz eta Kirikiño edo Lauaxeta Euskaltzaindiaren aurka egon. Ala, ez bata ez bestea, euskal intelligentsia (Odriozolari hartu diot) berri, beregain eta oraindik orain, mende erdi baino beranduago, sozialki antzuaren hastapena da?

  • Jurgi K. G. says:

    Kaixo David,Zuzen zaude: tesiak Azkue karlista izan zela dioen topiko etengabe errepikatua ezeztatzen du. Zehatzago esateko:- 1887 urtera arte (23 urte zituen orduan) Azkue, familia tradizioz, karlismoaren sinpatizantea izan zela dirudi (baina alderdi mailako militantzia gabe). Horretan ez da Sabino Aranagandik oso desberdina (hura ere gaztetan karlista izan baitzen).- 1888an eszisio integrista gertatzean Azkue integristen taldera igaro zen, eta zertxobait militatu ere egin zuen. Dena dela garai honetan Azkue ideia propioak garatzen hasi zen, oso foruzale erradikalizatuak (ez oraindik abertzaleak baina ia).- 1895ean Azkue Sabino Aranaren erakundera, Euskeldun Batzokira, igaro zen eta ideia abertzaleak hartu zituen. Oroitzekoa da garai honetan Sabino Aranaren taldea ia sortuberria zela, Bilbo ingurura mugatua eta ez zituela ehun kide baino gehiago. Beraz Azkue Arana Goiriren taldera igaro zen aurrenetariko apaiza izan zen, lehena izan ez bazen.- 1895 urte berean Azkue eta Sabino Aranaren artean ezadostasunak gertatu ziren eta Euskeldun Batzokian sei hilabete egin ondoren Azkue Ramon de la Sotaren Euskalerria Elkartera pasatu zen. Sotaren taldea ere abertzalea zen baina ez independentista, baizik autonomista. Erlijio arloan ere Sabino Arana baino epelagoak ziren eta kuriosoki Azkue, behin integrista izandakoa, “fedegabe” hauengana gerturatu zen. Eta Sotaren taldearekin kolaboratu zuen, batez ere kultura arloko proiektu euskaltzaleetan (baina baita mitin kutsuko sermoiren batean ere) 1898 arte.- 1898 urteko hauteskundeen inguruan Sotaren eta Sabino Aranaren taldeak elkartu egin ziren EAJ batu batean (nahiz batasun osoak urteak beharko zituen guztiz finkatzeko). Hauteskunde haietan Azkuek bere bulegoak utzi zizkion Sabino Aranari bozketen kanpaina antola zezan, eta hurrengo urtean Sotaren eta Sabinoren taldeek lehen zentro sozial bateratua ireki zutenean (Centro Vasco) Azkue arduratu zen ekitaldiko sermoia emateaz eta inaugurazio bazkariko mahaia bedeinkatzeaz.- 1900 urte ingurutik aurrera (36 urte zituen orduan), Azkuek orotariko militantzia politikoak utzi zituen, eta osoki aritu zen euskaltzaletasun kulturalean (hiztegia 1905-1906; euskal operak 1911-1914; Euskaltzaindia 1919tik; Cancionero 1920; Morfología 1925; Euskalerriaren Yakintza 1935etik…). Pribatuki, ordea, ideologia abertzaleak markatu zuela aitortzen zuen: “Mi política. Soy en el fondo lo que me hizo Arana-Goiri: nacionalista […] [pero] No pertenezco á tal partido ni á ningún otro” (adiskide karlista bati 1906an idatzitako gutunean). Beraz ez zen alderdi jardueretan sartzen eta are apolitiko gisa agertzeko ahalegin berezia egiten zuen (nahiz gutun pribatuetan ageri denez hauteskundeekiko interesa zuen eta bozkatu ere egiten zuen). Beraz ideologikoki abertzalea baina politika “publikoan” aritu ordez nazionalismo kulturalean murgildua. Bestalde, Azkuek sabindarrekin eztabaida handiak izan zituen (ez zuen Euzkadi izena onartzen baizik Euskalerria, Azkuerentzat garrantzitsuena hizkuntza zen, ez arraza, ez zegoen ados sabindarren hainbat proposamen linguistikorekin, etab.). Horrek ere eragin du pentsatzea karlista edo zela. Baina karlistekin izan zituen garai hartako gutunetan argi ikusten da ez zela haien alderdikoa. Gainera Azkue etengabe saiatu zen jeltzaleekin elkarlana bilatzen eta akordioetara iristen euskararen alde (beste talde batzuekin ere bilatu zuen elkarlana, baina jeltzaleenganako interesa bereziki nabarmena da).Izatez Gipuzkoa-Nafarroa aldeko jeltzaleekin (sabindar baino gehiago euskaltzale zirenak) lortu ere egin zuen Azkuek adostasunetara iristea hainbat auzitan (adibidez Euskaltzaindiaren inguruan). Aldiz Bizkaiko sabindar gotorrek, beren intransigentzia tarteko, ez zuten inolako elkarlanik onartzen: hauentzat Sabino Arana zen “Maisu” bakarra eta hor ez zegoen ezer negoziatzerik, horregatik gaitzetsi zuten Euskaltzaindia: ez zelako erakunde osoki sabindar bat).Laburbilduz: zalantzarik gabe Azkue abertzalea izan zen, ez karlista.Bere asmoa euskal nazio kultural bat eraikitzea zen, euskara mundu modernora egokitzea, hirira eramatea. Baina ez alderdi politikaren bidez baizik kultur jardueraren bidez. Horregatik, baserrietako giroa gaindituz (baina hura baztertu gabe), hedatu nahi zuen euskara “tea”, “pianoa” eta “bigira” zeuden kaleko eremu jasoetara. Eta ez dut uste gaur egungo parekoak “kokaina”, “teknoa” eta “gaupasa” direnik, hauek nagusiki gazteriaren dibertsio (neurrigabe)ari lotuta baitaude (Azkueren garaiko “ardoa”, “organilloa” eta “erromeria” lirateke agian hauen parekoak). “Tea”, “pianoa” eta “bigira”, aldiz, orduko elite prestigiotsuen soziabilitate eta aisialdiari zegozkion. Zein ote dira egungo elite prestigiotsuen (egun halakorik baldin badago) irudia laburbil dezaketen elementuak? Ez dakit.

  • David Moya says:

    Joder, Jurgi! Eskerrik asko bihotzez. Zinez antologikoa zure erantzuna. Bikain jarriko zizuten, duda barik.

Utzi erantzuna David Moya(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude