Ohar batzuk Nazio Batuen Erakundeko itzulpen lanaz.

Ana I. Morales itzultzailea urte askoan ibili da EHUko itzulpen zerbitzuan. Beti ibili da erne alor horretan berritasunak harrapatzeko.  Hiztek titulua lortu zuen eta orain itzultzaile dabil New Yorken Nazio Batuen egoitzan.  Bertatik kontatzen digu hango lanaren nondik norakoak: lanaren neurria (zenbat orri edo hitz itzultzen da urteko, zenbat itzultzaile), zer tresna erabiltzen diren eta teknologia horiek erabiliz lortzen diren adibide parregarri batzuk  ere. Teknologiak lana errazten digu, eta umorea lantzeko aukera ere ematen digu!

Nazio Batuen Erakundea. Zenbat hizkuntza?

Nazio Batuen erakundeak bost egoitza ditu, erakunde honen tradizio jatorrenaren arabera hurrenkera alfabetikoz aipatuko ditudanak: Geneva, Nairobi, New York, Santiago de Chile eta Viena. Egoitza nagusia New Yorkekoa da, eta hortxe daude erakunde honen bost organismo nagusiak: Idazkaritza Nagusia, Segurtasun Kontseilua, Batzar Nagusia, Gizarte eta Ekonomia Kontseilua eta Estatu Administratzaileen Kontseilua.

Nazio Batuen Erakundeak bost hizkuntza ofizial dauzka: arabiera, errusiera, frantsesa, gaztelania, ingelesa eta
txinera. Hori dela eta, hizkuntza guzti hauentzako itzulpen zerbitzuak daude Nazio Batuetan. Gainera, alemaneko atal txiki bat ere badago New Yorken, hizkuntza hori erakunde honetan ofiziala ez izan arren.

Neurria. Zenbat orri edo hitz itzultzen da?

Itzultzen den dokumentazioa gehienbat administratiboa eta juridikoa da: gutunak, txostenak, erabakiak, aktak, curriculum vitaeak, aurrekontuak, hitzarmenak, arautegiak, eguneroko buletina…

Itzulpen produkzioaz eta itzultzaile kopuruaz orain emango ditudan datuak New Yorkeko Espainierako Zerbitzuko buruak, Constantine Danilevsky jaunak, emandakoak dira, eta zerbitzu horri bakarrik dagozkio:  Urtean zerbitzuan bertan gaztelaniara 50.000 orri  itzultzen dira, hau da, 1.650.000 berba inguru. Horri gehitu behar zaio bete %18 bat, kanpoan itzultzen dena.
Arabiera, errusiera, frantses eta txinerara pareko bolumena itzultzen da, Danilevskyren arabera beti ere.  Ingelesera, berriz, beste hizkuntzenaren %20 inguru. Dena dela, zerbitzu honek bileren hitzez hitzeko aktak idazten ditu ingelesez.

Zenbat itzultzaile?

Zerbitzu guztiak kontuan hartuta, 300 itzultzaile inguru daude plantillan. Espainierako Zerbitzuan 54 lanpostu daude; horietatik une honetan 47 daude beteta. Horri gehitu behar zaio NBErentzat boladaka (hilabete batzuk urtean) lan egiten duen itzultzaileen kopuru aldakor bat (“temporary staff”).

Hizkuntza-teknologiaren erabilera

Itzulpengintzarako erabiltzen diren tresnei dagokienez, alde batetik, aipatu behar da ez zerbitzu guztietan ez egoitza guztietan ez direla erabiltzen tresna berak; zerbitzuak eurak ere ez daude antolatuta egitura beraren arabera. Orain aipatuko dudana New Yorkeko Espainiera Zerbitzuari dagokio eta neure behaketan oinarritzen da. Tresneria eta estrategiei dagokienez, ez dago batasunik zerbitzuko itzultzaileen artean: lanabes eta prozedura desberdinak erabiltzen  dituzte, euren preferentzia eta ohituren arabera. Hasteko, bi talde handi bereiz ditzakegu:

a) Ahotsa erabiliz itzultzen dutenak. Itzultzaile hauek “diktatu” egiten diote itzulpena ordenagailuari, ez dute tekleatzen. Horretarako bi tresna hauetako bat erabiltzen dute:

 a1) grabazio digitala (mikrofono digital batez eta grabaziorako programa batez audio artxibo bat sortu eta gero hori mekanografoei pasatzen diete, eurek transkriba dezaten); diktafono tradizionalak (magnetofoiak eta  kaseteak) 2006ko irailean erretiratu ziren New Yorkeko egoitzatik horren ordez teknologia digitala ezartzeko;

a2) hizkuntza testu bihurtzeko programa bat, kasu honetan Dragon. Dragonez lan egiten duten itzultzaileek “irakatsi” egiten diote tresnari euren ahotsa eta ahoskera ezagutzen, baina, hala ere, diktatu osteko zuzenketak ezinbestekoak izaten dira, tresna egokia izan arren akats “arriskutsu” ugari egiten baititu.

b) Testu prozesatzailea erabiliz itzultzen dutenak. Hemen beste bi talde bereiz genitzake:

b1) Aurretik itzulitako dokumentuen datu-base  dokumentalean bilaketak egin eta balio dieten testuak MsWordeko “kopiatu” eta “itsatsi” funtzioak erabiliz  baliatzen dituzten itzultzaileak. Batzuek erruz darabiltzate autotestu eta autozuzenketa aukerak sintagmak “automatikoki” itzultzeko, eta zenbaitek oso makro elaboratuak ere bai. Talde honetako zenbait itzultzailek SDL Tradoseko Multiterm-eko terminologia datu base bat darabilte MSWorden txertatuta.

b2) Itzulpen memoriak darabiltzatenak: Wordfast, SDL Trados, Olifant (memorien editorea). Batzuek segmentatzaile huts modura darabiltzate tresna hauek, memoriarik elikatu gabe. Beste batzuek, aldiz, memoria  elikatzen dute, eurek egindako itzulpenekin edo/eta alineatuta dauden dokumentuak inportatuz. Guztiek darabil(tza)te euren memoriari atxikitako terminologia  datu base bat edo gehiago. Talde honetako gehienek SDL Trados darabilte. Nire kalkuluen arabera, zerbitzuko itzultzaileen herenak osatzen du talde hau.

Azken aldian badirudi New Yorken bultzada ematen hasi zaiola  b2 taldearen jokabideari eta ekimen bat abiatu dela joera hori zerbitzuan hedatuz joateko.

Eranskina (umore onez):
Esan dugunez, a) taldeko itzultzaile batzuek ahotsa ezagutzeko Dragon programa darabilte, eta oso iritzi ona dute tresna horretaz. Hala ere, diktatzaile oso abilak izan arren (batzuk benetako artistak!) eta programa  aurretik trebatu arren, Dragoni bihurrikeriak egitea  gustatzen zaio. Hona hemen programak egindako zenbait  okerreko transkripzio (bigarren lerroak adierazten du itzultzaileak benetan esan ziona):

> cono drama de la migración
> cronograma de la migración

> las recomendaciones casi incluidas
> las recomendaciones allí incluidas

> agravar la atención
> agravar la tensión

> se vende por la coherencia
> se vele por la coherencia

> destrozadas por órgano
> desglosadas por órgano

> las asas y bajas
> las alzas y bajas

> instituciones letales
> instituciones locales

> estrategia de sanción de la pobreza
> estrategia de reducción de la pobreza

> estrategia de reducción japonesa
> estrategia de reducción de la pobreza

> ese pimiento
> de seguimiento

> los amantes
> los donantes

> asesoramiento profético
> asesoramiento político

> se presenta a tiros
> representativos

> marcos de gatos operativos
> marcos de gastos operativos

> penosos tratados
> en los dos tratados

> a la tragedia de la CNUDMI
> al arbitraje de la CNUDMI

> parásito pecador
> parásito depredador

> de las gracias unidas
> de las Naciones Unidas

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude