Hizpide darabilzkigun ondare-ibilbide hauetan barrena, gehienbat Bilboko ibaiaren bi ertzetatik doazenak kontutan izanda, gure arbaso urrun nahiz hurbilagoan testigantza material bezain materiagabeak oroimenean ez eze, oraindik ere itsasadarreko inguralde horretako bazterretan ondo miatu ezean, hainbeste gelditzen zaizkigula agian ez ginateke maiz konturatu ere egingo. Horra hor, hizki-irudizko mugarri geografikoak.
Aurri industrialak askotan arkitekturatxoekin eta eraikin-estruktura handiagoekin ere tartekatzen diren paisaia zinez eraldatuetan, kultura-ondare ukigarria eta ukigaitza elkarren eskutik hartuta edota korapilo estuz kateaturik agertzen zaigu zenbaitetan, osotasun bakar baten atal intrintsekoak bailiran korapilatuak. Horietan adierazgarrienetako batzuk hizkidun ikurrak izan daitezke, dauden tokietan iragandako lekukotzak eskaintzen dituztenak toponimiaren aldetik edo idatzizko bestelako zeinuekin hiri-espazioan aditzen ziren oharrak; nonbaitera sartzea galarazteko, pasatzeko ezintasunak, arriskuak, kontuz ibiltzea.
Garaian garaiko hizki-ikur eta muralak: iraganeko bizitzaren gaurko irudiak…
Horien arteko ezagun eta errepikatuenak, alegia, hiri-auzo, udalerri edo tren geltokien sareak izendatzen zituztenak ziratekeen, baita fabrikatzar eta enpresen izenak aditzera ematen zituzten logotipo eta identitate kolektiboaren ekarpenak ere. Lehendabizikoen artean, Bilboko itsasadarreko ondare-ibilbideetan azpimarra dezakeguna “Olaveaga” izendun plaka zeramikoa izan daiteke, ziurrenik. Baldosaz buruturiko kartel xumea, tipografia bereziaren errotulazioz seinale funtzioa betetzen baitu, ezker-margeneko izen berbereko burdinbidearen estazioko eraikinaren fatxadari estrategikoki itsatsia. Era honetako aztarnak, lekuan lekuko izendegi eta nortasunaren oroigarriak izatetik haratago, aurretiaz baliza-argiekin hausnartzen genuen moduan, hiri-esparru zabal eta anizkoitzen identitateei zentzuzko taldekatzeak baimentzen diete. Hala bada, auzune, barruti zein bestelako lurraldeak letra-nomenklaturazko ikur jakinez elkarlotuak suma ditzakegu orainaldian ere, lehengo usadioen ildoan.
Bestalde, ordea, behin eta berriro errepikatzen ez diren tankera honetako adibideak ere baditugu. Olabeagan bertan erdi-ezkutuan aurkitzen den tunel beltz eta ilun baten sarrerako ahoan zeramikazkoa baldosadun kartel gorria ikusi daiteke, partzialki ezabatua eta kontserbazio egoera nahiko tamalgarrian egonik ere “¡precaución! paso peligroso” hizki larriz adierazten duena. Itsasadarraren kontrako partera salto eginda Deustuko erriberan, desagerturiko Toldos Goyoaga ehunen lantegiak aurrealdean zeukan frontoi-erako moldura apaingarriaren barnean karratu zeramikotan margoturiko paisaia erakusten du. Dekorazio piktoriko hau eraitsia izan zen nabe historiko originalari erantzitako pieza arkitektonikoa baita, data zehatza ez badakigu ere, XX. mendearen hasierakoa (1912. urtearen inguruan eraiki baitziren azkeneko pabiloiak). Industriaren arrasto gisa testuingurutik kanpo aterata, lorez eta landarez hornituriko errotonda baten erdigunean kokatu dute berriki. Arte Ederretako ikasle taldearen laguntzaz zaharberritua izan zen panelak, itsastar imajinak eta portu-giroko objektuak aurkezten ditu eszenaren motibo bezala. Paragrafo honetan aipatu ditugun zeinu-ikurrok bakarrak izateagatik, ez dira hirian zehar erritmikoki barreiatzen eta beraien txikitasunean, ez lukete gainontzeko mugarri batzuen adinako historia-karga ez sama pisutsurik jasango baina esanahia kultural eta sinbolikoetan aldiz, aberatsak izanik, beraien ekarria txit miretsia izatekoa da, agertzen diren espazioen eta parajeen adiera galduak ulertzeko.
Antzinako toki-estetika: hiriko paretak orbaintzen dituzten portu-adierazpenak
Era berean, estiloaren zein tipologiaren ikuspuntuetatik eduki ditzaketen ondare-balioak garrantzizkoak eta singularrak dira, hirian gaur egun identifikatu ditzakegun bestelako konposizio batzuen alboan ere. Horien artean kaleko muralak bizpahiru moldetakoak izan daitezke. Badaude enkargu edo lehiaketa bidez hautatuak izan direnak; etxeetako atzealdeei irudi-sortak proposatzen dizkietenak. Prozedura anitzez sorturiko hauek, figuratibo edo abstraktuagoak izan daitezkeen neurrian, edozein gai darabilte eta autoreak nortzuk diren normalean ezagutu dezakegu. Hauetaz aparte, egile anonimoen horma-irudiak pertsonalak izan daitezke baina sarritan mota askotariko aldarrikapenak kaleratzeko iturri izaten dira, batzuetan tokian bertako arazo era aferen lekuko.
Oraingoan, Artasamina, Tiboli kalea, La Salve eta Moraza plazaren bitartean dagoenak piztu digu arretarik nabariena. Artxandarako funikularraren gainean eta lore-uri delako zonaldearen oinetan, Matikoko metro geltokiak baimendu duen murru itsu luzangan, Durero eta Paradox estudioek[1] Portuko Agintearen artxibo-fondoetatik 2016an lorturiko argazkiak jarri dituzte; digitalizatu, koloreztatu eta berariazko teknikez eguratsaren baldintzei aurre egiteko nahiz mantenu luzerako balio duen euskarrian inprimatuak. Hainbat pasadizotan, XX. gizaldiko lehen hereneko portu-aktibitate itsastarrak berreskuratu ditu: aparailu, garabi eta tramankuluak, trenbideak, garraio-ibilgailuak, zubiak zein ontzi porturatuak.
Ertzetako ondare-ibilbidetik dakusagun ikur-zeinuak, antzinakoak eta oraintsu argitaraturiko irudi zaharrez konposatuak.
[1] Ikus: Mujika, Jon (2021). “El Bilbao que se fue y vuelve”, Deia, maiatzaren 16a, 72-73. orr.