Arestian genionari oratuz eta berorri jarraiki, itsasadarraren bi alderdietan behera aurkitu ditzakegun portu-argiztapenaren poste-zutabe errepikakorrek ezaugarri eta egikera berbera badituzte ere, koloreetan desberdintzen dira. Honen aurreko komentarioan esaten genuenez, itsasoratze edota porturatze maniobrak itsasontziei errazteko kode internazionalen araberako argi-zeinuak igortzen zituzten dorretxook, modu intermitentean distira gorri-orlegiak ematen dituzte, barkuek beraiek ere erabiltzen duten zeinu-kode bikoitz horrekin erlazio zuzenean. Argiztapen bitxi honek, era berean, ingurugiro jakin bat sortarazten du, batez ere, nabigatzeko gai diren itsasadarretan uraren eta lurraren arteko muga-limiteak presentzia fisiko baizen sinbolikoekin identifikatuz eta markatuz.
Ibaiertzeko espazio ureztatuari zentzu bateratua eskaintzen dioten euskarri zutak
Aipagarria da, bestalde, oro har bertikalak diren piezatxo hauek portu-espazioaren eta aldi berean hiri-espazioaren luzerak, distantziak eta norabideak azpimarratzen dituztela gehienbat, mugarri eta lerrokadura elementuen izaera duten aldetik. Berauen egitekoak, gainera, ibai-bokale, estuario nahiz delako badia horren bizitasuna eta egunerokotasunean izan dezakeen mugimendua gogora ekartzen du, baita sartu-irtenen ibilbidea eta ezein motako aktibitatearen mantenua ere; dela itsas garraioa eta merkatalgoa, dela industria berezietako lehengaien esportazioa… direla ubide eta kanal hauekiko atxikimendu duten beste zenbait jarduera gehigarri. Bilbon legez, zain ureztatu hauen funtzio espezifikoak murriztu eta beherakadak jasan ahala, agian arkitekturatxoak bailiran kalifikatu ezin ditzakegun portu-altzariok desagertzeko arriskuan gelditzen zaizkigu, baten batzuk ondare-zentzuaz berreskuratuak izan arte.
Nolanahi ere, industria-gune berantiarretako paisaietan, hamarraldietan ez ezik ehunka urteetan tailuz itxuratuak, galzorian egon daitezkeen arrastoak dagoeneko testuinguruarekin harreman handirik gabe kontserbatuak izaten direnean, inguruko parajeekiko osotasunaren ordez aurri bakunak balira tratatzen dira; garai bateko funtzio-zentzuak zokoratu eta bazterrean utzita. Bilboren historia garaikidean, besteak beste, industriarekin eta ontzigintzarekin elkarrekintza estuan zegoen giro oparoarekin gerta daitekeen egoera, alegia.
Nazioarteko itsas nabigazioaren lekuko iraunkorrak: berde distirak egunsentian…
Goiko paragrafoetan diogunez, urteen joan-etorrian, gainbeheran eroriak izan diren itsastar eremuetako ikuskizunaren estanpa estetiko konkretuen baitan, erdi isolatuak ageri zaizkigun era honetako eta antzerako aztarnek, euren lekutzea erabilpenean zedarritua baino irudietan berrasmatu dute. Aspaldiko gizarte eta hiri-egituraketaren memoria hauskorra metatuz, egun darabilzkigun pasealekuetatik antzinate ez urruneko lekukotza isila eskaintzen digutela.
Oraintsu Bilboko erdigunetik Zorrotzarako bidean ikusi eta ukitu ditzakegunak kolore orlegiz margotuak eta argi berdez hornituak, batik bat Olabeagako moila zaharretatik biziraun dutenak lirateke, beheko argazkietan ikusten ditugunak. Ibaiertzean erritmikoki pausatuak, baten batzuei puntako lanpara edo argimutila falta zaie eta hortaz, oinarrizko erabileratik erabat aldenduta, hiriko ornamentazio izateaz gaindiko zereginik apenas egozten zaie. Beste batzuei jatorrizko atalen bat izorratu zaie eta ia denek estrukturari itsatsitako gorputz zilindro-erdikoa dute, bertako eskailera batetik goreneko parteraino igotzea posible egiten duena. Atxikiriko osagai hau ez da kolore jakinaz pintatzen. Zorutik zutitzeko euskarri gisa duten azpiko prisma triangeluarrean atetxoak izaten dituzte, faro txikiak bailitzan bertara sartu eta atontze-lanak burutzeko.
Aipatu Olabeagako erribera ureztatuan, egile eta data zehatz ezezaguneko portu-tipologiaren adibideok, bai konposizioz eta baita errepresentazio estilo adierazgarriz ondare-balio historiko eta singularrak erakusten dituzte. Denboran eraldaturiko espazio-ordenazio eta portu-antolakuntzari eutsiz, paisaia-balio esanguratsuen ekarpena egiten diote gaur eguneko panorama estetikoari ere, ingurua singular bihurtuz eta adiera kulturaletan dautzan balio historikoak goraipatuz. Nahiz eta, beraien lehenaldiko balio anizkoitzak orainaldian kasik apaingarri nahiz jostagarri bilakatu diren, oroimen-espazioetako dekorazio.
Bitartean, Olabeagako erlaitzetik bestaldera begira eta Zorrotzaurreko azken muturreko bihurgunean, berdea zein gorria aldi berean konbinaturik dituen baliza-argiarekin topo egingo dugu, grafiti-irudiz jositako irla berriaren akabuan.
Argazkiak: Ibaiaren ezkerreko ertzetan Bilbotik Abraraino kokaturiko argi-dorreak, berdez margotuak eta, hain zuzen ere, argi berdea darienak.