Portu-nortasuna euren izaeran sustraiturik duten hiri-espazioetako agerkari umil gisara atzeman ahal ditugun argiztapeneko dorre hauek, lehendik jada izan ditugu aipatuak, modu zeiharrean bada ere. Portuetako altzari apalak bezain ekidinezinak, ontziak itsasora gidatuz eta portu-espazioko zein ibai-bokaleko azken muturreraino heldu arte, itsas nabigazioaren nazioarteko zeinuei dagokien argidun distira keinulariak baina etengabeak botatzen dituzte, gabez eta egunsentiz askozaz nabariago adituak.
Itsasoratze bidetik joan ahala argi-taupada gorriak eskuinaldean eta berdeak eskerrean jaurtikiz, ingurumari ureztatu guztiari halako izaera bateratua eta identifikagarria eskaintzen diote, hain zuzen. Jakina denez, Bilboren kasu berezituan ere, itsasadarra nabigatzeko gai izan zen bazterretatik hasi eta Abrarainoko bidean halako dorretxoak aurki ditzakegu bere bi margenetatik gora, itsas zabalerantz doan estuarioko dike eta lurmuturretara ailegatu arte.
Dorretxo txiki bitxiak: ilunabarreko diz-diz gorrixken emanaldia eskuinaldean
Bilboko ondare-ibilbide honen pasadizoetan eta batik bat Deustuko Erriberan, Zorrotzaurre penintsula-irlako ertz-lerroetan edota Elorrieta aldeko kurban ikusi ditzakegunak osatzen dute, gaur egunean, ondare-baliozko arrasto hauen adibide materialik oparoena. Itsastar kultura-material erabilgarriaren ekarpen nabarmenak, bete beharreko funtziorako pentsatuak eta diseinatuak leudeke, bere garaian. Izan ere, gorputz metalikoa bizpahiru atalekin konposatzen da. Hala nola, prisma eta piramide baten elkarketaz lorturiko base edo euskarri sendoagotik, normalean hiruna burdin barra abiatzen dira gorantz, horiek elkarlotzen dituzten bospasei triangelu erako errefortzuekin. Goialdeko erremate gisako zirkunferentziaren baitan argimutilaren mekanismoa dago, farola zilindro-erdikoan sarturik dirauen lanparak argi-deskarga gorriak emitituz.
Beheko aldea, ohi denez, bai moiletako, kaietako zein ditxoetako harrizko murru zein baranda nahiz erlaitzetan itsatsia egoten da modurik ohikoenean eta erritmikoki han-hemenka distantzia jakinak mantenduz errepikatzen dira elementu bikiak, hirukoitzak, laukoitzak edo hamaika aldiz birsortuak bailiran, itsasadarretan eta portu-sokoetan itsas maniobrak laguntzeko eta errazteko lehen mailako eginkizun halabeharrezkoaz. Sarritan, hauek objektuok zenbakituak izan badira ere, gehiengoak urrenez urreneko zenbakiak galduak dituzte, zeren eta gainera, ez dira aspalditik zeuden guztiak kontserbatzen.
Adierazi bezala, ohiturazko aspektu horietan parekoak dira Bilboko metropolia irudikatzen duen bizkarrezur ureztatuan topa ditzakegunak ere. Eguzkiaren egun-akabuko zeru goria hortzi mugan ezkutatzearekin batera, ur-ardatzaren luzerako argiztapen artifiziala isiotu bezain laster, eskuin-ibaiertzeko puntu gorriok bertako atmosferan eragiten dute, uretik metro batzuetara eta gainazal uhintsuan gertatzen den islaz. Egun-argitan, aldiz, gabeko izpiok itzalita zutabe xumeez definituriko baliza direlakoen hedapen lerrokatua igarri daiteke metropoli-inguraldeko mapa edo planoa begiratuz eta horixe irakurriz gero.
Portu-funtzionamenduaren artefaktuok, nahiz eta nortzuek edo konkretuki noiz eraikiak izan diren ezagutzea kontu zinez konplexua izan daitekeen –artxibo haustu eta galduetan miatuta ere, jatorriak eta egileak arakatzea zaila izanik– egoera horrek ez die, ordea, inolaz ere garrantzia kentzen ez murrizten, hiri eta portu-antolaketaren esparruetan konstante bezala agertuz. Halaber, iragan-aroen ikur tekniko legez darien estetika soil biluziak industriaren ondorengo kokaguneetan zutik dirau. Egituratxo isilak izanik ere, koherentziaz eta estiloz bikainak, beraien eskala, erritmo eta kolorez portu-hiriko lerrokatzeak markatzeko ezinbestekoak dira. Tipologiaz ere aipagarriak, bai hiri eta baita portu-garapenaren errepresentazio, indibidualtasun errepikakorrak multzo osotuagoaren nortasunaz janzten ditu toki-lekuarekin forma homogeneoan integraturik geldituz. Horrela, hiri-ehunak ibaiertzarekin eta itsasbazterrarekin sortzen duen elkarrizketan perspektibak, erremateak eta eszena bitxiak posible egiten dituzte, inguruneko paisaiaren kapa desberdinak hondoekin artikulatuz.
Bestalde, kultur esanahiaren alorrak, ondare material lez itsastar-parajeetako memoriaren ukiezinezko munduan barneratzen gaitu. Horietako baten batzuk, haien oroimena berreskuratzeko asmoz zaharberrituak suma ditzakegu, berriz margotuak behinik behin, eta piezaren bat edo beste aldatuta. Gogora ekarri dugun San Inazio – Elorrietako adibideak, besteak beste, linterna gordetzen duen zilindroan “B.B.T. Paris” irakur daitekeen tapa baxu erliebez grabatua du.
Itsasadarrean gorako urak gorriz zipriztintzen dituzten itsas tradiziozko eraikintxo txiki baizen adierazgarriak.