Bloglari-espazio honetako idazmen ariketetan jardun dugun azken saioetan, Bilbon ondare-balioak erakusten dituzten zenbait zubi ekarri ditugu honako lerrootara; oraingoan aldiz, arestian aipaturiko horietako bat berpiztuko dugu baina ez aldiz, bere zubi izaera petoagatik, gainjarria izan zaion artelanagatik baino.
Aitatu bezala, Juan Batanero ingeniariak 1970eko hamarkadaren hasieran Bilboko auzune garaiak Matiko eta Lorategi-hiritik Abandorekin, hau da, zabalgunearen bihotzarekin eta, batik bat ibilgailuz, era errazagoan elkarlotzeko eraiki zuen La Salve edota Espainiako Printzeen zubiak, bizpahiru eragin ez ezik eragile nabari izan ditu bere ingurumarian, ordu hartatik honako ibilian.
Guggenheim Museoaren aldamenean: zubi-besarkadaren hiri-espazio atondua
Hogei urte iraganda, 1990eko hamarraldiaz geroztik Guggenheim Fundazio Museoa izango zenaren lehen santsuak, keinuak, hastapeneko diseinuak eta maketak miatzearekin batera Frank O. Gehry arkitekto ospetsuak zeukan intentzioaz jabetzen hasi ginen une konkretuan. Izan ere, museo-eraikinaren albo-egiturak dorre okerraren antzeko bolumena; lehenago solidoa eta gero hutsagoa erakusten baitzuen, ustez aldamenean zuen zubia azpitik besarkatuz.
Museoa Abandoibarrako panorama eraberritzeko protagonista gizenena izanik, aurreko beste presentzia boteretsu bat, zubia alegia, guztiz beregain hartzeko ez bada ere, magalera erakartzeko guraria sendoa baitzen. Arkitektoak berak adierazi bezala, ibaiaren kurba baten ertzean altxatzea, industriaren ondorengo zonalde adierazgarrian eta zubi mardularen ondoan, horixe baitzen ‘zeruaren ideiarik’ behinena; titanioak eta burdinak, elkarri eskua hartu zioteneko garaia.
Bilbotarren goratzarreko ‘garaipenaren ikurra’: arku-gorria zubi-orlegiaren gain
Atzerriko amerikar museoaren egoitzak berak ere arte lez ulerturiko arkitekturarekin uztarketarik baldin badu –behintzat, horrela komentatua eta defendatua izan da sarri askotan– Daniel Buren nazioarteko artistaren egitez 2007an gaineratu zitzaion “Arku-gorriak” eskulturak hiri nagusietan antzinatik monumentaltasunaren adierazgarri izan diren garaipeneko arkuekin erlazio urruna planteatzen du, xafla gorridun estruktura ingeniaritzaren estetika darion zubiari itsasten zaiola, errepideak markatzen duen plano horizontalaren perpendikularrean irmo atondua. Edozelan ere, zubiaren parte garrantzitsu bat ezkutuan lagatzen duen interbentzioak erabat kontrajartzen diren bina erdi-zirkunferentzia deskribatzen ditu zubiaren goialdean, azpiko euskarrian antzeko pieza apalagoa gehitzen zaion bitartean, itxura eta egikera berbera erakutsiz.
Eskultura-arkitektura monumentalaren izaera atzematen zaion proposamena zubian benetan integratua baino bigarren azalezko oskola bailitzan dakusagu. Hiri-espazioari eskainitako arte publikoaren emari gisa kontsideratu izan da eta beharbada ondare-baliorik gardenena artista-egilearen bikaintasuna litzateke, autoreak duen egiteko modu, materialtze, estilo, konposaketa, espazialtasun senean eta tipologia errepikatuetan, neurri batean bakarrik ohar daitekeena.
Baztertuak izan ziren beste ideia eta artelan-proiektu batzuk, dezente duinagoak
Alabaina, eskatu zituzten egitasmoen artean delako aukeraketa hau egin aurretik, izan baziren sona handiko museoaren hamargarren urteurrena ospatzeko plazaratu ziren zentzuzko beste planteamendu zenbaitzuk. Cristina Iglesias eskulturagilea eta Olafur Eliasson artegile daniarra gonbidatzeaz gain, Liam Gillick-ek “Dosel urbanoa” zeritzon ekarpenarekin, argi-ilunen konbinazio eta tartekatze zuhurrez La Salve-ko zubian eragitea bilatzen zuen, baina bere eskeletoaren biluztasuna tapatzeke eta gorpuztasuna zainduz, maldaren izaeran nahiz inguruneko espazioaren moldapenean zein definizioan zeresana izango zuena. Habeetariko baten buruan, hiriek bai kliman eta baita ingurugiroan dituzten ondorioak azalerazten zituen ekuazio matematiko fisikoa iragarriko zuen txapel zirkularra gainjarriko zitzaion, zubia asko eraldatu gabe.
Bestalde, baina iraganarekiko errespetuzko jokaera eskergarriaz, Jenny Holzer-ek bertako paisaiarekin, historiarekin eta tokian tokiko kulturarekin harreman sustraituak izango zituen elkarrizketa sorrarazteko ahalegina irudikatu zuen, era berean, hiriak bilatu gura zuen posizio eta leku internazionala aldarrikatuz. “Bilborentzat” obrarekin, zubipean led-argidun ilarak imajinatu zituen hizkiez eratuak, euren argi horixka mugikorra itsasadarreko uretan etengabe islaraziz. Orotara, kontu egin behar dugu artista ezagun honek baduela jada, goitik beherako letra gorridun lerroz osaturiko lana museoaren bilduman ikusgai.
Zubiaren ikuspegi partziala ibaiertzetik bere ‘besarkadaz’, emaitza artistikoa kokatu baino lehen eta instalatu ondoren.