Bilboko itsasadarraren aldamenetik irudikatzen ari garen ibilbideetan zubiena izan daiteke, alegia, ibaiarekin modu intrintsekoan harreman estuena duena; ezen, ur-korrontearen perpendikularrean eta berau gainetik iragan ahal izateko, gizakiak aspaldi aspalditik asmaturiko artefaktuak baitira, eraikitzeak duen erabilgarritasun ikusgarrienetakoaren seinale txit adierazkor bezain boteretsu.
Ibai edo erreka baten uren goitik eta hura pasatzeko egitura eraikia aurkitzea, betidanik izan da premiazko errepide egokian goazenaren argigarri edota herri, hiribildu nahiz hiriaren gertutasunaren aurrekari. Antzinatean ere, galtzadek zubi-sistemak zituzten; nola ez erdi-aroan eta askozaz gehiago ondorengo aroetan. Maiz, zubietan arkitekturak berak presentzia sinboliko oparoa lortu du, giza baldintzek naturarekiko izan duten menpekotasun-katearen hausketan edo behintzat, gaindipenean artifiziozko euskarria txertatuz, sorkuntza gauzatu ahal izateko arte-teknika binomioak izan duen uztarketaz baliatuz. Une batzuez, zubi-egileek katedral-altxatzaileek adina ospe izango zutela dudarik ez, nahiz eta batzuk horizontalean ideiatu besteek bertikalean pentsatzen zuten bitartean. Zubiak, pertsonak ‘airean’ iragateko ez ezik, animaliak eta ibilgailuak bertatik ur mugikorraren oztopoa ekiditeko erabili izan dira beti, denbora iragan ahala eta gu geu bizi garen mendeetara helduta, funtzioak bikoiztu eta hirukoiztu direlarik.
Beharrizana eta itxuraren arteko koloka ala funtzio-estetikaren hornidura?
Honaino dioguna eutsiz, garraiobideek eta bestelako halabeharrezkotasunek gorakada itzelak pairatzearekin batera, behinik behin industri iraultzaren betaz eta gerora erdietsi ziren gizarte aurreratuen baitan, zubi-egiturak ere, kakotx artean, espezializatu zirenean, hasierako egitasmoetatik erabilpen batzuk eta beste batzuk aurreikusten zitzaizkien. Hala, ibilgailuentzako zirenak sendotasun eta euskarri abantaila zenbait izango zituzten, oinezkoentzat ezarritakoekin alboratuz, edo zeresanik ez, trenbide-zubi izan ziren adibide bitxi eta lirainak.
Bilboko ibaiertzaren ondare-ibilbideetan izan ditugu halakoak, oraindik ere bakarren batez ohartu gaitezke eta. Oraingoan, itsasadarraren paraleloan eta Kadagua ibaiaren bokalean hemeretzigarren mende amaierako Bilbon entzutea lortu zuen Pablo Alzola ingeniari eta udal-politikagileak burdinazko zubia eraiki zuen 1885ean, orduko industria-arkitekturaren eta aurrerakuntza teknologikoen zurrunbiloan. Izatez, trenak ezkerraldean zeuzkan pasadizoetako bat industria-ondarearen inportantziazko elementu bilakatu da. Metal usaia eta herdoila izkina nahiz zirrikitu orotatik dariola, Bilboko metropoliko industria-paisaiaren altxorretariko bat bihurtu zaigu denbora-pasaren erraietan. Balio historikoak, konposaketa-balioak, tipologiakoak eta akaso urbanoak ere erraz atzematen zaizkiona, izenburuan diogun bezala garaian garaiko funtzioak asebetetzeko sorturiko arkitektura, bere estetika erabilgarritasunari atxikia duena eta urteen iraganean, jadanik ez dagokion paisaia galduaren bazter ezkutuetan gordea.
Nahieraz haziak izan diren landare sastrakek jandako makina, burdinbide zein irentsitako parajeotan, han-hemenka oraindino zut dirauen industria-estruktura baten batzuk ikuskatu ahal ditugu, beraien izate propio, ahazturiko eginkizun, inguruarekiko integrazio, eskala eta kultura-esanahietan singularrak zirenak.
Ibai-pasa, toki-leku pasa… agian deus ez pasa?
Tertzioz guztiz aldatu barik, antzina sano produktiboak izan ziren espazio horiek hiriak berreskuratzen dituenean eta puztu ahala, erdiguneetan bertan gelditu ahal zaizkigunean, espazio-erabilera eraberrituak aldarrikatzen dituzten bizi-baldintzen esparruan egituraketa gaurkotuak nagusitzen dira. Bilboko Abandoibarran gertatu den gisan, ibai-pasaren funtsa nola edo ahala eskala-humanora gehiago hurbil daiteke eta hor ditugu, hain zuzen, bina eredu aipagarri. Alde batetik Santiago Calatrava-ren zubi-zuri izendaturikoa, 1998an kasik Guggenheim museoarekin batera ibai-gainean jarria eta bestetik, José A. Fernández-Ordoñez-ek 2003. urtean buruturiko Aita Arrupe-ren zubi-pasabidea.
Tailu-estetiko eta seguruenik tekniko arraz desberdinak badituzte ere, biak ala biak zentzu berberekoak dira hiriko gune eguneratu batek hiri-ehunean eta bilbean arrera izan dezan posible egin nahian. Sarritan, ordea, profesional izendunen erakarpenaz, batez ere arkitekturak artelan legez duen sama eta xarma bilatu gura izaten da, egunean eguneko beharrak ahantzita ez bada ere, estrategia politiko-administratibo orokorragoaren menpean eta industriaren osteko hiriak nazioarteko panoraman lehian kokatzearen ildoan inskribatuak. Gurariok asetze aldera, eraikuntza-ikuskizunak hiria orbantzen du mila intuizioz blai. Aipatu bi zubiok dagoeneko hiria ondare-balioz zipriztindu dute konposizio, estilo eta abarrengatik xelebreak izateraino, pasabide-funtzioari gaindi eginez.
Komentatu ditugun zubi eta pasabideen argazkiak, Bilboko erdi-erdian eta ingurumarian.