Oraintsu XXI. mendearen lehendabiziko laurdenari oratzen ari gatzaizkiola, gutxi gora behera 1970eko hamarkadatik hona zubi berri-sorta altxatu izan da Bilboko Udalerrian edota haren inguru hurbilean. Berriro ere itsasadarra hiri-espazioaren lehen mailako ardatz egitura-emaile izanik, zabalgunearen bihotza Moyua enparantzatik Maurice Ravel etorbidean gora Matiko, Lorategi-hiri, Uribarri, Zurbaran auzuneetara eta, segituan, Begoñako parajera urreratzeko lotura erabakigarria, 1972. urtean Juan Batanero ingeniariak eraikitako La Salve deituriko zubia litzateke. Hiriaren erdigunetik lurzoru altuagoetara irizteko, ohiko pasabideen horizontaltasunetik kanpo zeihartasuna atzematen zaion planoa begi-bistan jartzen digu, ingeniaritzaren egikeratik eratorririko estetika nabariaz.
Joera moderno berantiarrak hogeigarren mendearen azken-laurdenean
Esan bezala, 1960-1970 hamarraldi horietan, munduan osoro hedaturik zebiltzan eraikuntza-estilo eta molde-estetiko konkretuekin kidetza erakusten du, nolabaiteko aplikagarritasun tekniko soilaren sotiltasunak ezaugarritzen duen izaerara egokituz. Tokian tokiko kokaguneari gehitzen dion presentzia sendoa hiriko gune desberdin eta anizkoitzekin duen lotura-balioaz osatzen da. Eraikia izan zenetik gaur eguneraino eraldaketa txikiak izan ditu, batik bat aspaldiko kolore gorriaren galera eta agian esanguratsuena, Daniel Buren artistak habe bertikaletako bat goitik behera janzteko proposatu eta egin zuen arku apaingarria. Azkeneko hau, dena dela, hurrengo baterako utziko dugu.
Bestalde, Juan José Arenas de Pablo eta Marcos Pantaleón-ek proiektatu eta 1995ean irekitako Miraflores-eko zubiak, ibaiaren eskuinaldeko alderdi horren ezkerretara, La Peña auzoarekin elkartzen du ehunka metro batzuetako garaierarekin, lurrazalarekiko kota diferentzia nabarmenaz. Horren erruz, La Peña-ko eraikin historiko batzuen altuerari gaindi egiten dio, nola edo hala zerura begira atzematen den hegala itxuratuz, behe-aldeko plaza eta kaleetan haren itzala suma dezakegula, batez ere egurats eguzkitsuarekin. Egitura honetan altzairua, zutabe bertikalak eta kable tentsoreak beharrekoan goiko errepide-plano horizontalaren azpian ibaiertz batetik bestera hedatzen den zementu edo hormigoizko xafla okerra ikus daiteke, bertara heltzen diren zilindro estuek sostengatzen dutela. Egikera horrek suposatzen du erdibideko espazioa libre ustea, aire-korronteari bitarteak eskainiz eta ustez bada ere, paisaian izan dezakeen eta daukan eragin sano bortitza apurren bat leuntzea.
Orotara, honako zubi hau eta arestian komentatu duguna ere ibilgailuentzako pentsaturikoak eta funtzio hori ahalik eta hoberen asetzeko estruktura peto-petoak lirateke, hiri-ehunaren sareetako giza eskalan integratuak inolaz ere ez leudekeenak baizik eta hiriaren zein ibaiaren kota topografikoetatik at, geruza gainjarriak baldintzatzen dituztenak nahiz eta horietako batek, hiri-zabalgunera heldu ahala altuera askozaz baxuagoa izan. Biak ala biak, edonola ere, oinezko ibiltarientzat bigarren gradu apalagoko pasabideak izan badituzte eta La Salve-ko zubiari dagokionez, ibaiaren aldameneko Volantín pasealekuraino ailegatzen diren igogailu zein eskailerak egokitu zituen. Miraflores-eko zubiak hiriarekin harreman eskasagoa duen arren, ibiliz bertaratzeko aukerarik posible egiten duten bidezidor bakunak aurkitu daitezke, La Peñatik Miraflores-era bidean.
Hurrengo mende-hasieraren atarian
Nazioarteko arkitektura funtzionalaren modernotasun berantiarretik agertoki postmodernoagoetara iragapidean, eta eraikitze-teknologiek baimentzen ez eze orokortzen dituzten heinean, Bilboko hiri-bilbean samurrago txertatua antzeman daitekeen azkenengoetariko zubia Euskalduna-koa litzateke, berau hizpide laga barik, noski. Francisco Javier Manterolak Jesusen Bihotz Sakratutik Deustuko Erriberara joateko kurbadun zubi liraina diseinatu zuen 1997an. Aipatu ditugunen antzean honek ere, zabalguneko trafikoa bideratzea badu helburu, aurrekoek ez beste oinezkoentzako pasabide zabal, eroso eta estalpeduna ezarri du alboetariko batean, autoen galtzadatik banandua eta desberdindua.
Tipologiaren ikuspegitik eredugarria eta hiri-garapenaren etorkizunari aurre egiteko baliagarria, toki-lekuarekiko koherentziaz agertzen da, bai hiriko traza historikoari bai berreskuraturiko parteei ordenazio espazial errepresentaziozkoa gauzatzeko konposaketa neurtua bezainbat singulartasuna ere emanez. Bidenabar, hiriko egite urbanoaren topologia, hondo eta perspektiba anitzekin artikulazioak ahaztu gabe, aldameneko zedarri edo nortasun-mugarri batzuekin ere tupust egiten du, hirurak argazki-marko berdintsuan jasoak; hala nola Bihotz Sakratuaren eskultura-monumentua eta industria-aurri den Carola garabiarekin.
Orrialde honetara ekarri ditugun hiruna zubi-adibideen irudi hautatuak.