Ondare-bideak Bilboko itsasadarretik (…VI…): Zubiak; hiriko espazio historikoen lotura-guneak

Aurreko idatz ariketan genionez, Bilboko hiribildua sortu aitzin lehendabiziko barruti eraikiak, ustez behintzat itsasadar gordinaren alderdi bietan garatuz zihoazenak, bata bestearekin harremanean jartzeko lotura zain bakarra San Anton deritzon zubia izango zitekeen seguruenik, ibaian gorako eta beherako parajeetan. Hortaz eta batzuetan, zubia hiri-ezarpenaren aurrekariak baino kasik lehenagoko zeharbideen ildoan aldarrikatzen da, alegia, itsasaldetik barnealderantz abiatzen zen kamino-sare primitiboaren puntu estrategiko gisa.

Nolanahi ere, urteen eta mendeen poderioz batik bat erdi-aroko hiri-egituraketa premuen baitan, garrantzia nabaria ez ezik erabilgarritasun erabakigarria izango zuen denboran aldaketa mordoa jasan dituen pasabide-egiturak. Izan ere, hemeretzigarren mendearen hirugarren herenean Bilboko hiri-zabalguneez modu serioan jardun arteraino, apenas izan da ur-korrontea iragateko aukera askoz gehiagorik, garai bateko hiribildu-muina zenaren esparruan bederen.

Bilbo zaharrak eta Zazpi kaleek zeukaten lotura merkantzien lur-garraiorako ezinbestekoa izateaz gain Bilboko merkatal pribilegioen gerizpean gordea geldituko zen aipatu erdi-aroko gizaldietan, eta horrelaxe iraungo zuen antzinako erregimen politiko-administratiboaren legepean modernitatearen santsuak hodeiertzetik ikuskatu arte. Zubiak hiri-sistemaren artefaktu urbanoak baizen juridiko preziatuak izatera ere helduko ziren. Pasa-beharrizanak gizartearen eguneroko lanetan eta eginkizunetan zinez eragiten baitzuen; orduko agintea zuten botereek diru-ekimenez, kontrol zorrotzez nahiz metodo oldarkorrez gogor babesten baitzituzten, lurralde bakoitzaren jabego izateraino.

 

Zubitik zubira hiri-espazio esanguratsuen muinak konektatzeko xedeaz

Alabaina, gerora helduko ziren gizarte-eraldaketa eta nolabaiteko iraultza bortitz edota apalagoek premia berriak errotuko zituzten hiri-espazio eraberrituetan; hortxe agertuko baitzen, era berean, aduanaren kontzeptua, muga fisiko sinbolikoa eta arkitektura eraikina ere. Zubien eragina diruz hornitua baino hiri-zabalguneen txertatzean topatuko genuke eta hauen lotura-zainen ekidin ezinezko beharrezkotasunean, eraikitze prozesuak nola edo hala areagotuz.

Bilboko kasuan, dakigunez, XVIII. mende amaiera eta XIX. mende hasierako zabalgune-ideia handi samar eta sasi utopikoek helmuga zalapartatsuak baizen fruitugabeak izan bazituzten, diogun XIX. mende gogaikarriaren ia akabura itxaron beharko zen, azkeneko hiri-zabalgune definitiboaren arora bitartean; karlistadak bukatu bitartean, gerraosteko giro liberal-garailearen ilusioetara ailegatu berritan. Abandoko lurzoruetara egokiturik irudikatu zuten planoak beste elkargune batzuk ere halabeharrezkoak zituen, nukleo modernoak betiko hirigunearekin erlazio zuzenak izan ditzan. Horrela bada, Isabel II erreginaren zubiak zeregin oparoa izateaz aparte eraikitze teknologia eta itxura estetiko aldakorrak erakutsiko zituen unean-uneko teknika eta gustuen lekukoa hartuz.

Gaur egunera etorri zaigunak eta orain dakusagunak, beraz, Arenaletik Najara bitartean Zazpi kaleak eta Albiako zabalgunea konektatzeko bermea eskaintzen du hiru arkudun estrukturan euskarrituz ezein ibilgailu pribaturi, hiriko autobusei, tranbiari eta aldi berean oinez doazenei ibaia iragateko beta emanez. Petir eta Entrecanales-ek guda zibilaren ondoren, 1940an berreraikitako zubiaren tipologia bereziak nahiz estilo zein funtzioek, balio historiko urbanoak eta paisaiari dagozkionak baimentzen dizkio, ez bakarrik pieza solte bezala baizik eta hiri-ehundurari itsatsiriko ondare-elementu saihestezina, ingurumariaren konposaketa arkitektonikoan singulartasunez eragiten duena, hiriko eskala zein estilo eta erritmo konkretuei eutsiz. Baranda-lerroak bezainbat ertzetako argiztapen zutabe-farolak adibidez, hiriaren sinboloei eta ikur adierazkor zenbaitzuei estuki atxikiko lirateke, nortasun kolektiboen oroigarri lez ulertuak.

Zubi honek Areatza eta Arriaga enparantzatik hasita egungo plaza Biribilera garamatza (hemen, arestian aurkezturiko Udaletxe aurreko zubira Buenos Aires kaletik irteera legoke) eta handik abiatuta bide nagusian gora, Moyuako bihotzeraino. Lehenagotan adierazi legez, Bilbok bazituen beste zubi xelebre batzuk, baten bat higikorra eta besteak beste, erabiliak izateko eskubidea ordainsariak finkatzen zuenik ere bazegoen. Oraingoan komentatu ditugunen tartean, Erriberako oinezkoen pasabidetik eta La Merced delakotik, San Frantzisko auzoari arrera eginez, handik Zabalburuko ‘bigarren bihotzera’ goaz.

Arenaleko zubiaren aurre-bista inguruneko hiri-paisaiaren eraikinekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude