Ondare-sama iragartzen duten aipatu elementuen ibilian, parada honen beta aprobetxatuko dugu ez bi hil-herri konkretu horietaz beren beregi jarduteko, baizik eta trazaturiko ibilbide hauexetan irudikatzen dituzten espazio-lokarriak plazaratzeko. Edonola ere biak hala biak, aspaldi Bilboko ingurumarietatik erdira etorri baitziren.
Hiri-bilbearen inguruetatik erdiguneetan txertatuak: hildakoentzako herriak
Hildakoak ehorzteko Begoñako hilerria, eta Deustukoa bera ere, garai baten hiriko periferia legez uler zitekeen landa-eremuko aldirietan sortu ziren. Bilboko hirigunetik kanpo, Udaletxe propiodun elizateak baitziren bai Begoña eta Deustu ere. Urteak zein hamarkadak iraganda, ostera, eta XX. mendean batik bat Bilbon sumatu zen gizentze urbanoarekin batera, hiri-barnean gelditu zitzaizkigun espaziok. Bietatik Deustukoa izango da, seguruenik, ibaiadarretik gertuen dagoena. Hain justu ere, aurreko iruzkinean aipatu genuen Sarrikoko parke-lorategitik asko aldendu gabe, Enekuriko errepideak eta Arangoiti auzo garaira heltzeko zehar-bideak inguratzen dute.
Izaeraz eta estetikaz XIX. gizaldi azkeneko eta XX.eneko hasierako tankerakoa da, aurkitzen den malda oparoan mailaketaz eraikia, hilobiak eskailera erako lursail lausotu horietan kokatzen direlarik. Barruan kapera eta zerbitzuetarako gunea bezalako eraikinak kontserbatzen zituen arren, elementurik aipagarrienetakoa portada neogotiko eta modernista izango litzateke. Izan ere, berau baita bertako eskultura-monumentu zenbaitekin batera, ondare-baliorik esanguratsuenetarikoa erakusten duena eta gainera, ibaiari begiratzen diona.
Begoñako maldan gora aurki ditzakegun harrizko kultura-materialaren lekukoak
Aurreko lerroetara ekarri duguna baino zaharragoa, Begoñako kanpo-santuaren artxibo-arrasto goiztiarrek XIX. mende hastapeneko urteetara garamatzate (1811-1813). Haatik, Bilboko Udal-kontseilua zelakoak Begoñako Elizateari, errenta edota zerga-erako diru-kopuru jakinak ordainduko zizkion, Udalerrian zendu ziren pertsonak Begoñako mendixka-magalean lurperatzeagatik.
Lur-saindurako sarrera, hortaz, Begoñako Amabirjina kaleko maldetan ezarri zuten, eta denborarekin kapera neogotiko handiago bat eraiki zen barnean, sute baten ondorioz suntsitua izanda ere, zementuzko blokez josia eta landare-sastraka nahiz zuhaitzen sustrai, enbor eta abarrez ere gaurdaino zutik iraun duena. Aspaldi hilak bertan lur-hartzeari utzita, duela gutxi Aranzadi Elkarteak Bilboko Udalarekin batera gorpuen ateratze lanak abian jarri dituzte.
Alabaina, kokagune horretatik hurbil eta Bilboko Zazpi Kaleetara zein ibaiertzera nabariago hurreratuz, Mallonako hilerria ere garai bertsukoa da, Juan Bautista Belaunzaranek aurkeztu zituen bi proiektuen arabera, azkenean 1828-1830 urte-bitartekoa aurrera aterata. Mallonako galtzadetan lurzoruaren topografia kontuan izanik, klaustro eta guzti egokitu zen espazio neoklasiko berantiarra txiki geratuta, handitu egin behar izan zuten 1867. urte-aldera, gorago eta gaur egunera ailegatu zaigun portada eraikita, neoklasikoa hau ere. Orain, futbolean aritzeko zelaiek eta atxikitako azpiegiturek bereganatu dute.
Arestian komentatzen genuen moduan, hauek harrizko testiguek balio intrintsekoak bezalaxe, ondare-balio erantsiak gehitzen dizkiete inguruko espazioei. Berorien funtzioak kasik galduta –maiz osotasunean desagertuta– lehenagoko hiriaren oihartzunak entzunarazten dizkigute toki-lekuetan bertan errotzen duten presentziaz eta hiriarekiko espazio-antolaketa finkatuaz. Alegia, balio iraunkorrak konposaketarenak, egiturarenak, historiarenak eta estiloarenak ere badiren heinean, kasu honetan hiri-paisaietan igartzen diren adierazgarritasun kultural sinbolikoak, ikuskor eta ukigarriak atzematen zaizkie.
Aurri zein aztarna bihurtu diren/ziren arren ere, izandakoaren lekukotza arkitektonikoak bertan dirau eta urteen poderioz aldatua nahiz zeharo aztoratua izan daitekeen era berean, hiritarron arreta eta jakin-nahia iratzarriko dute. Horien parean eta hizpide darabilgun paraje berberean, panteoi kolektibo baten marmol-arrosazko eskultura-monumentuak gaineko estatua galdu zuen unea gogorarazten digu, José Bellver y Collazos eskulturagileak hiribilduaren “El Sitio” delakoaren defentsa egin zutenen omenez 1870ean jasotakoa. Bien bitartean, hilerriaren goi-ateko iskin-harriari itsatsia, “Bilbao” baxu-erliebean inskribaturik duen mojoi edo mugarria; antzinako hiri-zeinuen oroigarri bakuna, hiri-altzari sinboliko bilakatu den prisma-gorputz bertikalen segidaz landuriko euskarria, Etxebarria parkeko larretxo baten angelu-erpinean.
Adierazi ditugun kanpo-santuetako portadak, marmol gordin gorrixkadun monumentu-base geometrikoa eta hirira sartu-irtenen harria, Santiagorako Bidearen plaka-ondoan.