Ondare-bide, ibilaldi edo osteratxoen tarteari, bidenabar, Bilboko itsasadarraren eskuin bazterrari hurreratzen zaien hiri-barneko bina parketan emango diogu hasiera. Agirre Lehendakariaren etorbidetik espazio mugatu horretara sarrerarik ezagunenetarikoa aurkitzen dugu, Deustuko barrutiaren lurretan bertan.
Errepideko bi alderdietako parkeetan atzeman daitezkeen aztarna bitxiak
Goiko lerroetan aipatu bezala, Sarriko Bilbon aurkitzen den eraiki gabeko espazio handienetakoa da, Deustuko San Pedro eta San Inazio auzoen tarteko muino leun baten kokatua. Agirre Lehendakariaren hiri-barneko kale-errepideak zeharkatua, Madariaga etorbidearekin ere topo egiten du, eta Etxenagusia Pintorea kalearekin, Deustuko kanalaren aldameneraino iritzi arte, ibai ondoan.
Azalera mardula, alabaina, ez dago egitura eraikiez hutsa, alajaina! Barnean Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Ekonomia Zientzien Fakultateko egoitzak ditu (lehenago Arte Ederretako Goi Eskola izan zena, alegia). Horrez gain, Aita Salesianoen ikastetxe profesionala eta atxikitako kirol-gune zein kantxak, Larrako dorrea eta beste arkitektura batzuk ere topatuko ditugu.
Gure eztabaidagaiari hurbilago dagokionaren harian, aitzin garaietako zubitxoak larrez erdi-estaliak eta zuzenago eragiten digutenen artean, garai desberdinetako arrasto arkitektonikoak eta hiri-altzariak ere ikus ditzakegu, ustez bada ere euren hastapeneko kokaguneetan geldituak. Alde batetik, harlandu txikiaz eraikitako ateak erdi-puntuko arkua du horma zuzen baten beheko aldean eta armarri heraldikoa goian, izkina bietan zirrikitu-leihodun dorre zilindriko bikiek jagoten dutela, gaztelu-etxeetan ohi ziren tankerakoak. Horiek dorretxook, arkutxo askozaz estuagoak dauzkate sarbide gisa.
Autorea eta data ezezagunak izanagatik ere, iragandako mendeetara begira dugun aurri honek hiriko gaztelutxoen, jauregitxoan edota bestelako sarrera-ateen lekukotasuna eskaintzen digu. Bestetik, antzekoa gerta daiteke, beste modu batean bada ere, zuhaitzez libraturiko zelai baten erdigunean dagoen iturriarekin. Ur-jauziaren funtzioa aspaldi galduta, harrizko zirkunferentziaren eta bere zentroko gorputz bertikalaren artean belarra jaio da alboko zelaiarekin bat eginez, baina zutabeko kapitel antzekoaren bolutak eta ur-emaria beraien ahoetatik izurtzen zuten animalia-aurpegiak bertan diraute, gaineko lorontziarekin batera. XIX. mende amaierako edota XX. mende hasiera estetika eklektiko zein modernistaren oroigarri, abandonatua egonda ere Bilboko Udal-ondarearen katalogoko berrikusketan babestua izan zedila eskatu zen, arestian deskribatu dugun atearekin batera, biak ere A babes-maila gorenekoarekin.
Hiri-elementu historiko aipagarriak Bidarte deritzon lekuko lorategian
Bestalde, esandako espaziotik gertu eta hiriko barruti bertsuan, Agirre Lehendakariaren eta Enekuriko errepideek mugatua, Bidarteko lorategian besteak beste identifikatu dezakegun arkitekturarik historikoena 1897an Severino Achucarro arkitektoak altxaturiko txaleta litzateke. Gerora begirako obrek, gaizoak sendatzeko azpiegitura bilakatu zuten lehendabizi eta ondoren gaurkotua, Bilboko Udalak auzo-egoitza du pareta horien barnealdean jarria. Halaber, testigantza original legez, finkaren sarguneko habe zuta pareak harriz landutako pilareen itxuraz heldu zaizkigu.
Aipatu elementuok erabilgarritasun era finkoak eta jakinak izan dituzte, duda baga, lehenaldian. Gure egunotan, ostera, harri isilak bailitzan dakusagu, berain presentzia sinbolikoa markatuz, estiloz eta koherentziaz datagarriak; bolumen, estruktura, eskala eta erritmo bitxiekin josita dauden espazio berdeetan, nolabait esatearren, ondare-balioez aparte berezko balio intrintsekoak islatzen dituzten hiri-garapenaren errepresentazio bakunak izanik ere, balio historikoez landa paisaia-balioak, ordenazio espazial tipiko bezala transmititzen dizkigute.
Gabiltzan ingurunearekin tipologia-balio singularrak artikulatuz eta konposizioari lokarriturikoak ahantzi gabe. Estilo propioen eredugarri, izaera berezidun ezaugarri kulturalen izpiak tente mantentzen dituzte, hirian gertaturiko iragan-pasadizoei loturik dauden neurrian eta paisaiari begira ere, aurretik gogoratu dugun heinean, memoria-balio itsaskorrak baizen ez-ikuskor ezta ukigarriak gureganatzeko ahalmena nabari zaiela argiro defendatu daiteke. Zeresanik ez, funtzioa itzali arren ere, hiriko identitate-nortasunak dezente aktibatzen dituzte.
Argazkiak: Sarrikon eta Bidarteko maldetan asma ditzakegun harri-aurri iraunkorrak; batzuk izendun eta ezagunak, besteak izengabeak eta noizbaitekoak.