Aro berri honi hasiera emateko asmoz, izenburuan jarri dugun bezala, ondare-ibilbide hauexek dira, Bilbo hiriaren lehenaldiaren, gaur egunerokoaren eta etorkizunaren testigantza zabaltzeko lekuko bereziak. Iragana-oraina-geroa lerroaren zain ureztatuak.
Hastapena. Ibaiertzeko ondare-elementu materialen lokartze eta esnatzea
Izan ere, Bilbo hiria zeharkatu duen zain ureztatu apartaren inguraldeetan aspaldiko eta oraingo elementuak pilatuz eta metatuz joan zaizkigu garai askotariko geruza arkeologikoak bailitzan. Antzinatasunaren arabera, batzuk galdu eta beste batzuk erabat transformatu diren arren, egitura horien islak ez dira guztiz sakabanatu ezta ezabatu metalezko ibai pisutsuaren uhinetatik.
Aitzitik, ibaiertzeko mundu anitz baizen aldakorrean mila eta bat izan dira produkzio sistemen oinordekoak, itsasoratzeko guneak, makinak eta fabrikak, moilak eta ditxoak, karga eta deskargarako tokiak, garabiak eta ontziolak… hauen guztien aurriak, arrastoak, maiz kontserbatuak izan dira beraien funtzioagatik edota ikusgarritasun sinbolikoagatik; beste hainbatetan galduak.
Bestalde, aparailu hauek portuetako espazio bitxiaren berri eman diguten bitartean hiriko arkitekturak ere itsasadarraren bazterretara heldu izan dira historiako momentu desberdinetan, une eta gizaldi horien ohituren lekuko. Industriaren arkitekturak bezalaxe barne-portuetakoak eta hiriaren zabalguneetakoak dauzkagu, lehen eta bigarren mailako zentroetakoak, alegia.
Mendeak iragan ostean, eraikin batzuk bilakatu dira monumentu eta bestelako tresna zein lanabesak ere sarritan monumentu itxura bereganatzen dute, galzoritik atera eta berreskuratuak direnean. Eragiketa hauetan oroigarriak diren gertaera eta pertsonen omenezko eskultura-monumentuak ere baditugu, ibaiadarraren bi inguraldeetan erruz kokatuak.
Kultura-material horren artean gaurdaino datozkigunak babes-arauen esparruan gordeak izan dira baten batzuk, begiramena merezi duten artefaktuak izaki. Euren berezko balio edota balio itsatsien arabera bilduma zein ondare-zerrendetan aurkitu daitezke klasifikaziorako baldintzak aplikatuz, baina beti ere eskala eta gradu ezberdinetan eragiten dutela presente edukiz.
Hauetariko hiri-altzariak, artelanak eta egitura erabilgarriak ibaiko alderdi bietan topatuko ditugu eta horietariko zenbaiten aipuak eta analisiak bideratuko ditugu adibideak emanez, hemendik aurrera egingo ditugun idatzizko iruzkinetan. Direlako baliozkotzeek azterketa material eta kulturalak aurreikusiko dituzte, baldintza historiko, tipologiko, urbano eta paisaiari dagozkionak kontuan hartuz.
Ezkerraldeko bazterretik doan haria, erriberako lurraldeetan barrena murgilduz
Esandakoaren eredugarri dira ibaian gora eta beherako lur bustietan ditugunak, denboraren joan etorrian sano eraldatuak eta gaur egun hamaikagarren transformazioak jasan dituztenak. Inguruotan, portuetako jardueraren eremuak industria handiaren lurzoruekin konbinatu izan dira, eta beroriek komunikazio nahiz garraioen estruktura horizontalekin. Hauen guztien parean bizitokiak jaio eta garatu izan dira, olio-orbanaren gisako pusketaz.
Hiri-espaziok, batik bat XIX. gizalditik XX. gizaldirako bihurguneetan ezarriak, industriaren ondorengo aroan birgaitze urbanistikoaren aukera-lekuak bilakatu dira, hirigintza kontrolatuago eta jasangarriago batez irudikatuak eta sarritan inguralde postindustrial horietan lorategi eta parke urbanoak egituratuz. Horiek lurraldeok baliagarriak izaten dira arestian izendatu ditugun elementu-sortak zaharberritzeko eta lehendik existitzen ez zirenak ere horietara bertaratzeko.
Beraz, lehen-hitza abiarazten dugun honakoa…
Hemen hasten dugun ondare-ibilbide edo ibilaldia, hortaz, oparoa izango delakoan jartzen dugu abian, apurka bada ere aztarna horien erraiak ikuskortzen eta gaurkotzen joango garelarik datozen hilabeteetan, ez soilik beraien presentzia fisikoak baizik eta inguruan duten paisaia-panoramak ere. Kasu batzuetan zein besteetan, jada oraintsu ere agerian ditugunak are eta gehiago argitzea izango dugu helburu.
Irudia. Bilboko metropoliaren ezkerraldeko trenbide-lerroa eta haren inguruetan XX. mendearen erdialdetik XXI mendera bitartean izan diren orubeen aldaketak eta sorturiko hiriguneak (planoen gainean egindako eskema propioak, 2020).