HIRIA, IBAIA ETA ITSASOA. EUSKAL HERRIKO KOSTALDEKO PAISAIA ESANGURATSUAK (VI): ONDARROAKO PORTUA XX. MENDEA ETA GERO

XX. menderako bueltan herriko bigarren zabalgunea perfilatu zen Ondarroan, etxadi nahiko arrazional eta homogeneoaren tendentziari eutsiz, espazio publikoak itsasadarraren ertzean agertzen ziren bitartean. Proposamena azkenean ez zuten aurrera eramango eta Pedro Guimón arkitektoaren aldaera batek barneko-nasa kokatzea hobesten zuen 1912an, hiri-zabalgunearen erdian. Beharbada egitasmo hauetariko itxurosoenak paper gainean gelditu baziren ere, garai bateko estetika industrial burgesaren lekukotasuna gaur egun mantentzen den zubi higikorrean atzemango genuke, portuko espazioen funtzionaltasuna erabat aldatu ez arren Ondarroako irudi estetikoaren sinbolo bilakatuz.

1. Zubi mugikorraren perspektiba, garaiko burdinazko arkitekturaren estetikaz eraikia.

Zubiak biztanleen pasabidea erraztu beharko zuen hondartzara heltzeko (udatiar burgesen entretenigarria, kostako beste ezein herritan lez), ibaia iragateko bote-zerbitzua ordezkatuz. Mende berriarekin batera, oro har, industriak ere tokia izango zuen itsasoari irabazitako lurretan, batik bat arrainaren kontserbako sektoreak presentzia izanik. Obra hauek guztiak, hein handian, kanpoko-nasak ahalbidetu zituen, paisaia naturalaren gainean artifiziozkoa gainjarriz eta, batez ere, ontzien ainguralekuak antzinako tokietatik itsas bazterrera eramanez.

Gerra zibilaren ostean eta portuetan eraikitzeko teknika modernoaren lekuko, Enrique Lequerica ingeniariak ormigoi armatuzko kaia proposatuko du Ondarroako porturako 1940ko hamarkadaren hastapenean, Marquina ingeniariak hurrengo hamarraldian amaitua, iraganeko kaiaren aurrietan. Mende horretarako sareak sikatzeko terrazak ere eraikiko ziren, kordel fabrikak libre utzitako espazioetan. Ondarroako egitura eta irudi urbanoaren eraldaketa bortitza 1953an etorriko zen, bestalde, katastrofe naturalaren bitartez. Urte horretako uholdeek Zubizarraren erdiko zutabea eraitsiko zuten, ur-fronte historikoetako tradiziozko paisaiaren itxuraldaketa handia suposatuz. Konponketak hamar urte itxaron beharko zituen, dagoeneko Ondarroako portuko antolaketaren plangintza orokorrak argia ikusten hasi ziren garaian. 1960ko hamarkada horretan erregimen frankistari zerion erreforma eta berrikuntzaren izpiritua nabaria zen portuen hobekuntza eta zabalkuntzarako, nahiz eta bete-betean aurrera eramatea ezinezkoa izan. Flota guztia kanpoko-portura lekualdatua izango zen segituan, ainguraleku zaharrak abandonatuta utzirik. Horrekin, itsasadarreko ur-fronteek erabilera funtzionalak galduko dituzte portuko plangintza globalak bere bidea jarraitzen zuen bitartean (baliza-elementuak, argiztapena eta abar erruz agertzen ziren, garabiekin, muntaiako zerbitzuekin edota baskularekin batera). 1970eko hamarkadako egitasmo hauek partzialki baino ez ziren azkenean aurrera eramango, 1978an Zubizarraren eta elizaren arteko hegala eraikiz eta geroago barneko-nasa utziz. Tradizioaren eta modernitatearen artean, hortaz, erdi arotik erabiltzen zen ainguralekua lagata ere bere funtzioa ez zuen guztiz galduko, gaur egun batik bat kirolerako ontziak lotzeko erabiliak liratekeela kontu eginez, nahiz eta bizibide ekonomikoak (arrantza munduari loturikoak…) kanpoko-portura aldatu izan 1930eko hamarralditik hona.

XX. mende amaierako obrek batez ere portu inguruko trafikoaren kaosari irtenbidea ematea izan dute helburu, itsasadarraren bokaleko zubi berriak portuko sarrera zuzenak irekiz, nahiz eta 1887ko zabalguneko etxalde batzuk eraistea ezinbestekoa izan (kaien hobekuntzak ere XIX. mendekoen desagerpena ekarri du). Barneko-kaia kirol-ontzientzat egokitu da antzinako ainguralekuaren espazioan, portuko irudi primitiboari neurri batean buelta ematea eraginez.

Aurrerapen, geldialdi eta iragapen garaiak tartekatuz, Ondarroako portua bizitza darion itsas bazterreko hiri-espazio urbanoa litzateke, denboraren iraganean sortutako beharrizan desberdinen arabera antolaturikoa. Halaber, egitasmo bakoitza bere garaiko pentsaera eta estetikaren barruan txertatzea legoke, bai materialen, bai estiloen eta baita eraikitze-tekniken eskuartzearen ondorioa (egurra, harria, ormigoia…). Eboluzio horretan faktore espazialak ere sekulako garrantzia izan du, kondizio geografiko era orografikoek zuzen-zuzenean baldintzatua.

2. Ondarroako arrantza eta itsas portu komertzialaren irudia, bertan dirauten itsasontzi batzuekin.

Hiritartze prozesu horretan Lea-Artibai itsasadarraren eragina erabakigarria izan da; Ondarroa egituratzen duen bizkarrezur horretako lau zubiek lau momentu historikotako testigu izanik. Antzinatasunari loturiko Zubizarrak (erdi aroko hiri-gune historikoa), Zubibarriak (modernotasunaren hasiera, alegia), ondorengo zubi mugikorrak (burdinaren arkitekturaren eta burgesiaren hiri industrialaren eredu XX. gizaldiko lehen hamarkadetan) eta Itsas aurreko zubiak (posmodernotasunaren sinbolo eta nazioarteko arkitekturaren ikurra Ondarroako ur-fronteen konfigurazio gaurkotuan); lau etapa markatu dituzte herriaren historian eta bilakaera urbanoan. Izan ere, Calatrava arkitektoaren zubiak lehen aipaturiko ‘estetika ezkutuaren’ aurkako ‘ikono-estetika’ adierazten digu, espazio urbano historikoaren pertzepzioa zeharo eraldatuz begirada guztiak beregan kontzentratzen dituen bitartean eta tradizioari loturiko objektu, eraikin edo paisaien estetika ‘simulakroaren’ estetikarekin ordezkatuz.

3-4. Santiago Calatravaren zubia ibaiko bokalera heltzerakoan eta zubiaren xehetasun estetikoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude