HIRIA, IBAIA ETA ITSASOA. EUSKAL HERRIKO KOSTALDEKO PAISAIA ESANGURATSUAK (II): ITSASOTIK IBAIRANTZ ETA IBAITIK ITSASORANTZ

Urola ibaia eta Zumaiako portua izango ziren XVI. mendean burdina eta burdinkiak esportatzeko bide nagusia, Urolako eskualde osoko burdinoletan lantzen zirenak. Zumaiaren ostean bigarrena Oriaren arroa zen, ibaiaren inguruko sutegi eta burdinola famatuekin. Hirugarrenik, Urumea ibaitik kanpora bidaltzen ziren Hernani aldeko burdinoletako gai landuak. Badia baten barnean txertatzen den portua izaki, Urola eta Narrondo (edota Larrondo) ibaien urek Kantauri Itsasoarekin topo egiten duten kokagune estrategikoan, Donostiak adinako garrantzia izango zuen Zumaiak bai ontzigintzan, bai itsas garraio zein itsas komertzioan[1] eta baita, nolabaiteko eragin apalagoa, udatiarren urteroko bisitaldietan ere.

1. Herriaren antzinako irudia (ziurrenik XX. mendearen hasieran) eta gaur egungo argazkia.

Bertan gertaturiko prozesu geologikoek itsasgoran urez estaltzen diren hareatzak, irlatxoak eta padurak uzten ditu agerian Santiagoko hondartzaren aldamenean, itsas bazterreko paisaiaren konfigurazio bitxia eraginez[2], antzinatik existitzen zen moila itxurako eraikuntza txiki batekin. Ingurumarian, ekaiak gordetzeko errenteria edo lonja-etxolak ere ohikoak ziren, Urola eta Narrondo (Larrondo) ibaien arroetan[3].

Ezkerraldeko padurak XX. mendeko hasieran desagertuko ziren hemen ere, hiribilduaren espazio urbanoa zabaltzeko eta moila komertzial berria ezartzeko hirigintza lanak burutu zituztenean. Donostiaren antzean baina eskala murritzagoan eta garai historiko aurreratuagoetan, itsasadarraren sakonera eskasa eta portuko sarrerak zeukan barra arriskutsua ekiditeko lehen saiakuntzak XVIII. mendeko hasieran izango zuten abiapuntua, herritarren eta kofradiaren aurkakotasunak tarteko. Horrela, portuko hobekuntzek eta itsasoari lurra irabazteko saiakuntzek beti izan dituzte geldialdiak eta atzerapenak, istilu sozial nahiz urritasun ekonomikoek eraginda.

2. Santiagoko padurak kirol portu berriaren aldamenean eta dike zaharraren harlanduetan itsatsita, burdin gorri erdi-ustelaz dirauten itsas elementuak.

Esan bezala, merkataritza eta ontzigintza izango ziren antzinatik Zumaiako biztanle askorentzat ogibide historikoak[4] eta XVIII. mendearen amaieran portua itxuraldatzeko eta egokitzeko prozesu luze eta neketsuak argia ikusiko zuen, duela denbora gutxiraino guztiz bukatuko ezena: “oso kontu bitxia badirudi ere, proiektu hori ez zen ez idatzi eta ez egin ez arrantzaren, ez merkataritzaren eta ez ontzigintzaren premien bultzadaz, Zumaiako nekazaritza lur joa berpizteko ahaleginez baizik, lur landuen eremua handitu nahirik”[5]. Horrekin batera etorriko ziren portuaren hobekuntzarako lan eskergak; barrako sarbide sailaren konponketa, merkataritzarako trafikoaren handipena eta abar.

XVIII. mende horren akabuko urteetan ibaien kanalizazioak planteatu ziren jada, Narrondoren gaineko egurrezko zubiarekin batera. Hala ere, hurrengo mendean aduanak kostara eraman arte moilen eta ditxoen obra handiek lasai itxaron beharko zuten, loraldi ekonomikoaren eraginpean enpresa eta industria berrien aktibitateak portuko sartu irtenaldiak ugaritu arte, itsas garraioan nabaritutako aurrerapen teknologikoekin batera. XIX. mendean lehenengo lan nagusiak bideratu nahiko ziren inbertsio handiegirik gabe, horretarako itsasadarrak hiribilduaren aurrean zuen ainguratokia eta ubidea hobetuz. XX. menderekin batera etorriko ziren paduren lehorketak eta hondarpearen dragatua, beste lan askoren artean:

“Portuaren azpiegitura hobetu Urolaren arroan 1910. urteaz geroztik gero eta gehiago handitzen ari zen ekonomiaren premietara moldatzeko, eta Gipuzkoako burdinbide sare osoan zehar, eta batik bat Urolako trenbidean [itxieraren ostean sinbolikoki gogoratua izango del ikusiko dugu, dikeko elementu eskultorikoetan], merkaturatzen ziren produktuak Zumaiako lehorreratzeko tokietara erakartzeko. Urolako merkataritza kaia egin zuten beraz (1922-1926), Urolako eskualdeko barruko herri guztien itsasorako aterabidea izan nahi zuena, baina kai hori eraiki ondoren, portua gero eta gehiago lokaztuko zen eta sakonera handia galdu zuen, eta, hala hasi ziren Urola ibaiaren eskuinaldeko bideratze dikea eraikitzen (1934-1956) arazo horri konponbidea emateko. 1950. urteaz geroztik Zumaiako itsaso eta merkataritza trafikoa gero eta handiagoa zen eta hango kaiek ezin zituzten inondik ere eman itsas garraioak eskatzen zituen zerbitzu guztiak, eta, hori konpontzeko, handitu egin zuten merkataritzako kaia”[6].

3. Egunotan mantentzen den burdinazko zubia Zumaiaren erdigunera sartu aitzin.

4. Une askoz garaikideagoetan jarritako ontziraleku berriak eta urrunean Zumaiako herriaren lerro luzea.

Paraleloan, uda-pasako udalerri ere izango zen Zumaia, bertako Irurtzun eta Santiago hondartzen inguruan turismoa bilduz. Irurtzungo hondartzak adibidez, zerbitzu oso modernoak zeuzkan udatiarrentzako ezarrita; bainu beroak, kabinak eta toldoak horien artean, itsas bazterreko hiri-paisaia zeharo baldintzatuko dutenak, Gipuzkoako hiriburuan bezala. 1844an Zumaia Getariarekin lotzen zuen errepidearen zabalera zela eta, Urolaren bokaletik gertu eraiki zuten burdinazko zubi berriak karga eta deskargarako itsasontzien igoera oztopatzen zuen. Francisko Lafarga probintziako ingeniariak proiektatu zituen hemen ere portuko hobekuntza nabarmenak 1880ko hamarkadan: moila komertziala, barraren norabidea desbideratzeko kai-muturra edota olatu-horma izango ziren sonatuenak, ontziak lotzeko burdin uztaiekin. XIX. mende horren bukaeran beste ingeniari batek, Ignacio Fortek Zumaiako portua hobetzeko proiektu berri baten erredakzioa aurkeztu zuen, aurkako erreakzio gogorrak eraginez.

5. Ibai-arroaren kanalizaziorako momentu eta fase desberdinetan buruturiko lanak (itsasotik eta barrutik).

Mende berriarekin batera estatu espainiarrak Zumaiako udalerriari emandako lurren garbiketa eta hareatzetako dragatze prozesuek izango zuten hasiera, Urolaren eskuineko kanalizazioarekin batera. 1920ko hamarkadan 1887an zabalera nahikoa eman ez zitzaion dike olatu-hormaren luzapena burutu zuten, Urolako trenbidearen moila komertziala ezartzearekin batera; berau izango zen merkatal portuari azken bultzada emango zion egitasmoa[7]. Nahiz eta ur-azpiko metaketaren arazo larriak zeharo oztopatu, 1950eko hamarkadan trafiko handipen nabaria izan zen Zumaiako portuan, kontserbazio lan soilak baino egiten ez ziren arren: portuko sarreraren argiztapena, dikeen babes-puntuak, moilen zoladurak, ibaiko kanalizazioen zainketa edota konponketa besteak beste. Hurrengo hamarkadan planteatu zen moila komertzialaren zabalkuntzak arazo urbanistikoak eragin zitzakeen, portuaren egoera zela eta. Iribarren ingeniariak portuko moiletan proiektaturiko zabalgune berrira zuzenduko zuen trafiko komertzial handiena, horrela portuko baldintza urbanoak nabarmen hobetuz. XX. mendearen azkenaldian jadanik, gaur egun Zumaiako ur-fronteetako paisaiari adierazkortasuna ematen dion Narrondo ibaiaren gaineko oinezkoentzako pasabidea eraikiko zuten, batik bat Zumaia 2005 Plan Estrategikoaren atarian; baina hauek hurrengo iruzkineko kontuak lirateke.

6. Ibaiaren bokaleko moiletan kokaturiko elementuak, portu-izaeraren lekukotasuna argiro erakutsiz.

[1] Hiribilduaren sorreran eragina izango zuten Donostiako Forupeko eskumenek, batez ere portuko eta ibaiertzeko espazioen erabilerari zegozkienak.

[2] OYARBIDE, Lourdes. Estudio histórico del puerto de Zumaia: historia de un puerto, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza. Garrado eta Herri Lan Saila, 2000.

[3] Merkataritzako hiru produktuen garraio sarea egituratzen zuten: ontziak eraikitzeko egurra, burdinolek behar zuten mineral-lehengaia eta inguruko industria siderurgikoetan tratatutako metalezko tresneria.

[4] Itsasontzien eraikuntzaren industria arrantzako eta merkataritzako jardueren lagungarri gisa garatuko zen Zumaian, XVI eta XVII. mendeetatik kasik gaurdaino, Gipuzkoan izan den ontzigintzaren nukleorik bikainenetakoa bihurtuz, Pasaia eta Oriako itsasadarrarekin batera. Antzinakoenak portuko errebaletako ontziolak, Erriberakoak, Zubiaurrekoak edota Santiagokoak izango ziren, Urolako arroan zeudenekin batera. XVIII eta XIX. mendeetan gainbehera sakona nabaritu zuen Zumaiako industria horrek, XX. mendean nolabait bizitasun galdua berreskuratu arte, merkataritzaren gorakadarekin batera, Zumaiako portua Interes Orokorreko Bigarren Mailakoa izendatu zutenean.

[5] ODRIOZOLA OYARBIDE, Lourdes; ARRIZABALAGA MARÍN, Sagrario. Ur eta lur. Batzen gaituen ura, Donostia: Kutxa Fundazioa, Nerea, 2003; 37. Or.

[6] Idem, 38. or.

[7] Urolako burdinbide hau izan zen probintzian eraiki zen azken trenbidea, Foru Aldundiak ordaindua (1926). Zumarragan hasi, Azpeitia eta Azkoitiatik pasa eta Zumaian lotzen zuen kostako beste linearekin. Porturaino izan zuen luzapenak itsasorako irteera zuzena eman zien Urolako araneko beste herri guztiei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude