DONOSTIA HIRIA METROPOLIRAKO BIDEAN (IV): PASAIAKO PAISAIA MODERNOAREN HASTAPEN-SANTSUAK IRAGAN-MENDEETAN

Kondizio onuragarriek bultzatuko zituzten, hain zuzen ere, lehenagotik existitzen ziren instalakuntzetatik abiatuz XVI. mendean Pasaiako portuan hasitako obrak[1]. Aitzitik, XVIII. mendeko erdialdetik sarrerako kanala eta badia besterik ez ziren izango erabilgarriak, ur-azpian pilatutako sedimentuak itsasbeheran agerian gelditzen ziren eta ontzien zirkulazioa oztopatzen zuten zeharo.

1866an[2], Donostia hiria Kortazarrek aurkezturiko plangintza urbanistikoaren eztabaidan kokoteraino sartuta zegoen bitartean, Azkoitian batzartutako probintziako bilkurak posez onetsi zuen Pasaiako badian ur-kanal bat zabaltzea, bai itsasontziak eta baita kargak trenbidearen estaziorantz hurbilduko zituena, merkantzien garraioa erraztuz. 1860 eta 1870eko hamarkada horietan hasiko da martxan “Sociedad de Fomento del Puerto de Pasajes” erakundea, Antxoko moilen obrekin batera biltegi berriak eta trenbidearekiko loturak planteatuz[3]. Industria jardueraren mendean gelditutako langile-auzoak, Osinaldek 1883an markaturiko hiri garapenaren trazen araberako sarea eratu izan du bere bilakaeran:

“Pasai Antxoko hirigunea Pasaiako badiako Hegoaldeko alderdiaren erdian dago. Urbanizatu baino lehen itsasgorak urpean hartzen zuen padura zen. XIX. mendearen erdi aldera proiektaturiko Irundik Donostiarako errepidea eta Norteko Trenbidea eraiki zirenean, Pasaiako badiako Hegoaldeko ertzetik igaro ziren. Haien maila zela eta, padurak lehortu egin ahal izan ziren, eta, ondorioz, Pasai Antxoko Zabalgunea proiektatu eta urbanizatu egin ahal izan zen”[i].


1. 
Trenbidea iragateko pasabideak Antxoko partean, hiri-hazkunde puztuan barneratuak eta industria-garabiak portuko lehen planoetan.

 

Paraleloan, Jaizkibeleko murruak inportantzia handia izango zuen Pasaiako portuko trafikoaren garapenean eta baita itsas bazterreko paisaiaren eraldaketan ere. Izan ere, kostako geografia guztiz uhintsua izatetik portuko trazatuaren lerro zuzen, espazio geometriko eta kanalizazioetara pasatuko zen, plano zaharrek erakusten diguten ikuspegitik zeharo aldendutako ‘T’ handia izateraino heldu arte, goian aipatu lez. Kostako lurraldeko itsas fronteen ustiapen komertzialak paisaiaren formetan eta ingurunearen espazialtasunean sekulako aldaketa fisiko eta estetikoak eragin zituen. Portuko obren garapenerako erakundeak pentsatuta zuen Pasaiako eta Donostiako interesak (ekonomikoak, merkatalgoarenak, e. a.) elkarlotzea eta horretarako une egokia heldu zela uste izan zuten. Ikuspegi administratibotik, Pasaia San Pedro Donostiara atxikia gera zedin ahaleginak martxan jarri zituzten, Altzako auzoarekin zeuzkan limiteak eraldatuz. 1932. urtearen aldera, portuko aktibo inportanteenetako bat arrantza industrialago izan zitekeela ikusi zutenean, obrak hasi zituzten Pasai San Pedron, mendearen erdialdean amaituta zeudenak. Bigarren fasean, 1954tik 1960 aldera doana, industria batzuk kendu zituzten atrakatze instalazioak kokatzeko (1970eko urteetan Lezori tokatuko zitzaion txanda). Portuko ondare-aztarnak oso interesgarriak lirateke gaur egun, denboraren iraganean espazioaren eraldaketa bortitzak erakusten dizkigutenak, eta ikonografiarekin batera itsasoari loturiko kulturaren kronotoposa irudikatzen digutenak. Itsasargietatik[4] administrazioaren bulegoetaraino, errepertorio anitza dakusagu ur-ertzeko paisaia adierazkor horietan, batik bat kosta-parteko arkitekturetan hezurmamitua (aduana, osasun zerbitzuak, konponketa tailerrak, biltegiak, Armadaren eraikinak… e. a.).

2-3. Pasaiako portuko aitzin-ondarearen arrastoak, batzuk txit berrerabiliak baina denboraren iraganaren lekukotasuna presente egiten dizkigutenak.

 

Bestalde, hirigintzaren ikuspegitik Donostiako zonalde urbanoa Pasaiaraino hedatzeko zabalgune plana ere abiarazteko asmoa erakutsi zuten; ikuspegi biak lotuta Donostiak bere ingurumari metropolirantz izango zuen hazkunde handia irudikatuz. Akabuan, XIX. menderako portuak hobetzeko eta eraberritzeko proiektuak sano atzeratu ziren Pasaian, 1870. urte aldera Portua Sustatzeko Elkartea antolatu zen arte, itsas bazterreko zenbait obraren bultzadarekin: Antxoko kaia, La Herrerako[5] hegoaldekoa, Norteko Burdinbideko zabaldia, biltoki berriak eta nasak portuaren barne erabilerarako. Garai horretan Espainiako Iparraldeko Burdinbideen konpainiak trenak porturaino irizteko plataforma eta plano inklinatuak diseinatu zituen, lurrin-makinaz hornituriko gabarren laguntzaz funtzionatzen zuen behin-behineko sistemak, portuan obra iraunkorrak egiteko zeukaten erreparoaren adierazle. Alderdi estetikoak nabaritzen dizkiegun portuetako ‘arkitekturatxo’ (Bilboko itsasadarrean horren ugariak izango zirenak XIX-XX. mendeetan) eta altzari hauen artean genuke aspaldi Oiartzungo Alditurriko meatzeetatik zetorren trenbidearen azken-puntuko mea karga-tokia, Bilbo inguruko Chávarri sendiak eraikia.

4. Karga eta deskargako moilak Pasaiako portuan.

5-6. Pasaiako portu komertzialaren sarrera Trintxerpeko kaietara heldu ahala.

 

[1] Mende horretan Santanderretik Baionarainoko Kantauriko kostan balearen harrapaketarako kanpainak prestatzeko eta aurrera eramateko porturik onena kontsideratzen zen Pasaiakoa.

[2] Urte horretan bertan, Lafarga ingeniaria Donostiako ainguralekuaren proiektuarekin zebilen bitartean Pasaiako portuan esku-hartzeko egitasmoa ere planteatuko zuen. Zenbait urte lehenago, 1835ean irabazita baitzeuden jadanik lurzoru azalera zabalak, Lezo eta Errenteriako paduretan. Proposatu zen aurrerapenik inportanteenetakoa moila guztietarako trenbidearen sarrera izango zen, adar desberdinak zeuzkan burdinbide jarraituaren bitartez. Honi buruz informazio ugariagoa izateko ikus: MARTÍN RAMOS, Ángel. “Ciudad y puerto, o ciudad con puerto. El proyecto del ingeniero Lafarga para el puerto de Pasajes de 1866”, in: Zainak 23 (zenbaki monografikoa), Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2003; 309-326. orr.

[3] Trenbideak portuko jarduera sano bizkortuko zuen XIX. mendeko erdialdean. Horrekin batera, berunaren fabrikaren instalakuntza aipatu behar da, portuko defentsak ere San Marcos-eko fuertearekin egokituz.

[4] Portuko argiztapena baimentzen zuten bi itsasargi bikain azpimarratu ditugu Pasaian. 1855eko Platako Itsasargia Carlos Campuzanok eraiki zuten itsaslabar handi baten gainean. Mende erdiren ostean, Senekozuluako itsasargia altxatuko zuten prisma formako dorreaz. Linterna zilindrikoa eta fundiziozko dorrea zeuzkan. Soiltasuna eta funtzionaltasuna mantenduz, Frantziako kostako itsasargien eraikuntzaren bide neoklasikoa jorratu zuela esango digu Beatriz Herreras-ek.

[5] Aspaldi aspalditik bazeuden alderdi honetan moilak eraikitzeko intentzioak, kokapen ona ikusita. 1871ean Manuel Pironcely ingeniariak La Herreran diseinatu zuen Antxoko kostarekin lotuko zuen nasa.

[i] GALARRAGA, I.; UNZURRUNZAGA, X.; LÓPEZ DE ABERASTURI, A.; AZPIRI, A.; ALKORTA, J. M. Hiri zabalguneak… op. cit., 329. or.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude