DONOSTIA HIRIA METROPOLIRAKO BIDEAN (III): INDUSTRIAREN PAISAIA HASI AITZIN

Pasaiako espazio industriadunaren lehen zantzuak atzematen hasiko ginateke XIX. mendearen erdialde horretantxe[1]. Ur-azalaren ñabardura bitxiak mendiko ‘berdetasunaren’ gonbitearekin eta ‘zelai irribarretsuekin’ maisuki konbinatzen dituzten idazleek emeki-emeki beste perspektiba batzuei irekiko diete atea.

Charles Hennebutte-ren deskribapen oraindik erromantikoak (desegindako gaztelu zaharraren ilunabarreko isla horixkek harkaitzen itzal ilunarekin sorturiko ‘antzerki itxura’ ponposoak), Madrazo-ren sententzia kritikoekin egingo du topo: iluntasunak, patio goibelek, kale zein arkupe luze baizen estuek eta ondare arkitektoniko traketsak itxura desatsegina ematen diote itsas bazterreko Pasaiari, topografia arraro forma irregularduna, aldiz, ezin ederragoa izanik. Aitzitik, XIX. mendearen hirugarren herenean beste ikuspegi optimistagoak ere bazeuden, pintoreskotasunari eta apaingarritasunari berriro ere esaldiak eskainiz. Horrez gain, armarri eta blasoi zaharrek bertako nobleziaren erakustoki aparta zirela zihoen M. L. Caspitou bidaiariak 1877an (Guide du voyageur dans la province basque de Guipuzcoa).

  1. August Muriel-en argazki erromantikoa, XIX. mendeko hirugarren herenean (1864).

  1. Pasaia San Pedro aldean defentsarako zegoen dorre eraitsia, George Grenville-ren irudia (1838).

 

Usai leun eta zapore baketsu berbera eskainiko zigun Palacio Valdés-ek (lorategidun itsas bazterreko etxeak, jendeen alaitasuna…). Txalupen zerbitzu-txandarekin batelari kopurua zeharo murriztean portuak zuen ustezko ‘exotikotasun’ horren sama ere jaitsiko zen zeharo, Pasaiako ikuspegi industrial eta metropolitarragoak indarra hartuz (garraioak, hiri-luzapena…). Hala ere, Donostia aldeko udatiarren bisita leku zela gogoratuko digute XX. mendea hastearekin batera:

“Udaldia Donostian igarotzen ari denak egin behar duen txangoetako bat Pasaiako portu bizi eta pintoreskoa da, sei bat kilometrora baitago; bidaia hau kotxez egin daiteke errepidetik, hotel politak ikusiz bidearen alde banatan, edo tranbia elektrikoaz edo Norteko trenaz. Aipatutako lehenbiziko bietako bat erabiliz gero, Ategorrietako auzo jendetsua zeharkatzen da; hemengo txaletetan bizi da udaldiko kolonia dotore eta maila handikoa. Aurreratu ahala ikusten dira Santo Domingoko komentu bikaina, udal mintegi ederra eta Donostia hornitzen duen edateko uraren depositu apartekoa, Mirakruz gainera heldurik, eta hemen, berriz, ingelesen komentua, Pasaiako arrada bere zabalera osoan begi-bistan dugula, ikuspegi ezin bikainagoaz. Pasaiako herria hiru departamentutan banatuta dago, baitira San Pedro, Donibane eta Antxo, eta azkeneko honexetan dago Norteko trenaren geltokia”[i].

Serapio Mujika historialaren antzean (Geografía general del País Vasco, 1918) José María Salaberríak ere (1925) Pasaiako karrika ‘tipikoak’ erakutsiko dizkigu, itxura veneziarra zerion itsas bazterraz ziharduenean, Kantauri itsasoko zerupean gordea eta mendi biluziaren magalean gotortua[2]. Modernitatearen ikuskizuna beti izan baita ustelkeriaren eta atsekabearen ikurra: ez da falta, zentzu honetan ere, ikuspegi zinez ‘anti-modernoa’. Hiru urte beranduago (1928), Félix Urabayen ere bertako paisaia industrialaz arituko da modu osoro poetikoan, soinuekin eta zaratekin batera muga sinbolikoaren bi alderdi txit desberdinduak aipatuz.

  1. Seguruenik XX. mendeko lehen hamarkadetako Pasaiako badiaren argazkia. Eusko Ikaskuntzako, Euskomedia Fundazioko, Ojanguren erakundeko eta Udaletako Fondoak.

  1. Lehenengo bapore ontzien garaiko Trintxepe aldeko moilak eta portuko egiturak. Eusko Ikaskuntzako, Euskomedia Fundazioko, Ojanguren erakundeko eta Udaletako Fondoak.

 

Itsas bazterreko paisaiaren funtzionaltasunaren ‘muga’ edota aipatu bikoizketa horiek osatzeko konfigurazio administratibo historiko txit bitxiaren banaketa ‘hirukoitza’ genuke, honek ere espazioari eta identitate kulturalari izaera sano berezia ematen diola ikusiz:

“Pasaia bat da muinean eta hirukoa pertsonetan, hiru herri bereiziekiko udal bakarra, Pasai Donibane, Pasai Antxo eta Pasai San Pedro, hiru hirigune izaki, hiru mosketariak bezala, lau direnak, Trintxerpe erantsi behar baitzaie… Pasaia herri bitxia da oso, bere erdiko plaza ez baita edozein herriko plazaren modukoa, lur edo zementuzkoa, ataripe edo lorategiekikoa, baizik eta urezkoa, gasolinoan zeharkatu behar den ‘T’ lerromakurraren eiteko Badia sakona da bere plaza, topagune beharrean bereizgune den plaza”[ii].

Guztira, Pasaiako hiribildua sortu aitzin portuko ekimenek bere horretan zirauten eta, batik bat, egiteko produktiboak erlijioaren adierazpide sinbolikoekin elkarlotuz, XVI. mendean San Joan Bataiatzailearen elizaren parean kaia jaso zuten, Pasaiako jarduera ekonomiko gehienak burutzen zituzten tokian bertan. Izan ere, XIV eta XV. mendeetaraino ez zegoen eraikin garrantzitsurik errota eta ontziola apal batzuk kenduta.

Hegoaldean, portuko defentsak zeuden kostako mendixken magalean, eta bertara joaten ziren gizon armatuak etsaien ontziteria edota kortsarioak ikustatzen zituztenean. Hobeto babestuta zirauen hegoaldeko zonaldean aktibitate industriala ugariagoa zen, dikeak, biltegiak, ontziolak eta burdinolak existituz. XV. mende horretan errege katolikoek Pasaiako eta Donostiako plazetako defentsak areagotzeko planak bultzatu zituzten, eta Pasaiako portuko ahoan gaztelu bat zegoela ere badakigu, seguruenik geroago Santa Isabelena eraikiko zen toki berberean[3]. Pietatearen enparantzan bastioi bat ere bazegoela uste da. Carlos V.ak portuko sarreraren bazter bien fortifikazioa aginduko zuen, bata Jaizkibelen azpian portuko sarrera kontrolpean izateko eta bestea barrurago, San Pedroren kapera ondoko dorre zirkularra, harlanduaz altxatua. Santa Isabeleko gaztelua ere izen bereko elizaren aldamenean zegoen, moilaren gainean ezarria[4].

Bestalde, Frantziako gertutasunak garai modernoago baina latzetan Pasaian amarratuta zeuden itsasontzientzat suposatzen zuen arriskuaz jabetuta, Donostiako hiribilduak zeuzkan interesak galzorian ikusita, Pasaiako portuko defentsen egoeraz kezkati agertu zen. Harrezkero, portuko sartu irtenaldietan XIX. mendearen lehen herenean eraikitako dorrearen ondoan kairatu behar izaten zuten ontziek, baita muga-zergak ordaintzeko ere. Erregearen Itsas Armadako ontziteria hartzeko beste kai bat eraiki zuten haren gaineko erregearen zerbitzuko biltegiekin. Era berean, Pietatearen gurutze tokiaren aurrean lehorreratzeko beste gune bat jarriko zuten, lehenik eginak zeuden kaiak luzatuz eta Kaputxinoetatik Lezoko alderaino beste dike bat ezarriz[5]. Argiro atzeman dezakegunez, egitura erlijioso eta militarrek finkatutako mugarri sinbolikoak baldintzatu zuten nola edo hala portuko antolamendua eta fenomeno urbanoa antzinako Pasaian, gerora ere nolabaiteko garrantzia sinbolikoa izango duena[6]. Bitartean, Pasaiako portuaren kondizio geografiko eta hidrologikoak Kantauri kostakoen artean hoberenetakoak ziren.

  1. (a/b) Badiaren eta orokorrean Pasaiaren interesen defentsarako militarren antzinako estruktura berrerabiliak, batzuetan zer izan diren gogoratu ezinik, egungo ondare ezkutua bailiran agertzen zaizkigunak.

 

[1] Euskal Herriko argitalpenen artean, Revista Pintoresca de las Provincias Vascongadas azpimarratzen du J. M. Unsain-ek, 1846an Bilbon argitaraturiko faszikulu bilduma. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako arkitekturak, monumentuak eta gertakizun historikoak nabarmentzen ziren, testu laburrez eta grabatuez baliatuz.

[2] Hala ere, denboran guregandik gertuago (1961) ‘Veneziako kanal baldarrak’ aipatuko ditu Ignacio Aldecoa-k (El País Vasco) Pasaiaz idazterakoan, itsas bazterrean ‘zintzilikaturiko’ etxeekin, kolorez pintatuak eta palafitozko teilatuekin ur-geruzaren gainean. Pilar de la Cuadra-k, azkenik, industriaren unibertsoa konposatzen du bere olerkietan: <<El puerto de Pasajes/ a ambos lados vierte/ su belleza/ y ancla el universo marinero/ entre arcos de grúas/ y faroles borrachos que se apoyan/ curvados en el agua>> (Perfil y pulso de Guipúzcoa, Donostia, Auñamendi, 1973).

[3] Donostian Urgull mendiko harresi-sarea eraberrituko zuen Spanochi ingeniariaren trazaren araberakoa. Jaizkibelen ere Lord John Hay-ren fuertea aurkitzen zen, gaur eguneko Arrokaundiko parkean dirauten aurriekin (XIX. mende hasierako karlistadan ingelesek liberalei emandako laguntzaren lekuko argia). Fuerte militarrez gain, badiako bokalean ‘katea’ zeritzona ere existitzen zen portuaren defentsarako. Kableez loturiko egurrekin pasa-lekua oztopatzen zitzaien etsaien ontziei.

[4] 1867an bertan behera utzitakoa, XX. mendearen hasieran elementu batzuk mantentzen zituen. Aurriek etxebizitza pribatu baten eraikuntza ahalbidetu dute.

[5] Portuko bokalea arearen pilaketaz itsutu ez zedin, zuhaitzak ondoratzen zituzten badian, euren sustrai eta abarrekin, txalupei lotuta arrastaka eramanez.

[6] Portura sartu bezain laster Bonontzako Kristo Sainduaren basilika da lehenengo ikuskatzen diren eraikinetakoa, Donibaneko lehen eliza izana XIV. mendetik. Santa Ana baseliza ere, 1573koa, Donibaneko eraikin zaharrenetakoa da. Beste etxe eta eraikin batzuk ere ondare-balio nabarmena lukete, adibidez zubi-etxeak, hiri-paisaiaren elementu garrantzitsuak, batik bat kale bakarreko edota bi kaleko bilbe urbanoaren estutasunean agertuak, itsasoaren eta mendiaren arteko espazio luze baizen meheetan. Itsas bazterreko arkitektura militarraren presentziarik ikusgarriena Santa Isabelgo gazteluarena izango zen, 1625ean Txurrietako errotak zeuden kokagunean eraikia, 1867an baliogabetu zuten arte. San Pedron Almirantearen dorrea zegoen, seguruenik XIV eta XV. mendeen artean eraikitako harlanduzko zilindro biribila gaztelu zaharrago baten aurrietan, lehen esan bezala (XV. mendearen hasierakoa edo). Artilleria piezaz hornitua, 1835eko sutearen ostean erabiltezin geratu zen. “Torreatze”, “Erregidorearen dorrea” edo “Donostiako dorrea” izenaz ere ezaguna, ez zaigu gelditu beste arrastorik San Pedroko toponimian baino: “Torreatze kalea”. Era batera edo bestera, Pasaiako ur-fronte horietan bizi ziren komunitateentzat adierazkortasun handia zeukan elementu arkitektonikoa zen. Iraganaren memoria hori berreskuratzeko asmotan, eta badiako ur-bazterreko paisaiaren balorazioari begira dorrea berreraikitzeko ikonografiaren bilaketa bultzatu zuen Foru Aldundiko kultur zuzendari nagusiak 2005ean. Horrez gain, 2009an Alfredo Feliú-k Pasaiako dorrea zela eta idatzitako liburuak ikonografiarik gehiena biltzen du eta xehetasun historiko batzuk. Izan ere, margo zein marrazkietan ikusi dezakegun dorre zilindrikoak teilatu konikoa omen zeukan, gerora ormak sostengatzen zituen harrizko prisma eraikiz aldamenean. San Pedrotik Donibanera pasatzeko ontziralekuaren parean altxatua, kokalekua oso estrategikoa izan zen beti portuaren defentsarako, portuko aktibitatea kontrolpean izateko eta karga-deskarga zerbitzuen kobrantza egiteko ere.

_______________________________

[i] 1909ko Guia ilustrada para el viajero en San Sebastián. UNSAIN AZPIROZ, J. M. Idem, 314. or.

[ii] GUERRA GARRIDO, R. La mar es mala mujer, Madrid: Círculo de Lectores, 1991, 32. or.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude