Ur-fronteak eraikitzen (III): itsas portua edota kostaldeko altxorra

XX. mendearen bigarren hamarraldia hastearekin Donostia udako gorte-hiria izatearen balio sinbolikoak goraipatu nahi izan zituzten Mª Kristina erreginaren omenezko monumentuarekin.

Monumentuaren deskribapenean obra ‘kolektiboaren’ aipamena agertzen da, itsasoari begiratuko diona eta gainera ‘modernoa’. Halaber, eraiki izan balitz monumentu klasikoaren santsuak oraindik mantenduko zituzkeen, nahiz eta garaiko irudi anitz ez kontserbatu. Hirurogeita hamar urte beranduago berriz ere kolektibotasuna, modernotasuna eta itsasoaren gertutasuna presente izango zituen beste huts egindako monumentu bat Donostian nola planteatu zen ikusiko dugu aurrerago: Jorge Oteizaren hilerria, ez Santa Klara irlan baizik eta Ametzagainako mendixkan, kasu horretan abangoardiatik eta Oteizaren ikuskera artistikotik heldutako ‘estatua abstraktuaren’ balio erantsiarekin. Bata zein bestea bi garai aldakorren tartean kokatuak, XX. mendeko hasiera eta amaiera alegia.

1. Monumento Mª Cristina1. Mª Kristina erreginaren omenezko monumentua, Santa Klara irlan proiektatua (norberaren marrazkia irudi zahar baten oinarritua).

2. Ametzagaña dibujo2. J. Oteiza eskultoreak parte hartu zuen proiektua, Ametzagainako mendixkan garatu beharreko hilerriaren aurre-proiektu lehiaketarako (1985). Norberaren marrazkia.

Menditxoak urbanizatzen…

Urgullek ere izaera berritua hartuko zuen 1880ko hamarkadan proposatutako txaletak, kasinoa eta hotelak egin izan balira, Biarritzeko, Donibaneko eta kostaldean uda-pasa zebilenentzat eraikitako beste herrietako ereduak kopiatuz. Lorategiz horniturako landa-etxeek beteko zuten urbanizazioa, mendiaren probetxurako 1912an berriz ere antzeko proiektua berpiztuz: denetara, pasealekuak, ibilbide partikularrak, kasinoa, hotelak, jolas-parkea eta etxeak izango zituen. Hurrengo hamarraldian lehenengo funikularra eta gero airezko teleferikoa edota igogailua ezartzeko proiektuak aztertu ziren. Bertara heltzeko zeuden zailtasunak ikusita sistema mekanikoren bat edo beste ezartzea bultzatu nahi zen, zuhaitz artean ahal beste ezkutatuz parajearen edertasuna ez itxuraldatzeko. Teleferikoaren hasiera portuko aldean jartzea hobetsi zuten (Kontxatik, Kasinotik eta Club Nautikotik gertu baitzegoen[1]), bertatik hasi eta Urgulleko gazteluraino inolako oztoporik gabe heltzeko, erdibideko dorretxorik gabe. Egitasmo hauetatik aurrera eraman zuten bakarra Urgull mendia inguratzen duen Paseo Berria izan zen XX. mendearen hasieran, eta hemen ere mende horren akabuan itsaso zabalari so dirauen Oteizaren eskultura jarriko zuten[2].

3. p.50 urbanización Urgull3. Urgulleko urbanizazio-proposamenak eta Jesusen Bihotz Sakratua mendi-puntan.

Igeldon ere, azkenean gauzatuko zen aisialdirako jolas-parkearen ideiatik oso urruti, Karpard erakundeak bertako padurak erabili ahal izateko eskaria luzatu zion Udalari XX. mendeko lehen hamarkadan, ustez aktibitate komertzial eta produktibo industrialei bultzada emateko. Udalaren jokaera hondartzaren eta itsas bazterreko aurreneko lerroko hiri-paisaiaren defentsan ateratzea izango zen, besteetan agerturiko irizpide estetiko eta argudio urbanistiko berberekin, batez ere hondartzaren sekulako goratzarrea egin ostean.

Itsasondoko muturretatik hondartzara buelta…

Garai horretan argi eta garbi ikusten da nola hondartzaren balioak planifikazio urbanoaren garapen oro baldintzatzen zuen. Izan ere, gizartearentzako ‘balio naturalak’ zituen kokagune geomorfologikoa jende-klase eta udatiar multzo baten puntu sozio estrategiko bihurtzen zen batez ere udarako hilabeteetan, hondartzaren ustiapen turistikotik ateratako etekin ‘inmaterialak’ aberastasun iturri baitziren Donostiarentzat. Paisaia urbano esanguratsua, beraz, elementu naturalek (badiak eta hondartzak) eta ‘artifiziozkoek’ (hiriak eta, batik bat, itsas bazterreko lehenengo lerro eraikiak) osatzen zuten, ur-fronteetan garatu beharreko bestelako jarduerak (portua, industria…) erabat arbuiatuz eta hiriko ‘atzealde ezkutuenetara’ marjinatuz.

Hogeiren bat urte beranduago Igeldo mendiaren oinean Ondarretako partean zeuden padurak berreskuratzeko ideia berpiztu zen baina itsas bazterrean pasealeku bat eraikitzeko asmotan, Antiguako estoldak eta ur ‘beltzen’ zein ‘zurien’ kolektorea zegoen tokian. Kostako paretak zertxobait igotzea planteatu zuten, Igeldo mendiaren oinetik Arrikoko punta inguratu arte, Igeldoko faroaren azpian. Leku horretantxe itsasorantz begiratokia ezartzea ere pentsatu zuten, Ulia mendian egina zuten legez eta itsaso zabaleko ikuskizuna Matxitxakoraino irekiko zuelarik. 1920ko hamarkadan ez zuen oihartzun gehiegirik izan baina egitasmo horien ondorengoak berrogeita hamar urte iragan ondoren helduko ziren Luis Peña Ganchegui eta Eduardo Chillidaren eskutik, “Haizearen Orraziko” interbentzio arkitektoniko, urbanistiko eta eskultorikoarekin Donostiako itsas bazterreko fenomeno urbanoari errematerik sinbolikoena ezarriz, bertako ur-fronterik zakar, korapilatsu eta ahantzienean.

4. d. Chillida 34. Haizearen orraziko figurak eta P. Gancheguiren enparantzako zazpi erliebe zulodunak.

Amets galduen eskarmentutik erditutako ideiak

Lerro hauetan aipatutakoak Donostiako ametsak izan ziren, eta amets guztiak bezala ez zuten materialtasun errealik edukiko, batzuk inoiz ere ez eta beste batzuk mende erdi baino gehiago iragan arte. Hala ere, etorkizunerako hiriaren ildoa eta itsas bazterreko espazio urbanoaren ondorengo estetika egituratzeko ezinbestekoak izan zirela uste dugu, arkitektura xelebreen, hiriko altzarien eta arte-adierazpideen hiri garaikidea inauguratuz Donostiako ur-fronteetan, egunerokotasunean murgilduta dakusaguna. Batez ere Urumeako portutzarraren, Santa Klarako ainguralekuaren edota Kontxako badiako portu handiaren proiektuak aurrera joan izan balira, ondorengoko egitasmo ugari ez ziren existituko ere. Hiria guztiz bestelakoa izan zitekeen horrenbeste atzerritar eta bisitari erakarri zituen hondartzaren eta turismoaren balioak garaile izan ez balira, erlatiboki bada ere.

55. Hiriko altzari sinbolikoen adibidea; Kontxako badiako baranda ezaguna.

Egoera horretan, hortaz, portuko jarduera peto-petoak baino beste funtzio batzuk hasiko ziren txertatzen itsas bazterreko espazio esanguratsu horietan. Besteak beste, goian esan dugun Nemesio Barrio udal arkitektoak 1886an aurkeztutako Urgull mendia inguratzeko pasealekua, auzokideentzat eta bisitarientzat erakargarria zela kontsideratuz[3]. Hurrengo urteetan beste egitasmo batzuk portu komertzialaren kapazitatea handiagotu nahi izan zuten, eta hauek ere ez ziren burutuko. Hori bai, moilen, nasen eta ditxoen mantenurako eta zerbitzuen hobekuntzarako lanak egingo zituzten[4]. XIX. mendearen amaieran, arrantzak Donostian izan zuen garapen nabarmenarekin espazio handiagoa behar izan zuten moiletan prestakuntza lanetarako. Gainera, turismoaren etorrerarekin arazoa ikusgarriagoa izan baitzen, jendeak bertatik paseatzen zuen eta[5]. 1927an zabalduko zuten azkenean moilako paseoa, Udalak nahi zuen bezala jendearen joan-etorriak eta arrantzako laboreak elkarbizitza lortu zuten, atsegin turistikorako ohikoak ziren estanpekin:

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
OLYMPUS DIGITAL CAMERA

6. Portuko espazio berreskuratuan gaur egun aurkitu ditzakegun hiriko altzariak.

 

[1] Pasealeku berria, Urgulleko mendi magala eta San Telmoko inguruak kokapen posibletzat hartu zituzten, lehenengo biak laster ezeztatuz eguraldiaren eraginagatik eta itsasoaren hurbiltasunagatik, betez ere itsaso zakarra zegoenean erabat arriskutsua.

[2] Juan Alday arkitektoak eta Luis Balanzat ingeniariak 1915-16 urteen artean egina, 1998an berrikuntzak nabariak izango zituen itsas bazterreko espazio enblematiko honek, kostako murrua konponduz eta hiri altzariak ezarriz, aipatu Oteizaren eskulturaz gain.

[3] Horretarako, bertan zegoen La Jarana auzoa berreraikitzea oso garestia zela eta, Ondarreta aldeko paduretara eraman nahi zuten. Arrantzaleentzako nasa berri bat eraikitzea suposatzen zuen horrek eta Igeldo eta Santa Klara arteko itsas ahoa uzteko proiektu zaharra berreskuratzea, inoiz aurrera eramango ez zutena, baliabide eskasiarengatik eta arrantzaleen kontrakotasun sutsuaren eraginez kasu honetan.

[4] Hormak sendotzea, zerbitzuen instalazioa, sarbideen hobekuntza, lotura guneen berriztatzea edota argiztapen sistemen aldaketa. Garrantzia handikoa izango 1994an moilako paseoko paramentuaren luzera guztian babeserako defentsak ezartzea.

[5] Udatiarren eta bisitarien etorrerak aldaketa urbanoak eta beste batzuk suposatuko zituen Donostian. XIX. mendearen amaieran oraindik eguneroko ikuskizuna izaten zen emakumeak portuko lanetan aurkitzea (itsasontzien deskarga, arrantzako lanabesak, e. a. Emakumeek aldiz, laster okupatuko zituzten turismoko eta zerbitzuko beste lanbide batzuk, XX. mendeko argazkietan portuko kai guztietan gizonak soilik agertuz. Orduraino, moilako eskailerak izaten ziren emakumeen eta gizonen arteko eginbeharren limitea (moila gainean emakumeak eta itsasontzietan gizonak). Muga sinbolikoa izateaz gain fisikoa ere bazen, itsasoaren eta espazio urbanoaren (portuaren eta hiriaren) artekoa. Bestalde, XIX. mendearen bukaera eta XX. mendearen hasiera horretan baporezko ontzitxo batzuk turisten paseorako egokitu ziren, kaietako paisaietan elementu berriak nabarituz. Bezeroak ontziratu behar zuten kaiak askoz ordenatuago mantentzen zituzten, gainera, portuko beste espazio batzuekin alderatuz. Donostiako portuan eta Pasaiako erriberan kokatutako ontziolen artean ere bazegoen bat kirolerako ontziak egiten espezialista zena (Karrpard Astilleros).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude