Itsas bazterreko eta ibaiertzeko hiri modernoa II: utopia errealitatearekin uztartzen

Pedro Manuel Ugartemendia ingeniarietako kapitain eta San Fernandoko Arte Ederren Akademiako arkitekto zenari sutearen aurreko hiriak zuen traza berbera mantenduko zuen hiri ‘berriko’ planoa eskatu zioten (bastida erako traza laukiduna). Agian momentu horretan Europatik (batik bat Parisetik) zein Bartzelonatik zetozen ikusmolde berrien oihartzunarekin , erosotasuna, higienea eta apaingarritasuna elkartzeko intentzioa agertu zuen erdigunean oktogono erako plaza zuen zabalgune-plan arrazionalistarekin.

Harresien eta portuaren limiteekin, forma geometriko sinpleek ematen duten indarraz baliatuko zen planoaren konposaketarako. Oktogono erako erdiko plaza hiritarren topaleku edo agoratzat hartzen zuen, planteamendu original honek erdi aroko bilbearen arrastoak baztertuta hiri napoleondarren ereduaren trazaketara hurbiltzen zuelarik, iturburua ilustrazioaren izpirituan izanda. Gainera, ez zuen aintzakotzat hartu Donostiaren eginkizun militarra, bastioi eta gotorlekurik gabea proiektatu baitzuen, “‘edertasun’ eta ‘erosotasun’ kontzeptu idealei lotuta. Bere ikuspegitik “edertzeak, beraz, monumentuak antolatu eta espazioak definitzeaz gain, hiriari irudi bateratua emateko borondate esan nahi du” , C. Sambricioren adierazpenetan (portuaren aldamenean ere lauki-luzedun enparantza baitzeukan.


1.- Ugartemendiaren planoa (a) eta Silvester-en Bilboko “Bakearen Portua” (b).
* (a) irudiaren iturria: MARTÍN RAMOS, Ángel. Los orígenes del ensanche de Cortázar de San Sebastián, Bartzelona: Fundación Caja de Arquitectos, 2004; 28. or.
** (b) irudiaren ituria: Euskal Herriko eta Nafarroako Arkitektoen Kolegio Ofiziala, Bilboko egoitzako liburutegia (kopia).

Hiri arrazional berriaren frustrazioa
Tradiziozko kontzeptuak lagata ‘taula laua’ egiten zuen Ugartemendiak, Ledoux edota Durand arkitekto frantses utopikoen ildoan. José María Ezquiagarentzat, Europan izandako beste zenbait proposamenekin ere parekatu daiteke: Gabriel el Viejo-ren Bordelekoa, Eugenio dos Santos-en Lisboakoa edota Christopher Wren-en Londresekoa, denak ere kontinente zaharreko itsas bazterreko hirietan. Hiri planoa osatzen duten elementuekiko sentikortasun berezia agerrarazten du Ugartemendiak, ‘hiri proiektu’ kolektiboaren planteamendua espazio publikoen egituran espresuki atzematen delarik (hiriaren eraikuntza espazio urbanoaren morfologiatik eta tipologietatik ulertuz); ‘planoaren arkitektura’ alegia, proiektu arkitektoniko hutsa goragoko eskala batera aldatze soila ez den ariketa (horrela arkitektura publikoak ere, Akademiaren irizpideei jarraiki, txukuntasuna eta bateratasuna bilatzen dituen orden ‘moral’ bati dagokio).

2.- Eskema honen santsuren bat edo beste Boulevard aldean dagoen plazatxo baten zoruan atzeman daiteke, musika kioskoa eta udaletxearen artean, hain zuzen ere Ugartemendia izena zeramana.

Urte batzuk lehenago, Silvester Perez arkitektoak Bilborako amestu zuen zabalgune proiektu ilustratua aipatu dugu. Bilboko kasuan espazio askoz handiagoa okupatuko zuen, itsasadarrarekin erlazio estuak zeuzkan hirian barneratuko ziren kanalak proposatuz. Hala ere, traza erradial barrokoak eta espazio urbano zabalek bazuten Ugartemendiaren sare neoklasikoarekin zerikusirik, berau eskala txikiagoan baina hirigintzaren premisa utopiko berdintsuekin. Bilbon beti gertatu izan den moduan Donostian ere, kasu horretan lur-jabeen presioak boteretsuagoak izan ziren eta hiri zaharraren oinplanoa zehatz-mehatz errepikatzen zuen proiektu alternatiboa nagusituko zen: 1816ko Gogorza plan honen berritasunik behinena gaur eguneko Portuko kalearen irekiera izango zen, Itsasoko Aterantz zihoana. Beste guztia era berdintsuan usten zuen (geometria sinpledun kale zuzen eta estuak, eraikin enblematiko zein jauregi urriekin eta erdiko Plaza Berri portikoduna. Hori bai, populazioaren dentsitate handiagoarekin, etxe altuagoak eta sarritan atikodunak familia anizkoitzentzat ziren).

3.- Atsekabearen ondoren, laguntasun handirik gabe eta kontrako giroarekin Ugartemendiak bertan behera utzi beharko zituen bere ideiak, onartutako proiektuan bakar-bakarrik aldaketa txiki batzuk eragin ahal izan zituelarik, batez ere, guri zuzenean dagokigunaren aldetik, Portuko kale berriaren irekiera. 1813ko sutean erdi aroko harresiak desagertu baziren ere, hiriaren berreraikuntzan Austrien garaiko fortifikazioak berrindartuak izango ziren.
* Irudiaren iturria: GOMEZ-PIÑEIRO, Javier; SÁEZ GARCÍA, Juan A. Documentos cartográficos históricos de Gipuzkoa, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia (Obra Hidrauliko eta Hirigintza Departamentua), 1999; 160. or.

Jakina denez, proiektu honek apenas izango du gogoeta komunik eredu napoleondarraren irizpideekin. Bilbon jaso zen legez, jende pilaketak espazio urbanoaren gestio egokia oztopatzen zuen eta hirigunetik kanpo behin-behineko auzoak eratu beharko ziren. Calei-Calei (Eugenio Gabilondo) XIX. mendeko kronistak gogor salatu zuen harresietan eskailera ziztrinekin eta barandarik gabe itsatsitako etxetxo batzuen egoera penagarria, eta bertan zutenen bizimodu latza . Ikuskizun hark ez zuen mihiztadura onik izaera turistikoa mantendu nahi zuen burges hirian; marjinatuen presentzia geroz eta ikusgarriagoa baitzen espazio banandurik apenas zuen hirian. Harresietatik at, Santa Katalinako pasealeku eta zuhaiztiak garrantzia handia bereganatuko zuen, harresiei atxikitako frontoiaren ondoan, harrizko jesarlekuak zituzten arboladun kaleekin.

Hiri bateratuaren eredutik bigarren mailako zabalguneetara
Bitartean, itsasoari espazioa irabaztea betidanik izan da donostiarrentzat lehen mailako obsesioa, aukera bakarra ia alderdi guztietatik ureztatua zegoen hiriak hasi beharko bazuen. Laster Urumearen ibai-ahoari begiratu zioten, bai ezkerraldean eta eskuinaldean Amarako eta Groseko zabalguneak begitanduz urrenez urren. Eraikitzeko bestelako baldintza gainjarrietatik libre, nahi bezala modelatu zitzaketen hareatza handiak zeuzkaten begien aitzinean, kale zabal eta zuzenak, paralelo zein perpendikularrak ur fronteetako lur-sailetan txertatzeko. Harresien birrintzeaz zabalguneen arora hurbildu zen bat-batean Donostia eta segituan piztuko ziren komertzioaren, industriaren eta zerbitzu-hiriaren arteko eztabaida sutsuak. Beti itsasoko nahiz ibaiko urak errekurtso lez kontsideratuz, Kontxako badian Bilborekin eta Baionarekin konpetentzia egingo zuen portu handia ezartzea ere pentsatu zuten.

4.- Kontxako portu handia XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran.
* Argazkiaren iturria: AGUIRRE FRANCO, Rafael. Donostiako kaia/ El puerto de San Sebastián, Donostia: Eusko Jaurlaritza (Garraio eta Herrilan Saila), 2001; 107. or.

Horrela, portuko instalakuntzek ur-fronteko lehenengo lerroak okupatuko zituzten, trenbidea ere moiletaraino eramanez. Honakoak ur-bazterreko hiri industrialaren eredua jarraituko zuen ziurrenik, itsasoaren presentziak industriarekin eta merkataritzarekin erlazionaturiko puntu estrategikoa baldintzatuz. Alabaina, itsasoaren presentziak bestelako baliabide ekonomikoak ere posible egiten zituen; gortearen udako bizitokia izanik, bertara erakartzen baitzuen udatiar multzo handia, uraren zein hondartzaren kalitateak eta paisaiaren berariazko edertasunak bultzatuta. Donostiak bazuen beraz garaian egituratzen zihoan turismoaren fenomenoaren pentzuan garatzeko baliorik. Aurrekontu gabeziak, hiritarren parte baten eragozpenak eta ezegonkortasun politikoak portuaren zabalkuntza Kontxako badian oztopatuko zuten, honekin batera beharbada Donostiako historia urbano garaikideari ongietorria eginez. Industria hiriko periferietara aldenduko da oso bigarren plano baten geldituz, adibidez, Bilborekin konparatuz; zikintasunik eta usain txarrik gabeko paisaia urbanoa bisitariei eta, oro har, udatiarrei eskainiz.

Modu batera edo bestera, “Etorkizuna” izenburu zuen Antonio Kortazarren zabalgune proiektua aurkitu zuten irabazle, guztira aurkeztu ziren hamabietatik. Hasiera-hasieratik, paisaiaren perspektiba naturalak eta haizearen norabideak funtsezkoak izan ziren zabalgunearen kale-sare ortogonalaren orientazioan. Hala bada, Saracibarren planoak proposatzen zuen Boulevard etorbidea hartu behar izan zuen Kortazarrek mailegu gisa, hirigune zaharra zabalgunearekin lotzeko arteria urbano ezinbestekoa. Lotura-espazio horretan mikroarkitekturako elementu modernista ikusgarria zegoen; musika kioskoa. Lehendabiziko diseinua Eiffel berberari egozten bazaio ere (paristar eraginaren oroigarri), ondorengokoa Ricardo Magdalenak eraikiko zuen. Harresiko ate baten ondoan, da aldi berean hiri altzari estetiko, apaingarri eta ludiko honek Boulevard kale zabalarekin Donostiako bi espazio urbano historikoen arteko tartea sinbolikoki eraikitzea zuen helburu, hain zuzen itsasoari eta ibaiari estuki kateaturiko hirian. Funtzio berbera bete zuen aitzinako Bilbon San Antoneko zubiak (hiribildua eta errebalak lotzea) eta Areatzako zubiak XIX. mende amaierako Bilbo modernoan (Kasko Zaharraren eta zabalgunearen arteko elkarlotura).

5.- Kioskoaren (mikro-arkitekturako elementu nabariaren) garrantzia gaur egun ere atzeman daiteke.

Irakurleoi: arazoak eta bi izan ditut blogaren formatu berrira egokitzeko, eskerrak UEUko langileen laguntza izan dudan. Bestalde, uda dela eta oporrak direla, gero pilatutako lanak direla, udazken aurreratuko une honetaraino ez dut izan aukerarik blogari jarraitasuna emateko. Espero dut bekatua barkatuko didazuela. Hemendik abiatuta, promes egiten dut, aurreko urteetan bezala, zintzoa izaten saiatuko naizela. Bejondeizuela!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude