Donostia hiria (…II): portu-hiria

Fundazioko garaian Donostiak hiru portu zeuzkan: Urgullekoa (Kontxako badiara irekitako moila, txit arriskutsua itsasoa haserretzen zenean), Urumeako bokalean zegoen Santa Katalinako ibai-portua eta hirugarrena Pasaiakoa (Pasaje de Aquende), itsaso harrotuarekin segurtasun handiagoa eskaintzen zuena. Itsas ondoko paisaia urbano primitiboak bertako portua, zubia eta Santa Katalinaren ermita zituen mugarri.


 


Portuak burdinoletatik zetorren mineralaren garraio geroz eta garrantzitsuagoa hartzen zuen, gabarrak Nafarroarekin limiteraino ibaian gora nabigatuz. Kontxako portuari defentsarako egitura osagarri batzuk gehituko zizkioten XVI. mendean eta Pasaiakoa Kantauri osoko porturik inportanteenetakoa izatera helduko zen (Oiartzungo kanala izenarekin ere ezaguna). Portuaren nagusitasunak biztanleen zatiketa ere eragiten zuen, harresien barnealdean eta kanpoaldean bizi zirenen artean. Azken hauek normalean arrantzako edota portuko jarduera eta lanbideekin erlazio zuzenagoa zuten eta horietako batzuk areatzetatik han-hemenka barreiatutako etxoletan bizi ziren, itsas bazterreko lehen lerroan (San Pedroren omenezko eliza parean zutela). Horrez gain, badiaren inguruko mendixketan era espontaneoan sortutako auzune txikiz osatutako paisaia existitzen zen, gaur eguneko Altza, Egia, Igeldo edo Pasaia San Pedroko espazioekin identifikatuak.


 


Hiria eta ura harreman gatazkatsu horretan portuari dagokionean, beraz, harriz egindako lehen ontziratokia XV. mendeko bigarren erdian kokatzen dute historiagileek, Urgull mendiaren paraleloan. Erlazio topologiko eta itsaso zein lurraren limite jakinekin konfiguraturiko portuan azpiegitura lanik garrantzitsuenak hurrengo mendean gertatuko ziren, kaiari forma makotua emanez sarbidea babesteko eta kanpoko ditxoa eraikiz, beste bi amarratzeko lekurekin. XVII. menderako portua txiki geldituko zen eta Kontxako mendebaldeko ahoa ixtea bururatu bazitzaien ere, irtenbide hori lozorroan geldituko zen aldika-aldika esnatu arren, behin ere ez praktikara eramanez[1].


 



Argazkiak.org | i.g. © cc-by-sa: isusko 1.- Donostiako portuan aurreikusitako obrak. Odriozola, 1777. SAMBRICIO, Carlos (ed.). Donostiako alde zaharraren berreraikuntza/ La reconstrucción de la parte vieja de San Sebastián, Donostia: Donostiako Udala. Ekipamendu Handiak, 1991; 87. or.


 


Hobekuntza obra nabarmenak XIX. mendean hasiko ziren, geroztik hainbat lan osagarri eginez; biltegiak, estalpeak eta arrantzarako deskarga-lekuak. Goiko paragrafoan harresien barneko eta kanpoko biztanleen zatiketa ikusi dugu nolabait. Aspalditik Donostiako portuan bertan ere segregazio fisikoa agerikoa da; arrantzako ontzien dikea eta kirol ontziena, erdiko kaiak ondo bereiztuz. Egoera horrek beste zenbait gizarte bereizketaren berri ere ematen digu; hala nola, tradizioan erroturiko sistema produktiboen munduko bizibidea duena eta aisialdirako baliabideak. Era berean, etxebizitzetan, Kortazarren zabalgunean eta batez ere itsas bazterreko lehenengo lerroen balioztapenean zein erabilera urbanoan islatuko dira desberdintasun eta kontrakotasun ugari. Horiek inskribatzen baitituzte, hein baten bederen, ur-fronteetako egituraketa urbano esanguratsuaren estetika eta fenomeno urbanoaren adierazgarri sinbolikoak.


 

Argazkiak.org | i.g. © cc-by-sa: isusko 2.- Portuko kaien funtzio desberdinak XIX. mende aldera. Autore anitz, Itsas Marruma. Viejas imágenes fotográficas del litoral vasco (1850-1960), Donostia: Untzi Museoa, 2002; 35. or.


 



Argazkiak.org | i.g. © cc-by-sa: isusko 3.- Portuko nasak, kaiak, lurmuturrak eta dorretxoa. A. G. Simancas, 1644. Autore anitz, Documentos cartográficos históricos de Gipuzkoa (I), Donostia: Foru Aldundia, 1994; 124. or.


 






[1] Kuriosoa bada ere, garai horretako portuan dorre zilindriko bat atzeman daiteke planoetan (Torrekokaia), bertako moila baten altxatua. Pasaian ere antzeko dorre batek XIX. mendeko erdialderaino iraungo zuen. Beste errepresentazio batzuetan urez inguraturik agertuko zaigu delako dorrea, portuaren kokapenaren beste zenbait erroreen artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude