Donostia inguruko paisaia hiria sortu aitzin: lurraren eta itsasoaren arteko borroka (eta III)

Erdi Aroko lehen gizaldietan, noizbehinkako ibiltariek zein Donejakuera joanean itsasotik gertuen zegoen bidetik Donostiara heltzen ziren erromesek, egun dakusagun paisaiaren argazki arras desberdina ikus zezaketen ermita zaharra zegoen muinotik (Miramar jauregia aurkitzen den mendixkan), agian Antigua aldeko arrantzaleen herrixka txikiak hiriaren lehen aurrekari sinple baizen urriak izanik[1].


 


Bilbon ere 1300eko hiribildua fundatu aitzin ibaiaz bestaldean zeuden etxe multzorik aipagarrienak, gerora zonalde urbanoa gaur eguneko Kasko Zaharrean jaioz. Bai Bilboko itsasadarra eta bai Urumea marea-ibaiak dira; itsasorako irtenbidea eta aldi berean porturako sarbidera, Kantauri itsasoan estuarioak sorraraziz. Zehaztasun horrek paisaian eta fenomeno urbanoan izango du eragin sakona, hiri-paisaiaren pertzepzioa bera ere baldintzatuz segun eta kosta partetik itsasoa begiratzen dugun edota itsasotik Abra portu handiko ahoa (Bilbon) zein hondartza aurreko lehen-lerro eraikiak ikusten ditugun (Donostian); biak ere Euskal Herriko kostaldeko hirien sinbolo gisa.



Argazkiak.org | Donostiako portua © cc-by-sa: isusko
Argazkiak.org | portua gaur © cc-by-sa: isusko
Argazkiak.org | portua atzo © cc-by-sa: isusko 1-2.- Gaur eguneko portuaren ikuspegia eta antzinakoa. 2 irudiaren jatorria: AGUIRRE FRANCO, Rafael. Donostiako kaia/ El puerto de San Sebastián, Donostia: Eusko Jaurlaritza (Garraio eta Herrilan Saila), 2001; 54. or.


 


Donostian Urumearen meandro zabalek padurako lur hezeak besarkatzen zituzten eta baliteke XII. mendearen hastapenean oraindik marearen gorabeherek aldika-aldika Urgull kostaldearekin lotzen zuen hareatza irenstea. Ibaiek eta errekek nukleo urbanoak eta haien inguruan bildutako populazioak egituratu dituzte antzinatik, bai aktibitate ekonomikoaren eta bai garraioaren garapenarekin. Hiriaren aspektu morfologikoek ez ezik, itsas bazterreko espazio urbanoaren kokapeneko elementu naturalek ere aldaketa bortitzak jasan dituzte Donostian mendez mendeko bilakaera historiko geografikoan. Aditu batzuentzat Donostiako toponimiak portu-espazioaren sorrerarekin izango luke zerikusia. “Dominus Ostianus” latindar formula darabilte izen propioa baino portuetako kargu erromatar batetik eratorria, Ostiako portuaren zaindari zen funtzionarioaren titulua[2].


 


Dena den, Donostiaren aurrekaria zen kokagune urbanoari atxikitako lehen portua Hernani eta Ergobia tartean omen zegoen, Morogi izenarekin erromatarrek izendatua. Barkuen tamainaren handitzeak portua kostalderantz eramatea eragin zuen, gaur egun atzematen dugun hiri-paisaiaren euskarririk urrunenak iragarriz. Urumea ibaian gora itsasontzi handiak sartzeko ezintasunak ‘portu handia’ zeritzona itsas bazterrera aldatuko zuen, ‘portu txikia’ Santa Katalinakoa izanik. Handik gertu Pasaiako portuak ere berebiziko garrantzia hartuko zuela ikusiko dugu[3]. Erdi Aroan, hortaz, itsasoaren garrantzia erabakigarria Donostiaren eskumeneko lau portuk adierazten zuten: Kontxako biak (Ondarretakoa eta portu nagusia), Urumeakoa (Santa Katalina) eta ‘Oiartzungoa’ (Pasaia). Portu-espazioen mugikortasunak itsasadarreko paisaiak zeharo eraldatu ditu, gune urbanoak sorraraziz eta behin baino gehiagotan ubideei loturiko hirien fenomeno metropolitarrari bidea eginez. Portu-izaeradun ibaiertzetan, beraz, lurraldearen ezaugarri berezi hori gogoraraziko diguten kultura materialaren elementu anitz topatu ahal izango ditugu kasurik gehienetan.


 



Argazkiak.org | Donostiako portua © cc-by-sa: isusko 3.- Portuko altzariak XIX. mendean, Carpenter-en litografia, 1835. Jatorria: AGUIRRE FRANCO, Rafael. Donostiako kaia/ El puerto de San Sebastián, Donostia: Eusko Jaurlaritza (Garraio eta Herrilan Saila), 2001; 19. or.


 


Donostian, arrantzarekin eta Ternuako (Terranovako) kanpainekin batera hiri-ondoko hondartzetan bertan instalatu zen arrainen garbikuntza, lehorketa, karga eta distribuziorako industria. Aktibitate hauek (jeneralean emakumeek eginak) garatu ahala hareatzetan kokaturiko txabolen dimentsioak eta kopuruak ere gora egingo zuen, beharbada itsasertzean finkaturiko industriaren modurik primitibo eta apalenetarikoa izanik. Mendeen joan etorriarekin, hondartzako txabolen ikuskizun xelebrea ez da desagertuko itsasoaren eta hiriaren arteko parajeetatik, baina XIX. mendean ohikoak izango diren eraikuntzak bainularien kasernak lirateke, hondartza gainean zenbait ilaratan lerrokatuta jarritakoak. Aipatu antzinako industriarekin batera, Antigua edota Morlans auzoetako marea-errotek ere baldintzatzen zuten Donostiako itsas bazterreko paisaia, ibaian gora eginez ontziolak[4] (Santa Katalinako portuaren ingurumarian) eta batez ere burdinolak ugariak izanik, ibaiko korrontearen indarraz baliatzen zirenak hain justu ere.


 



Argazkiak.org | errotarria © cc-by-sa: isusko 4.- Errotarria itsasadarreko kanalizazioaren paretetan kontserbatua eta monumentu bilakatua, argiztapen berezia eta guzti.


 



Argazkiak.org | sareak © cc-by-sa: isusko 5.- Donostiako arrantzaleak, Tomás Hernández. Jatorria: UNSAIN, José María (ed.). San Sebastián ciudad marítima, Donostia: Untzi Museoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, 2008; 260. or.


 


Antzinate horren eredugarri liratekeen zenbait elementuren arrastoak oraindik begi-bistan diraute, itsas bazterreko eta ibaiertzeko garai desberdinetako presentzia estetikoekin batera, kasuan kasuko hirigintzak posible egin duen momentuetan. Hemendik aurrerakoak, beraz, Donostiako ur-fronteen garapen urbanoa erakutsiko digu, erdi aroko nukleo harresitutik hasi eta modernitatera arte, egungo bilakaerak modernitateko testigantza horri galdera, iradokizun, laudorio edota kritika txalogarri zein arbuiagarriagoak egiten dizkion bitartean.


 






[1] Kantauri itsasoak sortarazten duen Bizkaiko golko honetara bertaratu ziren erromesek ekarri ohi zuten ‘San Sebastián’ erromatar martiriaren kultua. Antzinako baseliza tenplu bilakatu zen eta 1101ean Nafarroako Pedro Lehenak Leireko abadeari oparitu zion, 1014ko dokumentu faltsu bat ere tarteko. Itsasoak eratutako Kontxako badiaren mugarri naturalak XVI. mendeko sineskeretan ere atzematen ditugu. Urte haietan eragin zuen izurrite baten ondorioz, Sebastian sainduaren erlikia eramateko prozesioa egiten zuten alde zaharreko Santa Maria elizatik Antiguako San Sebastianeraino. Mareak baimentzen zuenean, Santa Klara uharteraino luzatzen zen, tontorrean aldare txiki bat ezarriz. Hiru puntu horiek, izan ere, hiriaren eta itsasoaren arteko espazio urbanizatuaren hirukirik adierazgarriena osotzen dute. Aieteko mendixkan agustindar lekaideen San Bartolomeko monasterioa zegoen, itsasoarekiko ikuspegia presidituz. XIX. mendeko erdialdetik aurrera zabalgunearen lanak planteatzerakoan ere hiru komentu handik okupatzen zituzten punturik estrategikoenak; San Frantzizkokoa ekialdetik, San Bartolomekoa hegoaldetik eta Antiguakoa mendebaldetik. Horietako bakoitza errepide baten ondoan zegoen: Pasaiako porturako bidea ekialdetik, Iruñerakoa hegoaldetik eta Bilbora zihoana mendebaldetik.



[2] Tradizioak edota kontu zaharrek ziotenez, Ostia-ko erromatar portua izan baitzen Sebastian saindua lurperatu zuten tokia. Fantasiaren eta errealitatearen arteko borne iheskorrean, argi dagoena eta guri interesatzen zaiguna dela hiriaren eta itsasoaren arteko lokarriak presente dirauela populuaren irumenean. Horrela, ‘Easo’ hitzak itsasoa adierazten duela kontu eginez, erdaraz Donostia izendatzeko arrunta den “La Bella Easo” terminoak ‘itsasoko hiri liraina’ esan nahi duela uste dute baten batzuk.



[3] Gipuzkoako portuak bi multzo nagusitan sailkatu badaitezke: babes portuak (urtaro guztietarako egokiak direnak) eta barra portuak (ibai arro nagusietako batzuen bokaleetan daudenak), Urumeako ibai-ahotik gertu zeudenak azken hauetakoak lirateke eta Urgullen azpiko Donostiako portua edota Pasaiako aldiz, babes portuak. Gipuzkoako ibai arro nagusiek hainbat portu izan dituzte eta dauzkate euren bokaleetan (Bidasoak Hondarribikoak, Oiartzunek Pasaiako badia, Urumeak Santa Katalinakoa eta Urolak Zumaiakoa, besteak beste). Toki horietan guztietan sarrerako barraren arriskua nabaria izaten zen nabigaziorako eta maniobrarako.



[4] Beren-beregi gure gaiaren haria zentratzen ez badu ere, bai ur-ertzeko herri eta hirien sorrerarako eta baita ondoren hiribilduak fundatuko zituen merkatalgoaren hauspoari eragiteko ezinbesteko garrantzia izan zuten industria-aurreko fabrika hauek Euskal Herrian, burdinola eta errotekin batera. Lourdes Odriozola eta Sagrario Arrizabalaga historiagileen esanetan, XVI. mendetik XIX. mendera bitartean Gipuzkoako itsasertzeko portu guztietan ontziolak zeuden, bezero askorentzat lanean. Zumaiako portu bazterrekoak aipatu daitezke (guztiak udalarenak), XVI. mende amaiera horretatik aurrera Pasaiakoak eta Oriaren arrokoak ontzigintzaren gune nagusiak izanik Aro Modernoan. XX. mendearen hasieran, aldiz, Pasaian eta Zumaian zeuden ontziola nagusiak, garraiobideen eta portuetako azpiegituren hobekuntzak lagundutako giro oparoarekin. Aspalditik Europako iparraldeko herrietako teknika aurreratuak ikasi eta berritu zituzten gipuzkoarrek, Normandiar herentzia horren lekuko delarik Donostiako zigiluan agertzen den itsasontzia. Hala ere, Koroak eskatzen zizkieten ontziak adibidez ontziola jakin batzuetan soilik egiten zituzten, Pasaiako portuan eta Oria ibaiaren arroko lantegietan hain zuzen (Pasaiak itsas armadarako ‘monopolioa’ zeukan kasik). Koroaz gain beste hiru eragile nagusienetakoak Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia, Filipinas-eko Errege Konpainia eta Gipuzkoako udalerriak izango ziren, Bizkaiko ontzi-jabeekin batera. Urteak pasa ahala, enkarguen gabeziak produkzioaren beherakada eta atzerapen teknologikoa eragin zien Gipuzkoako ontziolei Bizkaikoen aldean. Donostiako ontzitegi gehienak Santa Katalinako hareatzetan kokatuta zeuden, Urumearen ertzean. Jeneralean Donostiako ontziolek itsasontzi handirik egiten ez bazuten ere, arrantzaleen eta komertzioko nasa eta kaietan mugimendua nahiko handia izaten zenez, urgentziazko konponketa asko egin behar izaten zen ontzietan. Horrela sortu ziren ontziolen lagungarri ziren tailer mekaniko ugari, adibidez Luzuriagatarrena. Hauek Pasaiara joatearekin Lacoste anaiek hartuko zuten, 1931erako Ur Kirolak taldearen aldagela gisa erabiliz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude