Erdal Prentsa

           Otsailaren 20ean hamar urte bete dira Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi zigutela. Euskaldunon Egunkaria 1990. urtean sortu zen Euskal Prentsari buruzko eztabaida luze eta aspergarriari amaiera emanez. Pertsona gutxiren lana baina herriarentzako izugarrizko ekarpena. Euskaldunok egunkari normalizatua eta homologatua lortu ondoren Euskal Prentsaren gaineko erretolikak indarra galdu zuen. 2003. urtean itxi eta urte berean, ia egun berean, Berria sortu zen. Euskaldunen eguneroko prentsak ez zuen etenik izan.

            Euskaldunon Egunkariaren eta Berriaren bitartez euskaldunok aukera izaten dugu eguneroko informazioa euskaraz jasotzeko, Euskal Herrikoa, Espainiakoa, Frantziakoa eta, oro har, mundu osokoa. Informazioa euskaraz izatea, lorpen izugarria da bai, baina hiztunaren bizimoduan gertaera arrunta besterik ez da. Euskal prentsak bestelako hizkuntzetatik jaso ohi ditu berriak, euskaratu eta argitara eman; ez du bereizten zein hizkuntzatan sortua den berria. Izugarrizko ahalegina egiten da informazio oro itzultzeko, irakurleei, entzuleei edo ikus-entzuleei euskaraz hel dakien. Kazetari euskaldunek sekulako lana egiten dute informazioa euskaraz bilatzeko, ahal denean, eta, ezin daitekeenean, erdaraz jasotakoa euskaratzeko.  Erdal prentsarekin, ostera, ez da berdin gertatzen.

          Erdal prentsak, salbuespenak salbuespen, ez du euskaldunei buruzko informazioa zabaltzen, bereziki, informazio hori euskaraz sortzen denean. Erdal prentsak ez du interesik euskal kulturako eragileak ezagutzeko, ez bertsolariak, ez idazleak ezta ere kultura-sustatzaileak. Euskaraz ari garenok erdal prentsan berriren bat ager dadila nahi dugunean, erdarara itzuli behar dugu. Berdin dio prentsaurrekoan, legebiltzarrean edo dena delakoan, berdin dio itzulpen eta interpretazio zerbitzuak dauden: erdal prentsak ez du ezer argitaratzen euskaraz sortua bada. Euskaraz sortutako informazioa isilaraztea ohiko portaera da erdal hedabideetan. Ohiko portaera eta nahita egindakoa. Portaera hori, harrokeria, handikeria eta zentsura gisa defini daiteke. Erdal prentsaren zentsurak bilatzen du euskaldunen hizkuntza portaera behartzea: gure hedabideetan agertu nahi baduzu erdaraz egin hitz egin behar diguzu.

           Horregatik, akaso, erdaldunei informazioren bat helarazi nahi diegunean, euskaldun gehienek barneratuta daukate (daukagu) erdaraz egitea komeni dela. Erdaldunen aurrean gaudenean, euskaldun askorentzat euskaraz esandakoa itzultzea edo erdaraz laburtzea abegikortasuna da, erdaldunenganako kortesia, alegia. Baina ez da abegikortasuna, otzantasuna edo beldurra izan daiteke. Kazetarien lana da informazio bilatzea eta zabaltzea da, kazetariek ahalegindu behar dute informazioa bilatzen; informazio emaileari erdaraz mesedez eskatzea ohitura lotsagarria da. Alde batetik euskara alferrikako hizkuntza dela adierazten duelako eta, beste aldetik, informazio emailearen portaera zalantzan jartzen duelako.

         Kazetari erdaldunak haserretzen dira prentsaurreko agerraldiak euskaraz direnean, errespetu falta iruditzen zaie erdaraz ez egitea. Izugarrizko esfortzuak eta gastuak egiten ditugu erdaldunak euskarara hurbiltzeko, itzulpen- eta interprete-zerbitzuak beraientzako jarri ditugu espresuki. Halere, oso gutxi erabiltzen dituzte. Gehiago erabili beharko lituzkete, itzultzaile eta interprete bikainak dauzkagu-eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude