Ahoz gora (II)

        Gal dezakegu baina ez gara garaituak. Guztiok garaileak izango bagina ez zegokeen problemarik. Baina hori ezinezkoa da. Ezinezkoa da garaileak izan ahal izateko garaituak izan behar baitira. Nortzuk dira/gara garaituak? Zer irabazten du garaileak? Zer galtzen du garaituak?

        Garaileek, oro har, guztia irabazten dute, dena literalki, baina, batez ere, garaileek, menderatuen otzantasuna eta beldurra irabazten dute. Hori gabe, menderatuen otzantasunik eta beldurrik gabe, garaileek ez dute garaipena bere egiten ez dira garaile sentitzen. Garaituek, berriz, bizirik geratzen diren garaituek dena gal dezakete, ondasunak, askatasuna eta duintasuna eta, batzuetan, libre izatearen itxaropena.

Joseba Egibarrek esan zuen Gasteizko Legebiltzarrean:  Ezin eraiki dezakegu kontakizuna Matxinada Nazionaletik abiatu ETA kokatzeko erantzunezko biolentziaren ingurumarian eta, azken buru, kontakizuna gertaeren bilduma bihurtu. (Jatorrizko testua: No podemos construir un relato que arranca del  alzamiento nacional para situar a ETA en el contexto de una violencia de respuesta y hacer un relato que al final sean sumas). Zergatik ezin daiteke lotu ETAren biolentziaren sorrera Mola jeneralaren Matxinada Nazionalak ezarri zuen diktadura faxistarekin? Akaso, ETA ez zen sortu Franco jeneralaren diktadura faxistaren garaian?

       ETAri buruz hitz egin behar badugu, sikiera, Franco jeneralaren diktadura faxistaren garaian sortu zela onartu behar dugu, gerra amaitu eta 20 urtera, hain justu. Diktadura faxistak errepresioa, biolentzia, askatasunik eza eta gobernu autoritario ezarri zuen. Diktadura faxistaren aurkari gehienak, zuzenagoa izango litzateke guztiak esatea, edo erbestean edo sasian, klandestinitatean, zeuden. Diktadura faxistaren aurkariek beren ideiak defendatzeagatik euren osotasuna eta bizitza arriskuan jartzen zuten; beren ideiak defendatzeagatik legez kanpoko jarduerak egiten zituzten eta, bakan batzuk, biolentzia erabiltzen zuten bai haien buruak defendatzeko zein diktadura faxista erasotzeko, ondasunen eta pertsonen kontrako biolentzia erabiliaz. Hau da, Francoren diktadura faxistaren aurka biolentzia erabili izan zuten eta ez ETAk bakarrik. Ez dugula nahi biolentzia hori erantzunezko biolentzia gisa definitu nahi? Ondo, bakoitzak bere interpretazio egin dezala. Baina ETA eta ETAren biolentzia diktadura faxistaren garaian sortu zela ez dezagun ahantzi.

           Diktadura faxista Espainiako Armadaren matxinada eta gerraren ondorioa izan zen. Espainiako diktadura faxistak 1978. abenduaren 29ra arte iraun zuen, orduan onartu baitzen Espainiako Konstituzioa, eta Francok izendatutako Estatu Burua, Juan Carlos I.a Erregea, Espainiako Erresumako Buru jarri zen.

         Bat etor gaitezke, hitzez hitz, kontakizun horrekin? Batek baino gehiagok, seguru asko, bere ñabardurak jarri nahi izango ditu: diktadura ez zela faxista, diktadura baino erregimen autoritarioa zela, Espainiako Armadaren matxinada hobe ez aipatzea, Francoren aipurik ez dela komeni eta abar. Baina ETA eta bere biolentziaz hitz egin behar badugu zerbait ulertuko badugu, behintzat, erreferentzia horiek ezinbestekoak dira. Horrek, halere, ez duela ETAren biolentzia justifikatzen? Ondo, bakoitzak bere irakurketa politiko egin dezala, baina ez dezagun ezkuta zena eta gertatu zena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude