Hautazko hizkuntza
Parkingeko makinara hurbiltzen naiz ordaintzeko, espainolez dago pantaila, ikurrina klikatu eta euskaraz hautatzen dut. Eragiketa amaitutakoan makinak, berez, espainolera itzultzen da. Ba ote daki nire atzetik datorrena erdalduna dela? Badaezpada ere, berriro ikurrina klikatzen dut alde egin aurretik. Atzeko lagunak dena ikusi du, jakina, eta betoker begiratzen nau. Ez da euskalduna. Piper-potoa klikatzen du.
Eusko Jaurlaritzaren egoitza horietako batera joan behar izan dut gestioak egitera. Leihatilara hurreratu naiz eta, bestaldeko antiojodun bizardunari, begirunez, galdetu diot: Barkatu, euskaraz badakizu? Erantzuna, lehor: Si quiere que le atiendan en euskera puede subir a la cuarta planta. Hemen ere, euskaraz hauta dezaket, lau solairu gorago, hori bai.
Fakultatera noa, ordenagailu-gelara eskolak ematera. Irakaslearen ordenagailua pizten dut, interfazea espainolez, software guztia erdaraz, bakan batzuk ingelesez eta gainontzekoak espainolez. Hori bai, nahi izanez gero, zenbait aplikazioetarako euskaraz hauta dezakegu. Zenbait kasutan. Behin, ordenagailu berria ekarri behar zidatenean, behar nuen software guztia euskaraz izatea eskatu nuen. Ez zela posiblea, erantzun zidaten. Gainera, euskarazko sistema eragilea (windows XP) ezegonkorra zela eta arazoak ekar zitzakeela. Ezegonkorra, horrela esan zidaten, txo! Zertarako sortu eta egokitu softwarea euskarara gero erabiltzerik ez badugu?
Erdaldunek ez dute hizkuntza aukeratu behar, berez ematen zaie berea. Nonbait, ez dute guk adinako askatasunik hautatzeko. Hori txarto dago. Erdaldunek hautatzeko guk adinako askatasuna merezi dute-eta. Hautatzeko askatasun maila bera izan dezagun unibertsitateko ordenagailuetan, sistema osoan, hizkuntza hautatzeko sarrera jar dezatela proposatzen dut. Ordenagailuetan, eta sistema osoan, erabilgarri dauden hizkuntza guztiak ipini, banderak jarri nahi badituzte, jar ditzaten, eta erabiltzaileak nahi duena aukera dezala. Hortik aurrera erabiltzaileak hautatutako hizkuntzan izan dadila. Ez da zuzena erdaldunei hautatzeko eskubidea ukatzea. Beraiengatik esaten dut, ez besterik.