Gatazkak purrustadaren bat botaraziko didala lantzean behin esaten dut aldameneko zutabetxoan. Nahi baina gehiagotan jazotzen ari da. Azkeneko idatzia gatazkaz izan zen. Honek ere iturri horretatik edango du. Nonbait hustu behar ditut erraiak eta!
Zizurkilgo udalak gaur hartutako erabakiak aztoratu nau, hots, herriko bi plazei izena aldatzea. Entenditzekoa da Gerestari plaza izena kentzea, logika baten barruan sartzen da, alegia, gatazkaren aktore/ejekutore izan omen den heinean. Mina eragitea baztertu beharraz ohartu behar gara gatazkatik irteten hasteko. Etsenplurako, gerok ez genuke onartuko Rodriguez Galindoren jaioterrian, Granadan hain justu, plaza batek bere izena izatea (bidebatez, Galindoren biografia aurkitu dut web gune oso berezi batean).
Joxe Arregiren kasua beste bat da, bai hil zuten garaiagatik baita hil zuten moduarengatik ere. Joxe gatazkaren biktima da, biktima gaur, batzuetan hain zabar, usatzen den zentzu horretan. Ez dut Joxeren kasuan Zizurkilgo udalaren jarrera ulertzen; alferrikako mina eragin dutela uste dut. Niri behintzat mina eragin didate.
Amaitzeko, ez da ametitzekoa ere udalkideak meatxatzea.