Atzo jazotako Isaias Carrascoren hilketak seko jota utzi ninduen. Ibili bazebilen hor zehar kanpainan ETAk zerbait potoloa egingo zuela; batzuk mahaiaren gainean hilotza jarri asmotan zebilela esaten zuten. Kanpaina bukatutzear, gehienok agoreroek arrazoirik, zorionez, ez zutela uste genuenenean, danga, Isaiasen hilketa ankerrak astindu gintuen.
Izugarria oso, baina are izugarriago ondorengo orduetan gertatutakoa. Itxura batean sozietate onen zati bat ez zen enteratu jazotakoarekin edo, egia esateko, ez zuen enteratu nahi izan. Arratsaldeko bostak bueltan, Isaias jada hiru orduz hilotz, bi gaztetxo Donostiako zentroan abstentzioaren eskean plastikoa jartzen; 6rak aldera bozgorailutik oihuka abstentzioa eskatuz Andoainen; Teleberrin ikusi ahal izan dugunez, bart abstentzioaren aldeko manifa Bilbon eta konbokatzaileen bozeramaileak ‘gaztakaren ondoriotzat’ jo du hilketa, euria aritzea bezain fenomeno kontrolagaitza bailitzen; gaur abstentzioaren aldeko plastiko berriz estalita agertu da Anoeta eta Otsoa izeneko batek honelako otsakeria idatzi du Sustatun.
‘ETAren biolentzia deitoratzea auzi politikoa bihurtu da, ez etikoa. Zeinek bultzatzen du politika hori eta zertarako? Espainolek bultzatzen dute, euskaldunon askatasun nazionalak eta indibidualak biolentziaz ukatzen dutenek; zertarako eta euskaldunon askatasun borroka oztopatzeko, berdin dio ETAkoak diren, edo EAJkoak diren, NaBaikoak, edo ANVkoak: deitoratzearen aitzakiaren bidez gure herriaren politika kontrolatu nahi dute, gure herria kontrolatu nahi dute. Terrorismoaren kontua propaganda hutsa da, eta zuek espainolen propagandaren araberako politika onartarazi nahi diozue ezker abertzaleari. Hipokresia handia behar da horretarako 725 preso politiko egonda espetxeetan, tortura eguneroko ogia denean, alderdiak ilegalizatzen direnean, egunkariak itxi eta abar luzea. Baina orain, ezker abertzalea jipoitzen ari diren honetan, hasi zarete beste batzuek ere deitoratzearen kontuarekin gure oinarri elektorala jateko asmoarekin. Ez dezue lotsarik, hori bai anti-etikoa.’
Enpatiarik ez, gizalegerik ez, lotsarik ez isiltzeko sikiera. Ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraitu zuen ezker abertzale ofizialak kanpaina egiten. Izugarrikeria iruditzen zait. Gertaera horrek, paso egite horrek, autismo horrek, Isaiasen hilketa bera baino ankerkeria handiagoa iruditzen zait. Beti aurki daiteke katuari eragiteko garunbakorik! Baina sozietatearen zati bat, horri jaramon egin ez eta igoal-igoal jarraitzea sozietate-zati hori gaixorik dagoela pentsatzera narama. Arazoa biolentzia politikoarekin amaitzea baino sakonagoa da. Biolentzian, errespetu ezean, egia berdadero bakarraren patrimonizazioan, enpatia ezean hezitako belaunaldi oso baten zati handi bat dugu kalean, besteen minaren aurrean paso egiten duena eta norberaren minan soilik erreparatzen duena. Horrek asko kezkatzen nau, gatazka luzatzea ekarriko duelako (harrobi oparoa du hor ETAk) eta armak isiltzen direnean ere arazo sozial larri bati aurre egin beharko diolako herri honek belaunaldi bat elkarbizitzarako hezten.
iban says:
Guztiz ados esaten duzunarekin: ni ere asko arduratzen nau gizartearen sektore (geroz eta txikiago baina gotortuago) horren bilakaerak. Eskerrik asko zure oharrarengatik.
Ibon says:
Ba ni ez nago batere ados. “Ezer gertatu ez balitz bezala jarraitu zuen…” nork? Bada, gure gizartearen sektore handi-handi batek, tortura kasu argi eta nabarmenak gertatu zirenean. Eta zuri, Iñaki, ez dut uste bururatu zitzaizunik PSEko gazteen “gizalege ezaz” komentariorik egitea. Hemen arazoa ez da “gizalegea” edo “enpatia”. Edo, izatekotan, orokorra da, euskal gizarte osoarena, ez haren zati batena. Komeniko litzaiguke gogoratzea, harria bota baino lehen, denok garela bekatariak.Eta honekin ez dut Isaiasen hilketa doilor eta kupidagabea justifikatzen, kontrakoa baizik, argi eta osorik gaitzesten eta arbuiatzen dut. Baina isiltasuna, orduan bezala, orain ere, aukera bat da. Eta orduan etikoki errespetagarria bazen, orain ere.