Nuklearrik ez, eskerrik asko (Izarren Hautsa, 2002-04-16)

Lemoizko zentralaren etorkizuna museotzat irudikatu nahi duten garaian, nuklearizazioaren mamua berragertu zaigu operako haren moduan. Iberdrolaren nagusi Iñigo Oriolek energia nuklearraren deia egin du oraindik orain Loyola de Palacio komisario europar espainiarraren hitzen oihartzuna eginez. Eguzki gorri-horiak autoen kristaletan jarri beharko al ditugu berriz ere?

Kiotoko protokoloa ezin bete ahal izanaren izenean eta ustezko energi eskari gorakorraren aitzakian zentral nuklearrak konponbidea direla saldu nahi digute duela hogeita bost urte bezala. Bi dira energia nuklearra sustatzen dihardutenen arrazoiak: berotegi gasen emisioak murriztu beharra energi eskaera handitzen ari denean eta irtenbiderik merkeena ei dela.

Kiotoko protokoloa ezin bete izana ez dator, soil-soilik, energi eskaera handitzen ari denez erregai fosil gehiago erretzen ari direlako eta energia alternatiboak ezin dituztelako behar horiek ase, baizik eta protokoloak eskatzen dituen berotegi gasen murrizketak bideratzeko politika eraginkorrak aplikatu ez direlako, ingurugiro-fiskalitate zorrotza besteak beste. Esaterako, garraioaren kudeaketan errepide bidezkoa sustatu da energi ikuspegitik eraginkortasunik txikiena duena. Itsaso, ibai, ubide eta trenbide bidezkoa lehenesteaz oraintsu hasi dira Europako Batasunean hizketan. Gurera iritsi gabe dago gogoeta eta errepide-proiektu faraonikoak aurreikusten dira trafiko beharren aitzakian. Gainera, AHT proposatzen du EJko Garraio Sailburuak EAEko trafiko-arazoak bideratzeko. Hamaika ikusteko jaioak gaude!

Fisiozko energia nuklearraren aldeko postura egitea ‘zartaginetik sutara’ salto egitea bezala dela oso garbi daukat. Energia nuklearrak duela hogeita bost urte zituen arazoa berberak ditu gaur egun ere. Hondakin nuklearren kudeaketa egokiaren auzia konpondu gabe dago oraindik, adibidez. Kostuen arazoan ez dugu sakonduko, baina zein aztik kalkula ditzake energia nuklearraren kostuak gastatutako erregai nuklearra nola kudeatu ez badakigu?

Gure gizartearen energi hornikuntzaren estrategiak hiru ardatz izan behar ditu: energiaren erabilera jasangarriak oinarritzat dituen politikak lehenestea, energia alternatiboen garapenean inbertsioak areagotzea eta energi iturrien dibertsifikazioa eta tokian tokikotasuna. Hori da bidea, nik uste, gainerakoak adabaki arriskutsuak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude