Itzulezina

Joan den larunbateko Berriak honela titulatzen zuen IPCC paneleko adituek klima-aldaketari buruz emaniko txostenari buruzko informazioa: «Ezin itzulizkoa» da eta uste baino bizkorrago ari da aldatzen klima.

Klima aldatzen ari dela zalantzarik ez dago. Berotze-fase batean sartu gara. Gizakiak eragin duela zalantza gutxi dago eta erretze-prozesuetan atmosferara isurtzen dugu karbono(IV) oxidoa da erantzule nagusia, metanoa eta beste berotegi gas batzuek ere horretan laguntzen ari badira ere.

Txostenaren deiadar ozenaz eta argiaz gain, ‘itzulezintasun’ horrek eman dit atentzioa. Oker ez banago, lehen aldiz entzun dut hori klima-aldaketari buruz. Hots, neurri zorrotzak hartuko bagenitu ere, planeta berotzen jarraituko duela denbora luzez. Beste hitz batzuetan esanda, Gaiak ezin izango lukeela erregulazio-mekanismo azkarrik abian jarri joera itzularazteko. Atalasea gainditu omen dugu, hain justu.

Egoerari larritasunik kendu barik eta karbono(IV) oxidozko emisioak murrizteko neurri zorrotzak hartu behar direla uste izanik, ez zait ikuspegi katastrofista hori gogoko. Otsoaren ipuinaz akordatzen naiz. Zientzia bestalde aurreikuspenak egitea joko arriskutsua da. Gogoan har XIX. mendearen bukaeran fisika amaituta zegoela aldarrikatu zuten zientzialariak zein barregarri gelditu ziren urte gutxiren buruan. Horrelako mezuekin gainera, egoerak bueltarik ez duela, eman daiteke aditzera eta gizartea etsipenera eraman, eta etsipenetik deus ez egitera.

Deus ez egite horren adibide ederrak dira gure politikari asko. Jasangarritasunez betetzen zaie ahoa, baina eguneroko praktika urrun dago horretatik. IPCC panelaren emaitzak publikatu ziren egun berean hauxe zion Noticias de Gipuzkoa egunkariaren titular batek: ‘la Diputación denuncia que Francia sólo quiere “poner pegas y ahogar” el aeropuerto’. Ingurugiroaren, jasangarritasunaren eta lurralde-plangintzaren ikuspegitik zentzurik ez duen Hondarribiko aireportuaren pistaren luzapenaz ziharduten. Gizpuzkoar txokokeriaren ikuspegitik oso pisuzko arrazoiak bestetik. Loiu eta Biarritze ez baitira Gipuzkoa!

Itxurakeriaren deman nagusi, bestalde. Hirien eta eraikinen gehiegizko argiztapenaren aurrean urratsik egiten ez dutenek ere, adoretsu lotu zitzaizkion aurreko asteko 5 minutuko  itzalaldiari. Neroni ez nintzen akordatu ere egin eta ez naiz damutzen, eguneroko bizitzako keinu txikiekin egiten baita datorren munduaren hautua, baita botoa nori emanez ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude